109. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, uztailaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez onesten da "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua.

Nafarroako Gobernuak, 2002ko apirilaren 22an egindako bilkuran, "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)" proiektuaren Argibide-Azterlana, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, eta aldi berean proiektua jendaurrean jartzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean eta Ingurumenaren gaineko Eragina neurtzeko prozeduran agindu bezala.

Azterlan horretan, N-232aren bikoizketarako trazaduraren alternatibetatik honako hauek proposatzen dira:

-1. tarteunerako (A-15/Tuterako Saihesbidea): 5. Alternatiba.

-2. eta 3. tarterako (Tutera/Buñuel/Zaragozako muga): 3. alternatiba.

Erabaki hori 2002ko maiatzaren 13an argitaratu zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (58. zk.).

I.-Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean, hamar alegazio-idazki aurkeztu dira, zeinen edukia eta eman zaien erantzuna honako hauek diren:

1.a. Buñuelgo Udalarena.

Edukia:

Buñuelgo Udalak 3. alternatibaren aldeko adierazpena egiten du, proiektuaren hiru tarteuneetarako.

Erantzuna:

Baloraziorik handiena 2. eta 3. tarteuneetarako 3. alternatibek dute, eta alegatutakoa onesten da tarteune horiei dagokienean.

1. tarteunari dagokionez, ordea, 3. alternatibak ez du betetzen horrelako bide bati eskatzea dagoen trazadura-parametroen gutxienekoa, eta horregatik ez da aintzat hartuko. Beraz, bidezkoa da alegatutakoa ezestea tarteune horri dagokionez.

2.a. Castejóngo Udalarena.

Edukia:

Castejóngo Udalak N-232aren bikoizketak errepide horrek Castejóngo udalerrian duen trazadura osoa bere baitan har dezala eskatzen du, Errioxako Autonomia Erkidegoaren mugaraino, bikoiztu gabeko erdizkako tarterik ez uztearren.

Erantzuna:

Proiektua probintziaren mugaraino osatzeak Errioxako Autonomia Erkidegoan trantsizioko tarteunea proiektatu beharra ekarriko luke, Nafarroako bikoizketaren luzera asko handitu gabe. Errepide sarearen arloko eskumenen araubidea kontuan hartuz, N-232 errepidearen Errioxako tarteunearen eskumena Sustapen Ministerioari dagokio, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuaren jarduketa ezin daiteke bere probintzia-mugatik harantzago hedatu.

Azkenik, iragaitza-tarteunea N-232 errepidearen eta autobia berriak Nafarroako lurraldean duen tarteunearen artean sartu beharrak A-15 Autobidearen eta haren adarren gainean dauden zubi eta egiturak hartuko lituzke, eta hori ekonomikoki justifikaezintzat jotzen da.

3.a. Ribaforadako Udalarena.

Edukia:

1.a. Ribaforadako herrigunearen saihesbide bat egin dadila, etorkizuneko Fustiñana- Ribaforada errepidearen loturagunetik N-232 bikoiztuarekin gurutzatzen den punturaino, hirigunean zirkulaziorik izan ez dadin. Udalak, horretarako, behar liratekeen lurzatiak lagatuko lituzke Venta aldean.

2.a. Tuterako norabidean sarbideko zerbitzu bidea luza dadila, eta sartu aurretik Santander jatetxerako eta Las Palmeras hostalerako sarrera izan dadila.

3.a. Oinezkoentzako gaineko pasabide bat eraiki dadila zerbitzuguneen artean Ribaforadako errepidearekiko bidegurutzean.

4.a. Aurreikusitako baskularentzat beste leku bat bila dadila, errepidearen eskuineko aldean, han dagoen arboladi bat ez desegiteko.

5.a. Ventaren eta Ribaforadako udalerriaren mugaren artean (Zaragozarantz begira), nekazaritzako ibilgailuen zirkulazioari traba ez egiteko.

