118. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko uztailaren 29koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, "Nafarroako Patxarana" deitura berariazkoaren eta haren Kontseilu Arautzailearen erregelamendu berria onesten duena.

1988ko urriaren 24ko Foru Agindu baten bitartez onetsi zen "Nafarroako Patxarana" deitura berariazkoaren eta haren Kontseilu Arautzailearen erregelamendua. Gero foru aginduen bidez aldatu da 1989ko urtarrilaren 16an, 1990eko otsailaren 12an, 1996ko uztailaren 15ean eta 1998ko otsailaren 23an.

Kontseilu Arautzaileak, Egiaztatze Erakunde Nazionalak aiseago egiazta dezan, erregelamendua aldatzeko proposamena egin du, mahasti, ardo eta alkoholen estatutuari buruzko 25/1970 Legean aipatzen den autonomia estatutuaz hornitutako enteari dagozkion xehetasunak sartzearren eta hura eguneratzearren. Horretxek artikulu asko aldatzera behartu du eta, beraz, aldaketa guztiak, gaur egun arte onetsitakoak zein proposamen berriak, jasoko dituen erregelamendu berria onestera.

Horrenbestez, ikusirik Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak eta Departamentu honetako Idazkaritza Teknikoko Araugintza eta Koordinazio Juridikoaren Atalak emandako adostasun txostenak, kontuan hartuta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak aldez aurreko kontsultaldian egindako oharrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-"Nafarroako Patxarana" deitura berariazkoaren eta haren Kontseilu Arautzailearen erregelamendu berria onetsi da, Foru Agindu honetan eranskin gisa ageri dena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe geratu dira 1988ko urriaren 24ko Foru Agindua, "Nafarroako Patxarana" deitura berariazkoaren eta haren Kontseilu Arautzailearen erregelamendua onetsi zuena, eta 1989ko urtarrilaren 16ko Foru Agindua, 1990eko otsailaren 12koa, 1996ko uztailaren 15ekoa eta 1998ko otsailaren 23koa, haren zenbait artikulu aldatu zituztenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Kalitateko Deituren eta Lanbidearteko eta Kontratuzko Harremanen Zuzendariordetzara igorriko du Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak Foru Agindu hau, haren berri izan eta berretsi dezan.

Bigarrena.-"Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren Kontseilu Arautzaileari ere jakinaraziko zaio Foru Agindu hau.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita bederatzian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

ERANSKINA

"NAFARROAKO PATXARANA" DEITURA BERARIAZKOAREN ETA HAREN KONTSEILU ARAUTZAILEAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. 1. Mahasti, Ardo eta Alkoholen Estatutuari buruzko abenduaren 2ko 25/1970 Legean, haren Erregelamenduan (martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuaren bidez onetsia), elikagaien deitura generiko eta berariazkoak arautzen dituen abuztuaren 1eko 1573/1985 Errege Dekretuan, "Nafarroako Patxarana" deitura berariazkoa baimentzen duen maiatzaren 4ko 137/1988 Errege Dekretuan, ardoz bestelako nekazaritzako elikagaien deitura jatorrizko, berariazko eta generikoek bete beharreko araudia ezartzen duen uztailaren 8ko 728/1988 Errege Dekretuan eta elikagaien kalitateko deiturei buruzko arauak aldatzen dituen maiatzaren 13ko 215/1996 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz, "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren babesa izateko, Erregelamendu honetan zehaztutako ezaugarriak izan beharko ditu patxaranak eta eskatzen diren baldintzak bete, baita Kontseiluaren maiatzaren 29ko (EEE) 1576/89 Erregelamenduan eskatutakoak ere, edari destilatuen definizio, izendapen eta aurkezpenari buruzko arau orokorrak, alegia. Orobat, gainerako legeria indarduna.

2. Erregelamendu honetan xedatutakoa bete eta basaranak (Prunus spinosa) nekazaritza jatorriko alkohol etilikotan beratuz lortzen den basaran zaporeko edari destilatuari, bolumenean % 25 eta % 30 bitarteko gradukoari, deitzen zaio "Nafarroako Patxarana".

2. artikulua. 1. Babes horren barrenean sartzen dira deitura berariazkoaren izena, euskaraz duen izena -Nafarroako Patxarana- eta Prunus spinosa-ren fruitua lehengaia duten edari destilatuei aplikatzen zaien Nafarroa izena.

2. Debekatua dago, antzekotasun fonetiko edo grafikoa dela eta, Erregelamendu honen xedekoekin nahas daitezkeen izen, marka, termino, adierazpen eta zeinuak erabiltzea, nahiz eta "tankera", "estilo", "gustu", "-n egina", "-n prestatua", "-n fabrikatua" eta antzekoak adierazi.

3. artikulua. Deitura Berariazkoaren Kontseilu Arautzaileari, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari dagokie, zein bere eskumenen barrenean, Deitura Berariazkoa defenditzea, Erregelamendua aplikatzea eta bete dadin zaintzea, eta babestutako patxaranaren kalitatea sustatu eta kontrolatzea.

II. KAPITULUA

Elaborazioa

4. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean elaboratu beharko da babestutako patxarana.

5. artikulua. 1. Basaranak nekazaritza jatorriko alkoholetan beratuz elaboratuko da babestutako patxarana, aurretik edo ondotik anisaren esentzia-olio naturalak gehituta.

2. Gutxienez, hilabetez egon beharko du beratzen eta zortzi hilabetez, gehienez ere.

3. Beratualdia amaituta, dekantatu eta likidoa irazitakoan, Nafarroako Patxaranaren ezaugarriak lortu arte jarraituko du prozesuak.

