92. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

582/2001 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Bide berria egitea: Merkantzien geltokia - N-121 - Garraioaren Hiria" proiektua jendaurrean jartzeko epea ebatzi eta behin betikoz onesten duena.

"Bide berria egitea: Merkantzien geltokia - N-121 - Garraioaren Hiria" proiektua teknikoki onetsi eta jendaurrean jarri zen uztailaren 5eko 676/2000 Ebazpenaren bidez.

Ondoren, apirilaren 20ko 348/2001 Ebazpenaren bidez, indarrik gabe utzi zen uztailaren 5eko Ebazpenak xedatutako Imarkoaingo mugapean ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendaren jendaurreko aldia, eta mugapeko ukipenen zerrenda berriro jarri zen jendaurrean.

Ebazpen horien bidez, hasiera eman zitzaion ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko espedienteari, eta proiektua jendaurrean jarri zen, egokitzat jotzen ziren ohar eta alegazioak egin zitezen.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen zerbitzuak aditzera eman du alegazioak aurkezteko epean hauek hartu direla:

1. alegazioa. Milagros Arraiza Echeverría andrea.

1. Adierazi du Francisco Zuza Munárriz jaunaren alarguna dela, eta bere senarra zena desjabetzapeneko lurzati baten jabea zela, baina, eskrituretan argi agertzen ez denez, ez dakiela zein izan daitekeen haren kokapen zehatza. Dena den, bere ustez, 1. poligonoko 401. lurzatia edo albokoren bat izan daiteke.

2. Okupatu aitzineko aktak egitean, alde horretako jabeen titulartasuna arretaz egiaztatzea eskatu du, bai eta eskritura eta katastro azaleren artean ezberdintasun handirik ez dagoela ere.

3. Irregulartasunik egonez gero, jakinaraztea eskatu du.

Erantzuna:

Aldarrikatutakoa ez da ongi zehaztu eta, gainera, datu gutxi aurkeztu dira. Beraz, ez da bidezkoa ukipena jabetza eztabaidagarritzat hartzea.

Orohar, okupatu aitzineko aktak egiteko unean edo desjabetzapen espedientearen hurrengo fase batean, jabeek egiaztatu behar izaten dute jabeak direla.

2. alegazioa. Miguel Elizari Reta jauna (Noaingo Udala).

Bide paralelotik igarotzen diren hari elektrikoak lurrazpitik sartzeko eskatu du.

Erantzuna:

Linea elektrikoa jartzeko, jabetza duen enpresaren aholkuak hartu dira kontuan. Linea elektrikoaren ezaugarriak direla-eta, hiri barnean ez baita, hariak ez dira lurrazpitik bideratu behar.

3. alegazioa. José Antonio Murillo Bravo jauna eta María Isabel Goñi Górriz andrea.

1. Desjabetzapenak lurzatiaren hiru laurden baino gehiago ukitzen ditu, elkarrean artean komunikaturik ez dauden bi eremu sortuz. Gainera, haietako batean, linea elektrikoaren euskarri bat paratuko da.

2. Linea elektrikoaren euskarria paratuko den azpieremuaren desjabetzapena eskatu du, haren azalera txikia dela-eta ezin baita landu.

Erantzuna:

1. Alegatutakoa onartu egin da, eta lurzati horren ipar-mendabaldeko gainerako zatia desjabetuko da.

4. alegazioa. María Angeles Archanco andrea.

1. Egindako proiektuan aurreikusi diren ukipenen eta 401. lurzatiaren artean ez dagoela loturarik apenas, tarte handia dagoelako batetik bestera, zati bakar batean ere ukitzen ez duela.

2. Ukipena gertatuko dela zehaztu gabeko errepide pribatu batengatik, proiektuan baino aipatzen ez dena.

3. Errepide hori egin nahi dela, egun nekazaritzarako erabiltzen den lurretan, helburu industrial argi eta berehalakoekin, eta horrek eragina izan behar duela balorazioa egiterakoan.

4. Desjabetzapenak ez duela zerikusirik proiektua sortu eta justifikatzen duen interesarekin, eta boterearen desbideraketaren ondorioa dela.

5. Finka hori desafektaziotik kanpo uzteko eskatu du.

Erantzuna:

Aurkeztu diren beste alegazio batzuk kontuan harturik, jendaurreko aldian iragarritako ukipenak baztertuko dira, "6. ardatza" izeneko bideak eragin baditu, proiektu honen xede den obra egiteko beharrezkoa ez baita.

Proiektuaren helburuko errepideak lur batzuk ukituko ditu; hori da 401. lurzatiaren ukipenaren arrazoia, proiektuko agiri guztietan adierazi moduan.

Ukipenak badu lotura proiektua sortu eta justifikatzen duen interesarekin. Ondorioz, alegatutakoa ezetsi egin da, 401. lurzatiaren okupazioa 676/2000 Ebazpeneko edukiaren arabera mantenduz.

