111. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

950/2002 FORU AGINDUA, ekainaren 18koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, N-121-A errepidea 65. k.p.aren eta Bera artean egokitzeko proiektuak Ingurumenaren gainean duen Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuak (maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatua) eta hura betearazteko Erregelamendua onetsi zuen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egitera behartzen dute, aipatu xedapenetako eranskinetan jasotako obra, instalazio edo jarduera egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman baino lehen.

"N-121-A errepidea 65. k.p.aren eta Bera artean egokitzeko lanak" izeneko dokumentuan bildutako proiektua aipatu 6/2001 Legearen I. eranskineko 6. taldeko a) ataleko 1. puntuan sartua dago; hortaz, 1.1 artikuluan agindutakoari jarraituz, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egin behar da.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa abiatzearren, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2001eko uztailaren 5ean, "N-121-A errepidea 65. k.p.aren eta Bera artean egokitzeko lanen" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala zekarren espedientea aurkeztu zuen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanarekin batera. Urte bereko abenduan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanari eransteko, Departamentu sustatzaileak bi azterlan aurkeztu zituen, aukeratu alternatibari buruz, "65. k.p.-Bera tarterako aukeratu alternatibak ukitutako landare komunitateak" eta "Bidasoa ibaiko izokinen habitataren ezaugarriak eta N-121-A errepidea Bera eta Berrizaun (Nafarroa) artean hobetzeko proiektua" izenekoak. I. eranskinean laburtu dira proiektuaren datu nagusiak, eta II. eranskinean ingurumenaren gaineko eraginaren azterlaneko alderdi nabarmenak aipatu.

Alternatiben azterlanaren xede izan den bidean "Bidasoa ibaia" BIL ES2200014 Batasunaren Intereseko Lekua izateko proposaturiko gunea ageri da haranaren zolan. 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez, habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE zuzentarauaren 6. artikulua aplikatu da eta ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko azterlan egokia egin. Guztira 9,5 km-ko tartean, alternatiben azterlana eginik, bide bakar bat erabil daitekeela ondorioztatu da eta, trazadura gisa, proiektuaren helburuak betetzen dituzten alternatiba guztiak; hau da, Berrizaun eta Berako saihesbidea lotzen dituen errepidearen ezaugarriak hobetzea, eta ahalik eta komunikazio baldintza hoberenei eustea eskualdeko herriguneentzat, Bidasoa ibaia alderik alde gurutzatuz zenbait tokitan.

Dokumentazio guztia zegoela iritzirik, Nafarroako Gobernuak, 2002ko urtarrilaren 14ko Erabakiaren bitartez, jendaurrean jarri zuen hilabetez Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko espedientea, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin batera. Erabaki hori 2002ko 18. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, otsailaren 11n. Epe horretan lau alegazio aurkeztu dira, eraginaren ebaluazioa propio aztertzen ez dutenak, eta edukia III. eranskinean laburbildu da.

1131/1988 Errege Dekretuaren 16. artikuluari jarraituz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2002ko maiatzaren 13an, espedientea igorri zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari; hau da, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentu teknikoa, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta jendaurreko informazioaren emaitza. Dokumentazio horretan, behin betiko soluzio gisa proposatu da hautatu alternatiba, alegatu diren zenbait alderdiren gaineko aldaketa arinak eginda. Zehazkiago, 4. tartean 3. alternatibari eutsi zaio baina errepidearen trazadura zertxobait aldatu da, Matxain baserria bakartuta geldi ez dadin; gainera, 5. tarteko 2. aukera proposatu da: errepide gaina igoko da eta 4 m-ko errepide azpiko pasabidea eginen, ukipenik izan ez dadin eta Ardanbide baserriak, zentral hidroelektrikoak, autoen tailer-kontzesionarioak eta Nabasturen baserriak sarrera izan dezaten.

Bidasoa ibaiko BILeko ukipenei dagokienez, neurri zuzentzaileak aplikatutakoan, bateragarritzat jotzen ahalko dira obra eta ingurune hori Natura 2000 sarean sartzera bultzatu zuten balioak.

Eraikuntza proiektua prestatzeko, BILeko habitaten gaineko ukipena zenbatekoa den hartuko da kontuan eta, 92/43/EE Zuzentarauaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz, behar diren neurri konpentsatzaileak hartuko dira.