6. artikulua. 1. Lehen kalitateko basaranak erabiliko dira, umotasun eta testura aldetik, eta ez dute zaborrik izanen beratzeko ontzietan sartu baino lehen.

2. Beratzeko erabiliko den nekazaritza jatorriko alkohola % 26 eta % 50 bitarteko gradukoa izanen da, bolumenean, eta legeria indardunak eskatutako ezaugarriak beharko ditu bete. Elaborazioan, 1.2 artikuluan ezarritako graduazio alkoholikoa lortuko da, edateko ura gehituz.

3. "Nafarroako Patxarana" elaboratzeko, 125-250 gramo basaran (Prunus spinosa) erabiliko da produktu bukatuko litro bakoitzeko. Horren arabera, produktu bukatuak izan behar duen graduazio alkoholikoa kontuan hartuz, 416,67 gramotik (% 30 bol) 500 gramo bitarte (% 25 bol) behar dira gutxienez, eta 833,33 gramotik (% 30 bol) 1.000 gramo bitarte (% 25 bol) gehienez, alkohol puruko litroari begira. Azukretan, 80-250 gramo izanen ditu produktu bukatuak litro bakoitzeko. Anis-belarrak (Pimpinella anisum) eta/edo anis txinatarrak (Illicum verum) erabiliz bakarrik lortuko dira esentzia-olio naturalak.

4. Debekatua dago artikulu honetan aipatu gabeko gehigarriak erabiltzea "Nafarroako Patxarana" egiteko, aziko zitrikoa izan ezik, baina gramo bat litroko gehienez ere, eta produktuaren etiketan beharko da adierazi.

5. "Nafarroako Patxarana" saltzeko, ezin da basaranik edo beste edozein fruiturik sartu ontzietan.

7. artikulua. Tradiziozko teknikak erabiliko dira Nafarroako Patxarana elaboratzeko, ahalik eta kalitate handieneko produktua lortzearren.

III. KAPITULUA

Ezaugarriak

8. artikulua. 1. "Nafarroako Patxanak" kolore gorria du ezaugarri, bizixeagoa edo motelxeagoa, zein den elaboratzaile bakoitzak beratualdian erabiltzen duen formula.

2. Kualitate organoleptiko bereizgarriak izanen ditu, itxura, usain eta zaporeari dagozkienak, batez ere.

9. artikulua. 1. Hauek dira gehienez izan ditzakeen ezpurutasun hegazkorrak, miligramotan adierazita litro bakoitzeko, produktua bukatua eta kontsumitzeko prest dagoela:

-Esterrak, 50, etil azetato gisa adierazita.

-Aldehidoak, 20, azetaldehido gisa adierazita.

-Azidoak, 125, azido azetiko gisa adierazita.

-Furfurala, 12.

-Goi-alkoholak, 10, alkohol amiliko gisa adierazita.

2. Produktu bukatuko litroak ez du 0,2 gramo metanol baino gehiago izanen.

3. Metal astunak, guztira, 10 p.p.m. baino gehiago ez, berun gisa adierazita.

IV. KAPITULUA

Erregistroak

10. artikulua. 1. Kontseilu Arautzailea Elaboratzaile-Botilatzaileen Erregistroaz arduratuko da.

2. Kontseiluari eginen zaio inskribatzeko eskaera, haren bulegoan hartzeko dauden inprimakietan. Eskaera eginik, Kontseilu Arautzaileko langileek eskatzailearen instalazioak eta produktua ikuskatuko dituzte, ezaugarriak eta elaborazio sistemak aztertu eta erregistroko datu guztiak biltzeko. Ezarritako prozedurari jarraituz tramitatuko da inskripzioaren espedientea, eta haren berri emanen zaio eskatzaileari.

3. Norberaren borondatez inskribatuko da Erregistroan, baita inskripzioa kendu ere. Behin utzitakoan, bost urte natural beharko dira fabrikatzailea berriz inskribatzeko, non ez den industria elaboratzaile eta botilatzailearen titulartasuna aldatzen.

4. Erregistroan inskribatzeagatik, interesatuak ez daude denentzat ezarrita dauden erregistroetan inskribatu behar izatetik libre.

11. artikulua. Deitura Berariazkoaren babespeko patxarana atzerrian saldu eta arlo horretako legeria indarduna betetzen duten enpresak bereizi eginen dira Erregistroan, zentsu edo estatistika kontuetarako.

12. artikulua. 1. "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren Erregistroko inskripzioek indarra izaten jarrai dezaten, beti bete beharko dituzte, nahitaez, Erregelamendu honetako baldintzak.

2. Inskripzioan emandako datuetan edozein aldaketa eginik, gertatu eta Kontseiluari jakinarazi eman beharko zaio. Honenbestez, inskripzioak bertan behera utzi edo deuseztatzen ahalko ditu Kontseiluak, haien titularrek inskripzioei muzin egiten dietenean.

3. Lau urtetik behin berrituko dira Erregistroko inskripzio guztiak, lehen inskripziotik aitzina, Kontseilu Arautzaileak erabakitako prozedurari jarraituz.

V. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

13. artikulua. 1. Erregistroan inskribatuta egon eta Erregelamendu honetan ezarritako baldintza teknikoak betetzen dituzten pertsona natural edo juridikoek bakarrik dute eskubidea patxarana egiteko "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren babesean.

2. "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoa aplikatzeko, inskribatutako instalazioetan egin beharko da patxarana, Erregelamendu honek eskatzen dituen arauei jarraituz elaboratu eta bereizgarri dituen baldintza kualitatibo, tekniko eta organoleptikoak izan beharko ditu.

3. Kontseiluaren Erregistroan inskribatutako etxeei bakarrik dagokie Deitura Berariazko honen babeseko izenak erabiltzeko eskubidea propagandan, publizitatean, dokumentazioan edo etiketetan.

