145. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuarena, "Noaingo lotune berriko alternatiben azterlana. A-15 autobidearen, Pirinioen hegoaldeko autobiaren, N-121 errepidearen eta Iruñerriko Ekialdeko bigarren ingurabidearen konexioa", Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duena.

2002ko ekainaren 18an, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "Noaingo lotune berriko alternatiben azterlana. A-15 autobidearen, Pirinioen hegoaldeko autobiaren, N-121 errepidearen eta Iruñerriko Ekialdeko bigarren ingurabidearen konexioa" aurkeztu du Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramita eta onets dadin.

I._Azterlanaren edukiaren deskripzio azalekoa.

Txostenean aipatzen denez, dokumentu honetan "alternatiben azterlana garatzea da kontua, A-15 autobidea, Iruña-Jaca-Huesca Pirinioen hegoaldeko autobia eta N-121 errepidea egin gogo den Ekialdeko bigarren ingurabideari lotzeko."

Orobat, adierazi da Iruña-Jaca-Huesca (N-240) Pirinioen hegoaldeko autobia proiektatua egonik eta Iruñerriko Hirigintza Arauetan beste ingurabide bat, bigarrena ekialdean (autobia horri, A-15 autobideari eta N-121 errepideari lotua), planifikatua, bide horien guztien arteko lotuneak definitu behar direla eta, aldi berean, Noaingo sarbideei soluzio bat eman.

Azterlan horrek, besteak beste, Trafikoaren Azterlan eta Iragarpena dakar, non, 2020. urterako, egunean 17.000-18.400 ibilgailu aurreikusten baitira, guztira, Ekialdeko bigarren ingurabidean, haren tarte guztien artean. Orobat, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana ere badakar kontuan hartu den alternatiba bakoitzeko, eta Eranskin bat, proiektatutako bide berriek Noaingo herrigunearen inguruan sortuko duten kutsadura akustikoari buruz.

Hiru alderdi hartu dira kontuan lanak prestatzean:

_Orientazio moduan ageri da Ekialdeko bigarren ingurabidearen trazadura Iruñerriko E.H.A.etan. Horrek soluzioak baldintzatu ditu, eta haren trazadura banan-banan aztertzera behartu kontuan hartutako alternatiba bakoitzean.

_Noaingo akueduktua, agerian duen partea eta lur azpikoa. Soluzioek eraginik izan ez dezaten bilatu da.

_Noainen indarra duen hirigintza planeamendua. Errespetatzen saiatu da eta, bereziki, kutsadura akustikoaren gainean hartu da kontuan.

Hiru dira aztertu diren alternatibak aipatu lotune eta sarbideei soluzioa emateko. Hona hemen haien oinarrizko ezaugarriak, alde onak eta txarrak:

1. alternatiba (Tunela).

Alternatiba honetan, eskema moduan adierazteko, Ekialdeko bigarren ingurabidea N-121 errepidearen luzapena da, haren eta A-15-aren arteko gurutzagunetik aitzina; Pirinioen hegoaldeko autobiarekin angelu zuzena osatuz Taxoareko mendilerroa zeharkatuko du tunel baten bitartez. Horrela, triangelu bat osatzen da Ekialdeko bigarren ingurabidearen, A-15-aren eta Pirinioen hegoaldeko autobiaren artean, erpinetan edukiera handiko hiru bide horien arteko lotuneak dituela. A-15 eta Pirinioen hegoaldeko autobia elkartzen diren erpinean kokatzen da Noaingo lotunea, Udalaren planeamenduan biribilgune bat egitea aurreikusita dagoela aprobetxatuz.

Guztira, alternatiba honetako bideak 19,27 km luze dira; sei egitura egin behar dira eta tunel bat, 450 bat metro luze. Kontrata bidezko aurrekontuak 25.118.149,97 euro (4.179.308.502 pezeta) eginen lituzke.

Azterlanean aipatzen denez, oso txikiak dira alternatiba honen abantailak; alde txarrak, aldiz, honako hauek: luzeegia mugimenduak egiteko; azalera handia hartzen du; tunela egiteko arazo geologiko-geotekniko handi samarrak daude; ez du bat egiten Noaingo hirigintza planeamenduarekin; lehengo bideak gutxi aprobetxatzen dira; eraikitzean oztopo franko sortuko dira oraingo trafikoarekin; eta kostu handia du.

