8. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 17a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

G A R R A L D A

Behin betiko onespena, herrilurretako aprobetxamenduen ordenantzari

Garraldako Udalak Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza onestea erabaki zuen, boz batez, 2000ko azaroaren 3an egin bilkuran.

Ordenantza hori Udalak 2000ko uztailaren 11ko osoko bilkuran erabakita onetsi zen hasiera batean, eta 2000ko 113. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 18an.

Jendaurrean egoteko aldian alegazio bat aurkeztu da, eta hura ezetsi da, irailaren 3ko osoko bilkuran horrela erabakita.

Aditzera ematen da orok jakin dezan, eta ohartarazten da behin betiko onespenaren aurka jo daitekeela bide hauetariko batetik:

a) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa zuzenean paratuz, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa paratuz, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina.

Behin betikoz onetsitako testua hau da:

HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.-Garraldako Udalaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herrilurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa eta erabil ditzaketenak dira.

3. art. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. KAPITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. art. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Garraldako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Garraldako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati tikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Garraldako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Garraldako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herri ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. art. Garraldako Udala herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzari.

8. art. Garraldako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. art. Garraldako Udalak Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. art. Garraldako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Garraldako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Garraldako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. º Zerbait interpretatzeko hartzen diren erabakiak berehala betearaziko dira, kontratistek epaileengana joz bidezko deklarazioa lortzea ukatu gabe.

13. art. Garraldako Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Garraldako Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

1. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilurretako larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egur edo epaitzen aprobetxamendua.

d) Naturaren produktuen aprobetxamendua.

e) Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak.

15. art. Garraldako Udala ahaleginduko da herrilurrak produkziorako abian jartzera, hobetzera eta ahalik eta hobekien aprobetxatzera, haien izaera sozialari kalte egin gabe.

Herrilurretako aprobetxamenduak naturaren baliabide berriztagarriak direla kontuan hartuz eginen dira, baita horien erabilera arrazionala behar den zainketarekin uztartuz ere.

16. art.

1. Orokorrean, Garraldako herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua izatea.

b) Udal Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea bortz urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizi izatea.

d) Udalerri honekin inolako zor fiskalik ez izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Garraldako Udalak argituko ditu, osoko bilkuran batzartuta eta haren Herrilurren batzordeak aitzinetik txostena eginda.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

17. art. Herrilurren aprobetxamenduak izan daitezke laborantzarako edo aziendak larratzeko, eta hiru modu ezberdinetan eginen dira lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Udalaren zuzeneko ustiapena.

Garraldako Udalak modu horiek aipatu ordena berean aplikatuz eginen du laborantzako nahiz aziendak larratzeko herrilurren aprobetxamendua esleitzeko prozesua.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. art.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutieneko soldataren % 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

19. art. Ereduko lotearen azalera, mota honetan, 25 erregu da.

20. art. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate aunitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Garraldako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 18 eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Kasu honetan, Udalak bere herrilurren % 50 erabiliko du, gutienez, banatzeko era honetarako.

21. art. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea gutienez ere 8 urtekoa izanen da. Laborantza urteanitzak badira, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatuko da.

22. art. Aprobetxamendu mota honetan, herrilurren onuradunek ordaindu beharreko lur-saria urteko 1.000 pezeta da lur erregu bakoitzeko.

Zenbateko hori urtero eguneratu beharko da, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera. Nolanahi ere, lur-sariak Garraldako Udalak ordaindu beharreko kostuak estaliko ditu gutienez ere.

23. art. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Lurzatiak aziendak larratzeko erabiliz gero, lurzatien onuradunen izenean katastroan sarturiko aziendak baizik ez dira han larratzen ahalko.

24. art. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Garraldako Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. art. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-sariari dagokiona kendu ondotik.

Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzkatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza partzuergoan eman edo laga egiten duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek partzuergoa edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Udalaren diruzaintzan.

26. art. Garraldako Udalak egoki juzkatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko, eta berdin larratzen den azienda -katastroan sartutakoa- lurzatiak noren izenean dauden, harexena dela.

Lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direla ulertuko

da:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustetan, esleitu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez dituenean.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondotik, agindu epean aurkezten ez dituenean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berak edo Udalak baimendutako pertsonek eginak, frogatzeko agiriak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere. p.e) Esleitutako lurzatiaren % 80, gutienez, lantzen ez duenean, aziendak larratzeko erabili ezik.

f) Laborantzako lurren jabeak izanik, hirugarrenei errentan emanak dituenean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

27. art. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, edo beren izenean katastroan sartutako aziendak larratzeko erabiltzen ez dituztenak, zuzenean esleituko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. art. Herritarren artean zuzenean esleituko diren loteen azalera Udalak zehaztuko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik. Esleipena gelditu diren lurren azalera eta sarturiko eskabideen arabera eginen da.