4. Erregistroan inskribatuta egoteagatik soilik, inskribatutako pertsona natural edo juridikoak behartuta daude Erregelamendu honetako xedapenak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eta Kontseilu Arautzaileak, zein bere eskumenen barrenean, hartzen dituzten erabakiak betetzera, baita dagozkien tasak ordaintzera ere.

5. Erregelamendu honek emandako edozein eskubide erabiltzeko edo Kontseilu Arautzaileak egiten dituen zerbitzuen onuradun izateko, instalazioak inskribatuta dituzten pertsona natural edo juridikoek ez dute zorrik izanen ordaindu beharrekoetan.

14. artikulua. Erregistroan inskribatuta dauden etxeek, Kontseiluak baimena eman ondoren, beren jabetzakoak diren edo kasuko jabeek baimendu dizkieten markak erabiltzen ahalko dituzte, erregistratuta badaude.

Baimen hori eskuratzeko, Kontseilu Arautzaileari beharko zaio eskatu eta prozedura dokumentatuan eskatzen diren baldintzak bete beharko dira. Gainera, espresuki adierazi beharko dute berena dela erantzukizuna Deitura Berariazkoaren babeseko patxaranaren izena erabiltzeari dagokionez.

15. artikulua. 1. Debekatua dago Deituraren babeseko patxaranetan erabilitako izen komertzialak, markak, ikurrak edo publizitateko leloak aplikatzea mota bereko beste gaiak merkatura ateratzeko, kalitate sisteman araututako salbuespenak izan ezik.

2. Babestutako patxarana prestatu eta gordetzeko toki gisa Erregistroan inskribatuta dauden lokaletan ez da babesik gabeko produkturik prestatu edo gordeko, kalitate sisteman araututako salbuespenak izan ezik.

16. artikulua. 1. Ontzien etiketetan nahitaez agertuko dira "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren espresioa eta Kontseiluak erabakitako anagrama edo logotipoa, ongi ikusteko moduan eta ezarritako prozeduraren arabera. Gainera, legeria aplikagarrian oro har erabakitzen diren datuak adieraziko dira.

2. Zirkulazioan jarri aurretik, Kontseilu Arautzaileak eman beharko die baimena etiketei, prozedura dokumentatuaren arabera, Erregelamendu honetan aipatzen diren ondorioak izan ditzaten. Kontsumitzailea nahas dezaketenak edo Deituraren ospea gutxitu, imitazio direnak edo legeria indarduna betetzen ez dutenak ez dira onetsiko. Lehendik emandako baimena kentzen ahalko da etxeko inguruabarrak aldatu direnean, jabeari entzunaldia eman ondoren.

Beirazko edo zeramikazko botiletan ontzirakuko da. Beste material batzuetakoak ere izaten ahal dira, Europako Elkarteak homologatzen baditu eta Kontseiluak baimentzen.

3. Ontziak litrokoak izanen dira, gehienez ere, eta Kontseiluak emandako kontraetiketa zenbakidunak eramanen dituzte. Etiketa horiek botilatze-prozesuan jarriko dira Kontseilu Arautzaileak erabakitzen dituen arauei jarraituz.

17. artikulua. 1. EN 45011 arau europarraren arabera, Kontseilu Arautzaileak, "Nafarroako Patxarana" ziurtatzen duen entitatea denez gero, behar duen ziurtapen sistema izanen du, babestutako patxaranak Erregelamenduaren 1.2 artikuluan eta 4.etik 9.era bitartekoetan ezarritakoa betetzen duela ebaluatzeko. p.2. Kontseilu Arautzaileak bere politika eta kalitate sistema zehaztu, dokumentatu eta kudeatuko du. Idazkariaren edo 31. artikuluan ezarritako organo kolegiatuaren esku utziko ditu Kontseilu Arautzaileak ziurtagirien kontuko erabakiak, kalitate sisteman ezarritako moduan eta irispidean.

3. Inskribatutako enpresen interesak eta eskubideak babestearren, Kontseilu Arautzaileak behar diren neurriak hartuko ditu "Nafarroako Patxarana" ziurtatze sistemaren independentzia, inpartzialtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko.

18. artikulua. 1. Inskribatutako enpresek, Elaboratzaile-Botilatzaileen Erregistroan inskribatuta egoteagatik, ardura hartu beharko dute Erregelamendu honetan ezarritako arauei jarraituz patxarana prestatzeko, produktuaren kalitatea kontrolatzeko eta Kontseilu Arautzaileari instalazioak, lehengaiak eta azken produktua ikuskatzen laguntzeko.

2. Produkzioa, elaborazioa eta salmenta, izakinen zenbatekoa eta inskribatutako enpresek egindako patxaranaren kalitatea ebaluatzeko behar duen guztia ikuskatzeko, enpresek urtero deklarazioa aurkeztuko dute, Kontseilu Arautzaileak onetsitako ereduari jarraituz, apirileko, uztaileko, urriko eta urtarrileko lehen hogei egun naturaletan, zein aurreko hiruhilekoaren gainekoa. Basaranen, Patxaranaren eta Kontraetiketen Mugimenduaren Hiruhileko Deklarazioari Basaran Sarreren Deklarazioa gehituko zaio. Enpresek igorri beharko dituzte basarana hartzen duten datetan, alkoholaren eta edari eratorrien garraioaren Deklarazioaren (Nafarroako Gobernuari aurkeztua) kopiarekin edo ordezko inprimakiarekin batera. Nafarroako Gobernuak hiruhileko natural bakoitzerako epea eman eta beste zortzi egun gehiago izanen dira aurkezteko.