Erantzuna:

1.ari: Etorkizuneko Fustiñana-Ribaforada errepideari lotura emateko, Ribaforadako herrigunearen saihesbide bat egiteko proposamena, nahiz eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aztertu eta aintzat hartu duen, kanpoko jarduketa bat da, eta tramitatzen ari den Proiektu Sektorialaren esparruaz eta xedeaz kanpokoa; ez da, beraz, aintzat hartu behar haren barnean. Bestalde, Ventako gurutzagunea, ibilgailu mota guztientzako azpiko pasabide gisa proiektatuko dena, ezingo litzateke loturabide gisa prestatu, Ribaforadako lotura oso hurbil baita. Beraz, alegazio hau ezetsi egin da.

2.ari: Alegatutakoarekin ados, Tuterako norabideko Riaforadako loturabideko Zerbitzu bidea, errepidearen alde horretan dauden jatetxea eta hotela pasatu eta gero sartuko da autobiara, eta aukera izanen da bide horretatik instalazio horietara sartzeko.

3.ari: Argibide-Azterlanaren fase honetan, ezin da aztertu behar den zehaztasunez ea, alde horretan kalterik egin gabe, eskatutako oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko behar adinako lekurik baden. Beraz, erabaki hori proiektua erredaktatzen denerako uzten da.

4.ari: Alegatutakoarekin ados, baskula lekuz aldatuko da, lehen pentsatuta zegoenetik han ondoko beste batera, Garraio Zerbitzuarekin eta Foruzaingoarekin koordinaturik.

5.ari: Alegatutakoarekin ados, goiko edo beheko pasabide bat eginen da Ventaren eta Ribaforadako udalerriaren mugaren artean, Zaragozako norabidean.

4. alegazioa: José Arnedo Hernández jaunak aurkeztua, José Setién Sánchez jaunaren eta María Milagros Terán Herrero andrearen izenean, eta Pablo Izal Mediavillak aurkeztua Salvador Sánchez Setiénen izenean.

Edukia:

1.a. Proiektuan aurreikusitako zerbitzu bidea luza dadila "Restaurante Santander" eta "Hostal las Palmeras" establezimenduez harantzago, bietarako sarbidea izan dadin aurrerantzean ere; alegatzaileak haien jabeak dira.

2.a. Bide hori beren instalazioei ezertan erasan gabe egin daitekeela uste dutela.

Erantzuna:

1.ari: Alegazio honen erantzuna Ribaforadako Udalaren 2. alegazioari emandako bera da.

2.ari: Bide horren eraikuntzan aurreikusia dago bi establezimendu horiek nolabaiteko eragina jasango dutela. Hala ere, eraikuntza- proiektuaren jendaurreko fasean, eta ez honetan, erabakiko da zehatz-mehatz zenbateko eragina izanen den, eta ordua izanen du alegatzaileak bidezko iruditzen zaiona adierazteko aukera. Horregatik, alegazio hau ezetsi egin da, UPSaren jendaurreko aldi honen xedearekin bat ez datorrelako.

5.a. José Gutiérrez Barquín, Ribaforadako bizilaguna.

Edukia:

Alegatzaileak, lehenik adierazten du proiektuak Ribaforadako 4. poligonoko 53. lurzatiari erasango diola; bera da lurzati horren jabea, eta bertan ditu abeltzaintzako ustiategi bat eta bere etxea. Eskuan ditu ustiategi horretan legez jarduteko behar diren baimenak, eta trazadura aldatzeko eskatzen du, bere instalazio eta etxebizitzari erasan ez diezaien, eta horrela biak erabiltzen jarraitu ahal izateko.

Erantzuna:

Ez da jendaurreko fase honen xede UPSak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda agerian jartzea, baizik eta ingurumenari eta lurraldeari nola erasaten zaion. Azpiegitura horren eraikuntza-proiektua prestatzeko fasean zehaztuko dira, behar bezain zehazki, ondasun eta eskubide ukituak, eta proiektu horren jendaurreko fasean izanen dute aukera ukituek bidezko iruditzen zaiena alegatzeko.

Horrenbestez, ezetsi egin da alegazio hau, ez baitio erantzuten UPSaren jendaurreko aldiaren xedeari, nahiz eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentua saiatuko den alegatutakoa aztertzen eta ahal den neurrian aipatutako eragin horiek saihesten.

