11. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

1593/2001 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" erakunde autonomoan Maila Ertaineko teknikari-Osasun hezitzaileentzako 9 lanpostu merezimendu-lehiaketa eta lekualdatze bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Maila Ertaineko teknikari-Osasun hezitzaileentzako 9 lanpostu merezimendu-lehiaketa eta lekualdatze bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen deialdian bete behar diren

O I N A R R I A K

1.-Oinarri orokorrak.

Deialdi honetan honako arauak bete behar dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 464/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan aplikatu beharreko baremoak finkatzen dituena; eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea Maila Ertaineko teknikari-Osasun hezitzaileentzako 9 lanpostu merezimendu-lehiaketa eta lekualdatze bidez betetzea da. Lanpostu horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak dira; destinoak ondoko zentro hauetan daude:

-Bat Lizarrako Emakumeen Laguntzarako Zentroan (ELZ). Lanpostuaren zenbakia: 68.153

-Bat Burlatako ELZn. Lanpostuaren zenbakia: 67.586

-Bat Txantreako ELZn. Lanpostuaren zenbakia: 67.585

-Bat Zabalgune-Alde Zaharreko ELZn. Lanpostuaren zenbakia: 67.588

-Bat Ermitagaña-Barañaingo ELZn. Lanpostuaren zenbakia: 67.591

-Bat Milagrosa-Azpilagañako ELZn. Lanpostuaren zenbakia: 67.587

-Bat Elizondoko ELZ. Lanpostuaren zenbakia: 67.911

-Bat Etxarri-Aranazko ELZn. Lanpostuaren zenbakia: 67.912

-Bat Tafallako ELZn. Lanpostuaren zenbakia: 67.910

1.2. Deialdi honetako lanpostuei gerora beste batzuk gehitu ahalko zaizkie, hain zuzen ere, epaimahai kalifikatzaileak lehiatzaileen zerrenda puntuazioaren araberako hurrenkeran osatu eta deialdia egin duen organoari hura aurkezten dion egunean hutsik dauden lanpostuak.

1.3. Lehiaketa honetan deialdiaren xede izanen dira bai deialdian hasieratik sartutako lanpostuak eta bai lehiaketan lanpostu berria lortzen duten izangaiek hutsik utziko dituztenak ere, baldin eta langile horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren plantillakoak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuen eta haren erakunde autonomoen plantilletakoak badira.

1.4. Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileei ez zaie inola ere aldatuko lehendik duten araubide juridikoa, lekuz aldatzeko lehiaketan parte hartuta ere.

1.5. Deialdi honetan plaza lortzen duten funtzionario, estatutu-langile edo kontratatu finkoek indarra duten xedapenen arabera dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

1.6. Izendatutako izangaiek lanlekua duten herrian bertan bizitzeko betebeharra izanen dute. Horretarako, udal mugapean kokatu beharko dute beren egiazko egoitza. Eskudun organo administratiboek lanlekua aldatu ahal izanen diete.

1.7. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara moldatuko da eta eskudun organo administratiboek noiznahi aldatu ahal izanen dute.

2.-Betekizunak.

2.1. Merezimendu lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek betekizun hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko edo haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, edozein izanda ere haien araubide juridikoa eta egoera administratiboa.

a) Nafarroako Foru Komunitateko edo haren erakunde autonomoetako funtzionarioa, estatutu-langilea edo lan-kontratudun langile finkoa izatea eta B maila edo taldean egotea.

b) "Osasun arloko diplomatuak" estamentuko eta "Hezitzaileak" espezialitateko lanposturen batean aritzeko izendatua izatea (indarra duen sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Legearen Eranskineko estamentu eta espezialitateetako izendapenei dagokienez).

2.2. Izangaiek eskabidea aurkezten duten egunean betekizun horiek betetzen dituztela frogatu behar dute agirien bidez, eta prozeduran zehar ere betekizunak bete egin behar dituzte harik eta lanpostua adjudikatu arte.

2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langile izan eta plazaren erreserbarik gabeko eszedentzian daudenak deialdi honetako lekualdatze lehiaketan parte hartzen ahal dute zerbitzu aktibora itzultzeko.

