105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

163/2002 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, Nafarroan euskara garatzeko kultur jarduerak egiteko laguntzetarako deialdia, 2002. urtekoa, onesten duena (2363 zenbakiko kontabilitate espedientea).

Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunen artean Nafarroan euskara sustatu eta garatzearenak daude.

Hizkuntza eta kultura garatzeko tresnarik egokienetako bat da kultur jarduerak antolatzea.

Hori horrela, ikusirik Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuak, Zuzendaritzako letratuak eta Kontuhartzailetza Delegatuak aldeko txostena eman dutela, eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariak ekainaren 29an eman 255/2000 Foru Aginduaren bitartez eskuordetutako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.- Nafarroan euskara garatzeko kultur jarduerak egiteko laguntzetarako deialdia, 2002. urtekoa, onestea. Hura arautuko duten oinarriak Ebazpen honen I. Eranskinean heldu dira.

2.- Emanen diren laguntzen dotazioaren gastua baimentzea, gehienez ere 66.111,1 euro, ondoko kontusailen kargura: 60.101 euro "Euskararen gaineko kultur programa eta ekimenak" izeneko 442000-43200-4810-455102 kontusaila eta 6.010,1 euro "Euskararen gaineko laguntzak udal eta kontzejuendako" izeneko 442000-43200-4600- 455100 kontusaila, biak 2002. urterako luzatutako 2001.eko Aurrekontukoak.

3.- Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuan duen kontuhartzaile delegatuari, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzura, Hizkuntza Garapenerako Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Programen Bulegora, Administrazio Orokorreko Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, eta ebazpena eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak sor ditzaten.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hamahiruan. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Lehenbizikoa.-Xedea

1.1. Deialdi honek xede du Nafarroan euskara garatzeko kultur jarduerak, 2002. urtean egitekoak, sustatzea.

1.2. Eskolako jarduerak, eskola orduetan egiten direnak edo eskolari hertsiki lotuak daudenak deialdi honetatik kanpo geldituko dira.

1.3. Deialditik kanpo geldituko dira deialdi honen helburuekin zerikusi zuzenik ez duten jarduerak, kanpaldiak, txangoak, artisautza azokak, kirol ikuskizunak eta lehiaketak, besteak beste.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira euskararen erabilera funtsezko ildotzat ez duten musika jarduerak.

1.4. Euskarazko antzerkigintzari Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak laguntza berariazkoa ematen baitio, deialdi honetan arautzen diren laguntzak ematean hori kontuan hartuko da.

Bigarrena.-Onuradunak.

2.1. Deialdi honen laguntzetara biltzeko aukera izanen dute helbidea Nafarroan duten pertsona fisiko eta juridikoek, azken hauek irabazi asmorik gabeak baldin badira, deialdiaren laugarren oinarriak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte eta diruz lagundutako jarduerak Foru Komunitatearen barruan egiten badituzte.

2.2. Laguntzetatik kanpo daude gai honi buruz Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmen espezifikoa sinatu duten toki entitateak, bereziki Euskararen Erabilera Udal Esparruan Normalizatzeko Lankidetza Hitzarmenean sartutakoak eta Iruñeko Udala.

Hirugarrena.-Dirulaguntzen modalitateak.

3.1. I. modalitatea. 2.2. oinarrian ezarritakoa aplikatu eta kanpoan gelditu ez diren Nafarroako toki entitateendako laguntzak. Modalitate honetako gehieneko dotazioa 6.010,1 eurokoa da, 2002. urterako luzatutako 2001.eko Aurrekontuko "Euskararen gaineko laguntzak udal eta kontzejuendako" izeneko 442000-43200-4600- 455100 kontusailaren kargura.

3.2. II. modalitatea. Helbidea Nafarroan duten pertsona fisiko eta irabazi asmorik gabeak diren pertsona juridikoendako laguntzak, diruz lagunduko diren jarduerak Foru Komunitatean egiten badituzte. Modalitate honetako gehieneko dotazioa 60.101 eurokoa da, 2002. urterako luzatutako 2001.eko Aurrekontuko "Euskararen gaineko kultur programa eta ekimenak" izeneko 43200-4810-455102 kontusailaren kargura.

Laugarrena.- Eskabideak.