6.a. Cortesko Udalarena

Edukia:

1.a. Azpiko pasabide bat egin dadila oinezkoentzat eta ibilgailu mota guztientzat, gaurko errepidearen 112+500 k.p.an.

2.a. Azterlanean 113+300 k.p.an ageri den itzulbiderako goiko pasabidea errepidearen 114+500 k.p.ra eraman dadila.

3.a. Beste azpiko pasabide bat egin dadila 115+200 k.p.an.

Erantzuna:

1.ari eta 2.ari: Alegazio hauetan eskatutakoa kontuan hartuz, bidezko da biak onestea.

3.ari: 115+200 k.p.an beheko pasabide bat egitea ez da justifikatzen, hurbil baitago 2. alegazioan aipatzen den loturagunea. Bestalde, garapen potentzial handiko industrialde batean lurzorua okupatzea ez luke justifikatuko horrek emango lukeen ibilbide-murrizketa apalak.

7.a. Javier Arroyo Suberviola jauna, Tuterako bizilaguna.

Edukia:

1.a.103 eta 104 k.p.en artean proiektaturiko goiko pasabidea bertako bidearen gainean egin dadila, hots, 103+200 k.p.an, 3. poligonoko 140. eta 141. finken artean, Ribaforadako bidearekin lotzeko.

2.a.Autobiaren trazaduraren parean bideak egin daitezela finketara sartu ahal izateko.

3. Behin betiko trazaduraren proiektuaren erredakzio fasean berarekin harremanetan jartzeko, ahalik eta kalte txikiena egiteko.

Erantzuna:

1.ari: Eskatutakoa zentzuzkotzat hartzen da, eta alegazioa onesten da.

2.ari: Alegatutakoarekin ados, autobiaren parean bideak egiteko asmoa dago, ondoko finketara sartu ahal izateko.

3.ari: Eraikuntza-proiektuaren erredakzio fasean alegatzailearekin harremanak izanen dira egindako kalteak konpontzeko zein soluzio dauden elkarrekin aztertzeko.

8.a. Alfredo Arroyo Suberviola jauna, Tuterako bizilaguna.

Idazki horretan jasotako edukia 7. idazkiko alegazioetan dagoen berbera da, eta horrenbestez haiei emandako erantzunak balio du honako ere, eta haietara jo behar da.

9.a. Santiago Corral y López-Domínguez jauna, Autopista Vasco-Aragonesa, Concesionaria Española, S.A. sozietatearen zuzendari kudeatzailea

Edukia:

Autopista Vasco-Aragonesa, Concesionaria Española, S.A. sozietateak proiektaturiko bikoizketa atzeratzeko eskaria egiten du, harik eta N-232ko zirkulazioak, bikoiztu nahi diren tarteetan, autobia bihurtzera behartu arte, eta honela arrazoitzen du:

1.ari. N-232an alde horretako orografia kontuan hartuz eta ordu-erpin faktore nabarmenik ez dela, oraingo zirkulazioari zerbitzu egokia eman beharrak ez du justifikatzen, etorkizun hurbilean, proposatutako bikoizketa. Bere alde dio, halaber, Tuterako Saihesbidea zerbitzuan denez, N-232ko tarteunerik korapilatsuena lasaitu duela, eta A-68 Autobideak -N-232aren parean doa- badu ahalmen aski, bide horretako zirkulazioa irensteko. Gainera, dio, bikoizketa proiektuaren Interes Orokorreko Deklarazioa justifikatzeko inguruabarrik ez dela, eta merkeagoa eta eraginkorragoa izango litzatekeela erabiltzaileei laguntzak ematea bide hori erabiltzera bultzatzeko, oso segurua baita.

2.a. Bilbo-Zaragoza Autobidea eraiki, ustiatu eta zaintzeko AVASAri emandako kontzesioa, haren oreka ekonomiko-finantzarioa lortzea ahalbidetzen duten datu batzuk oinarri hartuz egin zela, eta hori bide-sariaren kobrantzan zegoela oinarritua. N-232 bikoizteak autobideko zirkulazioaren murrizketa nabarmena ekarriko luke autobidean, eta horrek kontzesioaren oreka ekonomiko-finantzarioa larriki alteratuko lukeela. Alterazio horrek Sozietate Kontzesiodunari legitimazioa emango lioke egindako kalte-galeren ordaina Nafarroako Foru Komunitateari erreklamatzeko.

