114. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

713/2002 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte" proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat eman eta behin betikoz onesten duena. Proiektua bitan banatu ere egiten da. Hona hemen tarte berriak: a) "Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte, 0+000 k.p.tik 3+100 k.p.ra" eta b) "Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte, 3+100 k.p.tik 8+190 k.p.ra".

"Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte" proiektua maiatzaren 8ko 450/2002 Ebazpenaren bidez onetsi zen teknikoki eta jendaurrean jarri. 2002ko 65. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 29an.

Ebazpen horretan proiektua eta hark ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri ziren, bidezkotzat jotzen ziren ohar eta alegazioak aurkeztu zitezen.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi duenez, alegazioak aurkezteko epean hauek hartu dira:

1. alegazioa, Carlos Aristu Iriarte jaunak aurkeztua.

Eskatu du proiektuan Usotz-Artzibarko sarbide asfaltatuak aipa daitezela, ez baitira ageri Artzi-Orotz-Betelu errepide berrian. Haren arabera halaxe xedatu zuen Nafarroako Gobernuak, 1991ko otsailaren 21eko Erabakiaren bidez, eta Departamentuak berak, 1997ko abuztuaren 26ko izkribu baten bidez.

Erantzuna:

Usozko oraingo sarbideak NA-2040 errepidetik abiatzen den bide asfaltatugabe baten bitartez egiten dira. Usotzen ez da urte osoan inor bizi. Etxe bakar bat dago, noizean behin betetzen dena.

Bide horiek oraingo moduaren antzera konpondu asmo dira, Artzitik abiatzen den bide baten bitartez. Bide hori bukatu gabe dago. Beste aukera bat ere badago, alegia, Lakabera joateko proiektu honen xede den errepidea erabilita eta Lakabetik dauden bideetatik abiatuta. Alegazioan aipatzen diren agirietan ez da behin ere esaten bide berriak asfaltatuko zirela, hori ez baita zentzuzkoa, ez ematen duten zerbitzuaren aldetik, ez segurtasunaren aldetik ere, trazaduragatik komeni dena baino lasterrago gidatzera bultzatuko bailukete.

Horrenbestez, alegazioa hein batean onartzen da. Sarbideak zahorrazko zoladura baten bidez konponduko dira baina ez dira asfaltatuko, alegatzaileak eskatu bezala.

2. alegazioa, Alberto Chorraut Salón Artzibarko alkate jaunak aurkeztua.

Eskatu du Artziko Jaurerrian zeharkako errepide osoan, egin aitzin, haren bi aldeetan itxitura egoki bat egin dadila, trafikoarendako eta aziendarendako arriskuak eragozteko.

Erantzuna:

Alegazioa onartzen da. Errepideak, Artziko Jaurerrian, itxitura bana izanen du bazterbideetan. Horrela, tartean aurreikusi bezala, 4,00 x 3,50 m-ko abelbideetatik bakarrik joaten ahalko da.

3. alegazioa, Miren Edurne Arrieta Alcalde Lakabeko Kontzejuko lehendakari andreak aurkeztua.

Eskatu du NA-2040 errepideko saihesbidean, Nagoreko noranzkoan, Lakabeko sarbidearen parean, bazterbidea handitu dadila, eskuinerantz, Lakabeko sarbidean hainbeste istripu izan ez daitezen.

Erantzuna:

Alegazioa onartzen da. Toki horretan proiektuaren arabera plataforma zabalduko da, tuneleko lanak errazteko. Lanak egin ondoren, plataforma hori erabiltzen ahalko da Lakabeko sarbidea errazteko.

4. alegazioa, Miren Edurne Arrieta Alcalde Lakabeko Kontzejuko lehendakari andreak aurkeztua.

Eskatu du lur azpiko bide bat egin dadila, behar bezain zabala, NA-2040 errepideko saihesbidean pertsonak eta abereak bertatik joan ahal daitezen. Errepidean hesiak paratu daitezela ere eskatu du.

