96. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

133/2001 FORU AGINDUA, ekainaren 28koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Podologoen Elkargo Ofiziala sortzeko espedientea jendaurrean jartzen duena.

Ikusirik, Nafarroako Podologoen Elkargo Ofiziala sortzeko egindako eskaera eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko zerbitzu juridikoek egindako txostena, non azaltzen baita aurkezturiko dokumentazioa Lanbide Elkargoei buruzko Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren 6. artikuluan eskaturikoaren araberakoa dela.

Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, aditzera ematen da elkargo horretako partaide izateko eskatzen den titulazio ofiziala podologia diplomaturari dagokiona dela, ekainaren 24ko 649/1988 Errege Dekretuaren arabera, izan ere, horren bidez podologia ikasketen planetarako jarraibide orokorrak, unibertsitate eskolek bete beharrekoak, ezarri ziren.

Titulazio ofiziala ez dutenak lanbide horretan aritzeko aukerabideei dagokienez, 1992ko azaroaren 25eko Aginduan xedatutakoari segituko zaio. Agindu hori podologia espezialitateko osasun arloko teknikari laguntzaileen titulua eta Podologiako Diplomatura unibertsitarioa baliokidetzeari buruzkoa da.

Podologiako diplomadunak martxoaren 29ko 727/1962 Dekretuaren 1. artikuluko bigarren lerroaldean, 3. artikuluari dagokionez, eta 5. artikuluko bigarren lerroaldean zehazturiko lanbide jardueretan aritu ahalko dira.

Orobat, irailaren 14ko 1132/1990 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria aplikatuko da. Dekretu horren bidez azterketa eta tratamendu medikua hartzen ari diren pertsonen babes erradiologikorako funtsezko neurriak ezarri ziren.

Hori guztia kontuan harturik, aplikagarri diren arauek ematen dizkidaten eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Podologoen Elkargo Ofiziala sortzeko espedientea jendaurrean jartzea hilabete batez, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Horren ondorioetarako, espedientea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Araubide Juridiko eta Administratiboaren Atalean egonen da ikusgai (Karlos III.a etorbidea, 2, beheko solairua), epe horretan interesatuek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten idatziz.

3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru Agindu hau Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzura igortzea.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita zortzian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0107002