3.a. Sozietate Kontzesiodunak bere laguntza eskaintzen du, Nafarroako Foru Komunitatearen interesa eta bere jabetzako kontzesioaren bideragarritasun ekonomikoari eustea adosteko neurriak aztertzeko.

Erantzuna:

a) Alegatzaileak N-232aren gaurko egoerari buruz aurkezten duen diagnostikoaren aurrean, jarraian ematen dira jendaurrean jarritako Argibide-Azterlanean jasotzen diren zenbait datu:

Zirkulazio datuak:

1. tarteunea: (Errioxako Muga - Tuterako Saiesbidearen Hasiera)

EBI (2000. urtea):

6.715 arin - %54,58

5.527 astun - %45,15

12.242 Guztira - %100,00

D zerbitzu maila.

2. tarteunea: (Tuterako Saihesbidearen Bukaera - NA-5200arekiko loturagunea)

EBI (2000. urtea)

7.700 arin - %58,40

5.486 astun - %41,60

13.186 guztira - %100,00

D. zerbitzu maila.

3. tarteunea (NA-5200 loturagunea - Zaragozako muga)

EBI (2000. urtea)

5.774 arin - %52,82

5.158 astun - %47,18

10.932 guztira - %100,00

D. zerbitzu maila.

Azken 6 urteetako istripu-tasa.

1. tarteunea

Arrisku-tasa : 18,4

Heriotza-tasa: 6,7

Zauritu kp. istripuko: 1,52

2. tarteunea:

Arrisku-tasa : 17,5

Heriotza-tasa: 3,7

Zauritu kp. istripuko: 1,95

3. tarteunea

Arrisku-tasa : 17,6

Heriotza-tasa: 3,8

Zauritu kp. istripuko: 1,64

Datu horiek erabat justifikatzen dute bikoizketa-premia eta erabilgarritasun publikoa

Adieraztekoa da premia objektibo horrek onarpen zabala duela bertako jendearen artean. Erriberako hamaika udalek jo dute Nafarroako Gobernuarengana behin baino gehiagotan horren eske. "N-232a Nafarroan bikoiztearen aldeko plataforma" bat sortu da, hainbat mugimendu ekonomiko eta sozialez osatua, eta maiz aditzen dira Nafarroako Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi politikoen deklarazioak eskaera hori eginez.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, Foru Komunitatearen esparruan errepide arloko eskumen osoak baititu, arazoaren irtenbideak aztertzean, kontuan izan zuen A-68ra zirkulazioa bideratzeko posibilitatea. Estatuko administrazioari eta A-68aren Kontzesiodunari egin zitzaizkien planteamenduak, bide-saria puskaz jaitsi eta N-232etik A-68ra zirkulazioa erakartzea indartzeko loturak Nafarroako tarteunean eraikitzekoa, ez ziren bideragarritzat hartu. 2000ko bide-sari jaitsiera, korridorearen konputurako onuragarria izan bada ere, ez da erabat eraginkorra gertatu, %10eko zirkulazioa besterik ez baitu erakarri.

Horrek bultzatu du Nafarroako Administrazioaren erabakia, arazoaren aurreko erantzukizunak ekarria, N-232a Nafarroako tarteune guztian bikoiztea.

b) Castejón-Tutera-Cortes tarteunean, A-68aren eta N-232aren artean lotura bakarra izateak honako ondorio hau du: bikoizketak eragindako zirkulazio-erakarpena ez da esanguratsua.

c) Bestalde, Autopista Vasco Aragonesa delakoak 300 Km-ko luzerako kontzesioa du gutxi gorabehera. N-232 errepideak Nafarroako lurraldean bikoiztekoa den tarteuneak 34 km besterik ez du, eta lehen esandakoari gehituz gero errepideen artean lotura bakarra dela, eta bien artean tarte fisiko handia dela, benetan zail egiten du N-232a bikoizteak A-68ko Autobideko zirkulazio osoa erakartzeko kontuan eragin nabarmena izatea.

