105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

1156/2002 FORU AGINDUA, uztailaren 30ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Ezporogi-Sabaizako NA-10.298 ehiza-barrutian 2002-2003ko denboraldian basurdea harrapatzeko baimena ematen duena.

Basurdea kudeatzeko tresnarik garrantzitsuenetako bat ehiza aprobetxamendu antolatua da. Nafarroan duen bilakaerari buruzko datuek gero eta ugariago eta hedatuago dagoela adierazten dute; izan ere, gaur egun Erkidegoko lurralde osoan daude.

Ezporogi-Sabaizako NA-10.298 ehiza-barrutia Erdialdeko oihan garrantzitsuenetako bat da, gaitasun handia baitu basurdearen babesleku izateko.

Ehiza-barruti horretako Ehiza Antolatzeko Planean ezarritakoari jarraituz, beharrezkotzat jotzen da basurdearen ehiza aprobetxamendua antolatzea, haren populazioa kontrolatzeko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Ezporogi-Sabaizako NA-10.298 ehiza-barrutian 2002-2003ko denboraldian basurdea harrapatzeko baimena ematea, arrastoko usna-zakurrekin uxatuz. Baldintza hauek bete beharko dira:

Uxaldiak egiteko egunak: 2002ko urriaren 5etik 2003ko otsailaren 1era bitarteko larunbatak, 2002ko urriaren 12a, azaroaren 2a eta 30a eta abenduaren 7a eta 2003ko urtarrilaren 4a izan ezik (13 egun, denetara).

Zenbat ehizagune: zazpi, Ehiza Antolatzeko Planean ezarritakoak, zeina 1997ko uztailaren 30eko 2188 Ebazpenaren bidez onetsi baitzen.

Ehizaguneen mugak:

-1. ehizagunea: Loia, 315 ha.

Iparraldetik: Loiako oihanbidea, Artetatik barrena Eslabako iturrira doana.

Hegoaldetik: Eslabako mugapea.

Ekialdetik: barrutiko muga.

Mendebaldetik: Eslabako iturriko bidea.

-2. ehizagunea: Arteta, 250 ha.

Iparraldetik: Getadartik Loiara doan oihanbidea.

Hegoaldetik: Loiako oihanbidea, Artetatik barrena Eslabako iturrira doana.

Ekialdetik: Loiako baserria.

Mendebaldetik: Getadarko oihanbidea, Juliotik barrena Eslabako iturrira doana.

-3. ehizagunea: Getadar, 405 ha.

Iparraldetik: Leoztik Sabaizara doan errepidea.

Hegoaldetik: Uzkitako lepotik Getadarrera doan oihanbidea.

Ekialdetik: Sabaizatik Getadarrera doan oihanbidea.

Mendebaldetik: barrutiko muga.

-4. ehizagunea: Julio, 210 ha.

Iparraldetik: Uzkitako lepotiko Julioara doan oihanbidea.

Hegoaldetik: Eslabako mugapea.

Ekialdetik: Juliotik Eslabako iturrira doan oihanbidea.

Mendebaldetik: barrutiko muga.

-5. ehizagunea: Gardalain, 912 ha.

Iparraldetik: barrutiko muga.

Hegoaldetik: Sabaizatik Morionesa doan oihanbidea.

Ekialdetik: Leatxeko mugapea.

Mendebaldetik: Antxurdako bizkarra eta El Fayal.

-6. ehizagunea: El Fayal, 320 ha.

Iparraldetik: barrutiko muga.

Hegoaldetik: Gardalain landatzeko terrazak.

Ekialdetik: Antxurdako bizkarra eta El Fayal.

Mendebaldetik: Usunbelzko erreka-zuloa eta Sabaizatik Antxurdara doan oihanbidea.

7. ehizagunea: Sabaiza, 600 ha.

Iparraldetik: barrutiko muga.

Hegoaldetik: Leoztik Sabaizara doan errepidea.

Ekialdetik: Sabaizatik Antxurdara doan oihanbidea.

Mendebaldetik: Leozko mugapea.

Ehizaguneen hurrenkera eta txandaketa uxaldiak egiteko: egun berean bi ehizagunetan egiten ahal da ehiza, baina ez dira inoiz mugakide izanen.

Hauek dira egun bereko ehizaguneen konbinazioa eta hurrenkera, hamahiru egunetarako: 2/7; 3/5; 4/6; 1/7; 3/5; 4/6; 2/7; 3/5; 4/6; 1/7; 3/5; 4/6; 2/7.

Ehizagune eta egunen banaketa, uxaldiak egiteko: banaketa zozketaz eginen da, zozketa egiten den egun berean, denboraldi osoko egutegia prestatzeko.

