41. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2001eko martxoaren 4koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lan munduan sartzeko orientazio eta jarraipenaren arloko ekintzetarako ematen dituen laguntzak arautu eta haietarako deialdia egiten duena.

Apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzua deritzon Erakunde Autonomoa sortu eta beronen Estatutuak onetsi zituenak, bere artikuluetan besteak beste eginkizun hauek aipatzen zituen: "langabetuentzako lanbide informazio eta orientazioaren arloko ekintzak sustatu, burutu eta koordinatzea, langabetuok laneratzea bideratzeko xedez" eta "Zerbitzuaren lankide diren entitateek arestian aipatu esparruan burutzen dituzten orientaziorako programak kontrolatzea".

Eginkizun horiek betetzeko, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak Foru Agindu bat eman zuen 1999ko martxoaren 4an, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lan munduan sartzeko orientazio eta jarraipenaren arloko ekintzetarako bere aurrekontuetatik ematen dituen laguntzak arautzeko.

Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bitartez, besteak beste, INEMek langabetuen orientazioaren arloan egiten duen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari eman zitzaion eta, horren ondorioz, Lan eta Gizarte Aferetarako Ministerioak 1998ko urtarrilaren 20an eman Aginduak arautzen duen programa ere kudeatzen du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak; agindu horrek arlo horretarako ezartzen dituen laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kontusailaren bizkar ordaintzen dira eta haien zenbatekoa, neurri handi batean, egindako orientazio-ekintzen arabera INEMek Foru Komunitateari egiten dizkion transferentzietatik heldu da.

Kontuan harturik bi arau horiek helburu eta hartzaile berak dituztela funtsean, bidezkoa da egoera juridiko hori argitzea eta horretarako Foru Agindu bat ematea, Estatuaren Aginduarekin dituen berdintasunei dagokienez aurrekoa indargabetuko duena; bestalde, Foru Agindu hori arau estatalaren osagarria izanen da azken horretan aurrreikusten ez diren programa, ekintza eta baliabideei dagokienez, Foru Komunitatean orientazio neurriak indartzeko balio baitute.

Bestalde, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuetan kontusail bat dago bi arau horiek diruz lagundutako orientazio ekintzak finantzatzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa betetzeko,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu hau Lan eta Gizarte Aferetarako Ministerioak 1998ko urtarrilaren 20an eman Aginduaren osagarria da. Azken horren bidez, langabetuei lan munduan sartzeko bidea emateko, haien lanbide orientazio eta jarraipenaren arloko ekintzak burutzen dituzten entitateei dirulaguntzak arautu ziren eta bertan aipatu gabeko programak eta ekintzak sartzen dira Foru Agindu berri honen xedean. Foru Agindu honetan diruz laguntzen ahal diren ekintzen baldintza orokorrak eta teknikaren eta giza baliabideen aldeetako betebeharrak ezarri dira, hala nola gehieneko kostuak eta gastuak eta laguntzak kudeatzeko modua, bi arauetan aurreikusten diren ekintzetarako berdina izan dadin.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Orientazio eta jarraipen ekintzak, deialdi honen xede direnak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz, Nafarroako Foru Komunitatean beharrizana duten herrietan garatu beharko dira. Entitate interesatuek Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulegoetan jakin dezakete zein diren urte bakoitzean herrietako jarduketa beharren aurreikuspenak.

3. artikulua. Entitate onuradunak.

Deialdi honetara proiektuak aurkeztu ahalko dituzte eta laguntzak eta dirulaguntzak eskatu ondoko entitateek:

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren lankidetza zentro integralek.

b) Orientazio gaietarako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren lankidetza zentroen izaera aitortua dutenek.

4. artikulua. Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak.

Dirulaguntzak eman ahalko dira ondoko programetarako:

a) Laneratzea errazten duten programak, modu orokorrean gauzatuz ondoko ekintza hauek: informazioa, orientazioa, prestakuntza osagarria, motibazioa, lan-ibilbideen prestaketa, jarraipen pertsonalizatua eta laneratze eginkizunak.

b) Autoenplegurako eta ekimenerako adorea garatzeko laguntza sustatzen eta ahalbideratzen duten programak, ekimenei eta aukerei buruzko informazio eta orientazioaren bidez.

c) Lan merkatua arakatzeko programak, lan bitartekotza eta lan mundura sartzea errazten dutenak.