Dena dela, ohartarazi behar da N-232aren bikoizketa hori "Nafarroako Foru Komunitateko II. Errepideen Plana: 2002-2009" delakoan jasota dagoela. Jarduketa horrek, Garraio-Politikako edo Politika Ekonomikoko beste edozeinek bezala, ondorio onuragarriak ditu gizartean, eta oso eragin desberdinak ditu ukitzen dituen enpresa eta negozioetan.

d) Ez dago kontratuzko loturarik ez kontzesio harremanik Nafarroako Foru Komunitatearen eta AVASAren artean, argudiatzen duten erreklamazio balizko hori justifikatzen duenik. Bestalde Foru Komunitateak errepide arloan bere dituen eskumenak halaxe zituen kontzesioa eman zenean ere, eta horregatik ez litzateke legezko izango kontzesioa eman zuen Administrazioaren eta AVASAren artean kontratuzko klausulazko loturarik ezartzea; izan ere, Foru Komunitateari bere eskumenak etorkizunean zilegi den moduan baliatzeko ahalmena oztopatuko bailiokete.

Beraz, azaldutakoagatik, AVASAk ez du lege-biderik Nafarroako Foru Komunitateari inolako kalte-ordainik eskatzeko N-232a bikoizteko erabakiarengatik, errepide arloan bere dituen eskumen osoez baliatzea besterik ez baitu egin.

e) Azkenik, bidezko da adieraztea Nafarroako Gobernua beti egon dela eta egongo dela elkarrizketarako prest interes orokorrerako eginbide egokienak bilatzeko.

10.a: Victoriano Celdrán Pedreño jaunak "Compañía de Petróleos AVANTI, S.A."-ren izenean aurkeztua.

1.a. Berea du Buñuelgo Zerbitzugunea, N-232aren 110,7 k.p.an kokatua, eta eskatzen du, proiektuaren erredakzioan, kontuan har dadila instalazioak ematen duen zerbitzua, zerbitzu hori ahalik eta kalte txikiena jasanik mantendu ahal izateko, bai eraikuntza egiten denean, bai behin betiko izanen duen tankeran.

2.a. Buñuelgo tarteunerako soluziorik egokiena 1.a dela uste du, hedapen zentratua.

3.a. 21 argudio aurkezten ditu aurreko puntuan egiten duen proposamena indartzeko, bertan lehendik dagoen azpiegitura ahalik eta hobekien aprobetxatu eta kalterik txikiena egitean oinarrituak. Horrez gain, argudio horiexek oinarri harturik, autobiatik zuzenean zerbitzugunera eta ez zerbitzu bidez sartzeko aukera izan dadila eskatzen du.

Erantzuna:

3. tarteunerako Argibide-Azterlanean 3. Alternatiba da baloratuena, N-232a ezkerreko aldetik zabaltzea alegia. Hala ere, Argibide-Azterlanaren 50. orrialdean, alternatiba horri dagokionez, honako hau esaten da: "Buñuelgo gurutzagunea pasaturik dagoen zerbitzuguneari dagokionez, egokiago dirudi instalazio horiek ahalik eta kalte gutxiena egingo liekeen hedapen zentratua. Horregatik, tarteune horretan alternatibaren ardatza zuzendu egiten da 1. alternatibarenarekin bat datorren punturaino. Gero jatorrizko lekura bihurtzen da, ezkerrerantz aldaturik".

Esan daiteke, beraz, eskatutakoa Argibide- Azterlanean aurreikusitakoarekin bat datorrela, hori baita, hain zuzen, lehendik dagoen azpiegitura aprobetxatuz kalterik txikiena egiten duena, bai eraikuntza aldetik bai zerbitzu aldetik.

Azkenik, bidezko da adieraztea zerbitzuguneko sarbideak ezin izanen direla autobiatik zuzenean sartzekoak, zerbitzu-bidez edo lotura-bidez egin beharrekoak baizik, hala ezartzen baitu, Nafarroako Foru Komunitateko komunikazio-bideetan Zerbitzuguneen instalazioa arautzen duen ekainaren 53ko 130/1995 Foru Dekretuak.

