11. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

1620/2001 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" erakunde autonomoan L.Z.B.ko (Larrialdietarako Zerbitzu Berezia) sendagile izateko 27 lanpostu eta L.Z.A.ko (Larrialdietarako Zerbitzu Arrunta) sendagile izateko 3 lanpostu merezimendu-lehiaketa eta lekualdatze bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan L.Z.B.ko (Larrialdietarako Zerbitzu Berezia) sendagile izateko 27 lanpostu eta L.Z.A.ko (Larrialdietarako Zerbitzu Arrunta) sendagile izateko 3 lanpostu merezimendu-lehiaketa eta lekualdatze bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen deialdiaren

O I N A R R I A K

1.-Oinarri orokorrak.

Deialdi honetan honako arauak bete behar dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 463/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako A mailako osasun langileen lanpostuak (A.1 eta A.2 estamentuak) betetzeko prozedurak arautu eta horrelakoetan aplikatu beharreko baremoak finkatzen dituena; uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoko zenbait lanpostutara iristeko euskaraz jakin behar dela adierazten duena, ezaguera-graduak zehaztuz, eta besteak beste euskaraz jakitea zenbait lanpostutarako merezimendutzat jo behar dela adierazten duena; eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea L.Z.B.ko (Larrialdietarako Zerbitzu Berezia) sendagile izateko 27 lanpostu eta L.Z.A.ko (Larrialdietarako Zerbitzu Arrunta) sendagile izateko 3 lanpostu merezimendu-lehiaketa eta lekualdatze bidez betetzea da. Lanpostu horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak dira; destinoak honako zentroetan daude:

-Lizarrako Osasun Barrutian:

1 Larrialdietarako Zerbitzu Arruntean; plantillako zenbakia: 67.317.

Tuterako Osasun Barrutian:

1 Larrialdietarako Zerbitzu Arruntean; plantillako zenbakia: 67.342.

-Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasunaren eremuan:

27 Larrialdietarako Zerbitzu Berezian; plantillako zenbakiak: 60.116, 60.119, 60.120, 60.138, 60.139, 60.181, 60.075, 67.368, 67.369, 67.370, 67.371, 67.372, 67.373, 67.825, 67.826, 67.827, 67.828, 67.829, 67.830, 67.831, 67.832, 67.833, 67.834, 67.835, 67.836, 67.837 eta 67.838.

1 Tafallako Larrialdietarako Zerbitzu Arruntean; plantillako zenbakia: 67.839.

1.2. Merezimendu-lehiaketa honen barruan sartzen dira hala Nafarroako Foru Komunitateko eta beraren erakunde autonomoetako lekualdatze-lehiaketa nola nazio esparruko lekualdatze-lehiaketa; bigarren hori lehenbizikoa bukatu ondoren eginen da.

Nazio mailako lekualdatze-lehiaketan EEPn Nafarroako Foru Komunitatean egin den merezimendu-lehiaketaren emaitza bezala sartu diren lanpostu hutsen ehuneko 10 eskainiko da, zenbaki osoetan. Bestalde, eta Foru Administrazioan egin den merezimendu-lehiaketaren emaitzako zenbakiaren zatikiari dagokionez, zatiki hori hamarrera heltzen ez bada, lanpostu huts horien kopurua kontuan hartuko da aurrerago eginen diren deialdien ondoreetarako eta nazio mailako lekualdatze-lehiaketarako baino ez dira eskainiko, bidezko portzentaje horretan, baldin eta lanpostu huts horien metatzeak hamarrekoa gainditzen badu.

Goiko paragrafoan aipatu den portzentajea kalkulatu baino lehen, amortizatu beharreko plazak deskontatuko dira, halakorik baldin badago.

1.3. Deialdi honetako lanpostuei gerora beste batzuk gehitu ahalko zaizkie, hain zuzen ere, epaimahai kalifikatzaileak lehiatzaileen zerrenda puntuazioaren araberako hurrenkeran osatu eta deialdia egin duen organoari hura aurkezten dion egunean hutsik dauden lanpostuak.

