105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, ingeniari tekniko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Mairagako Mankomunitateko industriako edo herrilanetako ingeniari tekniko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Lan-kontratuaren iraupena urtebetekoa izanen da eta hiru urtera arte luzatu ahalko da.

Kontratuak hilabeteko probaldia izanen du eta hura iraganik organo eskudunaren iritziz ez bada gai manatu zaizkion egitekoetan aritzeko, kontratua desegintzat joko da.

1.3. Lanpostuak B mailari dagokion lansaria izanen du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginean eta Ordainsarien behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Orobat, Mairagako Mankomunitateko organo eskudunek ezartzen dituzten osagarriak ere izanen ditu eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiaren lan eta eginkizunak deialdian eskatzen diren mailari, kategoriari eta ikasketei dagozkienak izanen dira. Bereziki, bere espezialitateari dagozkion txosten eta proiektuak eginen ditu.

1.6. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, baldin eta erabakitzen badu izangaietatik bakar batek ere ez duela lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra, Europar Batasuneko herritarra edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duen herrialde bateko herritarra izatea.

c) Industri ingeniari teknikoaren titulua izatea edo Herrilanetako ingeniari teknikoarena.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.

f) Gutxienez ere B mailako gidabaimena izatea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak betebehar horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 9. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan, hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik. Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako eta hautapen prozedura osoan eduki beharko, kontratazioaren unera arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Mairagako Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak I. eranskineko ereduari lotuko zaizkio eta harekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen balio bereko agiriarena.

b) Eskatutako tituluaren fotokopia, jatorrizkoarekin batera konpultsatu ahal izateko, edo hura eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.

d) Gidabaimenaren -gutxienez ere B mailakoa- fotokopia konpultsatua.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du. Ebazpen horretan bertan adieraziko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahai burua: Mairagako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Mairagako Mankomunitateko buruordea.

1. mahaikidea: industriako edo herrilanetako ingeniari teknikoa, Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: industriako edo herrilanetako ingeniari teknikoa, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharrekoa.

2. mahaikidea: industriako edo herrilanetako ingeniari teknikoa, Iruñerriko Mankomunitateak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: industriako edo herrilanetako ingeniari teknikoa, Iruñerriko Mankomunitateak izendatu beharrekoa.

3. mahaikidea: industriako edo herrilanetako ingeniari teknikoa, Nafarroako herrilanetako ingeniari teknikoen elkargo ofizialak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: industriako edo herrilanetako ingeniari teknikoa, Nafarroako herrilanetako ingeniari teknikoen elkargo ofizialak izendatu beharrekoa.

4. mahaikidea: Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkari bat.

Idazkaria: hizpidearekin baina botorik gabe, Mairagako Mankomunitateko idazkaria, edo eskuordetzen duen pertsona.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta esparru horretan baino ez diete lagunduko epaimahaikoei.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehenik lehiaketaldia izanen da eta ondoren oposizioaldia, oinarri hauetan ezarritako moduan.

6.2. Oposizioaldia hasiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera iragarriko den egunean, orduan eta tokian. Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako probetarako iragarkiak.

6.3. Oposizio-lehiaketaren gehieneko balorazioa, osotara, 125 puntutakoa izanen da: 25 lehiaketaldian eta 100 oposizioaldian.

7. oinarria.-Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 25 puntu izanen ditu, ondoko baremoari jarraituz:

A) Lanbideko esperientzia (gehienez ere 15 puntu):

A.1.) Industriako edo herrilanetako ingeniari tekniko gisa egindako zerbitzuak Nafarroako toki entitateetan, titulazio hori eskatzen den lanpostuetan: 3 puntu urte bakoitzeko.

A.2.) Industriako edo herrilanetako ingeniari tekniko gisa egindako zerbitzuak, beste administrazio publiko batzuetan edota enpresa publiko edo pribatuetan, titulazio hori eskatzen den lanpostuetan: puntu bat urte bakoitzeko; gehienez ere 6 puntu.

B) Bestelako merezimenduak (gehienez ere 10 puntu):

B.1.) Goi mailako titulazioa izatea: 5 puntu.

B.2.) Erdi mailako titulazioa izatea, goi-mailakorik izan gabe, edo lizentziatura hauetako lehenego hiru ikasturteak gaindituta izatea: zuzenbidea, ekonomia edo lan-harremanak. 2 puntu.

