27. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

23/2001 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 29koa. Honen bidez garatzen da eginkizun eta antolamendu aldetik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ikerketa Biomedikoko Zentroa.

Azken bost urteotan dokumentazioaren eskuragarritasuna errazten duen informazio zientifikoaren komunikazio eta zirkulazioan gertatu den aldaketa nabarmena izan da, bai jarduera klinikorako bai Osasun Zientzietako ikerketarako. Horri erantsi zaio medikuntzan jarduteko modu berriaren pixkanako zabalkundea, asmatzeko probabilitate handiagoak ziurtatzen dituzten frogetan oinarritua; ziurtasun-eza gutxiagotzen du eta erabaki klinikoaren ziurtasuna handitzen. Hori, oro har, frogantzan, hots, frogetan oinarritutako medikuntzaren paradigma berria da; medikuntza berria, ezagupenen zirkulazioaren globalizazioari esker, jarduera medikoaren eraldaketa erabatekoaren hastapenetan da. Ezagupen berri ugarien eskuragarritasun hau ez dator bat laguntza-medikuek banaka harturik eskura duten denbora eta baliabideekin. Are gehiago, ohiko eskurabideak berak ere, aldizkari nahiz liburutegiak, ez dira aski ezagupen osoaren eskaerei erantzuteko. Hori Teknologia Agentzien bidez eta eskura dauden froga hoberenak eskuragai dituzten datu-baseetako informazioen bidez leundu nahi da, baina osasun zientzien dokumentalismoan egindako aurrera-pauso horiek laguntza-medikuari erabakiak hartzeko dokumentazio sintesirik egokiena ematen dioten kudeaketa tresnak jartzea eskatzen dute.

Laburbilduz, esan daiteke osasun zientzietan azken bost urteotan egindako aurrerapen zientifiko eta teknologiko eskergak ez duela aldamenean maila bereko bitartekoen eta denboraren baliagarritasunik, ez laguntza-medikuentzat ez ikertzaileentzat

eta haietako bakoitzak bat-banaka, frogantzan oinarritutako medikuntzan aritzeko exigentzia gero eta handiagoak estuturik, ez dauzka eskura eta ezin ditu eduki, tresna horiek guztiak; eta informazio mugatua sakabanaturik egoteak eta bakoitzak bere erara erabiltzeak, berriz, ziurtasun faltsua ematen du.

Ikerketaren alorreko beste exigentzia bat ikerketa-proiektuak garatzeko balio duten baliabideak eskura izatea da, eta, zentzu horretan, Ikerketa Biomedikoko Zentroaren bidez animaliategia, operazio-gela esperimentala eta laborategiak eskura izateaz gain, material biologikoaren bankuen eskaera eta errekerimendua dago, zeinek ahalbidetzen baitute aurrera-begirako ikerketa, bai alor genetikoan bai biologia molekularrean. Horrek eskura dauden baliabideen kudeaketa integratua eta fidagarritasun teknikorik handiena eskatzen ditu. Ez, ordea, hori bakarrik: horrez gain, azpiegitura lagungarriak indartu behar dira, laguntza klinikoan, diagnosian edo terapeutikan erabilgarriak izan daitezkeen analisi molekularreko teknologia berrien inplementaziorako.

Eragimen zentzua duten profesionalentzako lan tresna berri hauek modu integratuan paratu behar dira Nafarroako Osasun Sistemako profesional guztien eskura Ikerketa Biomedikoko Zentroan, zeinak, ikusirik bere zerbitzuak gero eta gehiago erabiltzen direla, beharrezkoa baitu dagoeneko sendotuak dituen eginkizunetarako eta dokumentazio zientifikoaren eta material biologikoaren bankuaren kudeaketari buruz planteatzen diren berrietarako, Zentroak antolamendu aldetik behar bezalako garapena izatea arlo espezializatuen bidez.

Horiek horrela, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita bederatzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Ikerketa Biomedikoko Zentroak, maiatzaren 18ko 137/1997 Foru Dekretuak arautu baitzuen, aipatu Dekretuko 1.2. artikuluan onartutako eginkizunez gain, honako hauek bereganatzen ditu:

i) Osasun zentroetako dokumentazio zientifikoko baliabideak koordinaturik kudeatzea eta, horrez gain, osasuneko profesionalei ezagupen zientifikoak eguneratzeko erraztasunak ematea, beren lan klinikorako, ikerketa-lanerako eta osasun kudeaketarako une bakoitzean eskura den frogantzarik hoberena izan dezaten.

j) Zentroko hornidura kliniko-esperimentalak eta hari atxikitako material biologikoko bankuenak kudeatzea eta analisi molekularreko teknologia berriak garatzea, diagnosi, pronostiko eta ikerketa arloko erabakirik egokienak hartu ahal izateko.

2. artikulua. Ikerketa Biomedikoko Zentroak honako arlo tekniko hauek ditu bere antolamenduan:

-Dokumentazio Grafikokoa, Osasun Departamentuko eta haren Erakunde Autonomoetako osasun profesionalen jarduera klinikoei eta ikerketa eta irakaskuntzakoei babesa emateko, jarduera horiek erraztuko dituen material grafikoa prestatuz.

-Dokumentazio Zientifikokoa, osasun zentroetako baliabide eta tresna teknikoak koordinaturik kudeatu eta Osasun Departamentuko eta haren Erakunde Autonomoetako osasun profesionalen jarduera klinikorako eta ikerketa eta irakaskuntzarako frogak eskaintzen dituzten ezagupen zientifikoak eskura jartzeko.

-Ikerketa kliniko-esperimentala babestekoa, animaliategia eta operazio-gela esperimentala izanen dituena; horrez gain, babesa emango dio ikerketa aplikatu eta klinikoari kriopreserbazioko tresneriaren eta laborategien bidez, laguntza-jarduera klinikoan ikerketarako eta aplikazio diagnostiko edo terapeutikorako tresna-baliabideak eta material biologikoak eskura jartzeko.

3. artikulua. Ikerketa Biomedikoko Zentroak bere esku izanen ditu giza ehun patologikoen laginen kriopreserbaziorako beharrezkoak diren baliabideak, eta horretarako Batzorde tekniko batek aholkuak emanen dizkio. Bertan bilduko dira material biologikoa esku artean ibiltzen duten zerbitzu mediko eta kirurgikoetako ordezkariak eta eritasun neoplasikoen patologien diagnosian edo epidemiologia kliniko eta populaziokoaren ikerketan parte hartzen dutenak. Nola osatuko den Foru Aginduz finkatuko da.

4. artikulua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Foru Dekretu honetan ezarritako unitateei beren funtzionamendurako behar dituzten giza, gauza eta antolamenduzko baliabideak hornituko dizkie.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik izanen du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita bederatzian.-Nafa- rroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0101291