1.4. Lehiaketa honetan deialdiaren xede izanen dira bai deialdian hasieratik sartutako lanpostuak eta bai lehiaketan lanpostu berria lortzen duten izangaiek hutsik utziko dituztenak ere, baldin eta langile horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren plantillakoak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuen eta haren erakunde autonomoen plantilletakoak badira. Hala denean, aurreko atalean adierazi direnak ere izanen dira, nahiz eta kasu honetan ezin diren hautagai izan Osasun Sistema Nazionaleko gainerako plantillako langileak, ez baitira EEPn sartu diren lanpostu hutsak.

1.5. Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileei ez zaie inola ere aldatuko lehendik duten araubide juridikoa, lekuz aldatzeko lehiaketan parte hartuta ere.

Osasun Sistema Nazionaleko gainerako erakundeetatik lekualdatze-lehiaketa bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura sartzen diren langileek aukera izanen dute funtzionario izateko eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutura biltzeko. Hilabeteko epea izanen dute, lanpostuaz jabetzen diren egunetik hasita, aukera horretaz baliatzeko, eta irailaren 16ko 324/1996 Foru Dekretuan ezarritako eran egin beharko dute. Dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutura biltzeko prozedura arautzen da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei dagozkien neurriei buruzko 11/96 Lehen Xedapen Gehigarrian aurreikusita dagoen prozedura, hain zuzen ere.

Dena dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileentzat indarra duten langileriaren arloko xedapenak aplikatu ahalko zaizkie.

1.6. Deialdi honetan plaza lortzen duten funtzionario, estatutu-langile edo kontratatu finkoek indarra duten xedapenen arabera dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

1.7. Izendatutako izangaiek lanlekua duten herrian bertan bizitzeko betebeharra izanen dute. Horretarako, udal mugapean kokatu beharko dute beren egiazko egoitza. Eskudun organo administratiboek lanlekua aldatu ahal izanen diete.

1.8. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara moldatuko da eta Administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Deialdi honetako lanpostuak betetzeko izendatuko diren langileak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere jarduera-eremuan larrialdiei aurre egiteko dituen baliabideetatik edozeinetan arituko dira: SAMU-UCIko anbulantzietan nahiz medikuntza helikopteroan, LZBko larrialdietan nahiz Nafarroako SOSko koordinazioan.

1.10. Uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuak zehazten dituen lanpostuetara iristeko euskaraz jakin behar da, lanpostu horien destinoak Euskarari Buruzko indarreko Legeak definitutako Eremu Euskaldunean baitaude. Beraz, horrelako lanpostuetarako lehiatzen direnek euskaraz behar adina badakitela egiaztatu behar da. Horretarako, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak ezarriko dituen saioak eginen dituzte, edo bestela agiri bidez frogatuko dute 1. ezagutza-maila badutela, hizkuntz eskola ofizialen batean lau urrats edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi urrats gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztuz.

Goian aipatu lanpostu horiek eskuratzen dituztenak, aurrerantzean lanpostuak betetzeko egiten diren deialdietan, euskaraz jakin behar den lanpostuetarako soilik lehiatzen ahalko dira.

2.-Betekizunak.

2.1. Merezimendu lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek betekizun hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko edo haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, edozein izanda ere haien araubide juridikoa eta egoera administratiboa.

a) Nafarroako Foru Komunitateko edo haren erakunde autonomoetako funtzionarioa, estatutu-langilea edo lan-kontratudun langile finkoa izatea eta A maila edo taldean egotea.

b) "Osasun arloko beste fakultatibo batzuk" estamentuko eta "Medikuntza" espezialitateko lanposturen batean aritzeko izendatua izatea (indarra duen sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen Eranskineko estamentu eta espezialitateetako izendapenei dagokienez).

2.1.2. Gainerako Osasun Sistema Nazionaleko langileak:

a) Gainerako Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoa izatea (Insalud-Zuzeneko Kudeaketa eta Herrialdeetako Osasun Zerbitzuak).

b) "Osasun arloko beste fakultatibo batzuk" estamentuko eta "Medikuntza" espezialitateko lanposturen batean aritzeko izendatua izatea (indarra duen sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen Eranskineko estamentu eta espezialitateetako izendapenei dagokienez).

c) Jardunean egotea, deitu diren plaza horien lanpostuko beste bat betetzen, edo Osasun Sistema Nazionalean plaza-erreserba eskubidea izatea.

