5. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

17/2000 FORU LEGEA, abenduaren 29koa, Zahar-etxeetako egonaldiak finantzatzeko erabiltzaileek ordaindu beharrekoa arautzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARI NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, ZAHAR-ETXEETAKO EGONALDIAK FINANTZATZEKO ERABILTZAILEEK ORDAINDU BEHARREKOA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroak eskumen osoa du gizarte laguntzako gaietan, orokorrean, eta, berariaz, adinekoen arloko gaietan.

Aipatu legeko 40. artikuluak ezartzen du Foru Komunitateak, eskumen osoa duen gaietan, legegintzarako ahalmena duela, besteak beste.

Legegintzarako ahalmen hori erabili eta Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea onetsi zen; lege horretako 13. artikuluak xedatzen du dirusarreren barrenean sartuko direla erabiltzaileek zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasa edo tarifak, zeinak erregelamendu bidez ezarriko baitira.

Halaber, Nafarroako Plan Gerontologikoak -Nafarroako Parlamentuak 1997ko ekainaren 3an onetsi zuen-, garatu beharreko beste neurri batzuez gain, hurrengoa ere hartzen zuen kontuan: zahar-etxeetako zerbitzuak erabiltzen zituzten pertsonek parte hartu behar zutela haiek finantzatzen, betiere erabiltzaileen baliabide ekonomikoen arabera, hala agintzen baitute gizarte justizia eta aberastasunaren banaketa ekitatezkoak, eta parte-hartze hori arautu beharra zegoela.

Horrela, foru lege honetan agertzen dira, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zahar-etxeetako nahiz administrazio horrekin itundutako zahar-etxeetako erabiltzaileek ordaindu beharrekoa, eta, bestetik, aipatu administrazioak erabiltzaileei administrazioaz besteko zahar-etxe bateko egonaldiak ordaindu ahal izan ditzaten emaniko prestazio ekonomikoak.

Zahar-etxe itundutzat hartuko dira, Gizarte Zerbitzuen arloko itunei buruzko urriaren 25eko 20/1985 Foru Legearen 3. artikuluarekin bat, bai kudeaketa itundua duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zahar-etxeak, bai administrazioaz besteko zahar-etxeetan itun bidez erreserbatuta dauden plazak.

Horrenbestez, foru lege honetan, administrazioaz besteko zahar-etxetzat hartuko dira Foru Komunitateko Administrazioarenak ez diren zahar-etxeak eta zahar-etxe horietan itundu gabe dauden plazak.

Orobat, foru lege honek espresuki aitortzen du zuzenbide publikoko diru-sarrera direla Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ezarritako prezioak; hori bat dator Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen Tasa, Ordainarazpen Parafiskal eta Prezioei buruzko testu artikuluduna onetsi zuen uztailaren 24ko 144/1987 Foru Dekretu Legegileak ezarritakoarekin; arau horrek ezartzen du preziotzat hartuko dela aipatu institutuak emaniko laguntza-zerbitzuengatiko kontraprestazioa.

Prezio horiek, ondorioz, Nafarroako Foru Ogasun Publikoaren eskubide ekonomikoak dira; hala ezartzen du Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeak. Ogasun Publikoak, beraz, legez ezarritako prerrogatibak ditu, eta, behar izanez gero, kasuan kasuko administrazio prozedurak erabiliko ditu.

Legeak badu berria den alderdi bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli egin behar zaizkio hark administrazioaz besteko zahar-etxeetako erabiltzaileei emaniko diru kopuruak, zahar-etxe horietan jasotako zerbitzuak ordaintzeko diru kopuruak alegia; itzulketa horiek ere zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua erakunde autonomoaren tarifa edo prezioei buruzko orain arteko araudia ikusita, lege hau garrantzitsua da; izan ere, ezartzen du berme pertsonal edota errealak eratu behar direla prezioen kobrantza bermatzeko edo emaniko prestazio ekonomikoen itzulketa bermatzeko; berme errealak, betiere, erabiltzailearen ondasunekin bakarrik eratu ahalko dira. Hala ere, erabiltzaileak ezin duela bermerik eratu frogatuz gero, ezin izanen zaio, inola ere, zerbitzua ukatu.