29. art. Esleipen epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. art. Aprobetxamendu mota honetan, herrilurren onuradunek ordaindu beharreko lur-saria urteko 2.000 pezeta da lur erregu bakoitzeko.

Zenbateko hau orain proposatutako lur-sariari dagokio, eta eguneratuko da urtero, nekazaritzako KPIaren bitartez gehienez ere.

31. art. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen-hartzaileak. Horretarako, 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Larrean lurzatien esleipen hartzaileen izenean katastroan sartutako aziendak bazkatuko dira.

32. art. Udalak beretako gordeko du laborantzako herrilurren edo herrilurretako larreen osotasunaren % 5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.

Azalera hori enkantean jarriko da, berriz ere banaketa egin arte gelditzen den denborarako.

33. art. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularreen eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 18.3) artikuluan ezarritako irizpide berberei jarraituko zaie.

34. art. Garraldako Udalak 800 metro karratuko baratzak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten famili unitateetako titularrei, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da landalurren jabe izanen, ezta bertzelako herrilur lote baten onuradun ere.

b) Laborantza zuzenean eta pertsonalki egin behar da 23, 24, 25 eta 26. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Esleipena 8 urtetarako izanen da.

d) Lur-saria 10 pezetakoa izanen da urtean metro karratu bakoitzeko. Lur-saria urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako KPIren ariora.

Horretarako, Udalak eskaerei erantzuteko aski den azalera erreserbatuko du; hori laborantzako herrilurraren eta herrilurretako larreen azalera osoaren % 10 baino handiagoa ez da izanen.

3. ATALA

Udalaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

35. art. Garraldako Udalak laborantzarako lurra edo larrerakoa soberan baldin badago, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, enkante publikoan esleituko du zehaztuko den eperako, betiere esleipena banaketa berria egitean bukatzen bada.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Udalak finkatuko du eta eskualde horretan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko hauek, nekazaritzako KPIa nola aldatzen den, halaxe eguneratuko dira urtero.

Enkantea egin ondotik laborantzako edo larreetarako lurra soberan gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleipenaren prozedura

36. art. Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondotik, 10 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten, ediktua Udalaren iragarki oholean argitara eman ondoan.

37. art. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, honako hauen gainean:

a) Herriko bizilaguna dela, gutienez ere urtebeteko antzinatasunarekin, eta urtero bederatzi hilabete egiten dituela, bederen, udalerrian.

b) Udal honekin zerga arloko eginbeharrak bete direla.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitatea osatzen duten kideetako bakoitzak Udal honetan eta bertzeetan beren jabetzakoak dituen erreguak.

e) Famili unitatea osatzen duten kideetako bakoitzak errentan harturik edo jabetzatik aparteko bertzelako moduren batean lantzen dituen lurrak, Udal honetako mugapean eta bertze batzuetan.

f) Famili unitateko kide bakoitzak hirilurreko aberastasunaren zergapean duen kapitala, norberaren etxebizitzarena salbu, bai honen mugapean bai bertze batzuetan.

g) Nekazaritzatik, industriatik edo zerbitzuetatik famili unitateko kide bakoitzak dituen dirusarrerak, baita Gizarte Segurantzako pentsiodunenak edo bertze errentak ere.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Garraldako Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. art. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. art. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean paratuko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bihurtuko dira.

40. art. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horiei buruzko ebazpena emanen du eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

41. art. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak esleituko dira, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzako herrilurren gainontzeko azalerari dagokionez, Udalak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei, eta loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunetan, iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

42. art. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako eta azienda larratzeko herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilurretako larre libreen aprobetxamendua

43. art. Herrilurretako larre libreen -hots, hesitu gabeen- aprobetxamendua, III. kapitulu honetan arautzen dena, ordenantza honetako IV. tituluko II. kapituluan ez bezalako herrilurretan eginen da, hura larre hesituei baitagokie.

44. art. Garraldako Udalaren herrilurretako larre hauen aprobetxamendua herritarrendako zuzeneko esleipenaren bitartez eginen da

45. art. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako tilularrak izanen dira herrilurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

46. art. Larreak zuzenean aprobetxatuko dira eta ez da zilegi izanen haien azpierrentamendua edo lagapena.

