11. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

MIRANDA-ARGA

Miranda-Argako Udaleko Bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Miranda-Argako Udalak, 2001eko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Miranda-Argako Udaleko Bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Onespen horren iragarkia 2001eko 124. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 12an.

Jendaurreko epea ordenantzaren aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragan denez, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. c) artikuluan ezarritakoarekin bat, aditzera ematen da ordenantza hori behin betiko onetsita gelditu dela, ondotik ematen den testuari jarraituz.

Miranda-Argan, bi mila eta bateko azaroaren hogeian. Alkatea, María Teresa Iradier Ibáñez.

MIRANDA-ARGAKO UDALEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA ANTOLAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Miranda-Argako Udaleko Bikote egonkorren erregistroak administrazio izaera du eta bertan hurrengo artikuluak aipatzen dituen elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen diren era eta baldintzetan.

2. art. Ordenantza hau aplikatzerakoan, eta Bikote Egonkorrendako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ezartzen duenari jarraikiz, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre eta publikoa, ezkontideenaren pareko afektibitate-harreman batean, sexu-joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo adingabeko emantzipatu, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odol edo adopzio ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

Elkartzea egonkortzat joko da bikoteko kideak etenik gabe gutxienez ere urtebetez elkarrekin ezkonduta baleude bezala bizi izan badira; hala ere, bien arteko seme-alabarik badute, nahikoa izanen da elkarrekin bizitzea. Betiere, elkartzea egonkortzat jotzeko nahikoa izanen da bikotea eratzeko borondatea agiri publiko bidez adieraztea.

3. art. Bikoteek, sexu-joera kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Miranda-Argako Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Bikotea egonkorra dela eta elkarrekin bizitzen urtebete igaro dutela Zuzenbidean onarturiko edozein frogabideren bitartez egiaztatu ahalko da.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ez ezkonduak ezta inskribatuak ere Bikote egonkorren beste erregistroren batean.

4. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ordenantza honetako 2. artikuluan zehaztutako elkartzeetariko bat osatzen dutela deklaratzeko.

5. art. Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko dute, ordenantza honetako 2. artikuluan zehaztutako elkartzeetariko bat osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago, beste batekin bikote egonkorra osatzen badu edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituen argitasun guztiak agertarazten ahalko ditu. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. art. Miranda-Argako Udalean ordenantza honek eskatutako baldintzei jarraikiz inskribaturik dauden elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute, Udalaren eskumenekoak diren gaietan.

8. art. Bikote egonkorren erregistroa Udaleko Idazkaritza Orokorraren kargu egonen da. Inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira erabat.

9. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatuko da eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agertaraziko da.

11. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

12. art. Erregistroaren publizitaterako modu formala idazpenen ziurtagirien luzapena izanen da, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoren. Erregistrora jotzeko, horren inguruan indarrean diren arau orokorrei jarraituko zaie.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honen berrikuspena eginen da lege aldaketarik sortzen bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Miranda-Argako Udalean, idazkaritzan, halako egunean: ....., honako hauek agertu gara:

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitut), NAN zenbakia: eta izena: ............, jaioterria: ..........., helbidea (erroldakoa): ................, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitut), NAN zenbakia: .......

Eta honako hau azaldu nahi dugu:

Udal honetako erregistroan Ezkondu gabeko bikote egonkorren gisa inkriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Deklaratzen dugu:

Lehenbizi.-Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela-eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............ (oroitarazi behar zaio ......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarren.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarren.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko ahaidetasunik ere.

Laugarren.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarren. Ez dugula nahi gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak erregistroan inskribatzea.

Seigarren. Baimena ematen dugula Miranda-Argako Udal Erroldan honako datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez herri honetako erregistroan ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horrenbestez, Miranda-Argako Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinadura: ....... Sinadura: .......

II. ERANSKINA

Miranda-Argako Herriko Etxean, halako egunean ......... honako hauek agertu gara:

Izen-abizenak: ............. N.A.N.: .......... eta izen-abizenak: ............. N.A.N.: ............

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat eman nahi dugula, horrelaxe inskribatuta baikaude aipatu Udalaren erregistroan.

Horrenbestez, eskatzen dugu elkartzearen inskripzio hori bukatutzat edo iraungitzat jo dadila.

Iragarkiaren kodea: A0112870