38. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

213/2001 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Enerizko saihesbidea Arrizabalagatik Garesera doan NA-601 errepidean" izeneko proiektuaren jendaurreko aldia ebatzi eta behin betikoz onesten duena.

"Enerizko saihesbidea Arrizabalagatik Garesera doan NA-601 errepidean" izeneko proiektua teknikoki onetsi eta jendaurrean jarri zen, urriaren 12ko 1042/2001 Ebazpenaren bidez.

Ebazpen haren bidez hasiera eman zitzaion ukituriko ondasun eta eskubideen desjabetzapen espedienteari, eta jendaurrean jarri zen proiektua, bidezko ohar eta alegazioak egin zitezen.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio epea bukatu eta honako hauek aurkeztu direla:

1. alegazioa.-Sebastián Petrina Cía jauna.

1. Ukarko hondakin urak hartzen dituen estolda proiektuko UC-8 eta UC-7 finken mugan handitzeko eskatu du, hala nola ur horiek Robo errekaraino bideratzeko.

Erantzuna:

1. Proiektuan aurreikusia dago 4+535 k.p.ko hodia hobetzea, 1000 mm-ko sekzioa izanen baitu, hala nola erretena Robo errekaraino bideratzea.

2. alegazioa.-Sebastián Petrina Cía jauna.

1. Sebastian Petrina Cía jaunak eta beste batzuek, proiektuko UC-7 lurzatiaren jabeak direnek, finkaren izaera zingiratsua dela eta, hiru drainatze dituenez, lurpeko urak biltzen dituztenak, eskatu dute orain dagoen estoldak edo eginen den beste batek ur horiek bildu eta Robo errekara eraman ditzala.

Erantzuna:

1. Proiektuan aurreikusia dago diseinaturiko areka sakonean ur horiek bildu eta dagokien hodira eramatea.

3. alegazioa.-Carmen Gaztelu Mearín andrea.

1. Adierazi du proiektuko EN-29 eta UC-1 lurzatietan, bere izena gaizki azaltzen dela, alegia, Baztelu Bearin, María del Carmen edo Gaztelu Bearin, María del Carmen, eta helbidea, Zaragozako etorb., 49-6.a, Tutera. Izen eta helbide zuzenak, ordea, ondoko hauek dira: Gaztelu Mearin, María del Carmen, Pablo Sarasate kalea, 13-2.a-ezk., 31500 Tutera. Hortaz, behar den zuzenketa egin dadila eskatu du.

2. Ukarko finkan, 1. poligonoko 273. lurzatian, kanaberaz egindako hesi bat dago, 1.000 m baino luzeago, eta errepidea egitean desegin edo ebaki daitekeena. Eskatzen dut idatziz bermatzea dena ongi utziko dela.

3. Ukitutako zerbitzuen zortasun batzuk daude, eta eskatzen dut jarduketa zertan den azaltzea. Lursaila laborantzarako egun dituen baldintza beretan utzi behar da.

4. Okupazioaren aurretik, eskatzen du zenbatekoaren berri eman dakiola eta kalte-ordainak ordainduko direla berma dadila.

Erantzuna:

1. Onartu egin da alegatutakoa. Akatsa espedientean zuzenduko da.

2. Onartu egin da alegatutakoa. Proiektuaren arabera, Enerizko saihesbidea lubetan pasako da okupatutako lurretik 1. poligonoko 273 lurzatira, eta, beraz, ez dira lurpeko drainatzeak ukituko. Dena den, eraikuntza proiektuan drainatze bat egitea sartuko da, metro bat sakon eta errepidearekin paraleloan, ukitutako urak bildu eta husteko.

3. Dagozkion zerbitzuen desbideratzeak, EN-29 lurzatian, ondoko hauek dira:

-Telefonorako lurpeko linearen desbideratzea, 10 m.l-koa. 40 m2 okupatuko dira aldi batez, lanak egiteko.

