71. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2000KO maiatzaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Udal gaineko Proiektu Sektorialtzat deklaratzen du "Sarrigurengo ekohiria" delako proiektua, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatua.

Nafarroako Gobernuaren Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aurkeztu du, Udal gaineko Proiektu Sektorialtzat (UPS) tramita dadin "Sarrigurengo ekohiria" delakoaren proiektua, osorik Egues ibarreko mugapean kokatua.

UPS horrek helburua du bertan mugatzen den eremua antolatzea, hainbat ekintza garatzeko, funtsean bizileku eta dotaziozkoak eta bai komertzial eta aisiarako batzuk ere, zeinak beren tamainaz, garrantziaz eta ezaugarri bereziez, kokaleku duten udalaz gorago joaten baitira.

I.-Upsaren proposatzen diren ekintzen eta interes publikoaren eta onura sozialaren justifikazioa.

Oro har, honako arrazoiek narritatu dute Nafarroako Gobernua Plan Sektorial hau bultzatu eta garatzera, zeinek beren buruz justifikatzen dituzten ekintzaren interes publikoa eta onura soziala:

-Bizileku eta dotazio eremu hori egoki kokaturik egotea testuinguru metropolitanoan.

-Eskualdeko gaurko testuinguru sozioekonomikoan bat egiten duten arrazoi hirigintzazko eta egokitasunezkoak, bizileku lurzoruzko garapen kualifikatuak eskatzen baitira.

-Egokitasun eremu bat estrategikoki kokatzea jarduera ekonomiko eta jostetakoetarako.

-Parada izatea hiri garapen jasangarria ezartzeko, zeinean ingurugiro helburuak gailen baitira.

Arrazoi horiez gain, Nafarroako Gobernua delarik lurzoru gehienaren jabe eta berak sustatzen duelarik ekintza, errazagotzen da hortaz garrantzi estrategiko argiko helburu bat iristea, hau da, bizileku lurzoruaren merkatuan esku hartzea, etxebizitzaren azken buruko kostua merketzea helburu.

Azkenik, gogoan harturik proposatzen den ekintzaren tamaina, eskala eta bizileku ekintzaren ezaugarri berezkoak, eskualdeko eskariari erantzuteko egiten baita, bistan da ekintzak kokaleku duen mugapeaz gorago joaten dela eta Udal gaineko Proiektu Sektorialaren figura behar duela haren hirigintza garapena aurrera eramateko.

II.-Upsaren antolamenduaren eta kudeaketaren ezaugarri oinarrizkoen deskripzioa.

"Sarrigurengo Hiria"ren kokalekuak Campamento mendia, Ekialdeko ingurubidea eta Arangurengo errepidea ditu muga. Kokaleku guztiz estrategikoa da eskualdean, Mendillorritik, Gorraiztik eta Badostaindik distantzia berean baitago eta hiru leku horietatik sarbide erraza baitu.

Muino ttikia da, bi errekaren artean, Karrobideko erreka bata eta Barranco Grandeko erreka bestea. Gorenean, Sarrigurengo etxegunea dago, Iruñerriko herri-sareko jendegune bat, administrazioz Eguesko Udalarena. Jendegune hori, proposatzen den hiri egituran murgildu eta integratuko litzateke.

Hiri egitura horrek askotariko osagai oinarrizkoak integratu nahi ditu: hiri sistema guztiek berezko dituzten osagaiez gain, adibidez, beste osagai "natural" batzuk ere izanen ditu, aurrekoekin bizikide izatekoak, Hiri-naturaren arteko lopide. Egitura honetan pieza sail bat ageri dira, sistemen arabera multzotuak, antolagarri eta ezaugarri. Hona hemen:

a) Jarduera sistema

-Herria. Proposamena antolatzeko erreferentzi elementua, erabilera bizilekuzkoak, komertzialak eta dotaziozkoak dituela.

-Sarrigurengo Ateak. Multzo arkitektoniko ikusgarriak, Komunitate berrian bistarako erreferentzigune izanen direnak. Hauexek dira jendegunerik usuenak.

-Kondominioak. Eremu komun erdi pribatuak, eskala txikiko eraikinei datxikiela.

-Parkeko behatokiak. "Torre" gisako eraikinak, ez oso altuak, parkeen ertzean.

-Etxebizitza-lorategiak. Familia bakarreko etxebizitzak patio edo lorategi baten inguruan antolatuak. Iragaitza dira eremu usuenen eta inguruko lurraldeen artean.