Baldin eta aktibo egoera ez den beste batean badago, jatorrizko administrazioak deialdi honetako eskabideak aurkezteko ezarri den epearen azken egunean zerbitzu aktibora iristeko delako administrazio horretako legezko eta arauzko beharkizunak betetzen dituela ziurtatuko du.

d) Deialdi honetako eskabideak aurkezteko ezarri den epea bukatu aurretik une horretan jabetzan duen plaza horretan urte bateko zerbitzua izatea.

2.2. Uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuan aipatzen diren eremu euskalduneko lanpostuetarako, lehiatzaileek euskaraz aski badakitela frogatu behar dute.

2.3. Izangaiek eskabidea aurkezten duten egunean betekizun horiek betetzen dituztela frogatu behar dute agirien bidez, eta prozeduran zehar ere betekizunak bete egin behar dituzte harik eta lanpostua adjudikatu arte.

2.4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langile izan eta plazaren erreserbarik gabeko eszedentzian daudenek deialdi honetako lekualdatze lehiaketan parte hartzen ahal dute zerbitzu aktibora itzultzeko.

Behin-behineko atxikipena dela bide deialdi honetako estamentu eta espezialitateetako lanpostu hutsen batera itzuli diren langileak nahitaez aurkeztuko dira deialdi honetako lekualdatze lehiaketara, behin betiko destinoa adjudikatu behar zaielako, eta ezin uko egin izanen diote adjudikazioari.

3.-Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

3.1. Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo helbide horretara bidaliko dira posta ziurtatuaren bidez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, edo bestela lege horretan aurreikusitako gainerako lekuetan aurkez daitezke.

Eskabidea aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira. Agiri hauek erantsi behar zaizkie:

a) Deialdiaren 2.1.1 eta 2.1.2 oinarrian adierazi diren betekizunak betetzen direla frogatzeko agiriak (jatorrizkoak edo notarioak nahiz Administrazioak konpultsatutako kopiak).

b) Azaltzen diren merezimendu guztien frogagiriak (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak konpultsatutako kopiak), deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera.

c) Eremu euskalduneko lanpostuetarako lehiatzen direnek euskaraz badakitela frogatu behar dute, deialdi honen 1.10 oinarrian adierazi den moduan.

Merezimenduak baremoen ataletan ageri diren hurrenkera berean ordenaturik aurkeztu behar dira.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Onartuen eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du, eta ohartaraziko du ezen, hurrengo bost egun naturaletan, izangaiek erreklamazioak egin ahalko dituztela eta akatsak zuzendu, halakorik badago. Eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpena emanen du lehiaketa hutsik geratu dela adierazteko. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horiek ebatzi ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Izangai guztiak onartuz gero, onartuen behin betiko zerrenda besterik gabe onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko da.

5.-Epaimahaia.

5.1. Lehiaketako epaimahaiko kideak ondokoak izanen dira:

Mahaiburua: Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko zuzendaria.

Ordezkoa: Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariordea.

Mahaikidea: Langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide-idazkaria: Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzako Langileri Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Lizarrako Osasun Barrutiko Langileri Zerbitzuko burua.

5.2. Epaimahaia eratu eta aritu ahal izan dadin beharrezkoa da gutxienez haren kideen gehiengo osoa biltzea.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatu ahal izanen du baremoaren elementuetariko batzuetarako edo guztietarako. Aholkularien jarduna eta Epaimahaiari emanen dioten laguntza beraien espezialitate teknikoen eremuetara mugatuko dira.

5.5. Epaimahaiko kideen zerrenda izangai onartuen eta baztertuen zerrendarekin batera argitaratuko da.

5.6. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan izangai bakarra egonez gero, deialdia egin duen organoak zuzenean aplikatuko du deialdi honen 8. oinarrian xedatutakoa eta ez da beharrezkoa izanen Epaimahaia eratzea eta horrek jardutea.