-Egun dagoen aireko linea elektrikoaren desbideraketa, 63 m.l-koa. 40 m2 okupatuko dira aldi batez, lanak egiteko eta 4,50 m2 desjabetuko linea horren euskarrirako.

-250 m.l-ko bideratzea ur hodirako, 697 m2-ko aldi bateko okupazioarekin, lanak egiteko.

UC-01 lurzatian, 11.697 okupatuko dira aldi batez, lanek irauten duten bitartean, lanerako materialak biltzeko. Lanak bukatu ondoren, lehen bezala geldituko da lurzatia.

4. Kalte-ordainen zenbatekoaren berri emanen da desjabetzapen espedientean dagokion momentuan.

4. alegazioa.-José Yoldi Roncal jauna.

1. Proiektuko UC-2 eta UC-3 finken jabea denez, eta Ukarren bizi denez, proiektuan aurreikusiari jarraikiz, finka horietara sartzeko, 1.500 metroko buelta eman behar du proiektatutako bidea moztu egiten baita 4+600 eta 4+900 k.p.en artean. Beraz, eskatu du bideak segitzea moztu den k.p.etan.

Erantzuna:

Onartu egin da alegatutakoa. Bidea izanen da 4+600 eta 4+900 k.p.en artean.

5. alegazioa.-José Ignacio Pérez de Ciriza Beriain Roncal jauna.

Proiektuko EN-12 finkaren jabea izaki, eta Enerizko bizilaguna, eskatu du:

1.-Bere finkan aurreikusitako P.I. gaur egungo bidera eramatea.

2.-Finkan drainatze batzuk daudenez, ur isuria gaur egunekoa bezalakoa izateko behar diren neurriak hartzea.

Erantzuna:

1. Ezetsi egin da alegatutakoa. Ezin da P.I. eskatutako tokira eramatea, lurrari buruzko txosten geologikoaren arabera ez baita komeni egungo bidean paratzea; gainera, P.I. luzeagoa izanen litzateke eta, beraz, garestiagoa.

2. Onartu egin da alegatutakoa, 3. alegazioaren 2. atalean emandako erantzun berberarekin.

6. alegazioa.-Valentín Zabalza Aranguren jauna.

Proiektuko EN-19 finkaren jabea eta Enerizko bizilaguna izanik, eskatzen du:

1.-Saihesbideak lurzatia bitan banatzen du eta zatirik txikiena, hegoaldekoa, sarbiderik gabe gelditu da. Sarbidea egin dadila eskatzen du.

2.-Iparraldeko zatian, erdian gutxi gorabehera, euskarri bat aurreikusi da linea elektrikoa desbideratzeko. Lurzatiaren mutur batera eraman dadila eskatu du.

3.-Iparraldeko zati horretan, lurpeko kanalizazio batzuk paratu nahi dira, eta negoziazioak daude eremu horretan zerbitzugune bat jartzeko. Eskatu du kanalizazio horiek lurzatiaren mutur batera eramatea.

Erantzuna:

1.-Onartu egin da alegatutakoa. Sarbidea eginen da.

2. eta 3.-Ezetsi egin da alegatutakoa. Euskarri elektrikoak bao kalkulatua du eta aurreikusitako kanalizazioak lurzatiaren muga berrian daude.

7. alegazioa.-Julián San Martín Beriain jauna.

EN-23 eta UC-05 finken jabea izanik eta Enerizko bizilaguna, ondoko alegazioak aurkeztu ditu:

1.-Ez dago ados herritik hilerrira joateko bidea kentzearekin eta bere finkan barna (EN-23) eramatearekin. Bidearen gaurko trazadurari eustea eskatu du.

2. Lurzati horretan O.F bat aurreikusi da Eneriztik Ukarrera joateko bidean. Uste du ilogikoa dela aukeraturiko kokagunea eta gaurko trazaduratik joatea eskatu du.

3. EN-23 lurzatian, saihesbidearen 5,600 eta 5,520 k.p.en artean urak biltzeko, bi hodi aurreikusi dira Ukarko bidearen arekara botatzeko. Eskatu du urak ezpondaren oinetik eramatea, 132 lurzatian, berea baita, errekaraino eta hodi bakar baten bidez.