5. artikulua. Ekintza hauen helburu diren erabiltzaileak.

1. Lanpostu bila dabiltzanak, lanpostu hobe baten bila dabiltzan langileak eta lan munduan sartzeko eragozpenik handienak dituzten pertsona eta taldeak barne.

2. Unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasleak, ikasketen azken urtekoak.

6. artikulua. Ekintzen ezaugarriak.

1. Jarraipenak behar du pertsonalizatua izan eta erabiltzailea laneratu arte iraungo du, edo lan munduan sartzeko beste ekintza osagarri batzuetan hasi arte.

2. Neurriak eskatzaile bakoitzaren ezaugarri, itxarobide eta beharretara egokitu beharko dira.

3. Foru Agindu honen ondorioetarako, erabiltzailetzat hartuko da orientazio eta jarraipen ekintzei hasiera ematen dietenak.

7. artikulua. Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak eta betekizunak.

Foru Agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako entitate onuradunek deialdi honetara proiektuak aurkezteko baldintza eta betekizun hauek bete beharko dituzte.

1. Orientazio eta jarraipenerako plan integral bat argiro diseinatuta edukitzea, laguntzaren xede diren erabiltzaileen ezaugarri, beharrizan eta itxarobideetara egokitua, Nafarroako Enplegu zerbitzuak ezarritako irizpideei jarraikiz.

Orobat, lan merkatua arakatzeko dituzten aurreikuspenen berri emanen dute planean.

2. Langabetuen orientazioaren arloan esperientzia eta eraginkortasun frogatua izatea.

3. Aurrekoaz gainera, entitate onuradunek zera beharko dute:

A) Baliabide materialak:

-Ekintzak aurrera eramateko tresna teknikoak.

-Lokal egokiak eta sarbide eta komunikazio errazekoak.

-Laguntzarako ekipoa eta materialak.

B) Giza baliabideak:

-Informazio orokorreko eta orientazioko teknikariak, unibertsitateko graduatuak eta taldeen motibazio eta komunikazio tekniketan esperientzia dutenak.

-Autoenplegurako informazio eta motibazioko teknikariak, Ekonomi Zientzietan, Enpresa Zientzietan edo Zuzenbidean graduatuak.

-Prospekzio eta laneratze arloko teknikariak, unibertsitateko graduatuak edo azterketa okupazionalean eta lan merkatuan zein lan harremanetan esperientzia dutenak.

-Enplegu eta prestakuntza planen arloko teknikariak, Psikologian, Pedagogian edo antzekoan unibertsitateko graduatuak, esperientzia egokia dutenak.

-Laguntza administratiboko pertsonala.

-Zuzendaritza-koordinazioko pertsonala.

C) Erabiltzaileen ebaluazio sistema, emandako zerbitzuen kalitatea agerian jarriko duena.

D) Eraginkortasunaren erakusleak:

-Kostua/orientazioaren erabiltzailea ratioa.

-Lanpostua lortu duten erabiltzaileak edo prestakuntzara bideratuak.

8. artikulua. Dirulaguntza jaso dezaketen kostuak eta gastuak.

Estatuko arauen arabera dirulaguntza jaso dezaketen ekintzen kostuak Foru Agindu honetakoekin osatuko dira, hartan ezarritako mugetara iritsi arte.

Estatuko arauen arabera dirulaguntzarik ezin jaso dezaketen ekintzek Foru Agindu honen zuzeneko dirulaguntza erabatekoa izanen dute, Aginduan ezarri bezala.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, bitartekotza eta laneratzeko orientazio, jarraipen eta arakatze programa bakoitzak lan bila dabiltzan 1.000 erabiltzaile hartu beharko ditu gutxienez.