Bermea etxebizitza bada, eta haren bidez betearazi nahi bada zorra, betearazpena eten eginen da, hurrengo arrazoietakoren bat dela medio: etxebizitza beharrezkoa bada bizitzeko zahar-etxea utzi delako, ezkontidearen edo beste familia-unitaterik osatzen ez duten seme-alaben bizitoki bakarra bada, edota beste norbaitena -pertsona horien beharra Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak aztertu beharko du-.

Azpimarratu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat da legeak egonaldiko gehienezko prezio batzuk ezartzen dituela zahar-etxe motaren arabera. Prezio horiek zerbitzuen benetako kostua baino merkeagoak dira, baina zahar-etxeetako prezioek -urtero ezartzen ditu Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak; arau honek ematen dizkio horretarako baimena- ezin izanen dituzte gainditu foru lege honetan ezarritako gehieneko prezioak.

Horrela, bermatuta dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zahar-etxeak nahiz zahar-etxe itunduak erabiltzen dituzten pertsonek egonaldiaren truke ordaindu beharrekoa, edota hori dela-eta eginiko zorra, ez dela foru lege honetan ezarritakoa baino gehiago izanen. Prezio hauek, halaber, administrazioaz besteko zahar-etxeetan egoteagatiko prestazio ekonomikoen gehieneko muga ere izanen dira.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua.

Foru lege honen helburua da arautzea, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zahar-etxeetako nahiz administrazio horrekin itundutako zahar-etxeetako erabiltzaileek ordaindu beharrekoa, eta, bestetik, aipatu administrazioak erabiltzaileei beste zahar-etxe bateko egonaldiak ordaindu ahal izan ditzaten emaniko prestazio ekonomikoak.

Lege honetan, administrazioaz besteko zahar-etxetzat hartuko dira, hala Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak ez direnak, nola administrazio horrekin itunik ez dutenak.

2. artikulua. Ordaintzeko betebeharra duten pertsonen ahalmen ekonomikoa ezartzea.

Foru lege honetan, hurrengoen arabera kalkulatuko da ahalmen ekonomikoa: errenta, ondarea, familia-unitatea osatzen duten pertsona kopurua.

Errentatzat hartuko dira familia-unitateak hurrengoak direla-eta dituen diru-sarrera guztiak:

Laneko etekinak; hor sartuko dira, baita ere, pentsioak eta gizarte-aurreikuspeneko prestazioak, edozein dela ere haien araubidea.

Kapital higigarri eta higiezinaren etekinak.

Enpresa edo lanbide bateko etekinak.

Ondaretzat hurrengo hau hartuko da: erabiltzailearen kapital higigarri eta higiezin guztia, prestazioa jasotzen hasi aurreko bost urtetatik aurrera baloratuta, gezurrezko pobretze oro alde batera utzita. Horren balioa neurtzeko, Ondarearen gaineko Zergarako ezarritako arauak erabiliko dira.

Kapital higigarritzat hauek hartuko dira: kontu korronteko eta eperako gordailuak, inbertsio eta pentsio funtsak, balore higigarriak, bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak, artelanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauza baliodunak.

Kapital higiezintzat, aldiz, hurrengoak hartuko dira: landa-lurreko ondasunak eta hiri-lurreko ondasunak.

Familia-unitatetzat hartuko da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga erregulatzen duten arauetan zehaztu bezala.

Ahalmen ekonomikoari buruzko datuak faltsutu edo ezkutatuz gero, zerbitzua aldi baterako edo behin betikoz eten ahalko da.

LEHENBIZIKO TITULUA

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zahar-etxeetako eta zahar-etxe itunduetako erabiltzaileek ordaindu beharrekoa

3. artikulua. Prezioak publikoak dira.

Zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak bere zahar-etxeetan eta beste batzuekin itundutako plazetan ezarritako prezioak.

Hilerokoa ordaintzeko zein duen zorra kobratuko delako bermeak ezartzeko desgaitasun frogatuak ez du, inolaz ere, zerbitzua ez ematea edo atzeratzea ekarriko.

4. artikulua. Gehieneko prezioak.