4. Lurzati horretan, linea elektrikoan aurreikusitako aldaketaren arabera, zutoin bat paratuko da finkaren erdian. Mugara eramatea eskatu du.

5. UC-05 lurzatia. Gaur egun, errepidetik finkara sartzeko bide bat dago, proiektuan ageri ez dena.

Erantzuna:

1. Ezetsi egin da alegatutakoa. Gaurko trazadura mantenduko balitz, beste O.F. bat egin beharko litzateke 5+680 k.p.an. O.F. bat aurreikusi da 5+545 k.p.an, gaurko bidetik 135 metrora dagoen maila desberdineko pasabidea konpontzeko.

2. Ezetsi egin da alegatutakoa. Gaurko trazadura mantenduko balitz, aurreikusia dagoena baino O.F. luzeagoa eta garestiagoa egin beharko litzateke.

3. Ezetsi egin da alegatutakoa. Beheko pasabidearen iparraldeko urak lubetaren bazterretik joaten dira errekara, eta hegoaldekoak, gutxi baitira, lehendik dagoen areka batera isurtzen dira. Bestalde, proposaturiko konponbideari jarraikiz, 120. metroko areka egin beharko litzateke 132. lurzatian barna.

4. Ezetsi egin da alegatutakoa, 6. alegazioaren 2. puntuan emandako erantzun berarekin.

5. Onartu egin da alegatutakoa. Saihesbidearen eskuinaldetik doan bidea izanen da finkara sartzeko erabiliko dena; gainera, bidea eginen da 4+600 eta 4+900 k.p.en artean.

8. alegazioa.-Valentín Zabalza Aranguren jauna.

1. Enerizko 2. poligonoko 283. lurzatiaren jabea denez (proiektuko EN-34 eta EN-35), adierazi du m2 asko okupatzen direla neurrigabeko erreten bat egiteko, hala nola zentzurik gabeko bide bat egiteko, ez baitu jarraipenik ez Eneritz, ez Gares aldera.

Erantzuna:

1. Hein batean onetsi da alegatutakoa. 0+160 k.p.ko O.F. 0+205 k.p.ra aldatuko da; urak erreten berri batetik hustuko dira Robo errekara, eta, horrela, kendu eginen da proiektaturiko areka. Ezetsi egin da proiektuko bideari buruz alegatutakoa, jarraipena eta sarbidea baititu, hala Eneriztik, nola Gares aldera, dagozkion planoetan ageri bezala.

9. alegazioa.-María Dolores Trueba eta Aurelio Valencia jaun-andreak.

Enerizko 1. poligonoko 1-A lurzatiaren titularrak izanik (proiektuko EN-10) adierazten dute aipatu lurzatia hiri-lurzatia dela eta ondoko hau eskatzen dute:

1. Trazadura iparralderantz desbideratzea, hiri-lurzorurik ez hartzeko.

2. Lurpeko linea telefonikoa saihesbidearen mugara desbideratzea.

3. Gaur egungo errepidearen ondoko lagapena kentzea.

Erantzuna:

1. Ezetsi egin da alegatutakoa. Proiektatutako konponbidea azterturikoetan hoberena da.

2. Linea telefonikoa desbideratzeko kanalizazioa lurzatiaren eta saihesbidearen arteko mugan proiektatu da.

3. Onartu egin da alegatutakoa. Gaurko NA-601 errepidearen ondoan ez da desjabetzapenik eginen.

10. alegazioa.-Inmaculada Valencia Ibarrola andrea.

1. Enerizko 1. poligonoko 6. lurzatian (proiektuko EN-6) proiektatutako bidearen ordez, egin dituen hiru alternatibetako bat har dadin.