2. alternatiba (Sasitunela).

Alternatiba honetan, Ekialdeko bigarren ingurabideak Taxoareko mendilerroa zeharkatuko du sasitunel baten bitartez. A-15aren eta Pirinioen hegoaldeko autobiaren arteko lotunetik hurbil egonen da eta trafikoak aiseago izanen du edukiera handiko hiru bide hauetan batetik bestera pasatzea, eta argiago proiektatutako lotuneetan egin beharreko mugimenduak. Noaingo lotunea, 1. alternatibakoaren antzekoa.

Guztira, alternatiba honetako bideak 20,65 km luze dira; sei egitura egin behar dira eta sasitunel bat, 240 bat metro luze. Kontrata bidezko aurrekontuak 18.230.414,05 euro (3.033.285.673 pezeta) eginen lituzke.

Kasu honetan, Azterlanak dioen moduan, eragozpenak ahal diren txikienak dira eta, funtsean, eraikuntza aldian gertatuko dira. Abantailak, bestalde, hauek dira: sasitunel bat erabiltzea Taxoareko mendilerroa zeharkatzeko; behar adinako luzera mugimenduak egiteko; arazo geologiko-geotekniko oso txikiak sasitunela eraikitzeko; askoz desadostasun gutxiago Noaingo hirigintza planeamenduarekin; oraingo bideak ahalik eta gehiena aprobetxatzen dira; eta eraikitzean interferentzia oso gutxi sortuko dira oraingo trafikoarekin.

3. alternatiba (Sasitunela eta biribilgune banatzailea).

Alternatiba honetan sasitunel baten bitartez eginen du bat Ekialdeko ingurabide berriak lotune eremuarekin. Hark 2. alternatiban aurreikusitako toki beretik zeharkatuko du Taxoareko mendilerroa. Dena dela, lotuneei soluzioa emateko, biribilgune moduko ardatz banatzaile bat eginen da, 220 metroko erradiokoa. Soluzio horrek mugimendu guztien diseinua baldintzatzen du eta A-15aren Iruñeko sarbidearen oraingo galtzadaren trazadura 2 km inguru aldatzera behartzen, A-15etik Huescarako irteera egokitzeko.

Guztira, alternatiba honetako bideak 19,20 km luze dira; zazpi egitura egin behar dira eta sasitunel bat, 240 bat metro luze. Kontrata bidezko aurrekontuak 21.414.000,31 euro (3.562.989.856 pezeta) eginen lituzke.

Azterlanean esaten denez, kasu honetan, abantailak ez daude batere garbi, eta alde txarrak pilatu egiten dira; hona aipagarrienak: ibilbideak franko luzeagoak dira mugimenduak egiteko; azalera handi samarra hartzen da eta badu eragina ondare arkitektonikoan; dauden bideak oso gutxi aprobetxatzen dira; eraikitzean interferentzia handiak sortuko dira oraingo trafikoarekin eta, larriagoa dena, besteak beste, lehendabiziko fasean beste errei bat egin beharko da A-15ean, 2 km inguru luze.

Azterlanari erantsitako txostenak.

1. Ondare Arkeologikoaren Bulegoaren txostena, 2002ko maiatzaren 29koa.

Txosten horretan esaten denez, esku hartu behar den eremuan ez dago aztarnategi arkeologikorik. Hala ere, inguruan (Taxoare eta Imarkoain) badaude hiru aztarnategi arkeologiko erregistratuta daudenak eta, beraz, jarraipen arkeologikoa egin beharko da lurra harrotzen denean, neurririk hartu behar bada, zein hartu erabakitzeko.

2. Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena, 2002ko maiatzaren 30ekoa.

Txosten honetan Noaingo akueduktuak jasanen duen eragina hartzen da kontuan, eta haren ustean 1. eta 2. alternatibak egiten ahal dira ez dutelako eraginik akueduktu horren ageriko partean; hala ere, zehazki jakin beharko da zer jarduketa egin behar diren akueduktuaren lur azpiko partea dagoen eremuan, harengan eta babes eremuan izaten ahal duten eragina ebaluatzeko.