Ondoko kostu eta gastuetarako emanen da dirulaguntza:

a) Proiektuaren zuzendaritza, urteko 5.250.000 pezeta bitarte, lanaldi osorako, Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota barne.

b) Lanbide orientazioko teknikari espezialistak, gehienez 4.450.000 pezeta urtean bakoitzagatik, lanaldi osoz aritzeko, Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota barne.

c) Iruñerria baino eremu geografiko handiagoa hartzen duten proiektuen lurralde-koordinazioa, Gizarte Segurantzaren kuota-barne, gehienez 5.250.000 pezeta.

d) Laguntza administratiborako pertsonala, gehienez 3.150.000 pezeta urtean bakoitzagatik, lanaldi osoz aritzeko, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

Adierazitako lau kasuetan, dedikazioa lanaldi osorako ez bada, dagokion zatiari dagokion dirulaguntza emanen da.

e) Gastu orokorrak. Gastu orokorretarako, funtzionamendurako, materialetarako eta baliabide teknikoetarako, aurreko ataletan aipatu langileri kostuen % 25eko dirulaguntza emanen da.

Bestalde, ekintzak egiteko behar diren joan-etorrien gastuetarako dirulaguntzak emanen dira, aplikatu beharreko arauei jarraikiz, dieta eta kilometrajearengatik entitate onuradunei dagokien gehieneko zenbatekora iritsi arte.

Aurreko ataletan aipaturiko langileri kostuak urtero handituko dira, aurreko urtean KPIan izandako igoeraren arabera.

9. artikulua. Giza baliabideak.

Dirulaguntza jaso dezaketen kostuak kalkulatzeko, ondoko irizpide hauek erabiliko dira:

1. Langileri gastuak.

a) Hartu beharreko 1.000 erabiltzaileen multzo bakoitzeko:

-Zuzendari-koordinatzaile bat, lanaldi osoan edo dagokion proportzioan.

-Foru Agindu honetako 7. artikuluko 3. puntuaren B letran aipatutakoetako hiru teknikari, lanaldi osoan edo dagokion proportzioan.

-Administrazio laguntzarako pertsona bat, lanaldi osoan edo dagokion proportzioan.

b) 1.000 erabiltzaile baino gehiago hartu behar direnean:

-Teknikari eta administrazio laguntzarako langileak gehituko dira, hartu beharreko erabiltzaileen kopuruaren araberako proportzioan, aurreko atalean ezarritakoari jarraikiz, eta lanaldi osoko zuzendari-koordinatzaile bat mantenduko da.

-Lurralde eremu zabala eta Nafarroako herri batzuk hartzen dituzten proiektuak badira, proiektuko zuzendari bat izanen da eta behar diren lurraldeko koordinatzaileak gehituko. Koordinatzaileak eta zuzendaria elkartuta, ezin izanen da proiektuari adjudikaturiko teknikari kopuruaren herena gainditu.

2. Gastu orokorrak. Foru Agindu honetako 8. artikuluan ezarritakoak.

10. artikulua. Dirulaguntzen elkartzea.

Foru Agindu honetan xedatutako guztiaren kargura entitate onuradunek jasotzen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak bateraezinak izanen dira ekintza berarendako eta erabiltzaile berarendako beste administrazio publiko batzuek emandakoekin.

11. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

Eskabideak, adierazten den dokumentazioarekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira, urteroko urtarrilean.

Eskabideak aurkezteko data edozein dela ere, dirulaguntza eman ahalko zaie urte bakoitzeko urtarrilaren batetik aurrera hasitako programa edo ekintzetarako.

Dirulaguntzaren eskabide formalari agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Erakunde edo entitatearen nortasuna egiaztatzen duen agiria, eraketaren eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopiaren bidez, betiere aldez aurretik eta horri buruzko aldaketarik izan gabe, dokumentazio hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ez badauka.

b) Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, hala behar denean, horien ahaldunenak, bai eta jakinarazpenak igortzeko helbidea eta aurkeztutako proiektuaren arduraduna ere.

c) Memoria bana programa edo jarduera bakoitzeko, zeinetarako eskatzen baita dirulaguntza.

d) Orientazio eta Jarraipen Programaren eskura, zeinetarako eskatzen baita dirulaguntza, entitateak jartzen dituen baliabideak

e) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak ordaindu izanaren ziurtagiria.

g) Transferentzia bidezko ordainketa eskabidea, behar bezala betea, dirulaguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zentro lankideek ez dute a) eta b) ataletan aipatu dokumentazioa aurkeztu beharrik izanen.

Jardueren memorietan bilduko dira programa bakoitzarentzat aurreikusitako aurrekontua eta eskatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa.