Behin-behineko atxikipena dela bide deialdi honetako estamentu eta espezialitateetako lanpostu hutsen batera itzuli diren langileak nahitaez aurkeztuko dira deialdi honetako lekualdatze lehiaketara, behin betiko destinoa adjudikatu behar zaielako, eta ezin uko egin izanen diote adjudikazioari.

3.-Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

3.1. Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo helbide horretara bidaliko dira posta ziurtatuaren bidez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, edo bestela lege horretan aurreikusitako gainerako lekuetan aurkez daitezke.

Eskabidea aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira. Agiri hauek erantsi behar zaizkie:

a) Deialdiaren 2.1.1. oinarrian adierazi diren betekizunak betetzen direla frogatzeko agiriak (jatorrizkoak edo notarioak nahiz Administrazioak konpultsatutako kopiak).

b) Azaltzen diren merezimendu guztien frogagiriak (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak konpultsatutako kopiak), deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera.

Merezimenduak baremoen ataletan ageri diren hurrenkera berean ordenaturik aurkeztu behar dira.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Onartuen eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du, eta ohartaraziko du ezen, hurrengo bost egun naturaletan, izangaiek erreklamazioak egin ahalko dituztela eta akatsak zuzendu, halakorik badago. Eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpena emanen du lehiaketa hutsik geratu dela adierazteko. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horiek ebatzi ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Izangai guztiak onartuz gero, onartuen behin betiko zerrenda besterik gabe onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko da.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Lehiaketako epaimahai kalifikatzaileko kideak ondokoak izanen dira:

Mahaiburua: Bideko Andramari Ospitaleko Erizaintza zuzendaria.

Ordezkoa: Nafarroako Ospitaleko Erizaintza zuzendaria.

Mahaikidea: Langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide-idazkaria: O-NOZeko Deialdiak Izapidetzeko Unitateko burua.

Ordezkoa: O-NOZeko Langileriaren Araubidearen Unitateko burua.

5.2. Epaimahaia eratu eta aritu ahal izan dadin beharrezkoa da gutxienez haren kideen gehiengo osoa biltzea.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatu ahal izanen du baremoaren elementuetariko batzuetarako edo guztietarako. Aholkularien jarduna eta Epaimahaiari emanen dioten laguntza beraien espezialitate teknikoen eremuetara mugatuko dira.

5.5. Epaimahaiko kideen zerrenda izangai onartuen eta baztertuen zerrendarekin batera argitaratuko da.

5.6. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan izangai bakarra egonez gero, deialdia egin duen organoak zuzenean aplikatuko du deialdi honen 8. oinarrian xedatutakoa eta ez da beharrezkoa izanen Epaimahaia eratzea eta horrek jardutea.

6.-Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak baloratu eginen ditu izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera. Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte lortutako merezimenduak soilik baloratuko dira eta geroago lortutakoak ez dira aintzat hartuko.

6.2. Izangaiek lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean azaldu behar dituzte merezimendu guztiak eta aldi berean agirien bidez frogatu behar dituzte.

6.3. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahal izanen ditu lehiatzaileek azaldutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4. Baremoaren 1. ataleko merezimenduak baloratzeko, kontuan hartuko da deialdiko lanpostuak "Osasun arloko diplomatuak" estamentuko "Hezitzaileak" espezialitatekoak direla (indarra duen sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Legearen Eranskineko estamentu eta espezialitateetako izendapenei dagokienez). Lanposturen baten izendura aipatu eranskinean aurreikusitakoa bera ez bada, balorazioan tratamendu berdina emanen zaie eskatutako titulazioan, sarrerako probetan eta eginkizunetan deialdiko lanpostuarekin bat datozen lanpostuei.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroetako zuzendari edo langileburuek emandako ziurtagiriak aurkeztuko dira. Haietan zehaztasun hauek azaldu behar dira:

-Lantokia.

-Estamentua edota espezialitatea.

-Zerbitzuen iraunaldia (hasierako eta amaierako egunak, eta egunen kopurua).

-Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak badira, datu hauek gehitu behar dira:

a) zenbat ordu egin diren egunean, astean, hilean edo urtean, eta urteko lanaldia,

b) edo bestela, ohiko lanaldian zerbitzuok zenbateko portzentajea egiten duten.

6.5. Epaimahaiak ezin du merezimendurik onartu izangaiak aurretiaz hura azaldu gabe edota agirien bidez frogatu gabe (jatorrizko agiriak edo notarioak nahiz Administrazioak konpultsatutako fotokopiak); halaber, ezin du baremoaren atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagoa eman.

Azaldutako merezimenduren bat behar bezala frogatzen ez bada, epaimahaiak interesatuari akatsa zuzentzeko epea eman ahal izanen dio.

6.6. Izangaiek, baldin eta erreklamaziorik aurkezten ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte. Agirien itzulketa berariaz eskatu beharko dute eta horretarako hilabeteko epea izanen dute. Lanpostuen adjudikazioari buruzko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta handik sei hilabetera hasiko da epe hori. Erreklamazioren bat aurkezten bada, agiriak atxiki ahal izanen dira egiaztapenak edo frogak egiteko. Arestian aipatu epean agiriak eskatu ezik, izangaiak haiek berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta itzulketarako eskubidea galduko du.

7.-Izangaien zerrenda puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Epaimahaiak lehiatzaile guztiak kalifikatuko ditu eta haien zerrenda eginen du, lortutako guztirako puntuazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean jarriko da (Irunlarrea kalea, 39).

Lehiaketa fasea bukaturik, epaimahaiak izangaien zerrendak, puntuazioaren araberako hurrenkeran ordenatuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, eta honek, egoki izanez gero, hasieran deitutako plazei beste batzuk gehitzeko ebazpena emanen du.

Puntuazioetan hainbanaketarik gertatuz gero, herri administrazioen zerbitzuan antzinatasun handiena duen lehiatzailearen alde ebatziko da. Eta hala ere hainbana segitzen badute, lehiatzaile zaharrena lehenetsiko da.

8.-Lanpostu hutsak aukeratzea.

Lehiatzaileek destinoa aukeratu ahal izanen dute lehiaketan lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, horretarako ezarriko zaizkien lekuan, egunean eta orduan. Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute.

Ezarritako epean destinorik aukeratzen ez duten lehiatzaileek, ezinbesteko eta aski frogatutako arrazoiren bat ez badute, lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide oro galduko dute.

9.-Lanpostuak adjudikatzea eta betetzea.

Organo eskudunak lehiatzaileei dagozkien lanpostuak adjudikatzeko ebazpena emanen du eta ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Lehiatzaileak hamar egun naturaleko epean jabetuko dira deialdi honetako kategoriako lanpostuez, adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Hala ere, izendatutako lehiatzaileak asko izateagatik edo Administrazioaren lana arindu beharragatik, deialdia egin duen organoak lanpostuez jabetzeko eguna ezarri ahal izanen du.

Adjudikazioan eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, merezimendu lehiaketaren nondik-norakoaren edo horren ebazpenaren aurka, adjudikazioa ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta horren mende geratuko da.

10.-Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, ebazpen honen kontra, berau garatzeko ematen diren behin betiko ebazpenen kontra eta defentsarik eza eragiten duten tramite-egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitara eman edo jakinarazten den egunetik hasita.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeian.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

I. ERANSKINA

ESKABIDEA

Eskabidea, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" erakunde autonomoko ................. izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia .........(e)ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

1) Norberaren datuak:

Deiturak eta izena NAN

Jaioteguna Jaioterria

Etxeko telefonoa Harremanetarako telefonoa

Helbidea Posta kodea

Herria Probintzia

2) Datu administratiboak:

a) Egoera administratiboa:

Zein lanpostutarako izendatu zuten:

(estamentua eta espezialitatea)

f Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako plantillako langile finkoak. f Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoak.

Egoera: f Jardunean.

f Zerbitzu bereziak.

f Beste bat (adierazi):

b) Egungo destinoa:

Noiz sartua: Departamentua: Zerbitzua:

Lantokia: Erakunde autonomoa:

A B C D E

(Jarri X bat bakoitzari dagokionean)

3) Euskara:

f Jatorrizko agiriarekin edo notario zein administrazio bidez konpultsatutako kopiarekin egiaztatzen du euskaraz badakiela.

f Onartzen du euskara probetara aurkeztea.