Salbuespen gisa, 7 uxaldi erreserbatuko dira Ezporogi-Sabaizako ehiza-barrutiarekin muga egiten duten ehiza-barruti publikoetako talde nafarrentzat. Horretarako, zozketa bat eginen da lehenik mugakidetzat hartutako taldeentzat. Horrexek eskubide emanen die 7 talderi eguna eta ehizagunea hautatzeko, zozketan egokitzen zaien hurrenkeran.

Ondoren zehazten dira mugakidetzat hartuko diren ehiza-barruti publikoak eta, lehen aipatu erreserba baliatzeko, jardunean egon beharko dute inskripzio epea bukatzen den egunean: NA-10.202 Getze-Ibargoitikoa eta Zabaltzakoa; NA-10.083, Izkokoa; NA-10.535, Idotzin, Altzorritz, Lekaun, Sengaritz eta Abintzaokoa; NA-10.398, Zarekoa eta Leatxekoa; NA-10.406, Agezakoa; NA-10.209, Eslabakoa; NA-10.444, Lergakoa eta NA-10.266, Leotz, Artariain, Iratxeta, Uzkita, Hiriberri, La Marquesa eta Amunarrizketakoa.

Gero beste zozketa bat eginen da. Horretan, Nafarroako ehiza-barrutietako gainerako taldeak sartuko dira, baita lehenbiziko zozketan bazterturiko barruti mugakideetako taldeak ere. Orobat, zozketan egokitzen zaien hurrenkeran hautatuko dituzte eguna eta ehiza-barrutia.

Uxaldiak egiteko eskabideak:

Taldeak, Nafarroakoak bakarrik, behin baino ezin dira inskribatu. Bestela zozketatik kanpo geldituko dira.

Eskabidean honako hau adieraziko da:

-Taldearen jatorria, alegia, zer ehiza-barrutitan aritu ohi den.

-Sabaizakoarekin mugakidea den barruti batetik badator, halaxe adierazi beharko du. Barruti mugakideetatik talde bana aurkezten ahalko da bakarrik. Barruti mugakide batean talde bat baino gehiago badago, izen-ematea eskatzen duenak barrutiaren aprobetxamenduaren titularraren agiri bat aurkeztu beharko du, talde hori parte-hartzaile izendatuko duena. Talde bera bi barruti mugakidetan aritzen bada, behin bakarrik inskribatzen ahalko da.

-Taldeburuaren datuak (izena, bi deiturak, NANa, helbidea eta telefonoa).

-Kide guztien zerrenda, izena, bi deiturak eta NANa barne.

Ehiztari bakoitzak talde bakar batean inskribatu beharko du. Zerrenda gehiagotan agertuz gero, guztietatik kenduko da.

Taldeek gehienez ere 30na ehiztari eta 15na zakur izanen dituzte, 2/1993 Foru Legearekin bat. Hasierako zerrendan gehienez ere 5 ehiztari ordezko sartzen ahal dira.

Taldeek gutxienez ere 20na ehiztari izanen dituzte.

Kide gutxiago izanez gero, ehizaldia bertan behera utziko da.

Uxaldiak egiteko inskripzio epea eta zozketa egunak:

-Inskripzioa: eskabideak Ingurumen Departamentuan aurkeztuko dira, Iruñeko Alondegi kaleko 1eko 1.ean.

Eskabideak aurkezteko epea 2002ko irailaren 13an bukatuko da, 14:30ean.

Eskabideei erregistratu ahala zenbaki bat jarriko zaie.

-Zozketak: 2002ko irailaren 25ean eginen dira, 13:00etan, Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Ataleko bulegoetan, Iruñeko Yanguas y Miranda kaleko 27an, 1.ean.

-Uxaldiak egiteko baimenak:

Ingurumen Departamentuak taldeburuaren izenean emanen ditu, Yanguas y Miranda kaleko 27ko 1.ean, aldez aurretik ehiztari eta eguneko 3 euro ordainduta ordainketa-gutunaren bidez. Baimena erabiltzen ez bada, ez da haren balioa itzuliko.

Uxaldiak egiteko berariazko araudia:

Basurdeari bakarrik egin ahalko zaio tiro.

Arrastoko usna-zakurrekin eginen da.

Taldeburuak antolatu eta zuzenduko ditu ehizaldiak, eta pertsona, animalia eta gauzen babes eta segurtasunerako behar diren bitartekoak jarri beharko ditu. Bera izanen da ehiza barrutian izaten ahal diren kalteen erantzule, baita ibilgailuek bideak hondatzen badituzte ere. Uxatzaileek segurtasun-jakak jantziko dituzte, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan emanen zaizkienak.

Ingurumen Departamentuko Ingurumen-zaintzak kontrolatuko ditu ehizaldiak.

7:30etik aurrera sartuko dira barrutian, zaindari arduradunari behar diren agiri guztiak aurkeztuta:

-Ehizaldian parte hartzeko baimena, Nafarroako Gobernuak emana.