Nafarroako Ingurumen Kontseiluak, 2002ko ekainaren 17an egindako bilkuran, Ingurumenaren gaineko Eragina deklaratzeko proposamenaren aldeko txostena egin du.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, bestalde, adierazi du, izapidatze-bidean jarritako dokumentazioa ikusita, proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela. Hortaz, espedientea azterturik, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan eta 1131/1988 Errege Dekretuaren 4.1, 16.1 eta 18. artikuluetan ezarritakoarekin bat, bidezko da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea eta, ingurumenaren ondorioetarako bakar-bakarrik, proiektua egiten ahal dela adieraztea.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzeko abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumenaren ondorioetarako bakar-bakarrik, N-121-A errepidea 65. k.p.aren eta Bera artean egokitzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea. Baldintza hauek beharko ditu bete:

a) Bidasoak erregio eta eskualde honetan beste inon ez dauden ekosistema, habitat, flora eta fauna dituela kontuan hartuta, ahalik eta neurri babesgarri eta zuzentzaile gehienak beharko dira hartu.

Ibaiaren ikuspegitik, izokina dugu espezie aipagarriena baliabide natural eta ekonomiko gisa. Igaraba, ur-ipurtatsa, cavilata eta apoarmatua dira, ibai bazterreko eta inguruko flora eta landarediarekin batera, berebizikoak eta bereizgarriak dira lurralde honentzat.

Horrenbestez, eraikuntza proiektua prestatzeko unean, zubi guztietan eta ur-bazterrean defentsak eraiki behar direnean, arrainen habitatari buruzko xehetasun azterlanak eginen dira eta izokinak nola erabiliko dituen aztertuko. Habitataren gaineko eragina zehaztuko da eta zer alternatiba eta neurri hartu, babesteko edo zuzentzeko. Oro har, zubiak eta zubibideak diseinatzeko, ur-bazterretik ahalik eta gibelena ezarriko dira zutabeak eta makinak errekan sar ez daitezen saiatu.

Zubibideen egiturak eta diseinuak haien azpiko ur-bazterreko landaredia geruza guztietan erabat berreskuratuko dela bermatuko dute.

Ingurumena Zaintzeko Programak, ibaibidean eta uraren kalitatean eragin handia duten lanak zein sasoi eta garaitan egin zehaztuko du. Arrabaroa, arrainkumeen inkubazioaldia eta jaiotzeko aldia, gazteen migrazioaldia eta helduen ugalaldia hartuko dira kontuan.

Makinek zer lan egin behar duten bilduko du eraikuntza proiektuak ibaibidean eragina izan dezaketen puntu guztietan. Ibaia gurutzatu beharrik gabe zein tokitan eginen den lan zehaztuko da.

b) Obrak egin aurretik, egin bitartean eta ondoren hartuko diren neurriak ahalik eta eragin txikiena izateko hartuko dira, eta landaredia berreskuratzeko, hondatzen den tokietan. Neurri horien artean, aipagarri ditugu:

-Badaezpadakoak, obrak egin bitartean: sarrera murriztea, makina eta langileen alferrikako mugimenduak saihestea, etab., gune naturalak ahalik eta gutxiena honda daitezen.

-Ur-bazterreko landaredia sartzea eta dagoenaren kontserbazio egoera hobetzea.

-Lubeta eta lurra erauzitako ezpondetan bertako espezieak sartzea.

-Sastraka kentzean eragindako zuhaitz bereziak atera eta tokiz aldatzea.

c) Tunelen ahoetan eta mendi-hegietan neurri egokiak hartuko dira, harkaitzetako landaredia, sastraka eta oihana ahalik eta gutxiena honda daitezen. Zehazkiago, 1. tarteko tunelean, hegoaldeko ahoak Bidasoan berezia eta eskasa den landaredia hartzen du, leku malkartsu batean (ezproiak txilardiarekin) eta Sedo-Scleranthetaliako komunitateak eta harizti bat hondatuko ditu. Toki horietan ahalik eta sastraka gutxiena kenduko da eta ingurunea ahalik eta gutxiena hondatuko, obretako eremua mugatuko duten soluzio teknikoen bidez.

