105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

86/2002 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, lan arriskuen arlorako Nafarroako Enplegurako Planean aurreikusi diren etengabeko prestakuntza ekintzetarako laguntzak emateko prozedura arautzen duena.

Laneko arriskuen aurreneurriei buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen xedea langileen segurtasuna eta osasuna bultzatzea da, lanak sortutako arriskuei aurrea hartzeko behar diren neurriak eta jarduerak erabiliz.

Aipatu Legeko 5.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publikoek aurreneurriei buruzko heziketaren hobekuntza bultzatu behar dute irakaskuntzaren maila guztietan. Bereziki, lanbide trebakuntzako sistema nazionalaren heziketa-eskaintza hobetuko dute eta laneko arriskuei aurrea hartzeko behar diren giza baliabideen prestakuntza egokituko.

Xede horri atxikirik, Nafarroako Enplegurako Planak, laneko istripuak gutxitzeko, aurreneurriei buruzko prestakuntzarako plan global bat diseinatu eta abian jarri nahi du, arlo horretan dauden premia eta akatsak konpontzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean Etengabeko Lanerako eta Etengabeko Lanbide Heziketa arautzen duen otsailaren 13ko 31/1995 Foru Dekretuak horretarako laguntzak emateko oinarriak ezartzen ditu. Foru Agindu hau dekretu hori garatzen du etengabeko prestakuntzari dagokionez.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua eratzen duen 148/1998 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Foru Agindu honetako laguntzak aipatu erakunde autonomo horrek kudeatzen ditu.

Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak 2002. urterako luzaturiko 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Laneko arriskuei aurrea hartzeko prestakuntza etengabeko jarduerak" izeneko 882002-8422-4709-322100 kontusailaren kargura ordainduko dira, eta, hurrengo urteetan, ekitaldi ekonomiko bakoitzean programa horretarako esleituriko gehieneko zenbatekoaren barruan.

Legezko agindu horiek ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak adostasun txostena eman ondoren,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren laguntza teknikoarekin, laneko arriskuei aurrea hartzeko etengabeko prestakuntza bultzatzeko xedea duen programa hau gauzatuko du. Horretarako, dirulaguntzak emanen ditu, Nafarroako Foru Komunitateko lan munduan sarturik dauden pertsonen gaikuntza eta trebakuntza tekniko nahiz profesionalerako prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

2. artikulua. Foru Agindu honetako etengabeko prestakuntzako ekintzak honako kolektibo hauei zuzenduko zaizkie:

1.-Besteren kontura diharduten langileak, ekoizpen sektore edo arlo jakin batzuetan, nahiz lanpostu berezi batzuetan aritzen direnak.

2.-Enpresan aurreneurriei buruzko eginkizunak betetzen dituzten langileak.

3.-Sei langile baino gutxiagoko enpresak dituzten enpresaburuak, aurreneurriei buruzko ekintzak zuzenean beren gain hartzen dituztenak.

4.-Langileen ordezkariak, aurreneurrien arloko delegatuak bereziki.

Enpresarien edo aurreneurrien arloko delegatuen prestakuntzari dagokionez, ikastaroaren ekimena dagokion enpresa erakundeari edo sindikatuari jakinarazi zaiola adieraziko da eskabidean.

Ekintza hauek gutxienez 10 ordukoak izanen dira.

3. artikulua. Programa honetan aurreikusten diren laguntzak ondoko hauek eskatzen ahalko dituzte:

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zentro laguntzaile integralek.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak heziketarako homologatutako zentroek, baldin eta Lan Zuzendaritza Nagusiak Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikariaren heziketa emateko baimena eman badie.

4. artikulua. 2002. urteko eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan aurkeztu behar dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean.

Hurrengo urteetan, laguntzetarako eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan aurkeztuko dira, dagokion ekitaldiko urtarrileko lehenbiziko hogei egunetan.