6.-Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak baloratu eginen ditu izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera. Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte lortutako merezimenduak soilik baloratuko dira eta geroago lortutakoak ez dira aintzat hartuko.

6.2. Izangaiek lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean azaldu behar dituzte merezimendu guztiak eta aldi berean agirien bidez frogatu behar dituzte.

6.3. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahal izanen ditu lehiatzaileek azaldutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4. Euskaraz badakitela frogatzeko saioak egitea aukeratzen duten izangaiei saioen eguna, ordua eta lekua jakinarazteko gutun bana bidaliko zaie aski denbora lehenago. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak ontzat ematen duen beste identitate-agiriren bat eraman beharko dute saioetara.

Epaimahaiak Nafarroako Gobernuko Euskara Zerbitzuko teknikarien aholkua eskatzen ahalko du saio horietarako.

6.5. Baremoaren 1. ataleko merezimenduak baloratzeko, kontuan hartuko da deialdiko lanpostuak "Osasun arloko beste fakultatibo batzuk" estamentuko "Medikuntza" espezialitatekoak direla (indarra duen sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen Eranskineko estamentu eta espezialitateetako izendapenei dagokienez). Lanposturen baten izendura aipatu eranskinean aurreikusitakoa bera ez bada, balorazioan tratamendu berdina emanen zaie eskatutako titulazioan, sarrerako probetan eta eginkizunetan deialdiko lanpostuarekin bat datozen lanpostuei.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, lantokietako zuzendari edo langileburuek emandako ziurtagiriak aurkeztuko dira. Haietan zehaztasun hauek azaldu behar dira:

-Lantokia.

-Estamentua edota espezialitatea.

-Zerbitzuen iraunaldia (hasierako eta amaierako egunak, eta egunen kopurua).

-Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak badira, datu hauek gehitu behar dira:

a) Zenbat ordu egin diren egunean, astean, hilean edo urtean, eta urteko lanaldia,

b) edo bestela, ohiko lanaldian zerbitzuok zenbateko portzentajea egiten duten.

6.6. Epaimahaiak ezin du merezimendurik onartu izangaiak aurretiaz hura azaldu gabe edota agirien bidez frogatu gabe (jatorrizko agiriak edo notarioak nahiz Administrazioak konpultsatutako fotokopiak); halaber, ezin du baremoaren atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagoa eman.

Azaldutako merezimenduren bat behar bezala frogatzen ez bada, epaimahaiak interesatuari akatsa zuzentzeko epea eman ahal izanen dio.

6.7. Izangaiek, baldin eta erreklamaziorik aurkezten ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte. Agirien itzulketa berariaz eskatu beharko dute eta horretarako hilabeteko epea izanen dute. Lanpostuen adjudikazioari buruzko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta handik sei hilabetera hasiko da epe hori. Erreklamazioren bat aurkezten bada, agiriak atxiki ahal izanen dira egiaztapenak edo frogak egiteko. Arestian aipatu epean agiriak eskatu ezik, izangaiak haiek berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta itzulketarako eskubidea galduko du.

7.-Izangaien zerrenda puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Epaimahaiak lehiatzaile guztiak kalifikatuko ditu eta haien zerrenda eginen du, lortutako guztirako puntuazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean jarriko da (Irunlarrea kalea, 39). Bi zerrenda argitaratuko dira, merezimendu lehiaketa honetan eskuhartzen duten eremu bakoitzerako bana (barrukoa eta nazio mailakoa).

Lehiaketa fasea bukaturik, epaimahaiak izangaien zerrendak, puntuazioaren araberako hurrenkeran ordenatuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dizkio, eta honek, egoki izanez gero, hasieran deitutako plazei beste batzuk gehitzeko ebazpena emanen du.

Puntuazioetan hainbanaketarik gertatuz gero, herri administrazioen zerbitzuan antzinatasun handiena duen lehiatzailearen alde ebatziko da. Eta hala ere hainbana segitzen badute, lehiatzaile zaharrena lehenetsiko da.