4.1. Eskabideak Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio, deialdi honen izena paratuz eta ondoko agiri hauek erantsiz:

a) Nortasun juridikoari buruzko agiriak (agiriok Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak ez balitu edo agirien edukietan aldaketarik balitz):

-Pertsona fisikoa baldin bada, nortasun agiri nazionala.

-Elkartea bada, hura Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatu zenean Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari nagusiak emandako ebazpena eta elkartearen estatutuak.

-Gainerako kasuetan, eskatzailearen nortasun juridikoa eta legezko helbidea Nafarroan duela aski egiaztatzen duten agiriak.

-Identifikazio Fiskaleko txartela eta finantza entitatea eta bertako kontuaren zenbakia, laguntzarik emanez gero, dirua kontu horretan sartu ahal izateko.

b) Gizarte Segurantza eta zerga betebeharretan, halakorik ordaindu beharra baldin badago, eguneratua dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Diruz laguntzeko eskatzen den jarduerei buruzko agiriak:

-Laguntzaren xedea den proiektuari buruzko azalpen txostena, espreski aipatuz zer publiko motarendako den.

-Aurreikusitako gastuen aurrekontua, kontzeptuen arabera sailkatua eta haiek finantzatzeko baliabide eta dirusarrerak, halakorik bada.

-Beste erakundek, publiko zein pribatu, emandako laguntzak espreski aipatuko dira. Eskaturiko eta ebazte aldian dauden laguntzak, edo eskatuko direnak, aldeko ebazpena izanez gero, berehala jakinarazi beharko zaizkio Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari.

-Emandako dirulaguntzen kopuruak, bestelako dirulaguntza edo laguntzei erantsita, ezin izanen du proiektuaren osoko kostua gainditu.

-Egiteko diren jardueren fitxa, deialdiaren II. Eranskineko ereduari jarraikiz. Jarduera bakoitzeko fitxa bana beteko da, jarduera honen aurrekontua zehaztuz.

4.2. Eskatzaileak aurkeztu beharreko agiri guztiek jatorrizkoak edo notario edo administrazio bidez legeztatutako, kautotutako edo konpultsatutako fotokopiak behar dute izan.

Bosgarrena.-Akatsen zuzenketa.

Dirulaguntzaren eskabidea behar den bezala beterik ez baldin badago edo aurreko oinarrietan aipatu agiriren bat falta badu, eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio eta, horretarako, gehienez ere hamar eguneko epea emanen zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Horrela egiten ez badu, eskabidea baliorik gabe geldituko da, ebazpena eman ondotik.

Seigarrena.-Baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuen balorazioa ondoko irizpide eta portzentajeei jarraikiz eginen da:

a) Jarduerak Nafarroan euskararen garapenerako duen interesa: %20 arte.

b) Jardueraren helburuak eta nori zuzenduko zaion: %20 arte.

c) Proiektuaren kalitatea eta originaltasuna: %20 arte.

d) Euskararen erabilera jarduera: %15 arte.

e) Nafarroako euskalkien erabilera: %15 arte

f) Eskatzaileak aurreko urteetan aurkeztutako proiektuetan izan duen betetze maila eta gradua: %10 arte.

Puntuazio osoaren %50eko balorazioa, gutxienez, lortzen ez duten proiektuak baztertuak izanen dira.

Zazpigarrena.-Balorazio Batzorde Teknikoa.

7.1. Eskaerak baloratzeko Balorazio Batzorde Teknikoa sortuko da, haiek aztertu eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiari proposamena igortzeko, honek ebazpena eman dezan.

7.2. Batzordea honako hauek eratuko dute:

-Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburua.

-Hizkuntzaren Garapenerako atalburua.

-Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko euskara teknikari bat, batzordeko idazkaria.

-Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko euskara teknikari bat.

7.3. Balorazio Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukia dela kausa, egoki juzkatzen dituen aditu teknikoen aholkularitza eskatzen ahalko du.

Zortzigarrena.-Dirulaguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren araberakoa (6. oinarria) eta 3. oinarrian zehazturiko aurrekontuetako kontsignazioek ezarritako mugen araberakoa izanen da.

Bederatzigarrena.-Ebazpena.

