11. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

386/2001 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Arte Irakaskuntzetako Ikastetxeetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko arauak ezartzen ditu eta bai Iruñeko eta Tuterako Hizkuntz Eskoletan sektoreak osatzeko ere.

Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, irakaskuntza artistikoetako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzearen alde, hezkuntza komunitateko sektore guztien partehartzea segurta dadin.

Honako Foru Agindu honen xedea da irakaskuntza artistikoetako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko deialdia egitea, eta Iruñeko eta Tuterako Hizkuntz Eskola Ofizialetan sektoreak osatu behar badira, horretarako deialdia ere bai. Egiteko horietan ikastetxeetako partehartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak (1995-11-21eko "EAO"), Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza artistikoetako ikastetxe publikoetako gobernu organoei buruzko martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren II. kapituluak, Hizkuntz Eskola Ofizialen gobernu organoei buruzko irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuak (1988-9-8ko "EAO") eta Foru Agindu honek xedatutakoari jarraituko zaio.

Horrenbestez, kontuan harturik abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua, irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onesten duena (1990-09-1 "EAO"), eta orobat kontuan harturik aurreko lerroaldean aipaturiko araudia, bidezkoa da irakaskuntza artistikoetako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko arauak onestea, eta horretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I.-Aplikazio eremua.

Lehena.-Foru Agindu hau aplikatuko da irakaskuntza artistikoetako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko prozesuetan.

II.-Xedapen orokorrak.

Bigarrena.-Foru Agindu honen lehenengo puntuan aipatzen den irakaskuntza artistikoetako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko deialdia azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoan, martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren III. kapituluan eta Foru Agindu honetan ezarritakoaren arabera eginen da.

Eskola kontseiluaren osaketa

Hirugarrena.-1. Foru Agindu honen lehenengo puntuan aipatzen den ikastetxe bakoitzeko eskola kontseiluaren osaketa Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza artistikoetako gobernu organoei buruzko martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuak 20, 21, 22 eta 23. artikuluetan ezarritakoa izanen da.

2. Ikasleen gurasoek eskola kontseiluan dituzten ordezkarietako bat, bazkide gehiena izateagatik ikastetxean ordezkaritzarik handiena duen eta legez eratua den guraso elkarteak izendatuko du.

Elkarte horrek izendapen proposamenik aurkezten ez badu edo ikastetxean guraso elkarterik ez badago, hautatu gabe gelditu eta ordezko izateko zerrendan lehenbiziko postuan dagoen izangaiak beteko du postu huts hori.

3. Arte Eskolen kasuan, gutxienez bi lanbide arlotako Heziketa Zikloak irakasten dituztenean, zilegi izanen da ikastetxearen eragin esparruan ordezkaritzarik handiena duen enpresa erakundeak proposatutako ordezkari bat sartzea eskola kontseiluan, hitzarekin baina botorik gabe.

Eskola kontseiluko kideak hautatu eta berritzea

Laugarrena.-1. Foru Agindu honetako lehenbiziko puntuan aipatzen diren ikastetxeetan, berriak direnean edo edozein arrazoirengatik eskola kontseilurik ez dutenean, batera hautatuko dira eskola kontseiluko kide guztiak.

2. Irakaskuntza artistikoetako gainerako ikastetxeetan, azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren 24.3 artikuluan eta urriaren 14ko 405/1997 Foru Aginduaren bosgarren puntuaren 2. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, eskola kontseilua, azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa onetsi zenetik hasita lehenbiziko hauteskundea edo berrikuntza osoa egin ondoren, kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, ordura arte gerta daitezkeen kargu uzteak betetzea galarazi gabe.

3. Eskola kontseiluko kide hautetsien bi erdietako bakoitza, berritze partzialetarako, honela osatuko da, Foru Agindu honen Hirugaren puntuan ezarritakoaren arabera ikastetxe bakoitzeko eskola kontseiluari esleitutako osaketa osoa kontuan hartuta:

a) Lehenbiziko erdia:

1. 16 unitate edo gehiagoko arte eskolak: lau irakasle, bi guraso eta bi ikasle

2. 16 unitate baino gutxiagoko arte eskolak: bi irakasle, bi guraso eta ikasle bat.