3. Artikulu honetako aginduak betetzen ez badira, ezin izanen da Deitura Berariazkoaren ziurtagiririk eskuratu, ezta bereizgarririk eta Kontseilu Arautzaileak emandako dokumentaziorik ere. Ezintasun hori besterik gabe geldituko da eraginik gabe deklarazioak aurkeztutakoan, dagozkiokeen zehapenak aparte direla, VII. kapituluan ezarritakoaren arabera.

4. Artikulu honetako 2. atalean aipatu deklarazioak estatistikarako baino ez dira; beraz, ez dira zabalduko edo argitaratuko, ez bada modu orokorrean, inor aipatu gabe. Kontseilukideek araua hautsiz gero, hutsegite larritzat joko da.

19. artikulua. Kontseilu Arautzaileak bere ikurra edo logotipoa hautatuko du, "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren adierazgarri izan dadin. Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak beharko du berretsi eta bere jabetzako marka gisa erregistratu. Kalitate sistemaren dokumentuetan zehaztuko da haren deskripzioa, osaera eta inskribatutako enpresek nola erabiliko duten.

20. artikulua. Merkataritzako Erregistroaren araudiaren ondorioz, eta Erregelamendu honen 3. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, Kontseiluak Merkataritzako Erregistro Nagusian inskribatuko du "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoa, babestua egon dadin.

VI. KAPITULUA

Kontseilu Arautzailea

21. artikulua. 1. "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren Kontseilu Arautzailea autonomia estatutuaz hornitutako entitate publikoa da, zuzenbide pribatuaren arabera jokatzen duena, bere nortasun juridikoa duena eta ahalmen osoa bere xedeak garatu eta Erregelamendu honek emandako eginkizunak betetzeko, indarra duen legeriari jarraituz.

2. Honako hau da bere eskumen eremua, 23. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe:

a) Lurralde aldetik, elaborazio eremua.

b) Produktuei dagokienez, Deitura Berariazkoak babesten duena, elaborazio, ontziratze, zirkulazio edo merkaturatze fasean egon.

c) Pertsonei dagokienez, Erregistroan inskribatutakoak.

22. artikulua. Kontseilu Arautzailearen zeregin nagusia da Erregelamendu honetako aginduak aplikatu eta bete daitezen zaintzea. Horretarako, 25/1970 Legearen 87. artikuluan, oro har, xedapen osagarrietan eta Erregelamendu honen artikuluetan propio adierazten diren eginkizunak burutuko ditu.

23. artikulua. Kontseilu Arautzaileak badu baimena elaborazio eremuan prestatu, merkaturatu edo mugitzen diren Deitura Berariazkoaren babesik gabeko patxaranak begiratzeko. Gorabeheren berri emanen dio Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta akten kopiak igorriko dizkio, zaintze-lan horretan eskumena duten erakundeen esku-hartzea galarazi gabe.

24. artikulua. 1. Honako hauek osatuko dute Kontseilu Arautzailea:

a) Kontseiluburua.

b) Buruordea.

c) Hiru kide, Kontseiluaren Erregistroan inskribatutako titularren ordezkari. Bozketa libre eta isilpekoan hautatuko dituzte Erregistroan dauden guztien artean, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak deialdia eginda.

Kontseilukideak hautatzeko, produkzio estratuen arabera banatzen ahalko dira.

d) Administrazioaren bi ordezkari, bata Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hautatua eta, bestea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Turismo kontseilariak. Ordezkari horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

2. Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hautatuko ditu kontseiluburua eta buruordea, Kontseilu Arautzaileak proposaturik.

3. Kontseilu Arautzaileko kide bakoitzeko ordezko bat izendatuko da.

4. Lau urtetik behin berrituko dira kontseilukideen karguak, eta berriz hautatzen ahalko dira.

5. Edozein arrazoi dela eta, kontseilukide batek bere kargua utziz gero, haren ordezkoak hartuko du besterik gabe, edo erakunde proposamen egileak izendatutakoak, baina kontseilukide berriaren kargualdiak ordeztutakoari falta zitzaiona iraunen du.

6. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak izendatzen dituen kontseilukideek hilabeteko epea dute, gehienez ere, hautatu edo izendatu eta kargua hartzeko.

7. Kargualdian Erregelamendu honek arautzen dituen gaietan arau-hauste larria egiten duenak kargua utzi beharko du, zehatua karguduna bera izan nahiz bere etxea. Hiru bilkura segidakoetan edo bost txandakakoetan arrazoirik gabe huts egiten duenak ere kargua utzi beharko du, baita norberak, inskribatutako enpresak edo ordezkatzen duen organizazioak eskatutakoan ere, hala nola Deituraren Erregistrotik kenduz gero.

25. artikulua. Inskribatutako etxe bateko zuzendaritzakoa izategatik hautatzen diren kontseilukideek etxe horretako zuzendaritza utzitakoan galduko dute kargua, nahiz eta beste enpresa batean sartu eta sektorean jarraitu. Haien ordezkoa hautatuko da esandako moduan.

26. artikulua. Kontseiluko karguek ez dute diru-saririk, baina bai eskubidea sortutako gastuen ordaina jasotzeko.

27. artikulua. 1. Kontseiluburuari dagozkio:

Lehendabizikoa.-Kontseilu Arautzailearen ordezkari izatea. Edozein kontseilukideren esku uzten ahal du, espresuki, hala behar den kasuetan.

Bigarrena.-Lege eta erregelamenduetako xedapenak betearaztea.

Hirugarrena.-Kontseilu Arautzailearen dirusarrerak eta funtsak adiministratu eta ordaintzeko aginduak ematea.