II.-Behin betikotzat hautatzeko eta onesteko proposatzen den trazadura.

Aurkeztutako alegazioei emandako erantzuna ikusirik, eta kontuan hartuz ingurugiroari eta lurraldeari buruzko gogoetak, jasoak baitaude 2002ko apirilaren 22an Nafarroako Gobernuaren Erabakian, Argibide-Azterlana UPS deklaratzen zuen eta jendaurrean jartzen zuen hartan, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak honako hau proposatzen du:

1. tarteunean.

1. tarteune honen trazadurari egindako alegazio bakarra 3. alternatiba proposatzen duena da, eta ez da onargarria, trazadura eta funtzionaltasun irizpideak direla medio.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren 2002ko apirilaren 22ko Erabaki horren VI. atalean, Ingurumen Gogoetei buruzkoan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak uste du, ingurumen ikuspegitik, 1. tarteunerako alternatibarik egokiena 4. alternatiba dela, Eraginaren Azterlanean 5.aren paretsuan baloratu zena, hain zuzen ere hautatzeko proposatzen dena hasiera batean.

Funtzionaltasun eta ekonomia aldetik, bi alternatiba horiek, 4. eta 5.a, ia berdinak dira eta puntuazio berdintsua lortu dute irizpide anitzeko analisian; ez da, beraz, inolako eragozpenik tarteune horretan behin betiko soluziotzat 4. alternatiba hartzeko.

2. eta 3. tarteuneetan:

Ezein alegaziok -10. idazkiaren eginlearenak salbu, zeinen iritzia baita soluziorik egokiena Buñuelgo Tarteuneko bikoizketarako 1.a dela, hedapen zentratua- ez ditu auzitan jartzen bi tarteuneetarako 3.a deritzeten alternatibak, bikoizketa ezkerreko aldetik eginen zaienak, saihesbide tarteunerik gabe, salbu utzirik zerbitzuguneak; horietan, izan ere, trazadura zentratua izanen da, 10. idazkiko alegazioei emandako erantzunean argi utzi denez.

Beraz, bidezkotzat jotzen da, tarteune horietan 3. zenbakidun alternatibak hartzea horietarako behin betiko soluziotzat.

III.-22ko Nafarroako Gobernuaren 2002ko apirilaren erabakiaren zehaztapenak betetzea.

Erabaki horrek zenbait zehaztapen ezartzen ditu, zeinen eduki eta betetzea jarraian ematen diren:

A) Aipatu Departamentuari aditzera ematen zaio, UPSa onartu baino lehen, honako txosten hauek aurkeztu beharko direla:

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Ondare Historikoari buruz emana.

-Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2002ko urtarrilaren 21ean, emandako txostena aurkeztu da, Azterlana erredaktatu duen enpresak eskatu baitzuen. Txosten horri atxikirik aztarnategi katalogatuen zerrenda bidali zaie azterlanaren egileei -horien artean nabarmentzen dira kalterik handiena jasan dezaketenak (Cuesta de los Ruejos, la Tejería II eta La Atalaya)- eta, horrez gain, Ondare Arkeologikoa babesteko hartu behar diren neurriak adierazten dira.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nafarroako Ubideen eremu ureztagarrien gaineko eraginari buruz emana.

Negazaritzako Egituren Zerbitzuak 2002ko ekainaren 19an emandako txosten bat aurkeztu da, non ondorio hau ateratzen den: N-232aren Bikoizketaren proiektuak ez die kalterik egiten Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriei; ezinbestekoa da Fontellas, Buñuel, Ribaforada eta Cortesko ureztalurretan eragina izatea, trazadura-alternatiba posible guztiek gurutzatzen baitute ureztalurra, eta gauza bera gertatzen da 1. tarteunearen kasuan Montes de Cierzoko ureztalurrari dagokionez. Bi kasuetan kasuko Proiektuaren garrantzia sozialak justifikatzen ditu kalte horiek.