B.3.) Lanpostuari buruzko hobekuntzako ikastaro edo mintegietan parte hartzeagatik, 14 ordukoak edo gehiagokoak izanik: 0,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

B.4.) Autocad eta ofimatikari buruzko 30 orduko edo gehiagoko ikastaroengatik: 0,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

B.3 eta B.4 puntuetako ikastaroak zentro ofizialek edota onartuek emandakoak izan beharko dute.

7.2. Lehiaketaldia bukatuta, Mairagako Mankomunitateko iragarki oholean argitaratuko dira izangai bakoitzak lortutako puntuazioak.

8. oinarria.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian gehienez ere 100 puntu lortu ahalko dira eta ariketa hauek izanen ditu:

Lehenengo ariketa: proba teorikoa. Idatziz garatu beharko dira II. eranskineko gaiei buruzko 25 galdera labur, gehienez ere lau ordutan. Proba hau ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 25 puntu lortu ahalko dira.

Bigarren ariketa: gehienez ere bost ordutan kasu praktiko bat edo batzuk idatziz ebaztea, lanpostuarekin eta II. eranskineko gaiekin zerikusia dutenak, edota Ur eta hondakinen mankomunitate batek egin beharreko obra proiektu bat planifikatu, koordinatu, kudeatu eta gauzatzea. Ariketa honetan gehienez ere 70 puntu lortu ahalko dira eta gainditzeko gutxienez 35 puntu lortu beharko dira.

Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko talde profesionalak eginen dituenak, bete beharreko eginkizunetarako izangaiek dituzten gaitasunak neurtzeko. Ariketa hau ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 5 puntu lortu ahalko dira.

8.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, aprobatu duten izangaien zerrenda emango da aditzera, lortutako puntuazioarekin batera, Mairagako Mankomunitateko iragarki oholean. Halaber, hurrengo ariketa egiteko tokia eta eguna ere adieraziko dira, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenagotik.

Probetarako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Bertaratzen ez diren izangaiak baztertuta geldituko dira.

9. oinarria.-Gainditu dutenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda eginen du, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, handienetik txikienera, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak batuta. Zerrenda hori Mairagako Mankomunitateko iragarki oholean jarriko du.

9.2. Epaimahaik puntu gehien lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio Mairagako Mankomunitateko buruari eta loteslea izanen da. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mankomunitateko erregistro orokorrean:

1.-Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoaren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

2.-Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatu baldin badu, haren frogagiria eta minusbaliotasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu behar du, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek luzatua.

3.-Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

9.4. Ezarritako epean, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu eta bere egintza guztiak deuseztuko dira, deialdian parte hartzeko eskaeran egindako iruzurragatik dagokion erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

9.5. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, mahaiburuak puntuazioen zerrendan, 9.1. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Hautapen prozedura bukatuta eta izangaiak 9.3 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondotik, Mankomunitateko buruak proposatutako izangaia izendatuko du, ingeniari teknikoaren kargua bete dezan.

Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epea izanen du, izendapena jakinarazten zaionetik hasita, lanpostuaren jabetza hartzeko. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, 9.4 eta 9.5 oinarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

11. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera, betiere aldez aurretik organo egileari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanez; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo aplikazio egintza jakinarazten den egunetik hasita; edo bestela,

c) Berraztertzeko errekurtsoa, erabaki edo aplikazio egintza honen organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den erabaki edo aplikazio egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tafallan, bi mila eta biko abuztuaren zortzian. Mankomunitateko burua, Javier Santalla Prieto.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..............., adinez nagusia. N.A.N.: ......... (edo baliokidea den nortasun agiria), jaioteguna: ........., jaioterria: ..........., (........), nazionalitatea: ........, helbidea: ...... (........), kalea: ..........., posta kodea: ......., telefonoa: ........, zure aitzinera agertzen naiz eta

Azaltzen dut:

Mairagako Mankomunitateko ingeniari tekniko izateko lanpostu bat, lan-araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez aldi baterako betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasun bakarrik ere ez dudala.

Diziplinako espediente bidez ez naizela inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta eginkizun publikoetarako ezgaitua ez nagoela.

Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako titulazioa dudala frogatzen duen agiria aurkezten dudala eta deialdian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Badudala minusbaliotasuna eta beraz egokitzapen bat eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik (beste orri batean minusbaliotasuna eta eskatzen diren egokitzapenak azalduko dira).

Horrenbestez:

Eskatzen dizut honako eskabidea onar dezazun eta horrela, Mairagako Mankomunitateko ingeniari tekniko izateko lanpostu bat, lan-araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez, aldi baterako betetzeko deialdian onar nazazun.