Prezioa ezartzeko, kontuan hartuko dira bai zuzeneko kostuak, bai kostu orokorren ehuneko jakin bat, dagokiona. Kostu orokorrak dira, adibidez, langile-gastuak, material eta kontserbazio-gastuak, finantza-zamak, zuzeneko zerikusia duten instalazioen amortizazioa, eta administrazio-gastuak.

Prezio horiek merkatu-prezioak izan daitezela saiatu behar da; betiere, horretarako aukera ematen badute Nafarroako Foru Komunitateko egoera ekonomiko orokorrak bai eta errenten nahiz erretiro-pentsioen mailak ere.

Nolanahi ere, zahar-etxeetan, egonaldiko gehieneko prezioak, hileko, hurrengoak dira:

Zahar-etxea:

Gauza den batentzako plaza: lanbide arteko gutxieneko hileko soldataren halako 1,5.

Laguntza behar duen batentzako plaza: lanbide arteko gutxieneko hileko soldataren halako 2,5.

Eguneko zentroa: lanbide arteko gutxieneko hileko soldata.

5. artikulua. Eguneko zentroak eta aldi baterako edo familien atsedenerako egonaldiak.

Plaza hauei ordainketarako eta honen progresibitaterako 2 eta 4. artikuluetan aurreikusiriko irizpide berak aplikatuko zaizkie, erabiltzailearen ondasunen gainean berme pertsonalik eratzeko betebeharrik gabe.

6. artikulua. Prezioa ezarri, kudeatu eta kitatzeko erakunde eskuduna.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dagokio prezioa ezarri, kudeatu eta kitatzea.

Zerbitzua itunpean ematen duten entitateei eskuordetu ahal zaie kudeatzea eta kitatzea.

Aurreko hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izanen Ekonomi eta Ogasun Departamentuak erabili ahal izan ditzan bereak dituen ahalmenak.

7. artikulua. Pertsona bakoitzak hilean ordaindu beharrekoa zehaztea.

Zahar-etxean sartu aurretik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ebazpen bidez zehaztuko du erabiltzaile bakoitzak zenbat ordaindu behar duen hilean. Hori erabakitzeko, kontuan hartuko dira, 2. artikuluaren arabera, errenta, kapital higigarria eta higiezina -baldin eta urtean etekinak sortzen badituzte- eta familia-unitatea osatzen duen pertsona-kopurua.

Ordaindu beharrekoak ez du inolaz ere erabiltzailearen errentaren % 100 eginen.

8. artikulua. Erabiltzaileen betebehar ekonomikoak.

Hilean ordaindu beharrekoarekin ez badute erabiltzaileek hileko prezio guztia ordaintzen, zorra eginen dute Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuarekin; zorraren zenbatekoa, hain zuzen ere, honakoa izanen da: erabiltzaileak ordaindutakoaren eta Institutuak bere zahar-etxeetarako edo itunduetarako ezarritako prezioaren arteko aldea.

Zor hori kobratuko dela ziurtatzeko, erabiltzaileei eskatuko zaie berme pertsonal edo errealak eratzea; horretarako, zuzenbideak ezarritako edozein bide erabili ahalko da. Bermea eratzeko ondarea kalkulatu eta zenbateko bat salbuetsi eginen da; hain zuzen ere, bermea eratzean, lanbide arteko gutxieneko soldataren halako hamabi egiten duen zenbatekoa.

Berme horiek, aldian aldian, berrikusi egin ahalko ditu administrazioak, bai bere kabuz, bai alderdi batek hala eskatuta.

BIGARREN TITULUA

Administrazioaz besteko zahar-etxeetako erabiltzaileentzako prestazio ekonomikoak

9. artikulua. Prestazio ekonomikoaren kontzeptua.

Foru lege honetan, prestazio ekonomikoak dira administrazioaz besteko zahar-etxeetako erabiltzaileei etxe horietan jasotako zerbitzuak ordaintzeko Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak emaniko zenbatekoak.

Zenbateko horiek foru lege honetan ezarritako moduan itzuli beharko dira; itzulketa horiek zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.

10. artikulua. Prestazio zehaztea.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dagokio erabiltzaile bakoitzari egin beharreko prestazioaren zenbatekoa zehaztea.

