96. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2001eko uztailaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Arazuri-Orkoiengo industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea", Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, onesten duena.

Nafarroako Gobernuak, 2001eko martxoaren 5eko Erabakiaren bidez, hasiera eman zion Arazuri-Orkoiengo industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari, Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustaturik.

Erabaki horretan adierazten zen espedienteak behar den bezala justifikatzen eta ebazten zuela aldaketan planteatzen zena: 4-1 lurzatia dotazioetarako lurzati pribatu izatetik lurzati industriala izatera pasatzea.

Jendaurrealdian Oltza Zendeako udalak aurkeztutako zenbait alegazio jaso dira. Haietan udalak dio balio anitzeko ekipamendurako azalera, proposatutako aldaketaren ondoriozkoa, txikiagoa dela legez aurreikusitako erreserba-modulu gutxienezkoak baino, eta horrek eragina izanen duela inguruko herrietan, ibilgailu astunak pasatuko baitira horietan barna industrialdean ez diren zerbitzuen bila.

Alegazioa ezestea proposatzen da, udalak egindako kalkuluetan balio anitzeko ekipamendu pribaturako azalera baizik ez baita kontuan hartu, eta ez balio anitzeko ekipamendu publikorakoa, nahiz eta azken hau berdin hartu behar den sektoreko zerbitzuetarako dotazio gisa. Bestetik, inork ez du eskatu azken aldi honetan industrialdeko balio anitzeko lurzorurik, eta, hortaz, planteatutako aldaketaren ondorioz ez bide dira gertatuko udalak alegazioan kezkaz aipatzen dituen eraginak.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduaren Batzordeak 2001eko ekainaren 26an emandako txostena kontuan harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplika daitezkeen gainerako arauak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Aurkezturiko alegazioak ebaztea, Erabaki honen azalpen zatian adierazi bezala.

2. "Arazuri-Orkoiengo industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea", Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, onestea.

3. Adieraztea Erabaki honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko helegitea jarri ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116 eta 117. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aipatu legea urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua da), edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan aurkatu ahalko da zuzenean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatutakoari jarraikiz.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Nasuinsari eta Oltza Zendeako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A0107667