47. art. Esleipen epea 8 urte izanen da.

48. art. Udalak urtero baimentzen duen azienda kopurua (A.L.U., azienda larriko unitateetan neurtua) baizik ez da larratuko.

Larre berritzea bermatzeko, Udalak alatzeko tokiak eta aldeak ezarrituko ditu, eta horiek urtero berrikusiko.

Larratzeko urteoro baimenduko diren azienden kopurua finkatzeko, Udalak identifikatuko ditu. Markatu eta gero aldaketaren bat izanez gero, esleipen hartzaileek Udalari jakinarazi behar diote hamar egunetan, behar diren oharpenak egiteko, izan ere bertzenaz kuota osoa kobratuko da markazioaren emaitzaren ariora.

49. art. Garraldako Udalak lur-sari hau ezarri du azienda mota bakoitzerako:

a) Ardia: 400 pezeta buru eta urte bakoitzeko.

b)Behia: 3.200 pezeta buru eta urte bakoitzeko.

c) Behorra: 4.000 pezeta buru eta urte bakoitzeko.

50. art. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (abeltzaintzako KPIa) onesten dituen indizeak kontuan hartuz.

51. art. Urte bakoitzari dagokion lur-sariaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da.

52. art. Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituzten aziendek beharko dute izan osasun ziurtagiri bat egiaztatzen duena Herrilarretan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla, eta horregatik bete behar dira aipatu Foru Legean eta haren Erregelamenduan zehaztutako baldintza guztiak.

53. art. Herriko ohiturari jarraikiz eta larreberritzea eta hura hobeki zaintzea posible egitearren, Garraldako Udalak, urtero, apirilaren lehenean itxiko du herrilurra eta hurrengo maiatzaren 15ean berriz ere irekiko.

54. art. Prozedura. Udalak aldez aurretik erabakita, 10 eguneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek larreen esleipen zuzena eska dezaten, ediktua Udalaren iragarki oholean aitzinetik paratuta.

55. art. Udalak behin-behinekoz eginen du esleipena, kontuan harturik lehentasuna emanen zaiola egoera ekonomikorik urriena duen famili unitateari.

56. art. Behin-behineko esleipena eginda, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Hura iraganik halakorik ez bada, behin betikoz onetsitzat joko dira.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

57. art. Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Garraldako Udalak epaitzak banatuko ditu ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

Hauek ere epaitzen onuradunak izan daitezke:

a) Bertako herritarrak edo bizilagunak izan gabe, etxebizitzen jabe direnak. Bi baldintza horietarik edozein falta badute, hiru urtetik behin epaitz baterako eskubidea izanen dute.

b) Bertako herritarrak edo bizilagunak izan gabe, etxebizitzen errentariak direnak. Bi baldintza horietarik edozein falta badute, bi urtetik behin epaitz baterako eskubidea izanen dute. Herritar eta bizilagun badira, urtean urtetik behin epaitz baterako eskubidea izanen dute.

58. art. Garraldako Udalak urtero finkatuko du famili unitateei esleitzeko epaitzen bolumena, oihanean dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

59. art. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

60. art. Egurra banatzerakoan Garraldako Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik.

61. art. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Garraldako Udala irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan islatzen den bezala.

Epaitzak zozketa publikoan banatuko dira.

62. art. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

63. art. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren esleipena ukatuko zaie.

Herrilurretako bideak ez hondatzeko, Udalak urte bakoitzean ezartzen dituen egunetan aterako dira epaitzak. Horiek urteko aro idorrean izanen dira, ekainetik irailera arte nagusiki.

V. KAPITULUA

Naturaren produktuen aprobetxamenduak

64. art. Garraldako Udalaren herrilurretan, basa fruitu, landare urrintsu eta sendabelar, onddo eta zizen aprobetxamendua onuradun hauei dagokie:

a) Herritar adinez nagusiak, erroldatuak eta bertan bizi direnak, urtero 2.000 pezetako kuota aldez aurretik ordainduta.

b) Garraldako mugapeko hiri nahiz landa finken jabeak, bertako herritarrak ez bizilagunak ez direnak. Bi baldintzetarik edozein edo biak falta izanez gero, aprobetxamendurako eskubidea izanen dute urtean 5.000 pezetako kuota ordaindutakoan. Halaber, aipatu jabearen ezkontideak, eta zuzeneko aurreko nahiz ondorengoek izanen dute aprobetxamendurako eskubidea, kuota berdina ordainduz gero.

c) Herriko seme-alabak erroldatu gabeak edo bizilagun ez direnak. Bi baldintzetarik edozein edo biak falta izanez gero, aprobetxamendurako eskubidea izanen dute urtean 5.000 pezetako kuota ordaindutakoan.

d) Herriari lotu gabeko edonor, Udalak osoko bilkuran komenigarritzat hartzen badu, 15.000 pezetako kuota ordaindutakoan.