Trazaduratik kanpoko obra eta jarduketa guztietan ez dira ezponda urtsuak, iturburuak eta latsak ukituko, ingurune horietan 92/43/EE zuzentarauak babestutako flora espezieak baitaude. Horretarako, aldez aurretik, eremu hondaerrazak edo bereziak balizatuko dira eta jarraipena eginen zaie Ingurugiroa Zaintzeko Programaren barrenean.

d) Eraikuntza Proiektua prestatzen den bitartean Azterlan Arkeologikoa egin beharko da, trazadurak hartzen duen azalera osoan indusketa arkeologiko intentsibotik abiatuz. Proiektuak ukitutako aztarnategiak kokatu eta mugatuko dira indusketa horretan, mailegu eta zabor guneak barne, eta trazaduran behar diren aldaketa puntualak eginen dira han-hemenka orain arte ezagunak ez diren balio handieneko aztarnategietan zuzeneko kalte arkeologikorik ez egiteko.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzura igorriko da azterlan arkeologikoa, proiektuaren laburpen batekin batera, onets dezan.

e) Eraikuntza proiektuan propio aipatuko dira zabortegiei eta lur eta materialen pilaketei ematen zaizkien soluzioak, uraren kutsadura mekanikoa nola zuzendu (prentsako irazkiak, drainatzeak, eustormak eta ur-isurketak.), makinak konpondu eta haien mantentze-lana egiteko eremuak, etab.

Obra lagungarri edo aldi-baterako guztiek ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana beharko dute, eta gero lehengoratu beharko da.

f) Eraikuntza proiektuari eransteko, bizigune guztietako eta eraikinik gabeko eremu urbanizagarrietako hotsen mapa eginen da. Neurri zuzentzaileak behar dituzten eremu guztietan, zer soluzio ematen zaien arrazoituko da.

g) Landareztatze proiektua ere aurkeztu beharko da onets dadin, Ingurumena Zaintzeko Programan jasotako oharrak biltzen dituela. Horretarako, ezponda guztietan bertako espezieekin tratamendua egiten ahal dela beharko du bermatu eraikuntza proiektuak. Ahal dela, ezponda guztietan ez da 2H:1V malda baino handiagorik eginen.

h) Neurri konpentsatzaileak: eraikuntza proiektuarekin batera, ukitutako habitat guztien neurri konpentsatzaileei buruzko proiektua aurkeztuko da, 92/43/EE zuzentarauan aurreikusitakoari jarraituz. Hondatutako eremukoak bezalako ezaugarri ekologikoak dituzten lurretan eginen da lan. Laboreak, belardiak edo platanoak kenduko dira, ur-bazterreko landaredia ugaldu eta hobetzearren; izan ere, lurzoru sakoneko eremuetan daude, ur-bazter lauetan, oso egokiak izanik haltzak sartzeko.

i) Ingurumena Zaintzeko Programa aurkeztuko da, obren faserako eta autobia erabiltzeko faserako prestatua, IEAn aurkeztutako zainketa programako jarraibideekin bat etorriko dena. Programa horri esker eragina kontrolatuko da eta Eraginaren Azterlanean eta Deklarazioaren baldintzetan ezarritako neurri zuzentzaileak bermatuko.

j) IEAn aurkeztu neurri zuzentzaileak erantsiko zaizkio obretako agindu tekniko partikularren pleguari, baita Deklaraziokoak eta zainketa programa betetzearen ondoriozko jarduerak ere. Horietan guztietan memoria, planoak eta aurrekontua agertuko dira. Ingurumena zaintzeagatik sortutako gastuak baloratuko dira.

k) Aurreko ataletan adierazitako alderdi guztiak eraikuntza proiektuari erantsiko zaizkio, zeina Departamentu honetara igorri beharko baita Herrilan Departamentuak onetsi baino lehen. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenean Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio honetan ezarritako baldintzak betetzen ote diren ebaluatuko da.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa argitaratzea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Erregelameduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. Foru Agindu hau jakinaraztea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako Udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hemezortzian.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier Marcotegui Ros.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzioa

N-121-A handitu eta hobetzeko proiektuaren xedeko tartea 9,5 km inguru da, 65. k.p.tik (Igantziko bidegurutzetik 2,5 km-ra) Berako saihesbidea hasten den lekuraino.

Aztertutako tarte guztia Bidasoaren arroan dago. Ibai hori Nafarroako nagusietakoa da, Kantauri eta Mediterraneo arteko banalerrotik iparraldean. Tarte horretan Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako udal mugapeetan kokatzen da proiektua.