B) Hautatzen diren soluzioetarako eginen diren Eraikuntza Proiektuetan aintzat hartuko dira "V. Lurralde eta Hirigintza Gogoetak"

Atal horrek aipatzen dituen alderdiak, proposatzen diren alternatibei buruzkoak, honako hauek dira. a) 1. tarteunean, N-232tik Montes de Cierzoko industrialderako sarbidea aurreikusten den aldea eta Tuterako Udalaren planeamenduan aurreikusten diren ondoko industrialdeak, abiadura handiko trenaren trazaduretako batek gurutzatzen du -5 eta 5A alternatibak- Abiadura Handiko Iraganbide Nafarraren Trazaduraren 1997ko azaroko Alternatiben Azterlanean jasoa; tarteune horrexetan berean proiektaturiko bikoizketa Nafarroako Ubidearekin gurutzatzen da, eta azpiegitura hori ere kontuan hartu beharko da ondoren eginen den eraikuntza-proiektuan.

Kontuan harturik zehaztapen hau betetzerakoan ikusi beharko dela zer dioen geroko Eraikuntza Proiektuak hautatzen diren soluzioei buruz, bidezko da Erabaki honetan jasota gelditzea.

IV.-Ingurumenaren arloko gogoetak

2002an Nafarroako Gobernuak hartutako Erabakian Ingurumenaren Arloko Gogoeten atal bat dago, non biltzen baitira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak bere garaian emandako txosten baten ondorioak, eta zeinetan, 1. tarteuneari dagokionez, esaten baita, ingurumenaren ikuspegitik, Zerbitzuak egokiagotzat duela I. Tarteuneko 4. alternatiba, kalte txikiagoa egiten zaienez azpiegiturarik gabeko eremuei, estepako hegaztientzako interes-eremura ez baita hurbiltzen hainbeste eta homogeneotasun handiagoa lortuko bailitzateke zeharbidez I. Tarteunea-Tuterako Saihesbidea-II. Tarteunearen bide-segidan.

Lehenago esan denez, 1. tarteunerako hautatuko den alternatiba 4.a da, hain zuzen ere Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari egokiena iruditzen zaiona.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2002ko uztailaren 4an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1.-Aurkeztu diren alegazioak Erabaki honen azalpen zatian aditzera eman den moduan ebaztea.

2.-Onestea "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, honako soluzio hauen arabera:

1. tarteunean: 4. alternatibaren arabera.

2. eta 3. tarteuneetan: 3. alternatiben arabera.

3. 1. tarteunerako hautatutako trazaduraren Eraikuntza Proiektua egiten denean, kontuan hartu beharko dira Abiadura Handiko Trenbide Korridorearen Gaineko Argibide-Azterlana, 1997ko azarokoa, hala nola Nafarroako Ubidearen trazadura.

4. Ondare Arkeologikoaren babesari dagokionez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2002ko urtarrilaren 21ean emandako txostenean adierazitakoaren arabera jokatuko da.

5. Ingurumen Eraginaren Deklarazioak ezartzen dituen baldintzetan eginen dira onetsitako trazaduraren Eraikuntza Proiektua eta obrak.

6. Dena dela, egin gogo den azpiegituraren exekuzioan ukituak gerta daitezkeen azpiegitura edo zortasunei edo exekuzio hori baldintza lezaketenei dagokienez, Departamentu sustatzaileak, obrak egin aurretik, arlo bakoitzean eskumena duten organoek eskatzen dituzten baimen guztiak eskuratu beharko dituzte.

7. UPS horri dagokion obrak erabilgarritasun publiko eta onura sozialekotzat deklaratzea desjabetzapena egiteko, eta baita onura orokorrekotzat ere, Lurraldearen Tantolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 66. artikuluan eta loturiko xedapenetan ezarritakoaren ondorioetarako.

8. Aditzera ematea Erabaki honen kontra zilegi dela, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Gobernuan, Erabakia jakinarazi, edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluek agintzen dutenaren arabera; edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan inpugnatzea, Erabakia jakinarazi, edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea eta, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta Castejón, Tutera, Fontellas, Ribaforada, Buñuel eta Cortesko udalei eta alegatzaileei bidezko ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0208412