(Data eta sinadura)

MAIRAGAKO MANKOMUNITATEKO BURUA.

II. ERANSKINA

Gaiak

1.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Administrazioarekin kontratatzeko beharkizunak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Pleguak. Interesatuen proposamenak eta agiriak. Publizitatea. Esleipen prozedurak.

2.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Esleipen bideak: enkantea eta lehiaketa. Kontratuak betearazi, aldatu eta etetea.

3.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Prezioen berrikuspena. Kontratuak iraungitzea: betetzea, ebazpena eta baliorik eza. Lagapena eta azpikontratazioa.

4.-Nafarroako Toki Entitateen ondasunak: kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldatzea. Atxikitzea. Eskuratzea. Defentsa, mantenimendua eta berreskuratzea. Erabilera eta aprobetxamendua. Besterentzea eta karga.

5.-Egintza administratiboa: kontzeptua, elementuak, mota eta beharkizunak. Ebazpen eta egintza administratiboen jakinarazpena. Egintza administratiboaren deuseztasuna eta deusezgarritasuna. Isilbide administratiboa.

6.-Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio esparrua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

7.-Errekurtsoak bide administratiboan: kontzeptua eta motak. Errekurtsoa paratzeko zilegitasuna. Errekurtso gai izan daitekeena. Inpugnatzeko arrazoiak egintza administratiboetan. Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoaren aipamen berezia.

8.-Nafarroako Toki Administrazioa. Antolaketa eta administrazioa. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzionamendua, eskumenak. Toki korporazioetako kideak.

9.-Funtzio publikoa: erlazio juridiko funtzionarialaren izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutua. Hautapena. Funtzionario izaera lortu eta galtzea. Egoera administratiboak. Eskubide, betebehar eta bateraezintasunak.

10.-Mairagako Mankomunitatea. Antolaketa. Biltzen dituen entitateak. Urez hornitzeko beharrak.

11.-Kontsumo beharrak eta hornidura-iturriak. Dotazioak, galerak, kontsumoaren puntak, populazioaren eta eskaeraren bilakabidea; Nafarroako Gobernuak gai horri buruz emandako arauak; hartzeko sistemak: drenatzeko zangak, akuiferoak, uharkak, iturburuak, urtegiak, putzuak: putzuetan ponpatzeko saialdi, parametro eta probak.

12.-Ponpaketak. Ponpaketen dimentsionaketa; eraikitzeko irizpideak; irizpide ekonomikoak; ponpa motak; ponpak hautatzea; motor motak; ponpategiak, abiadura askotako multzoekin; ponpaketen automatizazioa; arietekada; akumulagailu hidropneumatikoak; dimentsionaketa; ponpaketen ustiakuntzaren kostuak; eraikitzeko kostuak.

13.-Biltontziak. Biltontzien kokaera; biltontzien dimentsionaketa; eraikitzeko irizpideak; biltontzi motak eta haien egitekoak; irizpide ekonomikoak; kostuak.

14.-Urez hornitzeko sareak. Sareen diseinua: kalkulatzeko emariak (kontsumoa, suteak...); kalkulatzeko gehien erabiltzen diren irizpide eta formulak. Sare adartuak eta sare mailatuak: hodien dimentsionaketa. Hodietatik kanpoko zamak. Eusteko baldintzak. Karga faktorea. Segurtasun koefizienteak. Eskuz eta ordenagailuz kalkulatzea.

15.-Urez hornitzeko sareak. Sarearen material eta osagaiak: hodiak. Materialak. Balbulak. Hidranteak. Ureztatzeko ahoak. Jarioaren neurgailuak. Presioaren gutxigarriak; beste osagai batzuk. Isurbideak, ainguraketak, kutxetak. Normalizazioa. Sareak eraikitzeko irizpideak: urbanizazio batean zerbitzuak nola kokatzen diren. Interferentziak. Sakontasunak eta luze-laburrak. Arauak. Zerbitzu-galeriak. Zerbitzuak nola mantendu. Zanga motak. Hodien eustarriak. Betegarriak. Eraikitzeko bideak. Hartuneak, kutxetak eta estalkiak. Laneko segurtasuna. Sareak hartzea: probak eta saialdiak. Azkeneko agiriak. Bermeak.