Erantzuna:

Onetsi egin da alegatutakoa. Proiektuko bidearen ordez beste bat eginen da, saihesbidearekin paraleloan, hasieratik 6+460 k.p.raino; hortik biratu eginen du, 90 gradu, EN-6 lurzatian barna joateko, Mendartea bidera ailegatu arte. Trazadura horrek alegazio-egileak aurkeztutako bigarren aukeraren antz handia du.

11. alegazioa.-Enerizko Udala.

1. Saihesbidearen trazaduraren aurkako alegazioa, UO-22, UO-23 eta UO-24 unitateetan hiri lurzorua ukitzen duela kontuan hartzen ez duelako eta, ondorioz, eraikitzeko eskubideak kaltetzen dituelako.

2. Saihesbidearen trazadurarako 1. puntuan eskaturiko aldaketari alternatiba gisara, ondoko hau eskatzen da:

A eta B) Desjabetzeko aldea aldatzea, haren hiri-izaera dela-eta; eraikitzeko eta ixteko lerroak definitzea hiri-lurzoruan, EN-09, EN-10 eta EN-38 lurzatiak ukitzen dituzten aldeetan.

3. Lotuneei konponbide zaila eman zaie, eta ondoko aukerak proposatzen dira:

A) Biribilguen bidezko lotunea.

B) Arrizabalagatik heldu garela, Enerizko sarbidea maila desberdinean egitea, Ukarko bideko P.I. aprobetxaturik.

C) Enerizko irteera maila desberdinean egitea, Adiosko bideko P.I. aprobetxaturik.

D) Lotuneetan argiak paratzea.

4. Mendartea bidearen arazoa konpontzeko, trazadura handiagoa eginen da, oraingoa halako 3,5. Gainera, beste bide batzuk ere sortuko dira eta haien mantenimenduak gastu handiak ekarriko dizkio Udalari; beraz, beste alternatiba batzuk aztertu beharko dira, edo, bestela, Departamentuak bere bizkar hartu haien mantentzea.

5. Sareen trazadurek kontuan hartu behar dituzte Udalaren aurreikuspenak eta indarra duten arauak.

6. Udalaren asmoa da arau subsidiarioak aldatzea, 130. lurzatia (proiektuko EN-29) lurzoru industriala izan dadin; hortaz, sare telefonikoaren eta beste sareen trazadura aldatu beharko da.

7. Gaurko trazadura zuzena mantentzea Adiosko eta Ukarko bideetan.

Erantzuna:

1. Ezetsi egin da alegatutakoa. 9. alegazioaren 1. puntuan erantzun da.

2. A) eta B). Onartu egin da alegatutakoa. Kendu eginen da NA-601 errepidearen ondoan desjabeturiko eremua, haren hiri-izaera dela-eta.

3. Ezetsi egin da alegatutakoa. Kontuan harturik bide-adarretatik heldu diren trafikoak, uste da proiektuko konponbidea dela hoberena.

4. Hein batean onartu da alegatutakoa. Mendartea bidearen desbideraketa aldatu egin da, 10. alegazioan azaldu den bezala. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eginkizuna ez da landa-bideak zaintzea.

5. Sareen trazadurak egiteko kontuan hartu dira S.C.P.S.A. sozietatearen jarraibideak, sozietate horrek arautzen baititu Enerizko sareak.

6. Ukituriko lineak saihesbidearen eta lurzatiaren arteko mugatik desbideratu dira. Udalak aipatu dituen lineak saihesbideak ukituriko tartean aldatuko dira, haren mugatik. Obrek ez dute 130. lurzatiak zeharkatzen duen linearen gainerako zatia ukitzen eta, beraz, Udalak dagokien konpainiekin kudeatu beharko ditu lineen aldaketa.

7. Ezetsi egin da alegatutakoa. 5. eta 7. alegazioetan erantzuna.

12. alegazioa.-Ukarko Udala.