Alternatiben azterlanari ekiteko, zenbait erabaki hartu dira eta pasa beharreko zenbait puntu ezarri, eraikin gehieneko eremuak eta hiru zentral hidroelektrikoak saihestearren, bi bazterretan bideragarri diren trazadurak baldintzatzen baitituzte.

Sei dira nahitaez pasa beharreko tokiak: 65. k.p., proposameneko abiaburua; gaur egungo errepideko 67. eta 68. k.p.ak, Bidasoaren eskuineko aldean (horien artean dago Igantziko eta Arantzako sarbidea, non ez dagoen aukerarik ezkerraldetik jokatzeko, eraikin asko daudelako); 69,8 k.p., eskuinaldean, Etxalarko sarbidea duena; 72. k.p., eskuinaldean, Lesakako sarbidetik behera, non eraikinek eta zenbait faktore geoteknikok ezkerraldeko soluzioak galarazten baitituzte eta, azkenik, 74. k.p., proiektuaren amaiera, Berako saihesbidearen hasieran.

Hortaz, proiektuak bost tartez dago osatua. Horien hasiera eta amaiera nahitaez pasatu beharreko tokiak dira eta tarte bakoitzeko hainbat alternatiba aztertu dira.

Planteatu diren alternatibek soluzio desberdinak ematen dituzte; batetik, oraingo trazadura zabaldu eta hobetzea; bestetik, tunel eta Bidasoa gaineko zubi arteko hainbat konbinazio, biraketa erradioak hobetu eta ibilbideak laburtzeko. Denetara, 6 aukera daude 1. tartean; 2 aukera 2. tartean; 4 aukera 3. tartean; 4 aukera 4. tartean eta 2 aukera 5. tartean.

Planteatu aukera guztien arteko balorazio konparaturako, kostuaren eta onuraren arteko balorazioa egin da eta irizpide askoren argitan aztertu, faktore ekonomikoak, ingurumenekoak eta funtzionalak kontuan hartuz.

Aukeratu alternatibaren trazadurak bi tunel eta zortzi zubi, dexenteko lurrerauzketa eta lubakiak egitera behartzen du. 1. tartean, 3. alternatiba aukeratu da: oraingo errepidearen trazaduran abiatuta, ibaiaren ezkerraldera egiten du 200 m luzeko zubi baten bitartez, gero 400 m egiten ditu erdi-maldan eta berriz ibaia gurutzatzen 90 m-ko zuloko egitura baten bitartez. Tartea amaitzeko, 400 metroko tunela du. 2. tartean, 2. alternatiba aukeratu da, 240 metroko erradioak egitea ahalbidetzen baitu. 3. tartean, 3. alternatiba: ibaiaren ezkerraldera egiten du 130 m inguruko egitura baten bitartez. Trazadurak aurrera egiten du ezkerraldetik lubeta bitartez eta eskuinaldera iragaten da 100 bat m-ko zubi bati esker Etxalarko bidegurutzetik hurbil. 4. tartean, 3. alternatiba aukeratu da: 2 egitura ditu, 200 eta 130 metrokoak eta 300 metroko tunela, Lesakako lotunea errazteko. 5. tartean 2. alternatiba aukeratu da: bi zubi meandro gainean, 130 eta 150 m-koak, 150 m-ko lubakia ibai ondoko malda handi samarra moztuz eta eskuinaldetik 74. k.p.raino, proiektuaren bukaeraraino hain zuzen.

II. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlan laburtua

Proiektuak ingurunean alda ditzakeen faktore guztiak analizatu ditu aurkeztutako eraginaren gaineko azterlanak, eta izan daitezkeen eraginak identifikatu.

Antzeko xehetasunez aztertu dira alternatiba guztiak; emaitzak matrizetan aurkeztu dira eta hortik atera da aukeratu den alternatiba.

Klimaren gaineko eragina bateragarritzat eman da; bateragarri eta moderatu artekoa, geologiaren eta lurzoruen gainekoa, alternatiba guztietan.

Hidrologiaren gaineko eragina moderatu eta larri artekoa da, beti hartu beharko baitira neurri zuzentzaileak.

Trafiko hotsaren ondorioak bateragarriak dira alternatiba guztietan.