Laugarrena.-Kontseiluaren bilkuretarako dei egin eta haien buru izatea, eguneko gai-zerrenda zehaztu eta dagozkion gaiak Kontseiluaren erabakiaren mende jartzea, eta hartutako erabakiak betearaztea.

Bosgarrena.-Kontseiluaren barne araubidea antolatzea.

Seigarrena.-Kontseilu Arautzaileko langileak kontratatu, kontratua eten edo berritzea.

Zazpigarrena.-Zerbitzuak antolatu eta zuzentzea.

Zortzigarrena.-Produkzioan eta merkatuan gertatzen diren gorabeheren berri ematea goiko erakundeei.

Bederatzigarrena.-Erregelamendu honek emandako eskurantzak direla eta, guztiek betetzeko hartzen dituen erabakiak Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igortzea, baita, beren garrantzia dela medio, haien berri izan behar duela iruditzen zaizkionak ere.

Hamargarrena.-Kalitate Sisteman ezarritako eginkizunak eta Kon- tseiluak erabakitzen dituenak edo Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bere esku utzitakoak.

2. Agintaldia amaitutakoan utziko du kargua kontseiluburuak, edo kargua uzteko eskatu eta dimisioa onartzen diotenean.

3. Kargua utzi edo hilez gero, Kontseilu Arautzaileak beste kontseiluburu bat proposatuko du, hilabeteko epean.

4. Aurreko puntuan ezarritakoa ukatu gabe, kargua hutsik gelditzen denean, kanpora doanean, eritzen denean edo legezko beste edozein arrazoi dagoenean, buruordeak hartuko du kargua eta, horrelakorik ez badago, kontseilukide adinekoenak.

28. artikulua. 1. Kontseiluburuak deituta bilduko da Kontseilua, bai berak hala erabakita bai hiru kidek eskatuta. Gutxienez hiruhilekoan behin egin beharko du bilera.

2. Lau egun lehenagotik bederen eginen da deia Kontseilu Arautzailearen bilkuretarako, eguneko gai-zerrenda adierazita. Kontseiluburuaren iritzian gaia premiazkoa denean, telegramaz, faxez edo posta elektronikoz eginen zaie deia kontseilukideei, hogeita lau ordu lehenago bederen. Betiere, botorako eskubidea duten kide guztiak bildurik eta aho batez erabakitzen dutenean izanen du balioa bilkurak.

3. Eguneko gai-zerrendan aldez aurretik adierazitako gaiak baino ez dira eztabaidatuko bilkuran, non ez diren bertan botorako eskubidea duten kide guztiak edo haien ordezkariak eta ez duen gehiengoak gaia premiakotzat jotzen. Edozein kontseilukidek proposatzen ahal ditu gaiak eguneko zerrendan sartzea, baldin eta deialdia jaso eta egun berean edo biharamunean eskatzen badu.

4. Titularra ezin denean agertu, beste kontseilukide baten esku uzten ahal du bere ordezkaritza. Alabaina, pertsona batek ezin du bi ordezkaritza baino gehiago izan, berea barne.

5. Botorako eskubidea duten kideek, bertan direla nahiz ordezkatuta, gehiengoz hartuko dituzte Kontseilu Arautzailearen erabakiak eta, balioa izan dezaten, Kontseilua osatzen dutenen erdiek baino gehiagok egon beharko dute bilduta, bertan direla edo ordezkaritza dutela. Kontseiluburuak kalitate botoa du, hauteskundeetarako deialdiaren araudian Kontseilu Arautzaileari kontrakoa erabakitzeko baimena aitortzen zaionean izan ezik.

6. Tramiteko aferak ebazteko, edo beharrezkotzat jotzen den kasuetan, Kontseilu Arautzaileak osoko bilkuran erabakitzen ahalko du Batzorde Iraunkorra edo egokiak iruditzen zaizkion Batzordeak osatzea, gai jakin batzuk ebazteko. Erabaki berean edo ondokoetan, sortutako Batzordearen zereginak, funtzionamendua eta kideak zehaztuko dira. Batzordeen jarduketa edo ebazpen guztiak beharko dira eztabaidatu eta, onestekotan, Kontseiluak onetsiko ditu, egiten duen lehen osoko bilkuran.

29. artikulua. 1. Idazkariak Kontseilu Arautzailearen bilkura bakoitzeko akta eginen du. Hartan, parte hartzaileak, eguneko gai-zerrenda, non eta noiz egin den, bozketen emaitzak eta hartutako erabakien edukia adieraziko dira nahitaez.

2. Kideren batek eskatutakoan, eztabaiden puntu nagusiak, hartutako erabakien kontrako botoen arrazoiak eta abstenitzeko edo aldeko botoa emateko arrazoibidea beharko dira adierazi aktan. Orobat, edozein kidek badu eskubidea bere solasaldia edo proposamena hitzez hitz aktan ager dadin eskatzeko, baldin eta momentuan haren testua aurkezten badu. Aktan berean agertuko da edo kopia erantsiko zaio.

3. Kontrako botoa ematen duten kideek edo abstenitzen direnek ez dute erantzukizunik erabakien ondorioetan.

4. Bilkuran berean edo hurrengoan onetsiko dira aktak. Dena dela, idazkariak erabakien ziurtagiria egiten ahal du, nahiz akta onetsi gabe egon, baina ziurtagirian adieraziko du inguruabar hori.

30. artikulua. 1. Bere xedeak bete daitezen, Kontseilu Arautzaileak behar duen langileria izanen du eta Kontseiluaren aurrekontuan agertuko da plantillari dagokion partea.

2. Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria, zeregin hauek bete ditzan:

a) Kontseiluaren lanak prestatu eta Batzorderik egonez gero, haienak ere. Gainera, Kontseiluaren erabakiak betearazteko tramiteak eginen ditu.

b) Bilkuretan parte hartu, hizpidea duela baina botorik ez, deialdiak eta aktak egin eta Kontseiluaren edo Batzordeen liburuak eta dokumentuak gordetzea.

c) Erakundearen barne araudiari dagozkion kontuak, bai langileriari buruzkoak bai afera administratiboak.

d) "Nafarroako Patxaranaren" kalitatea ziurtatzeko sistemari buruzko zereginak, Kontseiluaren Kalitate Eskuliburuan ezarritakoak.

e) Kontseiluaren eskumeneko gaiak prestatu eta bideratzeko eginkizunak, kontseiluburuak bere esku utzitakoak.

3. Dagozkion lan teknikoak aurrera eramateko, behar dituen zerbitzu teknikoak izanen ditu Kontseiluak.

4. Kontrolatu eta zaintzeko lanetarako, bere ikuskatzaileak edo begiraleak izaten ahal ditu. Kontseilu Arautzaileak izendatuko ditu ikuskatzaileak, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak gaituko, ikuskatzeko ahalmen hauekin:

a) Produkzio eremuko elaborazio instalazioen gainean.

b) Babestutako produktuen gainean, deitura berariazkoaren esparruan.

5. Presako lanak egiteko, behar dituen langileak kontratatzen ahal ditu Kontseilu Arautzaileak, baina xede horretarako partea onetsita izan beharko du aurrekontuan.

6. Kontseiluko langile guztiei, finkoak nahiz aldi baterakoak izan, laneko legeria aplikatuko zaie.

31. artikulua. 1. Babestutako patxarana ziurtatzen duenean Kontseilu Arautzailea inpartziala dela segurtatzeko, "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren Alderdien Batzordea izeneko organo kolegiatu aholku-emailea eratu da, Kontseilu Arautzailearen ziurtatze sistemaren edukiarekin eta funtzionamenduarekin zerikusia duten politika eta printzipioetan zeresanik duten parte guztiek esku har dezaten bermatzeko.

2. Kontseilu Arautzaileak zehaztuko ditu osaera, eskurantzak eta arauak.

32. artikulua. 1. Baliabide hauen bitartez finantzatuko dira Kon- tseiluaren betebeharrak:

Lehendabizikoa.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere Erakunde Autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean araututako tasen etekinarekin. Tasa hauek aplikatuko dira:

a) Babestutako produktuaren gaineko tasaren ehuneko 0,2. Babestutako produktuaren unitatearen batez besteko prezioa bider saldutako bolumenaren emaitza izanen da zergagaia.

b) Hiru euro, jatorriaren ziurtagiri, zirkulazio orri, ordainagiriaren bisatu edo antzeko beste edozein dokumentu bakoitzeko.

c) Kostuaren halako bi, etiketak edo kontraetiketak saltzeagatik.

Bigarrena.-Hartzen dituen dirulaguntza, legatu eta dohainekin.

Hirugarrena.-Kontseiluak edo bere interesek izandako kalte eta galeren ordainetan jasotzen diren diru-kopuruekin.

Laugarrena.-Bere ondareko ondasunekin eta haren produktu eta salmentekin.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aldatzen ahal ditu artikulu honetan ezarritako ehunekoak, Kontseilu Arautzaileak proposaturik, inguruabarrek horretara bultzatuta, baina martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 163. artikuluan ezarritako gehienekoak errespetatuz.

3. Kontseilu Arautzaileari dagokio aurrekontuetako dirusarrera eta gastuak kudeatzea.

33. artikulua. 1. Kontseilu Arautzailearen erabakiak, partikularrak ez badira eta "Nafarroako Patxarana" produzitu edo elaboratzen duten pertsona edo enpresa guztietan badute eragina, aktaren kopia edo ziurtagiria igorriz jakinaraziko dira, edo Kontseiluaren Idazkaritzan zirkularrak jendaurrean jarrita, baita Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuta ere.

2. Kontseilu Arautzaileak hartzen dituen erabaki eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua.

3. "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren Kontseilu Arautzaileak, bere erabakietan burujabe eta erantzule denez gero, Auzitegietara jotzen ahal du Deituraren defentsan eskubide duena eskatzeko. Partikularki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agindutako egintzak inpugnatzen ahal ditu Kontseilu Arautzaileak bide administratiboan eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Erregelamendu honetan eragina badute; bi kasuetan, inpugnatutako egintza bete gabe gera dadila eskatuko da.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak, zehapenak eta prozedurak

34. artikulua. 1. Zehapen espedienteen arloan egin beharreko jarduketa guztiak Erregelamendu honetako arauei lotuko zaizkie; Mahasti, Ardo eta Alkoholen Estatutuari buruzko abenduaren 2ko 25/1970 Legekoei eta haren Erregelamenduari (martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuaren bidez onetsia); kontsumitzailearen defentsarako eta nekazaritzako elikagaien produkzioko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuari; Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeari (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua); nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako administrazio prozedura onesten duen abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari; eta, horiek ezean, 1398/1993 Errege Dekretuari, zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen horri; orobat, arlo honetan indarra duten xedapen orokor guztiei.

2. Aurreko araudia aplikatzeko, kontuan hartuko da abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak aipatzen duena, zeinetan nekazaritza, abeltzaintza eta mendi kontuetako eginkizun eta zerbitzuak aldatzen baitira Estatuaren Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatearen eskura.

35. artikulua. 1. "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren Erregistroan inskribatutako pertsonek Erregelamendu honetan edo gainerako araudi aplikagarrian eta haien xedapen osagarrietan ezarritakoa betetzen ez badute, arau-hauste administratiboak eginen dituzte, arinak, larriak edo oso larriak.

