41. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

68/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoetakoak eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegokoak diren funtzionarioen lekualdatze lehiaketaren deialdiari bukaera ematen diona.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak (LOGSEk), bederatzigarren xedapen gehigarrian xedatzen du eskudun diren hezkuntza administrazioek nazio osorako lekualdatze lehiaketetarako dei eginen dutela, horietan parte hartu ahal izanen dutelarik funtzionario irakasle guztiek, edozein dela ere hezkuntza administrazioa, zeinen menpean baitaude edo zeinen bidez sartu baitira, horretarako baldintzak betetzen badituzte, betiere.

Geroago, ikastetxeen parte hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren bidez, ezarri zen Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegokoak eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegokoak diren funtzionarioek parte har dezaketela Hezkuntzako Ikuskatzailetzako lanpostuak betetzeko lehiaketetan, LOGSEren bederatzigarren xedapen gehigarriaren manuari jarraikiz.

Urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoa betez, zeinetan ezarri baitzen eskudun diren hezkuntza administrazio publikoek nazio osorako lekualdatze lehiaketetarako deiak eginen dituztela bi urtetik behin, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak urriaren 6an emandako 369/2000 Foru Aginduaren bidez onetsi zen Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoetakoak eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegokoak diren funtzionarioen lekualdatze lehiaketetarako deialdia.

Arestian aipaturiko Foru Aginduaren bigarren oinarriak xedatzen du ezen, deitzen diren lanpostuak Foru Agindu bidez onetsiko direla eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko lekualdatze lehiaketa honi buruzko behin-behineko ebazpena eman aitzin, baldin eta lanpostu horien funtzionamendua aurreikusten bada hezkuntza plangintza orokorrean.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzako ikuskatzailetzaren funtzionamendua ikastetxeen parte hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko abenduaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren eskakizunetara egokitzeko asmoz, irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretua onetsi zen. Dekretu horren bitartez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntzako ikuskatzailetzaren antolaketa eta funtzionamendua arautu eta Hezkuntzako ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko eta lanpostuak betetzeko sistema ezarri zen.

Foru Dekretu hori onesteak Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoaren plantilla finkatzea ekarri zuen eta, ondorioz, hezkuntza plangintzan aurreikusiriko lanpostu hutsak finkatu ziren, eta otsailaren 28ko 92/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsitako irakasleentzako enplegu publikoaren eskaintzan sartu.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketarako deialdia (Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren martxoaren 22ko 100/2000 Foru Aginduaren bidez onetsia) ebatzi delarik, eta kontuan harturik hautapen prozesu horretan eskainitako lanpostu guztiak bete direla, ez da bidezko urriaren 6ko 369/2000 Foru Aginduaren bitartez deituriko lekualdatze lehiaketa bidez bete beharreko lanpostu hutsik zehaztea.

Beste alde batetik, eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren eta aipatu deialdian ez duenez parte hartu organikoki eta funtzionalki deia egin duen Administrazio honen menpekoa den funtzionario batek ere, lehiaketari buruzko ebazpenean ez da ondoriorik gertatuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren kudeaketa esparruan.

Hori dela eta, deialdiaren tramitazioa aurrera eramaterik ez dagoenez, bete beharko liratekeen lanpostu hutsik ez baitago, ez eta ondorioa sor lezaketen partaiderik ere, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren kudeaketa esparruan, bidezkoa da Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren urriaren 6ko 369/2000 Foru Aginduaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketaren deialdiari bukaera ematea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 87.2 artikuluak dioenaren arabera.

Horrenbestez, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Bukaera ematea Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren urriaren 6ko 369/2000 Foru Aginduaren bidez onetsitako Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoetakoak eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegokoak diren funtzionarioen lekualdatze lehiaketaren deialdiari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 87.2 artikuluak dioenari jarraikiz.

2. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Foru Agindu hau igortzea Idazkaritza Teknikora, Giza Baliabideen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Hezkuntza eta Kultura Ministeriora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren seian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: a0102480