Eskabidean, memorian edo aurkeztutako dokumentazioan benetakoak ez diren datuak eman direla frogatzen bada, horien garrantziaren arabera, eskatutako dirulaguntza ukatu ahalko da, horregatik eska daitezkeen gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

12. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epearen barnean, dagokion ebazpena emanen du, gai horri buruzko arau estataletan eta Foru Agindu honetan ezarritakoa betetzeko.

Ebazpenak arrazoituak izanen dira eta interesatuei jakinarazi eta bidezkoak diren errekurtsoak adieraziko zaizkie.

Epe hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen espresurik eman gabe akitzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Laguntza hauek ematerakoan kontuan hartuko da "Lan munduan sartzeko orientazioaren ekintza pertsonalizatuak" izeneko aurrekontuen kontusaila erabilgarri ote dagoen ordainketei aurre egin ahal izateko.

13. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ematen duen Ebazpenaren bidez ordainduko dira, Enplegua Sustatzeko Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren, era honetan:

a) Dirulaguntza osoaren % 50eko diru-aurrerakina, hura ematen duen ebazpenean berean.

b) Bigarren aurrerakina, % 40koa, lehen aurrerakinaren zenbatekoa justifikatu ondoren.

c) Gainerako % 10a edo dagokion azken saldoa, ekintzen azken justifikazioa aurkezten denean ordainduko da.

Dirulaguntzak arautzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 18.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, diru-aurrerakina jasotzeko, entitate onuradunak zuzenbidean onartzen diren edozein motatako abalak edo bermeak aurkeztu beharko ditu.

14. artikulua. Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek zera bete beharko dute:

a) Dirulaguntza kobratu aitzin, Nafarroako Ogasuneko zergak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak ordaindu izana egiaztatzea.

b) Diruz lagundutako ekintza egin dela frogatzea.

c) Espresuki onetsi izan diren kontzeptu eta zenbatekoetan erabiltzea eta horretarako ziurtagiriak aurkeztea.

d) Dirulaguntzaren aplikazioan egiaztatze, jarraipen eta ikuskatze jarduketen menpe jartzea bai eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuari dagokion finantza-kontrolaren menpe ere.

15. artikulua. Dirulaguntzak itzultzea.

Diruaguntzak jasotzeko ezarri diren baldintzak edo betekizunak ez betetzeak horien deuseztapena ekarriko du eta jasotako dirua itzuli beharra, horretaz hasi daitezkeen zehapen espedienteak galarazi gabe.

16. artikulua. Jardueren memoria.

Dirulaguntza jasotzen duten zentroek Nafarroako Enplegu Zerbitzuari memoria bat aurkeztu beharko diote, urte guztietako urtarrilean, diruz lagundutako jardueretan lortutako emaitzen ebaluazioarekin.

17. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntzen onuradunak behartuta daude ekintzen hasierari, hastapeneko aurreikuspenen aldaketari eta horien bukaerari buruz Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dien aldian aldiko informazioa ematera.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazteko zein diren orientazio ekintzen bidez laguntza eman zaien erabiltzaileak, "Ekintzak kontrolatzeko fitxak" erabiliko dira. Horien formatoa eta ezaugarriak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen ditu eta bertan sartuko dira nortasunaren datuak, ekintzaren xehetasunak, NANa, erabiltzailearen datuak, eta ekintzaren emaitzak, enplegu bulegoetan erregistratzeko.

Fitxa horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira hiruhilabetero eta beste bat, orokorra, urteko programa amaitzean.

Entitate laguntzaileek ekintzen erregistroko jatorrizkoak eta gastuen ziurtagiriak gordeko dituzte.

Entitate laguntzaileek laguntza emanen diote Nafarroako Enplegu Zerbitzuari egindako ekintzak erregistratzeko.

18. artikulua. Publizitatea.

Programa horien publizitatean edo zabalkundean agerrarazi beharko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren babesa eta finantzazioa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Agindu honetan ezarritakoa 2001erako eskatu eta indarra hartu aurretik aurkeztutako eskaerei aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe utzi da Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak 1999ko martxoaren 4an emandako Foru Agindua, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lan munduan sartzeko orientazio eta jarraipenaren arloko ekintzetarako ematen dituen laguntzak arautzen dituena, hala nola Foru Agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren hogeita batean.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: a0103134