5. alegazioa. César Oyárzun Celaya jauna.

1. Egindako proiektuan aurreikusi diren ukipenen eta haren jabetzako lurzatien artean ez dagoela loturarik apenas, tarte handia dagoelako batetik bestera, zati bakar batean ere ukitzen ez duela.

2. Ukipena gertatuko dela zehaztu gabeko errepide pribatu batengatik, proiektuan baino aipatzen ez dena.

3. Errepide hori egin nahi dela, egun nekazaritzarako erabiltzen den lurretan, helburu industrial argi eta berehalakoekin, eta horrek eragina izan behar duela balorazioa egiterakoan.

4. Desjabetzapenak ez duela zerikusirik proiektua sortu eta justifikatzen duen interesarekin, eta boterearen desbideraketaren ondorioa da.

5. Uztailaren 5eko 676/2000 Ebazpenean aipatu finken titularrak ez datozela bat benetakoekin, lehendabizikoak hauek baitira: Fernando José eta Francisco Javier Oyarzun Celaya jaunak, María Isabel Vidaurre Oyarzun andrea, Angel, Ana eta Carlos Oyarzun Goiburu jaun-andreak, Francisco Javier María de la Concepción, María del Carmen, José Manuel eta María del Pilar Oyarzun García jaun-andreak eta Concepción García Espinosa andrea.

6. Finken titulartasuna zuzentzeko eskatu du.

7. Finka horiek desafektaziotik kanpo uzteko eskatu du.

Erantzuna:

"6. ardatza" izeneko bidea egitea proiektuaren helburua ez denez, alegatutakoa onetsi da ardatzaren zati horri dagokionez. Beraz, 24. lurzatia (1. poligonoko 383. lurzatia) ukitu gabe geldituko da eta 19. lurzatian (1. poligonoko 404. lurzatia), berriz, 47 metro karratu ukituko dira.

Finkaren titulartasuna zuzenduko da, baina desjabetzapeneko espedientea egiteko unean egiaztatu beharko dute.

6. alegazioa. Concepción eta Silvestre López Rípodas jaun-andreak.

1. Egindako proiektuan aurreikusi diren ukipenen eta 402. eta 405. lurzatien artean ez dagoela loturarik apenas, tarte handia dagoelako batetik bestera, zati bakar batean ere ukitzen ez dituela.

2. Ukipena gertatuko dela zehaztu gabeko errepide pribatu batengatik, proiektuan baino aipatzen ez dena.

3. Errepide hori egin nahi dela, egun nekazaritzarako erabiltzen den lurretan, helburu industrial argi eta berehalakoekin, eta horrek eragina izan behar duela balorazioa egiterakoan.

4. Desjabetzapenak ez duela zerikusirik proiektua sortu eta justifikatzen duen interesarekin, eta boterearen desbideraketaren ondorioa dela.

5. Finka hori desafektaziotik kanpo uzteko eskatu dute.

Erantzuna:

"6. ardatza" izeneko bidea egitea proiektuaren helburua ez denez, alegatutakoa onetsi da ardatzaren zati horri dagokionez. Beraz, 18. lurzatian (1. poligonoko 402. lurzatia) 1.843 metro karratu ukituko dira eta 20. lurzatian (1. poligonoko 405. lurzatia), berriz, 1.195 metro karratu.

7. alegazioa. Asunción Yalar Lesaca andrea.

1. Ukitutakoen zerrendan Estefanía Luzuriaga Maya andrea agertzen dela Noaingo 1. poligonoko 376 eta 399. lurzatien titular, baina hil zela 2000ko urtarrilaren 15ean, eta bera dela aurrekoaren oinordekoa.

2. Legezko eta egungo titulartzat hartzeko eskatu du.

Erantzuna:

Aurkeztutako agiriak ikusirik, onartu egin da alegatutakoa, ukitutako ondasunaren titulartzat hartuz.

8. alegazioa. Esteban de Paz Pérez jauna (AUDENASA).

1. Proiektuko txostenean adierazi dela gaur egun iparralderantz eta ipar-mendebalderantz doazen ibilgailuetako askok erabiliko dutela eta Noaingo lotuneetatik pasatuko direla. Halaber, proiektuak aurreikusi duela bide hori lotzea autopistatik Imarkoaingo zerbitzugunera sartzeko bide-adarrarekin, eta errei bikoitzeko tartea kentzea, egun Garraioaren hirirako eta zerbitzugunerako erabiltzen dena, alegia.

2. Autopistara joateko zerbitzugunetik pasatzen den trafiko kopurua onargarria dela oraingo mailetarainokoa baldin bada. Baina, dena den, proiektuko bide berria dela-eta, autopistako sarbidea bere osotasunean aztertu behar dela, hau da, autopistako muinera sartzeraino, eta zerbitzugunea kontuan harturik.