3. alternatibari dagokionez, ezin da inola era aurrera eraman akueduktuan duen eragina ikusita.

Kutsadura akustikoa

Noaingo hirigintza planeamenduan aurreikusitako eraikinek jasan beharreko ondorio akustikoei buruzko azterlanean, hots-maila onargarria izan dadin hartu beharreko neurriak planteatzen dira, harrabotsa galarazteko hesia jarri beharko baita babestu beharreko eraikinen eta errepidearen artean.

Konparaziozko laburpena.

Aurrekontua eurotan 25.118.149,97 18.230.414,05 21.414.000,31

Gaur egungo inbertsioa Gutxienekoa Gutxienekoa Garrantzitsua

Alde onak Gutxienekoak Gehienekoak Gutxienekoak

Alde txarrak Ohikoak Gutxienekoak Gehienekoak

Mugimenduak Zuzenekoak Zuzenekoak Konplikatuak

Ondarearen gaineko eragina Tartekoa Gabea Garrantzitsua

Ingurumenaren gaineko eragina Tartekoa Tartekoa Tartekoa

Konparaziozko laburpen hau ikusita, argi dago Azterlanak 2. alternatiba ematen duela soluzio egokiena bezala.

II._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Azterlan honen xedetik abiatuta eta, bestalde, lotune horiek egiteko edozein alternatiba garatzeko baldintza diren elementuak kontuan hartuta, interbentzio eremua fisikoki mugatzen baitute_hortxe daude lehenagoko bide eta lotuneak, hornitegi bat barne, Taxoareko mendilerroa, Noainerako aurreikusita dagoen garapen urbanistikoa, eta akueduktua_, hasteko, badirudi ingeniaritzaren ikuspuntutik egokiena dena dela hartu behar litzatekeen alternatiba; hau da, ingurunean eragin gutxiena izanik, teknikoki errazena dena, mugimenduak hobekien zehaztuta dituena eta inbertsio txikiena duena. Beste modu batez esanda, planteatutako alternatibak proiektuko soluzio desberdinak dira bide jakin batzuen arteko lotuneak egiteko _Ekialdeko bigarren ingurabidea barne; izan ere, gutxien definituta dagoen bidea izanik ere, toki gutxi du abiaburua kokatzeko_, eta hori lehen aipatu baldintzek behartu eta murriztutako eremu batean; beraz, lurraldearen ikuspegi zabal batetik, berdin dio alternatiba bat edo bestea aukeratzea, baina ikuspegi horretatik beretik alderdi oso zehatzak baina garrantzitsuak, gero aipatuko direnak, aztertu eta baloratzen dira egokientzat jo den alternatiban.

Horrenbestez, Azterlaneko daten ondorioz, 2. alternatiba hautatu behar litzateke, abantaila gehiago baititu beste bien aldean eta kostu txikiena baitu. Gainera, aukera ematen du egokientzat jotzen den momentura arte egin gabe uzteko Ekialdeko bigarren ingurabidea, horregatik A-15aren eta Iruña-Jaca-Huesca Pirinioen hegoaldeko autobiaren arteko lotuneak egin daitezen galarazi gabe. Alabaina, alternatiba hori egokientzat hartuta, Ekialdeko bigarren ingurabidetik ezin izanen litzateke zuzenean sartu Noaingo herrigunean gaur egun N-240-tik duen sarbidetik eta, A-15 eta N-121 lotzen dituen adarra kentzearekin, Zaragozatik A-15etik datorren trafikoak ezin izanen luke Noainen sartu eta, batez ere, Beriainen, non ez den, Noainen iparraldean, A-15 eta Ekialdeko ingurabidea lotzen dituen konexioa erabiltzen.

Ekialdeko bigarren ingurabidetik Noaingo herrigunean zuzenean sartzeko bideari dagokionez, badirudi baztergarria dela, N-121-Atik (Iruña-Irun), N-135-etik (Iruña-Frantzia Luzaidetik barna) eta NA-150-etik (Iruña-Agoitz) datorren trafikoa, Ekialdeko bigarren ingurabidean elkartuko litzatekeena, oraingo Ekialdeko ingurabidean elkartzen baita, beste eremu batzuetatik datorrenarekin batera, eta horrek Noainera aise eta iparraldetik sartzeko modua ematen du. Azken batean, 2. alternatiba honen arabera Ekialdeko bigarren ingurabidetik Noainera sartzeko, iparraldetik egiten ahal litzateke, A-15aren eta Ekialdeko ingurabidearen arteko konexioaren bitartez, edo hegoaldetik, N-121ari lotzeko.