-Nortasun Agiri Nazionala.

-Lizentzia, indarrean.

-Armetarako baimena eta zirkulazio gida.

-Ehiztariaren nahitaezko asegurua.

Ehizaldiek 15:00etarako bukatuak beharko dute.

2. Ezporogi-Sabaizako NA-10.298 ehiza-barrutian 2002-2003ko denboraldian basurdea arkuz harrapatzeko baimena ematea. Baldintza hauek beharko dira bete:

Arkuz ehizatzeko egunak: uxaldiak egiteko ezarri direnak.

Arkuz ehizatzeko ordutegia: uxaldiak egitea zilegi den larunbatetan, 15:00etatik igandeko 15:00ak arte. Eguzkia atera baino bi ordu lehenagotik egiten ahalko da ehiza, hura sartu eta bi ordu iragan arte.

Basurdea arkuz harrapatzeko ehizaguneak: uxaldian harrapatzeko erreserbatuak ez dauden bost ehizaguneetan. Ehizagune bakoitzean bi ehiztari ibiliko dira, gehienez ere.

Ehizagune eta egunen banaketa, arkuz ehizatzeko: zozketaz eginen da banaketa, zozketaren egunean berean, aurkeztutako eskaeren artean. Zozketan egokiten den hurrenkeran hautatuko dira egunak eta ehizaguneak. Eskaera bakoitzeko bost egun eta ehizagune hautatzen ahalko dira, gehienez ere.

Arkuz ehizatzeko eskaerak: eskaera bakoitzean bi ehiztari inskribatzen ahalko dira, gehienez ere, eta nafarrak beharko dute izan. Eskaera batean bi ehiztari inskribatzen badira, egun berean eta ehizagune berean eginen dute ehiza. Ehiztari batek eskaera bakar batean emanen du izena. Eskaera batean baino gehiagotan eginez gero, denetatik kenduko da.

Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia erantsiko zaio eskaerari.

Inskribatzeko epea eta zozketaren eguna, arkuz ehizatzeko:

-Inskripzioa: Ingurumen Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira eskaerak: Iruñeko Alondegi kalea, 1-1.a.

Eskaera horiek aurkezteko epea 2002ko irailaren 13an amaituko da, 14:30ean.

Eskabideei erregistratu ahala zenbaki bat jarriko zaie.

-Zozketa: 2002ko irailaren 26an eginen dira, 13:00etan, Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Ataleko bulegoetan, Iruñeko Yanguas y Miranda kaleko 27an, 1.a.

-Arkuz ehizatzeko baimenak:

Ingurumen Departamentuak ehiztariaren izenean emanen ditu, Yanguas y Miranda kaleko 27ko 1.an, aldez aurretik ehiztari eta eguneko 3 euro ordainduta ordainketa-gutunaren bidez. Baimena erabiltzen ez bada, ez da haren balioa itzuliko.

Arkuz ehizatzeko araudi berariazkoa:

Basurdeari bakarrik egin ahalko zaio tiro.

Ehiztari bakoitza da barrutian gerta daitezkeen kalte guztien erantzule, baita ibilgailuek bideak hondatzen badituzte ere.

Barruti batean ehizatzeko eguna eta ehizagunea dituzten ehiztariek garaiz emanen diote abisua Tafallako Mugapeko Ingurumen-zaintzari (telefonoak: 948-703671 eta 609/907084), zein ordu inguruan eginen duten ehiza zehazteko eta, halaber, ehizaldian lortutako emaitzaren berri emanen diote Ingurumen-zaintzari.

Ehiztari bakoitzak behar duen dokumentazio guztia eraman beharko du aldean:

-Ehizaldian parte hartzeko baimena, Nafarroako Gobernuak emana.

-Nortasun Agiri Nazionala.

-Lizentzia, indarrean.

-Ehiztariaren nahitaezko asegurua.

3. Ingurumen Departamentuak bertan behera utz dezake edozein ehizaldi, arrazoi teknikoak edo eguraldia dela-eta beharrezkoa iruditzen bazaio. Kasu horretan ez da dirurik itzuliko.

4. Nafarroako Gobernuak ez du erantzukizunik gerta daitekeen edozein istriputan, ehizaldia bera burutzean, tiro egiteko postuak banatzean, ehiztari eta uxatzaileen maniobretan eta beste jardueretan.

5. Aurreikusi ez den orotan, ehizaren arloan indarra duen araudiari jarraituko zaio: 2/1993 Foru Legea, 390/1993 Foru Dekretua, 8/1994 Foru Legea eta 801/1999 Foru Agindua.

6. Adieraztea, Foru Agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) 114. eta 115. artikuluei jarraituz.

7. Foru Agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari jakinarazi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita hamarrean.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0208825