2. Arau-hauste arinak. Oro har, deklarazio, gida, idazpen, liburu, erregistro eta gainerako agirietako zehaztasun eza eta atzerapenak dira eta, bereziki, honako hauek:

a) Behar diren datuak edo egiaztagiriak Erregistroan inskribatzean deklarazioak faltsutu edo aipatu gabe uztea, inskripziorako erabakigarriak ez diren bitartean.

b) Erregistroko inskripzioan jasotako datuetan eragina duen edozein aldaketaren berri ez ematea Kontseilu Arautzaileari, aldaketa izan eta hilabetea iraganik, inskripziorako erabakigarriak ez diren bitartean.

c) Aipatu ez direlako edo faltsutu direlako, 18. artikuluan ezarritakoa ez betetzea deklarazioetan edo hilabetetik gora atzeratzea haien aurkezpena.

d) "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren Erregelamenduaren aurkako gainerako arau-hausteak edo Kontseilu Arautzailearen erabakien aurkakoak, larritzat edo oso larritzat ezin hartu direnak.

3. Arau-hauste larriak. "Nafarroako Patxarana" Deitura Berariazkoaren Erregelamenduaren aurkako egintza edo omisioak dira arau-hauste larriak, baita babestutako produktuen elaborazioari edo ezaugarriei buruz Kontseilu Arautzaileak hartutako erabakien aurkakoak ere, oso larrien sailean ez badaude. Bereziki, honako hauek:

a) Erregistroko inskripzioan emandako edozein datu faltsutu edo ez aipatzea, baita aldatzea ere horretarako dagoen prozedura bete gabe, produktuaren elaborazioari edo ezaugarriei buruzkoa izategatik inskripziorako erabakigarria denean.

b) Erregelamendu honek baimendu gabeko alkohola erabiltzea babestutako patxarana egiteko.

c) Higieneari buruzko arauak ez betetzea elaborazioan, botilatzean, kontserbazioan eta garraioan.

d) "Nafarroako Patxarana" egiteko arauak ez betetzea, debekatutako praktikak erabiliz edo baimendutakoak behar ez bezala aplikatuz.

e) Kontseilu Arautzaileak baimendu gabeko lokaletan elaboratu, botilatu edo ontziak prezintatzea, edo jarduera horietan Kontseiluaren erabakiak ez betetzea.

f) Esportazioari buruz eta ontziei, dokumentazioari, prezintatzeari eta patxarana ontziz aldatzeari dagokienez, Erregelamendu honetan edo Kontseilu Arautzailearen erabakietan ezarritakoa ez betetzea.

4. Arau-hauste oso larriak. Oro har, Deituraren kalterako edo duen ospearen galgarri diren Erregelamenduaren aurkako egintzak edo omisioak hartuko dira arau-hauste oso larritzat, baita hura behar ez bezala erabiltzea ere. Bereziki, honako hauek:

a) Deitura edo berak babestutako izenak aipatzen dituzten izen komertzial, marka edo ikurrak erabiltzea babestu gabeko beste produktu batzuk mekaturatzeko, eta Erregelamenduaren 15. artikuluaren aurkako gainerako arau-hausteak.

b) Kontseilu Arautzaileak onetsi gabeko izen komertzial, marka edo etiketak erabiltzea, baita Erregelamenduaren 16. artikuluaren aurkako gainerako arau-hausteak ere.

c) Erregelamendu honetan eta gainerako legeria aplikagarrian ezarritako arauak bete gabe elaboratutako patxaranean Deitura erabiltzea.

d) Deiturarenak diren dokumentu, prezintu, etiketa, kontraetiketa, bermearen bereizgarri eta abar behar ez bezala erabiltzea.

e) Babestutako patxarana bidali eta zirkulazioan edo merkatuan jartzea Kontseilu Arautzaileak ezarritako bermearen bereizgarririk gabe.

f) Aurreikusitako tasak ez ordaintzea.

36. artikulua. 1. 25/1970 Legearen 93. artikuluan ezarri bezala, ohartarazpena, isuna, dekomisoa, Deitura erabiltzeko aldi baterako etendura edo Deituraren Erregistrotik kentzea dira arau-hausteei jarriko zaien zehapena, eskala honen arabera:

a) Arau-hauste arinei, ohartarazpena edo salgaien balioaren % 1etik % 10 bitarteko isuna, arau-hausteak zuzenean salgaietan eragina duenean. Betiere, 18. artikuluan ezarritako deklarazioak aurkezten ez badira, ez da Kontseiluaren dokumenturik lortuko, eta zehapena bete beharko da epez kanpo aurkeztutako deklarazioak onartzeko.

b) Arau-hauste larriei, salgaien balioaren % 2tik % 20ra bitarteko isuna eta haien dekomisoa.

c) Arau-hauste oso larriei, 120,20 euroko isuna gutxienez eta salgai edo produktuen balioa halako bi gehienez, balioa isuna baino handiagoa bada, eta haien dekomisoa.

2. Arau-hauste larrietan eta oso larrietan, aurreko atalean ezarritako zehapenez gain, aldi baterako etendura ezartzen ahal zaio arau-hausleari Deitura Berariazkoa erabiltzeko, urtebetez gehienez ere, baita Erregistrotik kendu ere.

a) Deitura erabiltzeko eskubidea aldi baterako galtzeaz gain, bermearen bereizgarriak eta Kontseiluaren gainerako dokumentuak eskuratzeko eskubidea galduko da, eta ezin izanen da Kontseiluaren aipamena egiten duen dokumenturik erabili, etiketak edo publizitatea batez ere.

b) Kontseiluaren Erregistrotik kentzea bertatik kanporatzea da eta, horrenbestez, Deitura Berariazkoari atxikitako eskubideak galtzea.