Osoko bilkuran erabakia hartuta, kanpotarrei aprobetxamendua onartzeko komenientzia erabaki beharko da, urte bakoitzean naturaren produktuen ugaritasunari begiratuta.

Bilketarako baldintzei dagokienez, zehaztapen hauei jarraitu beharko zaie:

1. Onddoek beren ziklo biologikoa bukatzeko astia izan dezaten, karpoforoak txapela osoki zabalik dutela eta azpiko orri edo esponiak, espezieen ariora, erabat garatuak eta koloretuak dituztela bildu behar dira.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren Foru Aginduaren bitartez baimentzen diren espezieak baizik ez dira bilduko.

3. Aldatutako karpoforoak oihanean utzi behar dira, espeziea hedatzeko duten balioagatik.

4. Karpoforoak kasu handiz bilduko dira, mizelioari kalterik ez egiteko. Zainak moztu eta hostoen artean lurperatuko dira, espeziearen hedadura errazteko.

5. Onddo barrutiei dagokienez, barrutitik kanpokoek gehienez ere hamar ale hartzen ahalko dituzte, lagun bakoitzeko, barrutiaren barnean sartutako espezieetatik.

65. art. Garraldako Udalak urtero finkatuko ditu aprobetxamendu hauetarako indarra izanen duten kuotak.

66. art. Urteroko apirilaren 30a baino lehen, onuradunek naturaren produktuak biltzeko baimena ematen duen txartela eskatu behar dute Herriko Etxean. Aprobetxamendua erabiltzen ari direnean aldean eramanen dute beti.

VI. KAPITULUA

Herri ondasunen bertze aprobetxamendu batzuk

67. art. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Parlamentuaren 1981-3-17ko Arauan eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

68. art. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Garraldako Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VII. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

69. art. Garraldako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, ukitutako lurrek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea edo arbolak landatzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

70. art. Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

71. art. Hau da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean paratzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioen gainean.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

72. art. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

73. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hilabetez jendaurrean paratu eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

74. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipeneko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilurretan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Larretan Udalari erran baino azienda kopuru gehiago edo erran ez zaion motakoak sartzea.

j) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

k) Artzaintzarako aldeak ez errespetatzea.

l) Naturaren produktuak biltzea horretarako gaitzen duen txartelik gabe.

ll) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

75. art. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

-a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

-g) arau-haustearengatik lurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik, l) letrakoa izan ezik, egindako kaltearen balioaren halako bortz eta hamar bitartean ordainaraztea. Balioa zehazterik ez badago, hamar milatik berrehun mila pezeta bitarteko zehapena ezarriko da

-Oihanetako material mineral edo landare produktuak baimenik gabe aprobetxatu edo ateratzea arau-hauste arina izanen da, legez baimena galdatzen ahal bada eta tasazioa hamar mila pezeta baino gutiagokoa bada. Zehapena hamar mila pezeta izanen da gehi kalteak halako lau, kalterik bada.

-Oihanetako material mineral edo landare produktuak baimenik gabe aprobetxatu edo ateratzea arau-hauste arina izanen da, legez baimena galdatzen ahal bada eta tasazioa hamar mila pezeta edo gehiago bada. Zehapena berrehun mila pezeta izanen da gehi kalteak halako lau, kalterik bada.

-Herrilurretako ondasunetan (azpiegiturak, instalazioak, lokalak, oihanak, belaiak, etab.) egindako kalte eta galerak Udalaren zerbitzuak moldatuko ditu. Bertzenaz, hirugarrenei kontratatuko die Udalak. Moldaketa horien ondorioz sortzen diren gastu guztiak kalte eta galeren egileen kontura izanen dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da Herrilurretako ondasunen aprobetxamenduak arautzeko ordenantza, Udal honek 1993ko urtarrilaren 20ko bilkuran onetsi zuena.

Garraldan, bi milako azaroaren hiruan. Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0010538