4) Sinatzen duenak adierazten du eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea akitzean, eta eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak aurkezten dituela, eskabide honekin batera.

5) Eskabide honi erantsi zaizkion orrien kopurua; orriak, deialdian eskatzen diren agiriei dagozkienak, (ipini zenbakiak erantsi diren agiriei) ........... [ ].

Iruñean, ......(e)ko .............aren .......(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. atala.-Emandako zerbitzuak. Honakoak baloratuko dira:

1. Lehian dagoen lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean, edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 1,8 puntu.

2. Administrazio publikoen eta haien erakunde autonomoen edozein zentrotan beste estamentu eta espezialitate batzuetan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,50 puntu.

Azpi-atal horietako puntuazioa laindu eginen da zerbitzualdia urtebete baino laburragoa bada.

Honako atal honengatik gehienez ere 75 puntu emanen dira.

Goiko azpi-ataletan adierazitako zerbitzuak denbora berean eman baldin badira, puntuazioak ezin izanen dira batu; altuena besterik ez da hartuko. Deialdi hau argitaratu ondoren egindako zerbitzuengatik ez da punturik emanen.

Maila edo taldea eta eginkizunak aldatu gabe lanpostuaren izendura aldatua bada, eginkizunen hasiera egiaztatuaz geroztik egindako zerbitzu guztiak lehiaketan parte hartzerakoan lehiatzailearen lanpostuak duen izendurari dagozkion zerbitzuak balira bezala konputatuko dira.

2. atala.-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Merezimendu hauek baloratuko dira, lortu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute eta tituluak, prestakuntza ekintzak, azterlanak edo argitalpenak deialdia argitaratu aurretik lortuak edo eginak badira.

1. Erakunde edo zentro publikoek edo unibertsitateetako zentroek antolatu edo kreditatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ordu), 0,1 puntu. Ordu kopururik zehazten ez duten ziurtagiriei kreditu bati dagokion puntuazioa emanen zaie eta ikasturte osokoei, berriz, 12 kredituri dagokiena. Gehienez ere 15 puntu.

Atal honetan baloratuko dira, halaber, antolatzailearen aldetik beharkizunak bete ez arren, Administrazioaren aginduz burutu edo hark homologatutakoak, espreski barne hartzen direlarik horien artean "Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzarako Akordioak" izenpean sindikatuek antolatutakoak.

Ez dira prestakuntzaren arloko merezimendutzat joko deialdiko lanpostuan aritzeko gaitzen ez duten titulazio ofizialak.

2. Biltzar edo jardunaldietan onarturiko ponentzia edo komunikazioak. nazioartekoak badira 0,4 puntu, nazionalak badira 0,2 puntu, eta herrialde edo toki mailakoak badira 0,1 puntu; gehienez ere, 2 puntu.

3. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten lan zientifiko edo ikerlanak: nazioartekoak badira 0,75 puntu, nazionalak badira 0,5 puntu, eta autonomikoak badira 0,2 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

4. Aldizkari espezializatuetan argitaraturiko lanak: lehenbiziko hiru sinatzaileen artean bada, 0,4 puntu, eta horien atzetik bada, 0,10 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

5. Sektore publikoan egindako prestakuntza ekintzetan irakasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ordu), 0,2 puntu, edo ordu kopuru txikiagoei dagokien zati proportzionala; gehienez ere, puntu 1. Ordu kopururik zehazten ez duten ziurtagiriei bi ordukoari dagokion puntuazioa emanen zaie.

6. Europar Batasunean erabilera ofizialekoen artetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuz gero: 4,85 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntz eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko.

3. atala.-Euskaraz jakitearen balorazioa:

1. Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea beste batzuen artean baloratu beharreko merezimendu kualifikatua denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 10 gehiago.

2. Eremu mistoan euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, balorazio hori ez da inoiz izanen frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteari ematen zaion puntuazioa baino % 5 gehiago.

3. Bi kasu horietan, hizkuntz eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: A0112267