3. Goi mailako musika kontserbatorioak: lau irakasle, aita/ama bat eta hiru ikasle.

4. Musika kontserbatorio profesionalak: hiru irakasle, aita/ama bat eta bi ikasle.

5. Oinarrizko mailako musika kontserbatorioak: bi irakasle eta bi guraso.

b) Bigarren erdia:

1. 16 unitate edo gehiagoko arte eskolak: lau irakasle, aita/ama bat, bi ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2. 16 unitate baino gutxiagoko arte eskolak: bi irakasle, guraso bat, ikasle bat eta, hala badagokio, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

3. Goi mailako musika kontserbatorioak: lau irakasle, aita/ama bat, bi ikasle eta, hala badagokio, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

4. Musika kontserbatorio profesionalak: hiru irakasle, guraso bat, ikasle bat eta, hala badagokio, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

5. Lehenbiziko eta bigarren erdien lehen bi berritze partzialak, hurrenez hurren, egiten direnetik aitzina, aurreko bi idatz-zatiek aipatu bezala, lehenbiziko erdia eta bigarren erdia txandaka berrituko dira bi urtetik behin, Foru Agindu honen laugarren puntuko 3. idatz-zatian erdi horietako bakoitzarentzat finkatutako osakeraren arabera.

6. Udaleko zinegotzi edo ordezkariaren kargua, ikastetxeko guraso elkarterik garrantzitsuenaren ordezkaria edo bere ordezkoa eta ikastetxeko lanean ordezkaritza garrantzitsueneko enpresa erakundearena, horrelakorik badago, bi urtetik behin berrituko dira, edo haiek izendatu dituen organoak erabakitzen duen momentuan.

Eskola kontseiluko postu hutsak betetzeko prozedura

Bosgarrena. 1. Ordezkari batek dagokion berritzea ailegatu baino lehen galtzen baditu organo horretako kide izateko behar diren baldintzak, hutsik utziko du Kontseiluan daukan postua. Postu huts hori, haren ondotik boto gehien lortu zituen hautagaiak beteko du. Horretarako, azken berritze partzialaren aktetako ordezkoen zerrendak erabiliko dira, bete beharreko postu hutsa lehenagoko berritze partzial batekoa bada ere.

2. Betetzen ez diren postu hutsak eskola kontseiluaren hurrengo berritze partzialean beteko dira.

3. Aurreko berritze aldian bete ezin izan diren postu hutsak une bakoitzeko berritze partzialean bete beharreko beste postuak lortzen dituztenen zerrendan ondotik datozen hautagaiek beteko dituzte. Horrela hautaturiko kontseilukideak hurrengo berritze partzialera arte egonen dira.

4. Eskola kontseiluko postu huts bat hartzen duen kontseilukideari berak ordezten duen kidearen agintaldia amaituko litzatekeen unean bukatuko zaio agintaldia.

Berritze partziala

Seigarrena.-2001eko deialdi honetan, Foru Agindu honen Lehenengo puntuan aipatzen diren ikastetxeek, 1997ko hauteskundeetan eskola kontseilua oso-osorik berritu bazuten, eskola kontseiluko kideen bigarren erdia berrituko dute. Haren osaera Foru Agindu honen laugarren puntuko 2.b) puntuan erdi horretarako ezarritakoa izanen da, hau da, 1997ko hauteskundeetan boto gehien lortu zituzten kideei dagokiena.

Halaber, Udaleko zinegotzi edo ordezkariaren postua Foru Agindu honen hamalaugarren puntuak izendapeneko postuak betetzeko ezarri duen prozeduraz berrituko dute, Foru Agindu honen 4.6 puntuan ezarritakoaren arabera, bi urtetik behin berritu behar baita.

III.-Hauteskundeen prozesua.

Hauteskundeetarako epea .

Zazpigarrena.-Arte Irakaskuntzetako ikastetxeetako eskola kontseiluetan eskola komunitatearen sektore desberdinek izanen dituzten ordezkariak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko 2001eko hauteskundeak, 2001eko azaroaren 21etik abenduaren 10era arte eginen dira, biak barne.

Hauteskunde batzordearen osaera eta eskumenak

Zortzigarrena.-1. Martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritako osaeraren arabera, ikastetxeetan hauteskunde batzorde bana eratuko da, 2001eko azaroaren 5etik aurrera. Batzorde horren ardura izanen da hauteskunde prozedura antolatzea, hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartu ahal izateko bide egokienak eskainiz.