16.-Saneamendu sareak. Isurkinak: isurkin motak. Estatuko eta Nafarroako Gobernuaren arauak. Isurkinen neurketa. Sareen diseinu eta dimentsionaketa: sare motak. Ur beltzen emariaren zenbatespena. Eurietako uren emariaren zenbatespena. Birgertatzealdia. Hodien dimentsionaketa. Kalkulatzeko metodoak. Maldak; abiadurak. Hodietatik kanpoko zamak. Eusteko baldintzak. Erregistroko putzuen kokaera. Sakontasuna. Arauak.

17.-Saneamendu sareak. Sarearen material eta osagaiak: hodiak. Materialak eta osagaiak. Ur beltzen ponpaketa. Erregistroko putzuak, estalkiak, pateak. Birjauzi-putzuak. Deskargatzeko ganberak. Isurbideak; kutxetak. Hartuneak. Normalizazioa. Sareak eraikitzeko irizpideak: hiri batean zerbitzuak nola kokatu. Topografia. Sakontasunak eta luze- laburrak. Arauak. Zerbitzuak nola mantendu. Zanga motak. Hodiak nola jarri. Hodien euskarriak. Betegarriak. Ezpondak. Laneko segurtasuna. Saneamendu sareak hartzea: probak eta saialdiak. Azkeneko agiriak. Bermeak.

18.-Ur Araztegiak. Edateko uraren arazketa: kalitatearen parametroak. Legeak. Arazketa motak. Dekantatzea, iragaztea, tratamendu kimikoak. Araztegi baten osagaiak. Tresnak. Kalitatea zaintzea. Ustiatzeko kostuak. Eraikitzeko kostuak. Hondakin uren arazketa: isurkinen kalitatearen parametroak. Legeak. Arazketa motak. Araztegi motak. Araztegiaren osagaiak. Isurkinen kalitatea zaintzea. Ustiatzeko kostuak. Eraikitzeko kostuak.

19.-Instalazio elektrikoak. Magnitude elektrikoak. Korronte alternoa. Korronte jarraia. Sistema trifasikoak. Unitateak. Oinarrizko formulak. Linea eta zirkuitu elektrikoen kalkulu eta dimentsionaketa. Tarifa elektrikoak. Konpainia elektrikoekin kontratatzea. Goi eta behe tentsioari buruzko arau eta erregelak. Goi Tentsioko lineak. Osagaiak. Dimentsionaketa. Eraldaketa zentroak. Motak. Aparailuak. Dimentsionaketa. Segurtasuna.

20.-Instalazio elektrikoak. Behe Tentsioko instalazioak: kable motak, muntatzeko sistemak, lurrari lotzea, energia erreaktiboaren konpentsazioa, behe tentsioko koadroak, potentzia eta babes aparailuak. Automatismo koadroak. Osagaiak. Ponpatoki eta araztegietako instalazio elektrikoak. Automatizazioa. Automata programagarriak. Ordenagailuen bidez kontrolatzea. Tresnak. Osagaiak. Teleagindua eta urez hornitzeko sistemak. Eginkizunak eta osagaiak.

21.-Ur eta saneamendu zerbitzu komuna ustiatzea. Ustiatzeko sistemarako behar diren oinarrizko agiriak; hornidura eta saneamendu proiektuari eska dakizkiokeen agiriak. Lan egiteko metodoen azterketa; mantentzeak, aldez aurretikoa, igartzekoa eta zuzentzekoa; lan-txostenak, antolaketa eta ustiatzeko sistemaren organigrama; lanpostuak hautatu eta baloratzea; ur eta saneamendu sareen kudeaketan teleagindu sistema azaldu eta erabiltzea. Hori bezalako zerbitzu batean makinaz eta tresnez hornitzea.

22.-Proiektuak. Proiektua egiteko faseak. Biltzen dituen agiriak. Haien idazketa.

23.-Kordinazioa, segurtasunean eta osasunean. Aplikatzeko araudia. Koordinatzailearen, sustatzailearen eta enpresa esleipen-hartzailearen betebeharrak.

24.-Urari buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legea. Informatzen duten printzipioak eta haren edukiaren azterketa. Hura garatzeko erregelamenduak.

25.-Hiri hondakin solidoen arazoa. Deusezteko beharrak. Udalen batasuna, haiek biltzeko. Hondakindegi kontrolatuen beharra.

26.-Hondakindegi kontrolatuen kalkulua. Lurraren geologia, ur isurketak, lixibiatuen kontrola. Ustiaketa, arauak.

Iragarkiaren kodea: A0208727