Aipatu den bigarren gabeziari dagokionez, esan behar da A-15aren eta N-121aren arteko oraingo adarra kentzearekin, badirudi Zaragozatik A-15ean barna Noainera eta, batez ere, Beriainera eta inguruko jarduera eremuetara, datorren trafiko guztiak A-15aren eta Ekialdeko egungo ingurabidearen arteko lotunera jo beharko lukeela toki horietara iristeko. Alde horretatik, egokia da proiektuak berreskuratzea kendu beharreko adar hori, edo beste soluzioren bat bilatzen saiatzea.

Bestalde, aurreikusita dago Iruñerria Nafarroako ubidetik hornitzea _hala dago jasota 1995eko urtarrilaren 9an onetsitako UGPSan_, interbentzio gunea zeharkatzen duen kondukzio baten bitartez, aztertutako alternatibetan eragina duela. Gainera, iragan uztailaren 3an, Iruñerriko Mankomunitateak tramitatzeko aurkeztu du beste UGPS bat hornidura horretarako, lehen aipatuaren ordezkoa eta, bertan, kondukzioaren trazadura zehazten da, azken urteotako hirigintza garapena eta beste inguruabar batzuk ikusita; Ekialdeko saihesbidearen bikoizketa, besteak beste. Alde horretatik, bistan da lotune berriko proiektuak kontuan hartu behar duela azpiegitura hori, baita inguruan dauden beste azpiegitura batzuk ere.

Azkenik, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak bere kezka agertu du, proiektuko obrak gogaikarriak izanen ote direnetz oinezkoentzat eta txirrindularientzat, "Xabierraldietan" batez ere. Komenigarritzat jotzen da alderdi kezkagarri hori kontuan hartzea azkenean aukeratzen den bide soluzioaren proiektuan.

III._Ingurumenaren gaineko gogoeta.

Ingurumenaren ikuspuntutik, esan beharra dago dokumentazioa behar bezala taxutu dela, eta ez dagoela oztoporik dagokion espedientea tramitatzeko.

Alabaina, behin alternatiba egokia hautatutakoan, bidezko da Eraikuntza Proiektua Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea, haren edukia, informazio xehe eta zehatza emanen duena, aztertutakoan, hartu beharreko neurri zuzentzaileak berrikus daitezen.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko irailaren 20an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Noaingo lotune berriko alternatiben azterlana. A-15 autobidearen, Pirinioen hegoaldeko autobiaren, N-121 errepidearen eta Iruñerriko Ekialdeko bigarren ingurabidearen konexioa", Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea, ezen aukeratzen den eraikuntza proiektua Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esku utziko dela, azkenik aurreikusitako neurri zuzentzaileak berrikus daitezen.

3. Orobat, adieraztea, bidezkoa dela "Lurraldearen eta Hirigintzaren gaineko gogoeta" izeneko II. atalean aipatu alderdiak kontuan hartzea erabakitzen den soluzioaren eraikuntza proiektuan.

4. Ondare Arkitektonikoaren babesari dagokionez, erabakitzen den soluzioaren eraikuntza proiektuak Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena beharko du, obrak egin baino lehen. Gainera, obra horiek egitean, Ondare Arkeologikoaren Bulegoak 2002ko maiatzaren 29ko txostenean adierazitako neurriak hartuko dira.

5. Espedientea hilabetez jendaurrean jartzea, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik aitzina, eta hilabetez ere entzunaldia ematea beren mugapeetan proiektuko azpiegiturak dituzten Udalei. Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi, 1-2.a, Iruña), eta zilegi izanen da epe horretan nahi adina alegazio idatzita aurkeztea.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari eta Hezkuntza eta Kulturakoari jakinaraztea, baita Noaingo (Elortzibar), Aranguren Ibarreko eta Beriaingo Udalei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren zazpian._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin. __ __ A0211108 __

Iragarkiaren kodea: