74. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak hartua, Lodosan industri hondakinak gordetzeko segurtasun gela bat eraikitzea Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratu eta, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanarekin batera, jendaurrean jartzen duena, hilabete batez.

Inabonos, S.A. merkataritzako konpainiak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Lodosan industri hondakinak gordetzeko segurtasun gela bat eraikitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aurkeztu du, aginduzko Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana barne, izapidatu eta onetsia izan dadin.

Proiektuak Nafarroako Gobernuak Emgrisa Estatuko Sozietateari egindako mandatuan du oinarri, industri prozesuen ondoriozko kutsadurak ukituriko lurzoruak inbentariatu eta ezaugarritzeko eskatu baitzion. Inbentariatutako lurzoruen artean Inabonos, S.A. merkataritza enpresak Lodosan dituen lurrak agertzen dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak eta Inabonos, S.A.k hitzarmen bat sinatu zuten. Horren bidez, Inabonos, S.A.k hitz eman zuen Iruñeko lantegia Lodosara eraman eta azken hori handituko zuela eta, halaber, Lodosan azido sulfurikoa ateratzeko zuten lantegiko hondakindegiak kutsaturiko lurrak saneatuko zituela. Azkenik, Inabonos, S.A.k Namainsa enpresa publikoaren zerbitzu teknikoak kontratatuko zituela ezarri zen, zoruak deskontaminatzeko behar diren proiektu teknikoak idatz zitzan. Erabakiaren arabera, lanak 2000ko abenduaren 31rako bukatu behar dira.

Espedientearen barrenean aipatu Proiektu Sektoriala (memoria eta planoak), Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana eta eskualdeko azterketa hidrogeologikoa bildu dira. Hortaz, espedientea oso-osorik dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 64. artikuluaren ondorioetarako.

Aurkeztutako proiektuaren interes publikoa eta onura soziala justifikatuta daude, izan ere, lehengo produkzio prozesuen ondorioz endekatutako zoruak lehenagoratu eta ingurugiroan egokitzeko lanak egin nahi dira, irtenbide tekniko seguruen bitartez eta ingurumenari kalterik egin gabe.

Aukeraturiko tokia "El Viso" parajea da, Lodosako udalerrian, herrigunetik 2,5 km ingurura eta Inabonos, S.A. plantatik 900 bat metrora. Bertan utziko diren hondakinen bolumena 134.000 m3-koa da. Gela prestatu, lixibiatuak erauzi eta kontrolatu, iragazkaiztu, hondakinak garraiatu eta bertan utzi, gela itxi eta behin betiko akabera emateko lanek 8 eta 10 hilabete bitarte iraungo dute. Proiektuaren azken kostua 324.850.037 pezetatan kalkulatu da, etekinak eta tasak barne.

Lodosan indarra duten Arau Subsdidiarioen arabera, azpiegitura horrek ukitutako lurrak lurzoru ez-urbanizagarrian dira, puska bat basolurren sailean eta beste bat emankortasun ertaineko lurren sailean. Arau Subsidiarioen arabera, kategoria horien babes araubidea 6/1987 Foru Legean ezarritakoa da (10/94 Foru Legeak indargabetua). Hortaz, 10/94 Foru Legearen 31 eta 33. artikuluei jarraikiz, jarduketa, orohar, jarduera baimengarritzat har daiteke.

Gelaren inguruetan "El Viso I en Lodosa" izeneko aztarnategia dago. Vianako Printzea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebatzi du (10/2000 Ebazpena) gela horretarako baimena ematea, baina ondare arkeologikoa babesteko aurreneurri eta neurri zuzentzaile batzuk betetzearen baldintzapean. Neurri horiek espedienteari atxiki zaizkio.

Ingurugiroaren gaineko eragina neurtzeko prozeduraren tramitazioari hasiera emateko aurkeztu den Ingugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin batean tramitatu nahi dena, osorik dago, atal guztiak bildu baitira. Ingurugiroaren gaineko eraginik handienak, jarduketa fase guztiak harturik, honakoak dira: gela eraiki eta bete bitartean partikulak jaulki eta lixibiatuak sortuko dira eta, bestetik, gela itxi ondoan, paisajearen gainean eginen den eragina, izan ere, punturen batean gela 10 metro gora aterako da lurraren gainetik. Bidezko neurri zuzentzaileak eta ingurugiroa zaintzeko programa ere aurreikusi dira.

Adierazitakoa ikusirik, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2000ko maiatzaren 26an egindako bilkuran espedienteari buruzko txostena eman duelarik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusirik, bidezko da Lodosan segurtasun gela bat eraikitzeko lanak Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratzea, interes publikoko eta onura sozialeko instalazioa delako. Horrekin batean, bidezko da ingurugiroaren gainean izanen duen ebaluazioa tramitatzea, 1131/88 Errege Dekretuaren arabera, eta Ingurugiroaren gainean izanen duen Eraginaren Azterlana jendaurrean jartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Lodosan industri hondakinak gordetzeko segurtasun gela bat eraikitzea Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratzea, uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak agintzen dituenak betetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita hilabete batez, espedientea jendaurrera ateratzea eta, aldi berean, proiektuak ukitzen duen mugapeko toki entitatearen entzute tramitepean jartzea.

3. Halaber, eta epe berean, jendaurrera ateratzea Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlana ere, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko 15. artikuluarekin bat, horren bidez onetsi baitzen Ingurugiroaren gaineko Eragina Ebaluatzeko Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Erregelamendua.

Hartarako, espedienteak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan egonen dira ikusgai (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña) eta zilegi izanen da, idatziz, epe horretan bidezko alegazio guztiak aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Inabonos, S.A.ri eta Lodosako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako ekainaren bostean.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A005342