Erantzuna:

Alegazioa onartzen da. Lakabetik Irati errekara doan ildotik hurbil abelbide bat egin asmo da, zabal xamarra, pertsonak eta abereak sar ahal daitezen. Behar diren tokietan, hesiak paratuko dira errepidean.

5. alegazioa, Miren Edurne Arrieta Alcalde Lakabeko Kontzejuko lehendakari andreak aurkeztua.

Eskatu du Lakabeko biziguneko sarbidea mugapearen iparraldean dagoen parkinean bukatu dadila, herrigunean sartzeko toki bakarra baita.

Erantzuna:

Alegazioa onartzen da. Aurreikusiriko sarbidea aldatuko da, bizigunearen iparraldeko parkinean buka dadin.

6. alegazioa. Edurne Arrieta andreak, Lakabeko Kontzejuaren izenean, izkribu bat aurkeztu du eta bertan eskatu proiektuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin dakiola, irizpide hauek kontuan hartuz:

1. Alegatu du Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 29an "NA-2042 errepidea konpontzeko proiektua, tartea: Nagore-Orotz-Betelu" izeneko lanei buruz eman zuen 1099/2002 Ebazpenari dagokionez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko 6/2001 Legeko I. Eranskinean aipatzen diren proiektuetarako, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez dela aukerakoa, nahitaezkoa baizik.

2. Hark dioenez, proiektua, Ingurumen Ministerioko Ingurumenaren Antolaketa eta Koordinazio Zuzendaritza Nagusiak 1990eko uztailaren 20an eman Ebazpenaren bidez eginiko ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenarekin bukatu zen ingurumenaren ebaluazioko prozeduraren xede izan zenaren antzekoa bada ere, ez da berdin-berdina eta beraz hark ez du balio jendaurrean jarri zen proiekturako.

3. Hark adierazten duenez, NA-2040 errepidea konpontzeko hautabideen azterlanaren oroit-idazki eta laburpenean, ez dago programarik ingurumena zaintzeko. Izan ere, oroit-idazki horretan ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana egin beharra baloratzen da.

4. 92/43/EEE Zuzentarauak, 6. artikuluan, xedatzen du Natura 2000 sareko espezieak ukitzen dituzten proiektuetan "tokian-tokian izanen duten eraginaren gainean ebaluazio bat" egin beharko dela.

5. Auzitegi Nazionalak, 1995eko irailaren 29ko epaian, berrogeita laugarren Zuzenbideko Oinarrian, dio inpugnaturiko proiektuak ingurumenean izan dezakeen eragina ebaluatzeko azterlan bat egin beharko dela, hala nola errepide berriarena.

6. Errepide bat eginez gero, errazagoa izanen da harkaitzetara joatea. Kontu hau ez da ageri Naturguneei buruzko ekainaren 17ko Foru Legean.

7 eta 8. Hautabideen azterlaneko oroit-idazki eta laburpena aipatzen du, balorazioetan irizpide ezberdintasunak omen daude eta.

Erantzuna:

Alegatzaileak aipatu bezala, Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 29an eman 1099/2002 Ebazpenaren ebazpen-zatia baino lehenagoko gogoetetan adierazten denaren arabera, Nagore-Artzibartik Orotz-Betelura doan NA-2040 errepidea konpontzeko proiektuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin zitzaion. Ingurumen Ministerioko Antolaketa eta Koordinazio Zuzendaritza Nagusiak, 1990eko uztailaren 20ko Ebazpenaren bidez, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin zuen.

Oraingoan proiektua behin betikoz onesten da, ebazpen zatian azaldu bezala, eta hark ukituriko ondasun eta eskubideen titularrek aurkezturiko alegazioen gaineko ebazpena ematen, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenaren xede izan zen trazaduraren arabera.

Horregatik ezin da onartu alegazio hori.

7. alegazioa, Isabel Elizondo Larrañeta andreak aurkeztua.