2. Ikastetxeko zuzendariek hauteskunde batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko zozketak antolatuko dituzte, aski den adinako publizitatea emanez eta berdintasuna bermatuz. Hartarako prestaturik eduki beharko dituzte hauteskunde erroldak, batzordeak ondoren onetsi beharrekoak. Horrezaz gain, hauteskunde prozesua egoki burutzeko behar diren neurriak hartuko dituzte.

3. Hauteskunde batzordeak, eratu ondoren, martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 26.1 eta 27. artikuluetan bildutako eskumenez gainera, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Sektore guztietako ordezkari-gaien zerrendak onartzeko epea finkatzea. Hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hauteskundeen egunera arte, gutxienez, zortzi egun naturaleko tartea egonen da.

b) Talde bakoitzak bozketa eginen duen eguna finkatzea, beti ere Foru Agindu honen zazpigarren puntuan ezarritako epearen barnean.

c) Egoki iruditzen bazaio, boto paperen ereduak onestea.

4. Ikastetxeko hauteskunde batzordeak boto paperen eredu bat onesten badu, baliogabeak izanen dira beste eredu batean emandako botoak.

Erreklamazioak eta inpugnazioak

Bederatzigarrena.-1. Foru Agindu honen Zortzigarren 3.a) puntuak aipatu hautagai zerrendak aurkezteko epea amaiturik, hauteskunde batzordeak onarturiko hautagaien zerrenda emanen du argitara.

2. Onartutako hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egin ahalko da, zerrenda argitaratu eta hurrengo egun baliodunean.

Kasu horretan, hauteskunde batzordeak ondoko egun baliodunean ebatziko du erreklamazioa, eta erabaki horren aurka errekurtso arrunta jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Errekurtso arrunta jarrita ere, prozesua ez da geldiaraziko.

Hautagai zerrenda bereiziak

Hamargarrena.-1. Ikasleen elkarte eta bestelako taldeek hautagai zerrenda bereiziak aurkeztu ahal izanen dituzte ikastetxeko eskola kontseilurako beren ordezkariak hautatzeko.

2. Ikasleen hautagai zerrenda bereiziak aurkezten direnean, boto-paperek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Hautagaien izenak, hautagai zerrenda bereizi batekoak izan ala ez izan, lehenengo abizenaren lehenengo letraren arabera ordenatuko dira.

b) Hautagaia zerrenda bereizi batean aurkeztu bada, bere izenaren azpian hautagai zerrenda aurkeztu duen elkartearen edo erakundearen izena adierazi beharko da.

c) Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

Eskola kontseiluko kideak hautatzeko prozedura

Hamaikagarrena.-1. Nafarroako Foru Komunitateko Arte Irakaskuntzetako Ikastetxeetan eskola kontseiluko kideak hautatzeko edo berritzeko prozedura martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren III. Kapituluko bigarren sekzioan (24tik 51era bitarteko artikuluetan) ezarritakoari eta Foru Agindu honek xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Ordezkariak hautatu eta ordezkari izateko eskubidea ikasleek, guraso edo legezko ordezkariek, irakasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek izanen dute, aurretik aipatu Foru Dekretuko artikuluetan zehazturiko kasuetan eta baldintzetan.

Hauteskunde mahaiak

Hamabigarrena.-1. Hauteskunde egunean irakasle, ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Arte Irakaskuntzetako Ikastetxeen gobernu organoei buruzko martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 30, 35, 36, 41 eta 45. artikuluetan aurreikusi bezala.

2. Bozketarako ordutegia, botoa eman nahi duten guztiek eskubide hori erabili ahal izateko modukoa izanen da.

Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea

Hamahirugarrena.-1. Bozketa amaitutakoan, kasuan kasuko hauteskunde mahaiko kideak botoak kontatzen hasiko dira, jendaurrean.

Kontaketa bukatuta, akta bat eginen da, mahaikide guztiek sinatua, honako datuok bildu beharko dituena: aurkezturiko hautagaien zerrenda eta bakoitzak lorturiko boto kopurua; eskola kontseiluko kide izateko aukeraturiko hautagaien zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahaiek ikastetxeko hauteskunde batzordeari igorriko dizkiote aktak, hautaturiko izangaien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, erabakia zozketa bidez hartuko da, hauteskunde mahaiak zuzenduta. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktetan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzorde horren erabakien aurka errekurtso arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epearen barnean.

4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeburua den aldetik, Foru Agindu honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, (Ikasketak Antolatzeko Atala) sektore guztietako bozketak amaitu eta berrogeita zortzi orduko epearen barnean.