8.-Lanpostu hutsak aukeratzea.

Lehiatzaileek destinoa aukeratu ahal izanen dute lehiaketan lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, horretarako ezarriko zaizkien lekuan, egunean eta orduan. Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute.

Lehenengo eta behin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruko lekualdatze-lehiaketan esku hartu duten izangaiek hautatuko dute eta, lehiaketa hori bukatu ondoren, nazio esparruko partehartzaileei dagokien hautespena eginen da.

Nazio esparruko izangaiek ondokoak aurkeztuko dituzte egintza honetan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren naziotasuna eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Jatorrizko Administrazioak luzatuko duen ziurtagiria, administrazioko egoerari buruzkoa.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan jarduteko desgaitu edo gabeturik eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bazterturik ez daudela adierazteko.

d) Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

Ezarritako epean destinorik aukeratzen ez duten lehiatzaileek, ezinbesteko eta aski frogatutako arrazoiren bat ez badute, lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide oro galduko dute.

9.-Lanpostuak adjudikatzea eta betetzea.

Organo eskudunak lehiatzaileei dagozkien lanpostuak adjudikatzeko ebazpena emanen du eta ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Lehiatzaileak hamar egun naturaleko epean jabetuko dira deialdi honetako kategoriako lanpostuez, adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Hala ere, izendatutako lehiatzaileak asko izateagatik edo Administrazioaren lana arindu beharragatik, deialdia egin duen organoak lanpostuez jabetzeko eguna ezarri ahal izanen du.

Adjudikazioan eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, merezimendu lehiaketaren nondik-norakoaren edo horren ebazpenaren aurka, adjudikazioa ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta horren mende geratuko da.

10.-Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, ebazpen honen kontra, berau garatzeko ematen diren behin betiko ebazpenen kontra eta defentsarik eza eragiten duten tramite-egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitara eman edo jakinarazten den egunetik hasita.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita batean.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

I. ERANSKINA

ESKABIDEA

Eskabidea, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" erakunde autonomoko ................. izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia .........(e)ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

1) Norberaren datuak:

Deiturak eta izena NAN

Jaioteguna Jaioterria

Etxeko telefonoa Harremanetarako telefonoa

Helbidea Posta kodea

Herria Probintzia

2) Datu administratiboak:

a) Egoera administratiboa:

Zein lanpostutarako izendatu zuten:

(estamentua eta espezialitatea)

f Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako plantillako langile finkoak. f Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoak.

Egoera: f Jardunean.

f Zerbitzu bereziak.

f Beste bat (adierazi):

b) Egungo destinoa:

Noiz sartua: Departamentua: Zerbitzua:

Lantokia: Erakunde autonomoa:

A B C D E

(Jarri X bat bakoitzari dagokionean)

3) Euskara:

f Jatorrizko agiriarekin edo notario zein administrazio bidez konpultsatutako kopiarekin egiaztatzen du euskaraz badakiela.

f Onartzen du euskara probetara aurkeztea.

4) Sinatzen duenak adierazten du eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea akitzean, eta eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak aurkezten dituela, eskabide honekin batera.

5) Eskabide honi erantsi zaizkion orrien kopurua; orriak, deialdian eskatzen diren agiriei dagozkienak, (ipini zenbakiak erantsi diren agiriei) ........... [ ].

Iruñean, ......(e)ko .............aren .......(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. atala.-Emandako zerbitzuak. Honakoak baloratuko dira:

1. Lehian dagoen lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean, edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 1,8 puntu.

2. Administrazio publikoetan fakultatibo lanetan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

3. Administrazio publikoetan beste estamentu batzuetan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

Goiko azpi-ataletan adierazitako zerbitzuak denbora berean eman baldin badira, puntuazioak ezin izanen dira batu; altuena besterik ez da hartuko.

Zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak, egoera hori deklaratu zenean izangaiak zuen lanpostuan emandakoak bailiran kontatuko dira.

Honako atal honengatik gehienez ere 55 puntu emanen dira.