5. artikulua. Aurreko artikuluan zehazten diren epeetan aurkezten den eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

A.-Agiri orokorrak:

1.-Enpresa, erakunde edo entitatearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak, eratze eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopia bidez, salbu eta, aldez aurretik, agiri horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan badaude.

2.-Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, hala bada, haien ahalduntze-agiria, bai eta jakinarazpenetarako helbidea eta eskaturiko ekintzez arduratzen den pertsonaren izena ere.

3.-Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

4.-Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea, behar bezala betea, dirulaguntza emanez gero, dirusarrera horrela gauzatzeko.

5.-Entitate eskatzaileak dagozkion zergak ordainduta dituela frogatzen duen agiri eguneratua, Nafarroako Foru Ogasunak luzatua.

B.-Ekintza bakoitzari buruzko berariazko dokumentazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako ematen dituen inprimakietan behar bezala betea.

Dirulaguntzarako aurkezturiko prestakuntza ekintza guztien laburpen zerrenda, gainera, euskarri informatikoan aurkeztuko da (Windows Excel 97 sistema eragilea).

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten zaizkion eskabideak egoki ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

6. artikulua. Eskatutako laguntzak emateko, ondoko lehentasun hauek hartuko dira kontuan:

1.-Aurreneurriei buruzko eginkizunak betetzen dituzten langileen, beren enpresan eginkizun hori zuzenean beren gain hartzen duten enpresaburuen eta aurreneurriei buruzko gaietarako delegatuen prestakuntzarako jarduerak. Ondoko sektore hauek lehenetsiko dira:

-Errepide bidezko garraioa.

-Erauzketa industriak.

-Eraikuntza.

2.-Orgatilen eta garabien gidarien trebakuntzarako heziketa (garabi-dorreen gidarienak izan ezik).

7. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Kudeatzailetzaren Ebazpenaren bidez, onetsiko du zein ekintzatarako emanen den dirulaguntza, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak aurkezten duen txosten-proposamenari jarraikiz, deialdi honen helburuei egokitzen ote zaizkien aztertu ondoren, eta aurrekontuetako baliabideek onartzen dituzten mugen barrenean.

8. artikulua. Deialdi hau ebazteko epea ez da izanen, justifikatutako arrazoiren bat denean izan ezik, hiru hilabetetik goitikoa. Aipatu epea iragan eta gero, berariazko ebazpenik ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

9. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa ekintzen kostu aukeragarriaren %100era bitartekoa izaten ahalko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzaren Ebazpenaren bidez ezarritako modulu ekonomikoen arabera, betiere aurrekontuetako baliabideek onartzen dituzten mugen barrenean.

Dirulaguntza 12 ikaslerentzat emanen da gehienez, eta haren zenbatekoa gutxituko da prestakuntza ekintza hasten duten ikasle kopuruaren edo lehenbiziko erdian uzten duten ikasle kopuruaren arabera, non eta uzteko arrazoia lan baldintzak aldatzea edo ezinbesteko beste arrazoiren bat ez den. Ekintza bat 12 ikasle baino gehiagorekin hasten baldin bada eta ikasleren batek uzten baldin badu ekintza hori, dirulaguntza gutxituko da 12 ikasle baino gutxiago gelditzen badira bakarrik.

Hasi den ekintza batean ikasle berriak sartzen ahalko dira baldin eta haren iraupen osoaren bostena osatzen duen hasierako zatian eskatzen badute. Edozein arrazoi dela eta, prestakuntza ekintza bateko ikasleen kopurua 6 baino txikiagoa baldin bada, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zilegi izanen du ekintza bertan behera uztea, ikastorduen erdia baino gehiago egin ez bada.

