41. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko martxoaren 27koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, aheriari aurrea hartzeko babespen neurri osagarriak ezartzen dituena.

Aheria Erresuma Batutik Frantziara, Holandara eta Irlandara zabaldu denez eta Nafarroa Frantziaren mugakidea denez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eman dituen Aginduetako neurrien osagarriak diren beste neurri batzuk hartu behar dira.

Hona hemen neurri horiek: Nafarroako mugako pasabideetatik sartzen diren ibilgailuak kontrolatzea, zezenketak zaintzea, gaixotasunak jo ditzakeen abereak larreetan biltzea eta gaixotasunak jotzen ez dituen espezieen garraioa. Halaber, gaixotasunari aurrea hartzeko ekintzak kontratatzeko presako prozedurara joko da. Berrikusi egin da, beraz, 2001eko martxoaren 16ko Foru Agindua.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2. idatz-zatiak arauak emateko esleitzen didan ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Frantziatik zuzenean etortzen diren ibilgailu guztiek debeku dute mugako zortzi pasabide hauek ez diren bide, oihanbide eta errepideetatik sartzea:

-Berako Ibardin.

-Berako Lizuniaga.

-Etxalarko Lizaieta.

-Urdazubiko Dantxarinea.

-Erratzu-Izpegi.

-Urkiaga.

-Luzaide.

-Izabako Larra.

2. artikulua. 1. Aheriak jo ditzakeen espezieetako abere bizidun guztiek debeku izanen dute Nafarroako Foru Komunitatean sartzea, baita haien obulu, hazi eta enbrioiek ere, Frantziatik badatoz.

2. Bakarrik utziko zaie sartzen aheriak ezin jo dituen abereak edo abere produktuak daramatzaten ibilgailuei, une horretan zer zama daramaten kontuan hartu gabe, baldin eta, daramaten zamaren osasun arloko agiriez gain, zama sartu aurretik eta Frantziatik irtetean desinfektatu direla frogatzen duen ziurtagiri bat erakusten badute.

Horrenbestez, agiri hori ez daukaten ibilgailuek, abereak edo abere produktuak garraiatzeko erabiltzen badira, debeku izanen dute penintsulan sartzea.

3. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen ez diren ibilgailu guztiek, edonolakoak direla, Frantziatik badatoz, gurpilak desinfektatu beharko dituzte, osasun pasabide batean edo mugako pasabide bakoitzean horretarako ezarririko baliabidearen bidez.

4. artikulua. Foru Agindu honen 2.2 artikuluan aipatu ibilgailuetako pertsonek beren oinetakoak desinfektatu beharko dituzte, mugako pasabide bakoitzean horretarako ezarririko osasun baliabideen bidez.

5. artikulua. 2.2 artikuluak aipatu ibilgailuetan - Frantziatik datozenetan- dauden pertsonek haiek berek jan- edateko daramatzaten elikagai hauek bahitu eta suntsituko dira: haragi gordina, haragi produktu freskoak, esnea eta esnekiak.

Horretatik kanpo daude, aheria dela-eta, Frantziatik, Britainia Handitik, Irlandatik eta Herberehetatik datozen elikagai, hondakin eta ibilgailuetarako badaezpadako neurriak hartzeko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak emandako Aginduetan ageri diren produktuak.

Produktu horiek mugako pasabide bakoitzean dagoen edukiontzi egoki batean paratu eta modu higieniko batean suntsituko dira.

6. artikulua. Nafarroako zezenketei dagokienez, zezen plazetan baimenduriko zezenketa eta nobilladetan hiltzeko ez diren abelgorriak garraiatzea debeku da.

Zezenketetarako zezenekin batera bakarrik joaldunak eta soberakoak joaten ahalko dira. Horiek zezen plazan gelditu beharko dute, beste abereengandik bereiziak, eta hamalau egunez, etenik gabe, garraiatzen direnetik aurrera.

7. artikulua. Debeku da aheriak jo ditzakeen abereak herrilurretako larreetan, larre partikularretan, fazerietan edo beste titulartasun mota batzuetako lurretan egotea, baldin eta beste abeltegi batzuetako abereak badaude, horiek ere gaixotasunak jo ditzakeenak.

8. artikulua. Nekazaritzako ustiategi ezberdinetakoak diren eta aheriak jo ditzakeen espezie bereko abereak Nafarroako Foru Komunitateko lurretan ibilgailu berean garraiatu ahalko dira, baldin eta destino zuzen eta bakarra hiltegia bada. Horrelakoetan aginduzko dokumentazioa eraman beharko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeko 60. artikuluan aurreikusten den salbuespenezko presako izapidaketa Foru Agindu honetan aurreikusten dena betetzeko behar diren ekintzak kontratatu eta egiteko aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hartuko du indarra, eta martxoaren 28tik hasita aplikatuko da, harik eta aheriak Europako Batasunean izaten duen eboluzioaren osasun egoerak neurriak aplikatzeari uzteko aukera ematen duen arte.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren hogeita zazpian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0103278