3. Arau-haustea zein hilabetetan egin, orduan salgaiak zuen batez besteko prezioa hartuko da kontuan isunaren zenbatekoa ezartzeko, araua noiz hautsi zen jakina bada eta, bestela, deskubritu den hilabetekoa. Zehapen espedientean produkzioaren datuak, prezioak edo izakinak egiaztatzen ez direnean, datu ofizialetan edo zuzeneko estimazioan naziorako edo probintziarako orokorrak direnak aplikatuko dira.

4. Zehapenak ezartzeko orduan, arau-haustearen larritasuna zenbatekoa den, haren araberako zehapena izan dadin begiratuko da, eta zer zehapen jarri jakiteko, bereziki irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Asmo txarrik egon den edo behin baino gehiagotan egin den.

b) Zer nolako kaltea egin den.

c) Zenbateko mozkina eskuratu den.

d) Produktua aizundu den.

e) Kontseiluko ikuskatzaile edo begiraleen lana galarazi den.

f) Berregilea izatea. Aurreko bost urtean Erregelamendu honen edozein agindu huts egiteagatik zehatu den arau-hauslea hartuko da berregiletzat. Berregite-kasuetan, Erregelamendu honetan adierazitakoak baino % 50 handiagoak izanen dira isunak. Enpresa berregileak berriz arau-haustea eginez gero, gehieneko horiek halako hiru izan daitezke isunak.

5. Ezarritako zehapenak Nafarroako eta Estatuko aldizkari ofizialetan argitaratzea erabakitzen ahal du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, eredugarri izan daitezen.

37. artikulua. 1. Kontseilu Arautzaileari dagokio zehapen espedienteak ireki eta instruitzea, ustezko arau-hauslea Deituraren Erregistroan inskribatua badago. Gainerako kasuetan, Kontseilu Arautzaileak Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraziko dio.

2. Zehapen espedientea abiatu baino lehen, txostena eskatu beharko zaio Deituraren Alderdien Batzordeari. Bestalde, Kontseiluak edozein eginbide burutzea erabakitzen ahal du, kasuaren inguruabarrak ezagutzearren.

3. Kontseilu Arautzaileak instruktore bat izendatuko du bere langileen artean, zehapen espediente bakoitzean.

4. Kontseiluko ikuskatzaileek egindako akten ondorioz abiaraziko da zehapen prozedura, baita agintariren edo administrazio organoren batek jakinarazita edo partikularren batek salaketa egin eta formalizatuta ere, arau-haustea izan daitekeen egintza edo jokabide baten gainean.

5. Egintza egiaztatutzat hartuko dira Kontseilu Arautzaileko ikuskatzaileak aktan zehazten dituen inguruabarrak, non ez duen beste alderdiak kontrakoa frogatzen.

38. artikulua. 1. Inskribatutako enpresa batek larritzat edo oso larritzat hartutako edozein arau-hauste eginez gero, kautelazko neurriak hartzen ahal ditu, azken ebazpenaren ondorioak segurtatzearren. Besteak beste, behin-behineko neurri hauek hartzen ahal dira:

a) Salgaia atxikitzea.

b) Bermearen bereizgarriak eta Kontseiluaren gainerako dokumentuak eskuratzeko eskubidearen kautelazko etendura.

c) Publizitatean edo dokumentazioan, etiketetan batez ere, Kontseiluaren edo Deituraren edozein aipamen egiteko eskubidearen kautelazko etendura.

2. Zehapen espedientearen instruktoreak edo ebazteko eskumena duen organoak hartzen ahal ditu behin-behineko neurriak.

3. Atxikitako salgaiak gordailuan utzitakotzat hartuko dira eta, beraz, ezin dira inora eraman, erabili, saltzeko eskaini eta saldu. Bidezkoa irizten denean, prezintatuko dira. Atxikitako salgaiak desagertu, aldatu edo manipulatuz gero, Zigor Kodean xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Behin-behineko neurriak ezarriko dituen ebazpena hartu baino lehen, entzunaldia emanen zaio interesatuari hamar egun baliodunean gutxienez.

5. Gutxienez behar den denbora iraunen dute kautelazko neurriek. Zehapen espedientea ebaztean erabakiko da zer egin haiekin.

39. artikulua. 1. Zehapena gehienez ere 300,51 eurokoa denean, Kontseiluak osoko bilkuran ebatziko ditu Kontseilu Arautzaileak irekitako espedienteak. Betiere, instrukzioaldia eta zehapenaldia behar bezala bereizi beharko dira.

Gainerako kasuetan, Kontseilu Arautzaileak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraziko dio eta haren esku utziko ditu eginbeharrak.

2. Aurreko atalean aipatu zenbatekoa zehaztearren, bahitutako salgaiaren balioa gehituko zaio isunaren zenbatekoari.

3. Espedientea ebazteko ahalmena duenari dagokio produktuen behin betiko dekomisoa eta haiekin zer egin erabakitzea.

4. Espedientearen ebazpenak zehapena dakarren guztietan, arau-hausleak ordaindu beharko ditu laginak hartu eta analizatzean edo azterketan egindako gastuak, baita espedientea tramitatu eta ebaztean egindakoak ere.

5. Ebazpenean hartuko dira behar diren kautelazko neurriak, betearazle ez den bitartean, bere ondorioak izan ditzan.

40. artikulua. Egin eta bost urteren buruan preskribitzen dute Erregelamendu honen kontrako arau-hausteek

beraz, patxarana elaboratu eta botilatzeko dokumentazio guztia gorde beharko da epealdi horretan.

Iragarkiaren kodea: A0208540