Errepidetik 2., 3. eta 4. lurzatietara sartzeko, 2. eta 4. lurzatien artean dagoen bidea hartu behar da, 3. lurzatian bukatzeko. Katastroko akats bat dela medio, bide hori ez da ageri, eta, beraz, Enerizko saihesbidearen lurzatien planoetan ez da lurzati horietarako sarbiderik aurreikusi. Eskatu du lurzati horietarako sarbidea egin dadin errepidetik.

Erantzuna:

1. Onartu egin da alegatutakoa. Proiektuko UC-3, UC-4 eta UC-5 lurzatietan, saihesbidera sartzeko bide bat aurreikusi da, hura inguratu eta errepide berrira 4+620 k.p.an sartzen den bide batez.

Aurkeztutako alegazioak onartzearen ondorioz, ondoko dokumentu hauek aldatu zaizkio proiektuari:

2.2.2. planoak. Planta eta luzetarako profila. 6. eta 7. orriak.

2.2.4. planoak. Garesko bidegurutzea, planta. 1. orria.

2.4.3. planoak. Zeharkako profilak. Garesko bidegurutzea. 5. 6. et 7. orriak.

2.6.3. planoak. Fabrika lanak. Zeharkako profilak. 2. eta 3. orriak.

2.8.4. planoak. Bideen egokitzapena. 2. orria.

2.9. planoak. Desjabetzapenak. 1, 2. 3. eta 4. orriak.

Aurkeztutako alegazioen ondorioz, aldatu egin da lurzatien planoa, eta, hortaz, honela gelditu dira aldaketek ukituriko lurzatiak:

1. poligonoko 1-D lurzatia, Aurelio Valencia Ibarrola jaunarena eta beste batena; jendaurreko fasean agertzen zen 834 m2-ko desjabetzapenari 84 m2 kendu zaizkio eta, beraz, 750 m2 desjabetuko dira guztira.

1. poligonoko 1-A lurzatia, Aurelio Valencia Ibarrola jaunarena eta beste batena; jendaurreko fasean agertzen zen 1.441 m2-ko desjabetzapenari 933 m2 kendu zaizkio eta, beraz, 508 m2 desjabetuko dira guztira.

2. poligonoko 283-B lurzatia, Valentín Zabalza Aranguren jaunarena; jendaurreko fasean agertzen zen 1.982 m2-ko desjabetzapenari 1.239 m2 kendu zaizkio eta, beraz, 743 m2 desjabetuko dira guztira.

2. poligonoko 283-A lurzatia, Valentín Zabalza Aranguren jaunarena; jendaurreko fasean agertzen zen 2 m2-ko desjabetzapenari 185 m2 gehitu zaizkio eta, beraz, 187 m2 desjabetuko dira guztira.

2. poligonoko 70. lurzatia, Fidel Echauri Zabalo jaunarena; jendaurreko fasean agertzen zen 344 m2-ko desjabetzapenari 334 m2 kendu zaizkio eta, beraz, ez da desjabetzapenik eginen.

Zortasuna ukituriko zerbitzuengatik.

2. poligonoko 283-A lurzatia, Valentín Zabalza Aranguren jaunarena; jendaurreko fasean ez zen ukitzen baina orain 57m2-ko aldi bateko okupazioa sortu da, erreten bat egiteko.

Ingurugiro zuzendari nagusiak adostasun txostena eman zion proiektuari, 2000ko azaroaren 21ean.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposatutakoarekin bat, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren urriaren 7ko 3912/99 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. "Enerizko saihesbidea Arrizabalagatik Garesera doan NA-601 errepidean" izeneko proiektuaren jendaurreko aldia ebaztea, Ebazpen honetan alegazioei erantzuteko azaldu denaren arabera.

2. Behin betikoz onestea "Enerizko saihesbidea Arrizabalagatik Garesera doan NA-601 errepidean" izeneko proiektua. Kontrata bidez egiteko aurrekontua 497.853.152 pezetakoa da (2.992.157,70 euro).

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea alegazio-egileei, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzura, Bide eta Eraikuntza Zerbitzura, Desjabetzapen Atalera eta Enerizko eta Ukarko Udaletara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren bederatzian.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: A0102703