10. artikulua. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonen zerrenda, bakoitzaren fitxa eta sinaduren kontrola ekintzak hasi ondorengo hamar egunetan aurkeztu beharko dira eta. Agiri horiek, gainera, aipatu erakundeak ezarritako programarekin bateragarria den euskarri informatikoan aurkeztuko dira. Kontrakoa justifikatzeko arrazoirik izan ezean, urte bakoitzeko prestakuntza ekintzak abenduaren 20a baino lehen bukatu beharko dira.

11. artikulua. Emandako dirulaguntzen azken likidaziorako, nahitaezkoa izanen da honako hauek aurkeztea:

-Gastuen eta azken likidazioaren aitorpena, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzak horretarako eman Ebazpenaren arabera, frogagiritzat hartuko dena.

-Parte-hartzaileen hasiera eta bukaerako zerrenda eta eguneroko asistentzia-orriak, behar bezala izenpetuak. Zentro laguntzaileek parte-hartzaileei diplomak emateko beharrezkoa izanen da ikastorduen %70eko gutxieneko asistentzia izatea.

-Prestakuntza ekintza bakoitzaren ebaluazio-memoria, ekintza gauzatu duen entitateak izenpetu eta zigilatuta.

-Entitateak dagozkion zergak ordainduta dituela frogatzen duen agiri eguneratua, Nafarroako Foru Ogasunak luzatua.

12. artikulua. Dirulaguntzaren onuradunek bestelako laguntzarik baldin badute, Nafarroako Gobernuko beste departamentuek edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emana, xede bererako bada, horren berri eman beharko dute, eta halakoetan azken likidazioa onartzen ahal den defizitaren arabera eginen da.

13. artikulua. Emandako laguntzak honela ordaintzen ahalko dira: dirulaguntzaren %75 prestakuntza ekintza hasten denean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzaren Ebazpenaren bidez, eta gainerako %25a ekintza amaitzen denean, beste Ebazpen baten bitartez, arau honetako 10. eta 11. artikuluetan aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren.

Nolanahi dela ere, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 18.2 artikuluan ezarritako kasuetan, aurrerakina jasotzeko, onuradunak zuzenbidean onartzen diren edozein motatako abal edo bermeak aurkeztu beharko ditu.

14. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dokumentazio osagarria eskatzen ahalko du, diruz lagundutako ekintzetan behar den jarraipen eta kontrola egiteko, eta entitate onuradunak, bestetik, epe jakin bat izanen du dokumentazio hori aurkezteko.

Betebehar hori ezarritako epearen barruan betetzen ez bada, hasiera batez bertan behera utziko da dirulaguntza eta, gero, betebeharra berriro eskaturik ezarritako epearen barruan betetzen ez bada, deuseztatu eginen da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edozein unetan egiten ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako bisitak, egiaztatzeko prestakuntzako ekintzak egoki gauzatzen eta dirulaguntzak zuzen aplikatzen ari diren, eta, horretaz gain, prestakuntza zentroetan auditoretzak egiten ahalko ditu, diruz lagundutako ekintzen gastuei dagozkien frogagiriak egiaztatzeko.

15. artikulua. Eskatutako agiriak aurkezten ez badira, eta Zerbitzua ohartzen bada prestakuntza ekintzak ez direla gauzatzen ari edo dirulaguntza ez dela aurreikusitako xederako egoki erabiltzen ari, emandako dirulaguntza hein batean edo osorik deuseztatuko da, emandako aurrerakinak itzuli beharko dira eta gainerako eskabideei ezetza emanen zaie, betiere, interesatuari entzun ondoren.

16. artikulua. Programa honetako dirulaguntzak Batzordeak 2001eko urtarrilaren 12an eman (EE) 68/2001 Erregelamenduan ezarritako muga eta baldintzei lotuko zaizkie. Erregelamendu hori prestakuntzarako laguntzei buruzko EE Itunaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari buruzkoa da eta Europako Komunitateen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2001eko urtarrilaren 13an).

17. artikulua. Prestakuntza ekintza horien publizitatea edo zabalkundea egiten denean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren finantzabidea azaldu beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren lauan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0207570