Hilean egin beharreko prestazioaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da erabiltzaileak benetan ordaindutakoaren -artikulu honetako hirugarren idatz-zatiaren arabera kalkulatuko da- eta foru lege honek 4. artikuluko hirugarren idatz-zatian ezarritako gehienezko prezioaren arteko aldea. Prestazio hori ez da, inola ere, lanbide arteko gutxieneko hileko soldataren halako 1,6 baino gehiagokoa izanen, laguntza behar duen batentzako plaza denean, eta, gauza den batentzako plaza denean, berriz, ez da izanen lanbide arteko gutxieneko hileko soldataren halako 0,7 baino gehiagokoa.

Jasotzen dituen zerbitzuen truke erabiltzaileak ordain ditzakeenak kalkulatzeko, hurrengoak erabiliko dira: errenta, kapital higigarria eta higiezina -baldin eta urtean etekinak sortzen badituzte- eta familia-unitatea osatzen duen pertsona-kopurua.

11. artikulua. Prestazioa jasotzen duten pertsonen betebehar ekonomikoak.

Prestazioa jasotzen duten pertsonek hurrengo zenbatekoa itzuli beharko diote, lege honetan ezarritako moduan, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari: erabiltzaileak ordaindutakoaren eta Institutuak bere zahar-etxeetarako nahiz itunduetarako ezarritako prezioaren arteko aldea. Prestazioaren gainerako zenbatekoa, beraz, ez da itzuli beharko.

Itzulketa hori ordainduko dela ziurtatzeko, erabiltzaileei eskatuko zaie berme pertsonal edo errealak eratzea; horretarako, zuzenbideak ezarritako edozein bide erabili ahalko da. Bermea eratzeko ondarea kalkulatu eta zenbateko bat salbuetsi eginen da; hain zuzen ere, lanbide arteko gutxieneko hileko soldataren halako hamabi egiten duen zenbatekoa.

Berme horiek, aldian aldian, berrikusi egin ahalko ditu administrazioak, bai bere kabuz, bai alderdi batek hala eskatuta.

HIRUGARREN TITULUA

Kudeaketa arauak

12. artikulua. Ordaindu beharrean dauden pertsonak.

Tarifa ordaindu beharko dute, bai eta, behar izanez gero, eginiko zorra ordaindu ere, administrazioaren zahar-etxeak nahiz zahar-etxe itunduak erabiltzen dituzten pertsonak; halaber, prestazio ekonomikoak jaso dituztenek prestazio horiek itzuli beharko dituzte.

Epaileek pertsona baten desgaitasuna deklaratuz gero, legezko ordezkariak eginen du ordainketa edo itzulketa, eta, horretarako, pertsona horren ondarea erabiliko du.

13. artikulua. Prestazioa jasotzen duten pertsonen betebeharrak.

Zahar-etxeen erabiltzaileek eta prestazioak jasotzen dituztenek, edo, beharrezkoa bada, horien legezko ordezkariek, hurrengoen berri eman behar diote, gertatu eta hogeita hamar eguneko epean, organo kudeatzaileari: errentak, ondareak edo familia-unitatea osatzen duen pertsona-kopuruak izaniko edozein gorabehera, eta, orobat, erabiltzaile bakoitzak ordaindu beharrekoa zehaztean eragina izan dezakeen beste edozein gorabehera.

14. artikulua. Ordainketak eta prestazioak berrikustea.

Organo kudeatzaileak berrikusi egin beharko du erabiltzaile bakoitzak hilean ordaintzen duena, bai eta erabiltzaile bakoitzarentzako ezarritako prestazioak ere, baldin eta ordainketan eta prestazioetan aldaketak eragin ditzakeen baldintza- edo egoera-aldaketaren bat gertatzen bada. Berrikuste hori bere kabuz egin dezake organo kudeatzaileak edota hala eskatzen badiote pertsona onuradunak edo haren ordezkariak.

15. artikulua. Zorra jakinaraztea.

Urtero jakinaraziko zaio erabiltzaileari edo haren tutoreari zorrak, bateratuta, zenbat egiten duen, eta hark, bere borondatez, noiznahi ordain dezake zor osoa nahiz zati bat.

Eginiko zorrek ez dute, inola ere, korriturik sorraraziko.

16. artikulua. Gastuak ordaintzea.

Bermeak eratzeak sorrarazten dituen gastuak, orokorrean, pertsona zordunak ordaindu beharko ditu.