Faunaren gaineko eragina moderatu eta bateragarri artekoa da. Azterlan monografiko bat aurkeztu da hautatutako alternatibari buruz, eraikuntza proiektuko neurri zuzentzaileak behar bezala zehazten lagunduko duena.

Paisaiaren gaineko eragina larri eta moderatu artekoa da alternatiba guztietan eta landareztatze proiektuaren eta paisaian integratzeko neurrien esku dago azken eragina.

Lorzoruaren erabileren gaineko eragina bateragarri eta moderatu artekoa da alternatiba guztietan, puntuala betiere.

Landarediaren gaineko eraginari dagokionez, tarte guztietan ukituko dira 92/43/EE zuzentarauan sartutako komunitateak; hau da, interes handiko habitatak.

Hyperico androsaemi-Ainetum-eko haltzadiak, Zuzentarauan sartutako habitatak, nahiko aldatuta daude, zatikatu eta andeatuta bost tarteetan; askotan, zuhaitz ilara bat baino ez dira, lurzorua behar baino askoz gehiago ustiatuta dagoelako. Belardi, labore eta Platanus hispanica-ko arbolek hartzen dute gaur egun haltzen tokia. Horregatik haltzadiak habitat guztiz ahul eta hauskorrak dira N-121-A hobetzeko obren aurrean eta, beraz, babes bereziko neurriak hartu behar dira haien gaineko eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Polysticho-Fraxinetum excelsioris-ko harizti eutrofoak ere 92/43/EEE zuzentarauan daude sartuta. Horrelako oihan gutxi dago aztertu den tartean, eta hemen edo han kaltetuko da.

Badaude sahastiak eta Hyperico pulchri-Quercetum roboris-ko harizti azidofiloak bost tarteetan eta, denetan, obren ondorioak jasanen dituzte. Neurri zorrotzak aplikatu behar dira haien kontserbazioa bermatzeko eta obren kaltea ahalik eta txikiena izateko.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean aipamen berezia egiten zaio 2000 Natura Sareko BIL izateko proposatu den eremuari, ES2200014 Bidasoa ibaia izenekoari, obrak zeharkatzen baitu. BILaren gaineko eragina ez da adierazgarria eta, bestalde, ez dago beste moduren bat BIL hori zeharkatu gabe proiektuko helburu guztiak lortzeko.

I.E.A.n moderatutzat jo da Bidasoa ibaiko BILaren gaineko eragina.

Hautatutako alternatibarako arrazoiak

1. tartean, kontuan hartu diren 6 alternatibetatik 3.a izan da aukeratua. Bera izan da hoberena irizpide anitzeko analisian, guztira 7,05eko pisua atera baitu (Pattern irizpidea) faktore guztien artean. Ingurumenaren aldetik, ebaluazio hoberenetako bat da, 4,297ko balioa, landaredia gutxien kaltetzen duena eta klima, naturguneak eta paisaia gutxien hondatzen dituzten bietako bat.

2. tartean, erkatu diren bi alternatiben artean, 2.a atera da hobekien irizpide anitzeko analisian -5,39ko pisua (Pattern irizpidea)- kontuan hartu diren faktore guztien artean. Ingurumenaren aldetik, ebaluazio hoberena atera du -4,397- landaredia gutxien kaltetzen duena eta klima, geologia, lurzorua eta naturguneak gutxien hondatzen dituzten bietako bat.

3. tartean, aztertu diren lau alternatibetatik, 1.a da hoberena irizpide anitzeko analisian -5,67ko pisua (Pattern irizpidea)- kontuan hartu diren faktore guztien artean. 4. alternatibak atera du balorazio hoberena ingurumenaren irizpidea aztertuta; dena dela, ingurumenaren barrenean, 3. alternatibak du ebaluazio hoberena landaredi eta paisaia aldetik.

Azkenik, 3. alternatiba aukeratu da, bera baita balorazio hoberena izan duena irizpide funtzionalaren aldetik.

Emaitzak ikusita, eta 1., 3. eta 4. alternatibetatik edozein izan daitekeenez baloratuena -zein irizpideri ematen zaion garrantzi handiagoa- tarte guztiak trazadura homogeneoa izan dezan eta gurutzagune nagusietan lotuneak jartzeko aukera izan dadin, 3. alternatiba aukeratu da tarte horretarako.

