113. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 17a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

O L L E T A

E D I K T U A

Honako jakinarazpen hau interesatuaren azken helbide ezagunean jakinarazten saiatu arren ezinezkoa izan denez, argitara ematen da honen bitartez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jakinarazten zaio Calixto Beriáin Ayesa jaunari, Olletako Kontzejuak 2001eko ekainaren 30ean egin bilkura arruntean, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuela:

"Olletako Kontzejuak, 2001eko maiatzaren 26an egin batzar arruntean, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuen:

Pilotalekuko obrak bukatzeari buruzko puntuan.

Ikusirik, Calixto Beriáin Orzanco jaunak itxiturazko hesiarekin eremu publikoa okupatu duela, Kontzeju honetako buru izandako Teresa Ruiz andreak emaniko udal baimenaren bitartez.

Kontuan hartuz, horren gaineko dokumentaziorik ez dela agertu, ez Kontzejuko aktetan ez eta Kontzeju honetako artxiboko dokumentazioan ere.

Kontuan hartuz, Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluak xedatzen duela jabari eta erabilera publikoko ondasunen, hots, eremu publikoen, helburu berariazkoa dela jendeak oro har erabiltzea.

Kontuan hartuz, orobat, legezko aipatu xedapenaren 96.3 artikuluak ezartzen duela direlako ondasun horien erabilera pribatiborako lizentziak edozein momentutan kendu daitezkeela.

Kontuan hartuz, halaber, Udal Pilotalekua hurrengo egunetan ireki behar dela eta aipatu hesia trabagarri dela instalazioa behar bezala erabiltzeko,

Honako hau erabaki da:

1. Calixto Beriáin Orzanco jaunari eskatzea Udal Pilotalekuaren eremu publiko mugakidean duen hesia berehalakoan ken dezan.

2. Beriáin jaunari hamabost eguneko epea ematea, honako jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik aitzina, eskatu zaiona gauzatu dezan, eta ohartarazten zaio hori egiten ez badu Kontzejuak behar diren neurriak hartuko dituela eskatutakoa gauzatzeko, betiere haren kontura.

3. Erabaki hau igortzea Calixto Beriáin Orzanco jaunari."

Jakinarazten dizut jakin dezazun eta ondorioak izan ditzan, eta ohartarazten dizut erabaki honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar dezakezula:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau jakinarazi eta hilabeteko epean.

Jakinarazten dizut ondorioak izan ditzan.

Olletan (Leotz), bi mila eta bateko abuztuaren hamarrean. Kontzejuko burua, Enrique Iriarte Madurga.

Iragarkiaren kodea: A0108589