17. artikulua. Zorra eskatzea.

Edozein arrazoi dela medio zerbitzua emateari utzi eta orduan eskatu ahalko zaie zorra zor bateratua duten erabiltzaileei, edo, baita ere, zorrak bermeak gainditzen dituenean.

Ordaindu gabeko zorra zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko da, eta dirubilketarako ezarritako prozedura orokorren bidez eskatuko, premiamendu bidea barne.

Aurrekoen arabera, erabiltzailearen ondareen bidez betearazi behar bada zorra, betearazte hori ez da etxebizitzaren bidez eginen, baldin eta etxebizitza hori norberak beharrezkoa badu bizitzeko zahar-etxea utzi duelako.

Betearaztea, orobat, eten eginen da, baldin eta honako hauen bizitoki bakarra bada: ezkontidearena edo harekin elkarbizitza egonkorraren bidezko lotura duenarena, seme-alaba adingabeena, minusbaliotuena edo baliabide sozio-ekonomikorik ez dutenena, edota beste norbaitena -pertsona horien beharra Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak aztertu beharko du-.

Eten hori, hala ere, ez da eragozpen izanen etxebizitza bahitzeko.

18. artikulua. Arau osagarriak.

Foru lege honek espresuki ezartzen ez dituenetarako, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legera joko da, eta aplikatu beharreko gainerako arauetara.

19. artikulua. Preskripzioa.

Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, ordaindu gabeko zorrak eskatzeko preskripzio epea hona noiz hasiko den: edozein arrazoi dela medio zerbitzua emateari uzten zaionean, edo zorrak bermeak gainditzen dituenean.

Preskripzio epean zehar, kaudimengabezia deklaratu ahalko da behin-behinekoz, gabezia hori badela frogatzen bada; zorra behin betikoz izanen da kobraezina, baldin eta ez bada krediturik berreskuratzen preskripzioa amaitzeko gelditzen den epean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Foru lege honek lanbide arteko gutxieneko soldata aipatzen duen guztietan, besterik esaten ez bada, ulertuko da aplikatzean soldata horrek duen hileko balioaz ari dela.

Bigarrena.-Foru lege honetan ezarritako bermeak, behar izanez gero, administrazioaren zahar-etxeen nahiz zahar-etxe itunduen erabiltzaileek eratu beharko dituzte, bai eta prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonek ere; eginiko zorraren ordainketa, horrela, sartzen direnetik ziurtatuko da.

Hirugarrena.-Udalen zahar-etxeek, edo irabazi-asmorik gabekoek, dirulaguntzak jaso ahalko dituzte Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren kargura, baldin eta defizita justifikatuta badago; dirulaguntza horiek hurrengoen arteko aldea berdintzeko izanen dira: erabiltzaile bakoitzak ordaindutakoa gehi laguntza ekonomikoa, batetik, eta, bestetik, arau honetan ezarririko gehieneko prezioak edo, horiek baino merkeagoa bada, plazaren prezioa.

Laugarrena.-Aldi bateko -gehienez ere, sei hilerako-, familiaren atsedenerako edo eguneko zentroetako egonaldietarako tokia eskatzen duten pertsonek ez dute foru lege honek ezarritako bermerik eratu beharko; hala ere, hori ez da eragozpen izanen egonaldia ordaindu behar izateko.

Bosgarrena.-Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak bere zentroetan eta hirugarrenekin itundutako plazetan jarritako prezioak direla eta ordaintzeko dauden zorrak, preskribitu ez dutenak, diru bilketari buruzko arau publikoetan kasu guztietarako ezarririko prozeduren bidez, premiamendu bidea barne, eskatuko dira, betiere kobratzeko prozedurari hasiera eman ez bazaio foru lege honek indarra hartu baino lehen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira foru lege honi kontra egiten dioten maila berdineko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio, behar adina xedapen eman dezan foru lege hau garatu eta betearazteko.

Bigarrena.-Zahar-etxeetako egonaldien truke hilean ordaindu beharreko gehieneko prezioak, foru lege honen 4. artikuluan deskribatutakoak, urtero zehaztuko dira Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean.

Hirugarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi milako abenduaren hogeita bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0100169