4. tartean, aztertu diren lau alternatibetatik, 4.a da hoberena irizpide anitzeko analisian -5,80 pisua (Pattern irizpidea)- kontuan hartu diren faktore guztien artean. Dena dela, lau alternatibek antzeko balioak atera dituzte, 2.ak gutxiena: 3,78 eta 4.ak gehiena: 5,80 puntu.

Analisi ekonomikoan 4. alternatiba atera da hobekien, baina trazadurak ez du uzten lotunerik egiten Lesakako errepidearekin.

Ingurumenaren irizpidea gehien baloratuz, 1. alternatiba ateratzen da irabazle, baina 3. alternatiba, azkenik aukeratu dena, da ebaluazio hoberena duena klima, geologia eta lurzorua kontuan hartzen direnean eta ebaluazio hobereneko bietako bat naturguneen gaineko eraginari dagokionez.

Tarte honetan alternatiba guztien emaitzak oso hurbil daudenez, eta gainerako tarteetarako aukeratu diren alternatibak nolakoak diren ikusita, egokia da 3. alternatiba hautatzea, ezaugarri homogeneoak izan ditzan. Gainera, 250 m-ko edo gehiagoko erradioak egiteko aukera ematen du, eta lotuneak gurutzagune nagusietan.

5. tartean, aztertu diren bi alternatibetatik, 2.a da hoberena irizpide anitzeko analisian -7,55eko pisua (Pattern irizpidea)- kontuan hartu diren faktore guztien artean. Ingurumenaren aldetik ere ebaluazio hoberena du (4,016) eta eragin txikiena duena aztertu diren faktoreetan. Orobat, ebaluazio hoberena du ekonomiaren eta funtzionaltasunaren aldetik.

III. ERANSKINA

Jendaurreko tramitean proiektuari aurkeztuko alegazioen laburpena

Etxalarko Udala 3. alternatibaren alde atera da eta honako hau eskatu du: Etxalarko eta Lesakako bidegurutzeen arteko baserritarrek ez behartzea Lesakaraino joatera Etxalarrera doazenean, Etxalarko gurutzagunea egokia izatea ibilgailuek maniobrak egiteko, Arrakoitzen pareko errepidea egokia izatea Arrakoizko industrialdea baldintzatu gabe, eta Errepideen Foru Sarean jarraitzea.

Berako Udalak honako hau alegatu du: Matxain baserria bakartuta geldituko dela, errepidez inguratua eta lanerako erabiltzen dituen lurzatietarako sarbiderik gabe, kutsadura akustikoaren eta gasen eraginez baserrian bizi ezinik eta abeltzaintzaren jarraipena zalantzan; Ardanbide baserriko sarbideak ez direla kendu behar bizilagun, kamioi eta mendilaneko makinentzat; zentral hidroelektrikoko egiturek eta sarbideek ez dutela kalterik izan behar; Nabasturen baserriak ez duela kalterik jasan behar errepidera izanen duen distantziagatik, kutsaduragatik, sarbidea galarazteagatik (haren jarduera lizentzian izan dezake eragina, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak eskatutakoa bete ezinik gelditzeagatik); oraingo galtzadaren eta Bidasoa ibaiaren arteko lurzatiak BILaren barrenean daudela; behar bezala egin daitezela autoen tailer-kontzeionario bateko sarbidea, Bustiola eta Mendi-Alde baserrikoak eta Txanburreneko belardietakoa.

Gainera, Lesakatik N-121-Ako sarbidea hobetzeko, Lesakako zubia lotuko duen tunel bat eraikitzeko eta errepidearen trazadura aldatzeko eskatu du Berako Udalak, zubibide bat egin dadila Lesakako Telleria baserriko hegaletik, trenbidearen, Bidasoa ibaiaren, oraingo errepidearen eta zentral elektrikoko ubidearen gainetik, gero tunel baten bidez Listirketa mendian sartzeko. Harrobitik hurbil aterako litzateke Berako herrigunean sartzeko; horrela, oraingo errepidea baliatuko litzateke mendietara, baserrietara, autoen tailerrera eta zentral hidroelektrikora sartzeko.

Begoña Errandonea andreak eta beste zazpi lagunek alegazio bat aurkeztu du, Berako Udalak egin duenaren bezalako edukia duena.

Miguel Ballarena jaunak, Electra Nabasturen, S.L. ordezkatuz, Nabasturengo zentralean eginen duen kaltea alegatu du.

Iragarkiaren kodea: A0207473