3. Behin betiko onespena ematerakoan hori dena kontuan hartzeko eskatu du.

Erantzuna:

Proiektuan sartu den alternatiben azterlanean adierazi da A-15erako trafikoak orain arte bezala segituko duela pasatzen, hots, zerbitzuguneko bideetako batetik, eta bide horretako trafikoa gehiagotzen denean, behar diren jarduketei ekinen zaiela.

9. alegazioa. Sofía Fernández Eslava andrea.

1. SA-4 finkaren (Galarko 4. poligonoko 214. lurzatia) usufruktuduna dela, titularra hildako Félix Agorreta San Martín baita.

2. Lurzati horretan sartzeko zubi azpiko altuera 4 metrokoa izatea eskatu du, nekazaritzako makineria pasatu ahal izateko, edo, bestela, maila bereko pasagune baten bidez, bide berriko 1,450 k.p.tik, orain bidea den horretatik pasatzen uzteko eskatu du.

3. SA-5 finkaren (Galarko 4. poligonoko 213. lurzatia) errentaria dela.

1. Eskatutakoa onetsi egin da, baina aurkeztu beharko du SA-5 finkaren usufruktuduna eta SA-4 finkaren errentaria dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

2. Zubi azpiko galibo librea 3,50 metrokoa da, eta ezin da 4 metrotara handitu.

Ezin da baimenik eman lurzatira maila bereko pasagune baten bidez sartzeko, gune arriskutsua da eta.

10. alegazioa. Juan Eseverri Abentin jauna (Imarkoaingo kontzejuburua).

1. Trafikoa nabarmenki gehiagotuko denez, beharrezkoa izanen dela beste sarbide bat egitea Imarkoainerako eta NA-5001 errepiderako, Dorrerantz, Imarkoaingo hilerriko errepidea aprobetxatuz.

2. Trafikoa nabarmenki gehiagotuko denez, beharrezkoa izanen dela beste sarbide bat egitea Imarkoainerako eta NA-5001 errepiderako, autopistatik, Imarkoaingo zerbitzuguneko sarbide zaharreko ezkerraldea edo Imarkoaingo hilerriko errepidea aprobetxatuz.

3. Jendaurrean jarritako ondasun eta eskubideen zerrenda baliogabea dela oso-osorik, titularren zerrenda zaharra baita, Imarkoaingo kontzejuan lurzatien berrantolamendua egin zelako.

4. Jendaurrean jarritako proiektuak ukitzen dituela, hein batean, aspaldi Imarkoaingo aduana egiteko desjabetutako lurrak, eta Kontzejuak bere esku duela itzultzeko eskubidearen erabilera, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 54 eta 55. artikuluetan arautzen baita.

5. Imarkoaingo sarbideak direla-eta, konponbide bat bilatzea eskatu du.

6. Eskatu du Imarkoaingo mugapean ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendaren gaineko jendaurreko informazioa baliorik gabe utzi, lurren berrantolamenduaren ondoriozko titulartasun berrien araberako zerrenda egin eta berriro jendaurrean jartzeko.

Erantzuna:

1., 2., 5. Sarbide berriei dagokienez, alegatutakoa ez da aintzat hartu, ez baita proiektuaren esparruan eta helburuetan sartzen.

3., 6. Alegatutakoa onartu da, eta ondasun eta eskubideen zerrenda 348/2001 Ebazpenaren bidez zuzendu da.

4. Kontzejuak ongi azaldu duenez, itzultzeko eskubidea arauturik dago Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 54 eta 55. artikuluetan, eta, kasua bada, haien arabera jardunen da.

11. alegazioa. Juan Eseverri Abentin jauna (Imarkoaingo kontzejuburua).

Apirilaren 20ko 348/2001 Ebazpenaren bidez xedatutako jendaurreko aldian alegazio bat aurkeztu du, 10. alegazioko Imarkoaingo sarbideei eta lurren itzulerari buruzko eskaerak berresteko.

Erantzuna:

10. alegazioari egindako erantzun bera.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/99 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik dauzkan ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedaturikoarekin bat, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. "Bide berria egitea: Merkantzien geltokia/N-121/Garraioaren Hiria" proiektua jendaurrean egoteko epea Ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala bukatutzat ematea, aukezturiko alegazioei erantzunik.

2. "Bide berria egitea: Merkantzien geltokia/N-121/Garraioaren Hiria" proiektua behin betikoz onestea. Haren aurrekontua 1.047.328.048 pezetakoa da eta 18 hilabetetan egin behar da.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzura, Bide eta Eraikuntza Zerbitzura, Desjabetzapen Atalera, alegazio-egileei, Noain-Elortzibarko eta Galarko Udaletara eta Imarkoaingo Kontzejura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren lauan.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: a0107339