1. Adierazi nahi du, landa-lurretan eta hiri-lurretan egin asmo diren obrek ukitzen dutenez, errepide berriko obrek hiri-lurretan ureztaketa lurretarako erabiltzen den erretena ukitzen dutela. Horregatik eskatu du konpondu dadila, finka osoa ureztatu ahal izateko.

2. Eraikinean argindar-hartune bat dago. Eskatu du, gero, beste eraikin batera eraman dadila.

3. Eskatu du desjabetzen ez den finkara (bereziki 21. poligonoko 20, 27 eta 21. lurzatietara) sarbide egokiak egin daitezela eta desjabetzen ez den eremuan hesiak paratu daitezela, ondoriozko finkako mugarri izan daitezen.

4. Eskatu du 21. poligonoko 11. lurzatiko biltegitik datozen ur-hodiak, errepideak ukituko duen etxearen parean daudenak, berriro toki egoki batean ezarri daitezela.

5. Eskatu du, desjabetzapena pagatzerakoan, finka berean, 1999ko azaroan, pagatu ziren salneurriak kontuan hartu daitezela.

6. Eskatu du eraikirik dauden eta hiri-lurtzat joak diren 129 m2-ren truk Nagoreko antzeko lurzati bat eman dakiola, lur haiek desjabetzekoak baitira.

7. Eskatu du, Itoizko Ubidea eta bi errepideak egiteko desjabetze prozesua finka honetan bukatzean, Nafarroako Gobernuak behar diren argibideak eman diezazkiela Artzibarko Udalari, katastroa aldatzeko, eta Agoizko Erregistroari, aldaketa egokiak bertan sartzeko eta horretako gastuak bere gain har ditzake.

8. Eskatu du Artzi-Orotz-Betelu errepiderako beste trazadura bat egin dadila, erantsi duen marrazkia kontuan hartuz.

Erantzuna.

1. Alegazioa onartzen da. Ureztaketa lurretarako erretena konponduko da, finka osoa ureztatu ahal izateko. :2. Alegazioa onartzen da. Argindar-hartunea Artzibarko mugapeko 21. poligonoko 20 edo 21. lurzatitik gertu ezarriko da.

3. Alegazioa onartzen da. Obrek ukituriko finketako sarbideak konponduko dira, baita desjabetu beharreko eremuko errepidearekin muga egiten duten finketako itxitura ere.

4. Alegazioa onartzen da. Ur-hodiak Artzibarko mugapeko 21. poligonoko 20 edo 21. lurzatitik gertu ezarriko dira.

5. Desjabetze prozesuko une egokian justiprezioa zehazteko kontuan hartuko dira afera guztiak.

6. Alegazioa ez da onartzen. Itoizko Urtegiak ukituriko etxebitzen jabeei Nagoren lurzati bat emateko gorabeherak ez dira gertatu.

7. Alegazioa onartzen da.

8. Alegazioa ez da onartzen. Bidegurutzearen ordez biribilgune bat egitea ere ez da konponbide egokia NA-172 eta NA-2040 errepideetako belarrietarako. Toki egokia ere ez da, NA-2040 errepideak eragin handiagoa izanen bailuke Urrobi errekan, Batasunaren Intereseko Lekua baita, egin asmo den konponbideak baino.

8. alegazioa, Melchor Cabodevilla Garde jaunak bere izenean eta Cabodevilla Garde senideen izenean aurkeztua.

1. 9. poligonoko 18. finkako A eta B azpilurzatiei eman zaien eremuak ez dirudi egokia, bi lurzatietako eremua berdin-berdina baita, 13.318,92 m2 18A lurzatiko okupazioa txikixeagoa denez, bidezko da planoak eta eremuak begiratzea.

2. Eskuineko aldean errepide berriak Orotz-Beteluko bidean izanen duen trazaduran zintzilik geldituko da 5.300 m2ko lur-zerrenda bat, gutxi gora-behera, errepide horren eta urtegiaren artean, Artziko 9. poligonoko 18. lurzatian. Zerrenda hori lurgorri bihurtuko litzateke. Horregatik, desjabetu beharreko eremuan sartu beharko litzateke.

