63. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E G U E S I B A R

II. Pintura Lehiaketa

Eguesibarko Udalak, 2001eko apirilaren 19an egin osoko bilkuran, II. Pintura Lehiaketa onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

EGUESIBARKO UDALAREN II. PINTURA LEHIAKETAREN OINARRIAK

I.-Lehiaketaren xedea.

1. Eguesibarko Udalaren II. Pintura Lehiaketaren xedea da arte jarduerak sustatzea, pintura bereziki, udalerriaren natur nahiz gizarte ingurumena ezagutaraztea eta udalaren ondarea osatzeko arte lanak erostea.

II.-Parte hartzaileak.

2. Lehiaketan Nafarroan erroldaturik dauden guztiek parte har dezakete, adin mugarik gabe.

3. Nolanahi dela ere, parte hartzaileen artean, sari berezi bat emanen zaio Eguesibarko artistarik hoberenari. Epaimahaiak sari berezi hori jasotzeko hautatzen duen lehiakideak Eguesibarren erroldaturik egon beharko du Udalak osoko bilkuran oinarri hauek onesten dituenean.

4. Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere lan bakar bat aurkez dezake.

III.-Lanak.

5. Aurkezten diren lanetan, nahitaez, gai nagusia Eguesibarko paisaia edo lekuren bat izanen da.

6. Aurkezten diren lanek argitaragabeak eta bertze lehiaketa edo erakusketa batean aurkeztu gabeak izan beharko dute. Teknika aukeran da.

IV.-Teknika eta aurkezpena.

7. Aurkezten diren lanak lehiakideek nahi bezala hautatzen duten teknikaren bidez eginen dira.

8. Lanaren formatoa hau izanen da: 65x50 gutxienez eta 130x89 gehienez.

Lanak aurkeztuko dira zurezko listoian, aurrealdean gehienez ere 3 zentimetro zabal, eta kristalik gabe.

IV.-Lanak aurkezteko tokia, modua eta epea.

9. Lanak Eguesibarko Udaletxean aurkeztuko dira.

10. Lanek gibelean paratutako lema bat izanen dute ezaugarri. Bakoitzarekin batean gutunazal itxia aurkeztuko da. Haren kanpo aldean, zein lani dagokion, haretxen lema paratuko da. Barnean, berriz, artistaren datu pertsonalak sartuko dira: izen-deiturak, helbidea, N.A.N. eta telefono zenbakia, gutxienez.

Parte hartzaileek Eguesibarko artistarik hoberenarentzako sariketan lehiatu nahi badute, gutunazalaren leman paratu beharko dute "Eguesibarko artista".

V.-Epaimahaia.

11. Eguesibarko Udalak osoko bilkuran erabakiko du nork osatuko duten Epaimahaia, obrak aurkezteko azken eguna baino lehen.

12. Epaimahaia modu baliozkoan eratzeko mahaikideen erdiak gehi bat beharko da, eta erabakiak hartzeko, berriz, bertan direnen gehiengoa.

13. Epaimahaiak bi hilabeteko epea du bere erabakia emateko, lanak aurkezteko azken egunaren biharamunetik hasita.

VI.-Sariak.

14. Sari hauek emanen dira:

A) Orokorrak:

1. Lehen saria: 250.000 pezeta eta diploma.

2. Bigarren saria: 150.000 pezeta eta diploma.

3. Hirugarren saria: 100.000 pezeta eta diploma.

B) Eguesibarko artistarik hoberena: 150.000 pezeta eta plaka.

Sariei legez dagokien atxikipena eginen zaie.

15. Pertsona berak ezin izanen ditu jaso orokorretako lehena eta Eguesibarko artistarik hoberenarena, aldi berean.

16. Epaimahaiak eman gabe utz dezake sariren bat nahiz guztiak.

17. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

VII.-Saritzen diren lanen jabetza.

18. Eguesibarko Udala jabetuko da lan sarituez, eta berak nahi duen modura erabakiko du haien destinoa.

19. Saririk gabeko parte hartzaileek sei hilabeteko epea izanen dute aurkeztutako lanak eramateko, epaimahaiak bere erabakia hartzen duenetik. Epe hori iragaten bada egileak lana udal bulegoetatik eraman gabe, Udala haien jabe eginen da.

20. Epaimahaiaren erabakia jakin ondotik, Eguesibarko Udalak erakusketa bat egiten ahalko du lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin. Erakusketak gehienez ere hilabete bat iraunen du. Parte hartzaileak beharturik daude beren lanak erakusketarako uztera, baldin eta Epaimahaiak erabakia hartzen duenetik hasi eta sei hilabeteko epea iragan ez bada.

VIII.-Kalte-galerak.

21. Eguesibarko Udalak ez du erantzukizunik izanen aurkezten diren lanen gainean gerta daitezkeen kalte- galeretan.

Hala ere, bere esku dauden bitartean lanak zaintzen ahaleginduko da.

IX.-Oinarri hauen onarpena.

22. Lanak lehiaketara aurkezteak oinarri hauek guzti- guztiak eta epaimahaiaren erabakia onartzea dakar berarekin.

Eguesibarren, bi mila eta bateko apirilaren hogeita lauan. Alkatea, Ignacio Galipienzo Jiménez.

Iragarkiaren kodea: A0104556