2. atala.-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Merezimendu hauek baloratuko dira, lortu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute eta lekualdatze-lehiaketan parte hartzean duen azken lanpostuan aritu bitartean eginak baldin badira, 2.1. idatz-zatikoak (curriculuma) izan ezik, horientzat ez baita kontuan hartuko denbora-muga hori. Destinoa lekualdatze bidez lortu baldin bada, lekualdatze horrexen deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen egunetik aurrera lortutako merezimenduak baloratu ahalko dira atal honetan.

1. Curriculuma.

-Lizentziatura graduan bikain edo sari berezia edo ikerketarako nahikotasuna: 2 puntu.

-Doktore gradua (cum laude, 2 puntu gehiago): 6 puntu.

2. Erakunde edo zentro publikoek edo unibertsitateetako zentroek antolatu edo kreditatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ordu), 0,1 puntu. Ordu kopururik zehazten ez duten ziurtagiriei kreditu bati dagokion puntuazioa emanen zaie eta ikasturte osokoei, berriz, 12 kredituri dagokiena. Gehienez ere 10 puntu.

Atal honetan baloratuko dira, halaber, antolatzailearen aldetik beharkizunak bete ez arren, Administrazioaren aginduz burutu edo hark homologatutakoak, espreski barne hartzen direlarik horien artean "Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzarako Akordioak" izenpean sindikatuek antolatutakoak.

BAME espezialitatearen programaren barruko irakaskuntza orduak ez dira baloratuko, ez eta, OOLTko sendagileei dagokienez, 264/1989 Errege Dekretuak ezarritako hobekuntza ikastarokoak ere, eta uztailaren 31ko 1753/1998 Errege Dekretuak eskaturiko prestakuntza osagarriko orduak ere ez (3).

3. Biltzar edo jardunaldietan aurkezturiko ponentzia edo komunikazioak.

Nazioartekoa. Lehenbiziko hiru sinatzaleak: 0,40 puntu. Atzerago: 0,1 puntu.

Nazionala. Lehenbiziko hiru sinatzaleak: 0,20 puntu. Atzerago: 0,05 puntu.

Autonomikoa. Lehenbiziko hiru sinatzaleak: 0,10 puntu. Atzerago: 0,025 puntu.

Gehienez ere 10 puntu.

4. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten lan zientifiko edo ikerlanak: nazioartekoak badira 2 puntu, nazionalak edo autonomikoak badira, puntu 1. Gehienez ere, 10 puntu.

5. Aldizkari espezializatuetan argitaraturiko lanak: lehenbiziko hiru sinatzaileen artean bada, 0,4 puntu, eta horien atzetik bada, 0,10 puntu. Gehienez ere, 10 puntu.

6. Sektore publikoan egindako prestakuntza ekintzetan irakasle gisa parte hartzea: 10 ordu edo kreditu akademiko bakoitzeko, 0,2 puntu. Gehienez ere, 4 puntu.

7. Prestakuntza egonaldiak: hilabete bakoitzeko, 0,1 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

8. Sektore publikoan edo unibertsitateetan, ikastaro eta biltzarrak antolatzea: nazioartekoak badira, 0,1 puntu; nazionalak badira, 0,05 puntu; autonomikoak badira, 0,025 puntu. Gehienez ere puntu 1.

9. Liburu argitalpenak eta kolaborazioak: egile nagusia bada, 0,4 puntu; kolaboratzailea bada, 0,2 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

10. Europar Batasunean erabilera ofizialekoen artetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuz gero: 5 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntz eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko.

Ikerketa lan beraren komunikazioa, ponentzia eta argitalpena bateragarriak izanen dira.

Deialdiaren xede den lanpostuan aritzeko gaikuntzarik ematen ez duten titulazio ofizialak ez dira merezimendutzat hartuko.

Atal honengatik eman daitekeen gehieneko puntuazioa 60 puntu da.

3. atala.-Euskaraz jakitearen balorazioa:

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea beste batzuen artean baloratu beharreko merezimendu kualifikatua denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 10 gehiago.

Eremu mistoan euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 5 gehiago.

Bi kasu horietan, hizkuntz eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: A0112288