Izendapeneko postuak betetzeko prozedura

Hamalaugarrena.-Hauteskunde batzordeak eskola kokatuta dagoen udalerriko udalari eskatuko dio izenda dezala eskola kontseiluan parte hartuko duen zinegotzia edo ordezkaria.

Eskola kontseilua eratzea

Hamabosgarrena.-1. Hauteskunde Batzordeak hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko hamar egunetan, zuzendariak ikastetxeko eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola kontseilua eraturik geldituko da ikastetxeko eskola komunitateko sektore batek ordezkariak hautatu gabe baldin baditu ere, sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik.

IV.-Iruñeko eta Tuterako Hizkuntz Eskola Ofizialak

1. Deialdi honek agintzen duenaren barnean, Nafarroako Foru Komunitateko Iruñeko eta Tuterako Hizkuntz Eskola Ofizialei ez bazaie iritsi eskola kontseilua partzialki hautatu edo berritzeko garaia, zilegi izanen dute hala ere hauteskundeak egitea eskola kontseilu indarduneko sektoreren bat murrizturik badago hura osatzeko, izandako hutsuneok ezin bete izan badira kasuko ordezko zerrenda erabiliz.

Atal honetan agintzen denaren ondorioz hautatzen diren ordezkariei ordezkatzen duten kontseilukideen agintaldia bukatuko zen momentuan bukatuko zaie agintaldia.

Ikastetxe hauek irailaren 4ko 365/2000 Foru Aginduak xedatzen duena hartuko dute aintzat (2000ko urriaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxe bakoitzeko eskola kontseilua modu normalean eratuko dela bermatzeko eta prozesu guztietan eskola komunitateko sektoreen parte hartzea segurtatuko dute, parte hartze horretarako baldintzarik onenak ezarriz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Hezkuntza zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio Foru Agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau igortzea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko hemezortzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

E R A N S K I N A

Nafarroako Foru Komunitateko arte irakaskuntzetako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzea, eta Hizkuntz eskola ofizialetan sektoreak osatzea. (2001/2002 ikasturteko lehen hiruhilekoa)

1.-IKASTETXEA IDENTIFIKATZEKO DATUAK

Izena Herria

Telefonoa Faxa

2.-ESKOLA KONTSEILUAREN HAUTESKUNDE MOTA

f Lehenbizikoz hautatzen da KOntseilua

f Partez berritzen da kontseilua:

f 1. erdia f Irakasleen sektorea

f 2. erdia f Gurasoen sektorea

f Ikasleen sektorea

f Administrazio eta zerbitzuetako langileen sektorea

3.-HAUTESKUNDEETAKO PARTE-HARTZEA ETA HAUTATUTAKO ORDEZKARIAK

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak IkasleakAdministrazio eta zerbitzuetako langileak

Hautesleak osotara

Boto eman dutenak (kopurua eta %)

Hautatu den ordezkari kopurua

4.-AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTO KOPURUA

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak IkasleakAdministrazio eta zerbitzuetako lang.

Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak

5.-ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA

A) Hautatu gabeko kontseilukideak

Kontseiluburua

Ikasketaburua

Idazkaria

Ordezkari gehien dituen guraso elkartea

Udalaren zinegotzia edo ordezkaria

Enpresa erakundearen ordezkaria

B) Hautatutako kontseilukideak

B.1. (Kontseilua lehenbizikoz hautatzen bada)

Irakasleak Gurasoak edo tutoreakIkasleak Administrazio eta zerbitzuetako lang.

B.2. 1. erdia (............ko hauteskundeetan berrituak)

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak Ikasleak

B.3. 2. erdia (............ko hauteskundeetan hautatuak/berrituak (1))

Irakasleak Gurasoak edo tutoreakIkasleak Administrazio eta zerbitzuetako lang.

(1) Ezabatu tokatzen ez dena

6.-ORDEZKARI ZERRENDA

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak IkasleakAdministrazio eta zerbitzuetako lang.

Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak

7.-HAUTESKUNDE MAHAIAK

Irakasleak Gurasoak edo tutoreakIkasleak Administrazio eta zerbitzuetako lang.

Kontseilukideen sinadura Kontseilukideen sinaduraKontseilukideen sinadura Kontseilukideen sinadura

Data Data Data Data

...............(e)n, ....(e)ko ..................aren .........(e)an.

IKASTETXEAREN ZUZENDARIA,

Iragarkiaren kodea: A0112821