3. Halaber, errepide berriko trazadurak 9. poligonoko 25. lurzatiko lur-zerrenda bat bakarturik, inolako sarbiderik gabe, utziko luke, gutxi gorabehera 23,700 m2koa. Horregatik saihesbideko proiektuko obrek ukituriko lurzatien zerrendan sartu behar da.

4. Gogorarazi du, aurreko desjabetzapenaren ondorioz, Cabodevila Garde senideei 2.000 baino gehiago erregu bakarturik, sarbiderik gabe, utzi zaizkiela. Nafarroako Gobernuak hitza eman zuen bertan zerbait egiteko, Probintziako Desjabetzapen Epaimahaiari aurkeztu zion txostenean adierazi bezala.

Erantzuna:

1. Alegazioa onartzen da. Ukituriko eremuak begiratu ondoren, hauexek dira zuzenak:

9. poligonoko 18B lurzatia, ukituriko eremua: 13.318,92 m2

9. poligonoko 18A lurzatia, ukituriko eremua: 7.164,35 m2

2. Alegazioa onartzen da. Lur-zerrenda horren eremua, 4.284,19 m2koa, geldituko den itxura eta egoera ikusi ondoren, bidezko da, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 23. artikuluan xedaturikoaren arabera, desjabetu beharreko eremua handitu eta lurzati hori bertan sartzea.

3. Alegazioa ez da onartzen. Aurreko lerroaldean aipatzen den artikuluko inguruabarrak ez dira gertatzen. Gainera, NA-2040 errepideko obrek ez dute ukitzen.

4. Alegazioa onartzen da. Artziko 9. poligonoko 18. lurzatiak sarbide bat izanen du NA-2040 errepideko saihesbide berritik.

Proiektuan abelbide hauek ere sartu dira: 0+420, 1+440 eta 3+250 p.k.etan.

Aurkezturiko alegazioak aintzakotzat hartzeko, lurzati-zerrenda aldatu behar da. Honelaxe geldituko da:

Artzibarko mugapea:

Finka zk.: 26. Jabea: Cabodevilla Garde senideak. Helbidea: Zangozako merindadea, 4, Burlata. Katastroko poligonoa: 9. Lurzatia: 18A. Desjabetu beharreko m2: 11.448,54. Lur mota: larreak.

Orobat, proiektua bi tartetan banatzea komenigarritzat jo da. Hona hemen tarte berriak:

-I. tartea: "Artzitik 3+100 k.p.ra".

-II. tartea: "3+100 k.p.tik Orotz-Betelura".

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, urriaren 7ko 3912/99 Foru Aginduaren bidez, eman dizkidan ahalmenak erabiliz, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedaturikoarekin bat, Zuzendaritza Nagusi honek,

EBATZI DU:

1. "Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte" bi proiektutan banatzea. Hona hemen: a) "Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte, 0+000 k.p.tik 3+100 k.p.ra" eta b) "Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte, 3+100 k.p.tik 8+190 k.p.ra".

2. Bi proiektuak jendaurrean egoteko epea bukatutzat ematea, Ebazpen honen azalpen zatian azaldu bezala, aurkezturiko alegazioei erantzunez.

3. "Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte, 0+000 k.p.tik 3+100 k.p.ra" izeneko a) proiektua behin betikoz onestea. Haren kontrata bidezko exekuzioaren aurrekontuak 10.209.693,60 euro egiten du. 18 hilabeteko epean bukaturik beharko du.

4. "Itoitz-Garralda NA-2040 errepidearen saihesbidea, tartea: Artzitik Orotz-Betelura bitarte, 3+100 k.p.tik 8+190 k.p.ra" izeneko b) proiektua behin betikoz onestea. Haren kontrata bidezko exekuzioaren aurrekontuak 12.356.258,80 euro egiten du. 12 hilabeteko epean bukaturik beharko du.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

6.Ebazpen hau igortzea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren bian.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: A0209550