9.1. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak, Balorazio Batzorde Teknikoaren proposamena aztertu ondotik, aurkezturiko eskabideen gaineko ebazpena emanen du, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

9.2. Onarturiko eskabideei dagokienez, dirulaguntzak ematen dituen Ebazpenean zehaztuko dira: aurkezturiko aurrekontua, onarturiko aurrekontua, balorazioan lorturiko portzentajea eta dirulaguntzaren zenbatekoa. Halaber, gastu horiek justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira. Laguntza ukatzen zaien eskabideen kasuan, ukapenaren arrazoiak agertuko dira.

Hamargarrena.-Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Egindako jarduerak behar bezalako agirien bidez justifikatuko dira eta mugaeguna 2002ko abenduaren 15 izanen da. Data horretarako justifikatu ezin diren jardueren kasuan (betiere eginak badaude edo egitekoak badira), jarduera egin edo egingo dela eta gastuak 2002ko abenduaren 31 baino lehen justifikatuko direla ziurtatzen duen zinpeko agiria aurkeztu beharko da; dirulaguntza ez da ordainduko gastua behar bezala justifikatu arte. Zinpeko agiria aurkezteko epea 2002ko abenduaren 15ean bukatuko da.

10.2. Dirulaguntzak ordaintzeko, onuradunek Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusian ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Onartutako aurrekontuari dagozkion programa eta jardueren memoria zehaztua (9.2. klausula): non eta noiz egin diren, hartutako eremu soziala, partehartzaileen kopurua, gastu zehaztuak, etab. Egindako jardueren gastua onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa aldearen araberako proportzioan murriztuko da.

b) Gastuen justifikanteak, gutxienez emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren adinakoak.

c) Nafarroako Gobernuaren babesaren aipamena espreski agertzen duten programa, iragartzeko kartel eta gainerako material grafiko, ikusteko, idatzizko eta entzutekoaren bina ale, hala behar denean.

Atal honetan aipatzen diren agiri guztiek jatorrizkoak edo notario edo administrazio bidez legeztatutako, kautotutako edo konpultsatutako fotokopiak behar dute izan.

Baldintza eta epe hauek bete ezean, emandako dirulaguntza galduko da.

10.3. Diruz lagundutako jardueretatik heldu litezkeen egile eskubideak, beti ere, eskatzailearen kontura izanen dira.

Hamaikagarrena.-Jardueren kontrola.

11.1. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak bidezko jotzen dituen kontrol eta egiaztapenak egiten ahalko ditu, emandako dirulaguntzak jasotzeko betebehar eta baldintzak betetzen ote diren ziurtatzeko, eta eskatzaileek lagundu beharko dute lan horiek betetzen. Laguntza emateari uko egiteak edo trabak paratzeak dirulaguntzaren galera ekartzen ahalko du.

11.2. Diruz lagundutako jardueretan aldaketaren bat eginez gero, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko zaio, idatziz, eta honek espreski onartu beharko du aldaketa.

Hamabigarrena.-Aplikatzekoa den legeria eta errekurtsoak.

12.1. Oinarri hauetan zehaztu ez den orotan, bai eta arau-hauste eta zehapenei dagokienean ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak aginduko du.

12.2. Deialdi honetako oinarrien kontra eta hura aplikatzetik heldu litezkeen ekintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Gobernuan hilabeteko epean honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik aitzina kontaturik.

II. ERANSKINA

KULTUR JARDUERAK

(Fitxa bana jarduera bakoitzeko)

Eskatzailearen izen-deiturak edo helbide soziala: I.F.Z./N.A.N.

Karrika, pizua, zk. P.K. Telefonoa, faxa, E-mail: Herria: Probintzia:

Proiektutako jardueraren izena:

Helburuak: Edukia:

1.-

2.-

3.-

4.-

Egiteko tokia: Herria:

Zer publikorendako: Hizlari(k)/Jardulea(k):

Agiteko aurreikusitako eguna:

Aurrekontu zehaztua:

1.-

2.-

3.-

4.-

Jarduerako arduradunaren sinadura:Entitateko presidentearen

sinadura eta zigilua (*)

(Tokia eta eguna) (Tokia eta eguna)

(*) II. Modalitateko eskatzaileendako (elkarteak).

Iragarkiaren kodea: A0209206