27. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

ERABAKIA, 2001eko otsailaren 5ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez onartzen zaizkie Indar Armatuetako Eskala Osagarriko Ofizial eta Ofizialorde gisa emandako zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei, antzinatasun eta eskubide pasiboetarako.

Foru Diputazioak 1981eko urriaren 29an hartutako Erabakiak arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei Administrazio Publikoaren beste arlo batzuetan emandako zerbitzuak onartzeko araubidea.

Erabaki horren 1.a) idatz-zatiak onartzen ditu, besteak beste, Indar armatuetan edo Estatuaren Zaingo Zerbitzuetan profesionalki eta lanpostu-jabe gisa emandako zerbitzuak, eta 1.b) atalean emandako zerbitzutzat hartzen ditu aipatzen dituen Administrazio Publikoko arloetan emandako guztiak bereizketarik gabe, bai enpleguko funtzionario gisa (kontratatu nahiz bitarte baterakoa), bai administrazio edo lan kontratazioko araubidean emandakoak, kontratu horiek agiriz formalizatuak badira eta ez badira.

Indar Armatuetako Eskala Osagarriko Ofizial eta Ofizialorde gisa emandako zerbitzuak onartzeari buruz zenbait eztabaida izan direlarik, Nafarroako Goi Auzitegiko Administrazioarekiko Auzitegiak, 2000ko irailaren 29ko, azaroaren 13ko eta azaroaren 21eko epaietan, onartu ez edo ezetsi egin ditu Administrazioarekiko Auzitegiek emandako beste hainbeste epaien aurka Nafarroako Gobernuak jarritako apelazio errekurtsoak; Administrazioarekiko Auzitegi hark, beraz, interesatuek jarritako gora jotzeko errekurtsoak onetsiz, deklaratu zuen bazutela eskubidea, antzinatasun eta eskubide pasiboetarako, aipatu Eskalako Ofizial eta Ofizialorde gisa emandako benetako zerbitzuak kontatzeko.

Seguruenik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurkakoak izango diren epai gehiago izan ez dadin eta estatuko Administrazioak gai honetan aplikatzen duen araubide juridikoa bateratzeko, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei onartzea, antzinatasun eta eskubide pasiboetarako, Eskala Osagarriko Ofizial eta Ofizialorde gisa emandako benetako zerbitzuak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei onartzea, antzinatasun eta eskubide pasiboetarako, Eskala Osagarriko Ofizial eta Ofizialorde gisa emandako benetako zerbitzuak.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen onarpen prozeduraren araubidea (interesatuaren aldez aurreko eskaera, ziurtagiriaren aurkezpena, onarpenaren ondorioak, etab.) Administrazio Publikoaren beste arlo batzuetan emandako zerbitzuen onarpenari buruz Diputazioaren 1981eko urriaren 29ko Erabakiak ezarritakoa izanen da.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren bostean.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A0101576