-Egokitasun eremua. Balio erantsi handiko aisia eta komertzio jardueretarako eremua. Bizileku eremutik banangarri, Ekialdeko ingurubidea doa eta eskualdean kokaleku guztiz estrategikoa du.

b) Komunikazio sistema

-Eskualdeko Garraio Sistemarekiko loturak. Ekialdeko ingurubidearekin lotzeko bi lotura biribilgune izanen dira: Mendillorriko biribilgunea eta Arangurengo ibarrera sartzeko biribilgunea.

-Barneko loturak. Gurutze handi batek artikulatzen ditu barneko loturak, bi errepide nagusik osatua, ekialdetik mendebalera eta iparretik hegora.

c) Hiri azpiegituren eta zerbitzuen sistema

-Eskualdeko Azpiegitura sistemarekiko loturak. Batzuetan UPSaren eremutik kanpo egiten dira lotura horiek eta beraz ekintzaren ondorioz eskualde sareko zenbait puntutan sendogarriak behar dira.

-Barne sareak. Barne sareetan zenbait elementu berritzaile ageri dira, natura babestu edo arazteko sistemak ezarri edo hobetzea helburu.

d) Eremu libreen eta berdeguneen sistemak.

-Aintzira. Barranco Granderen ubide ertzean eta terrenoko morfologiaren araberakoa. Bertako jarduera eremuen grabitazio zentro larrienetakoa da.

-Sarrigurengo parkea. Oso sarbide errazeko hiri pieza, Herria garapen berriekin lotzen duena.

-Berrikuntzaren kuboak. Bakarkako arkitektura piezak, parkean oinarri geomatriko baten gainean antolatuak. Emendiozko eduki tematiko erakargarria ematen diote parkeari.

e) Ekipamendu eta jostetarako sistema.

-Josteta eta Aisia eremuak. Ipar-hegoko bi ardatzetan daude, errepide nagusietatik bananduak eta etxebizitzetatik hurbil.

-Ekipamendu sistema. Kokaleku estrategikoan, berdegune eta eremu libreen sistema alde batean eta bestean natura babesteko sistema dituela, bien arteko lotura faboratzeko.

f) Natura babesteko sistema

-Korridore ekologikoak. Sistema naturalen osagai oinarrizkoak. Haien tratamenduak babeste eta hobetze helburua du. Ertzetan, interferentziarik gabeko erabilera eremuak ezarri nahi ditu, elementu naturalen funtzionamendurako babesgarri izanen direnak.

-Eremu libre naturalizatuak. Naturaltasun maila handiena lortu nahi da eremu horietan. Korridore ekologikoen babesgarri dira eta natur osagaien arteko harremana faboratzen dute eta bai haien eta hiriko jardueren artekoa ere.

-Natura babesteko eta erabiltzeko azpiegitura eta instalazioak. Sistemen funtzionamenduko problemak konpontzeko eta haien arteko harremanak hobetzeko erabiltzen dira (korridore ekologikoak era errepide sarea gurutzatzeko egiturak, erreken gaineko zubi eta pasabideak, euri uren araztea eta bide berdeen sarea).

-Antolamenduko daturik esanguratsuenak hauek dira:

Antolamendu eremuaren azalera: 1.501.906 m2

Bizileku eremua: 1.274.276 m2

Egokitasun eremua: 164.863 m2

Terreno publikoak: 62.767 m2

-Bizileku eskaintza: 4.211 etxebizitza.

B.O.E. (58,23): 2.452 etxebizitza.

PTE (34,05): 1.434 etxebizitza.

PLE (7,74): 325 etxebizitza.

-Egokitasun eremuko eskaintza: 125.587,50 m2 eraikiak

-Berdeguneak: 154.466 m2

Bizileku eremua: 139.339 m2

Egokitasun eremua: 15.127 m2

-Aparkalekuak: 13.913 toki

Bizileku eremuaren azaleran: 4.582 toki

Bizileku eremuan lur azpian: 6.621 toki

Egokitasun eremuaren azaleran: 1.454 toki

Egokitasun eremuan lur azpian: 1.256 toki

-Ekipamendua

Bizileku eremua. Irakaskuntza-kultura eta kirola: 98.252 m2

Bizileku eremua. Josteta eta aisia eremuak: 29.068 m2

Bizileku eremua. Josteta eta aisia eremuak: 35.903 m2

Bizileku eremua. Balioanitza: 41.587 m2

Egokitasun eremua. Balioanitza: 6.616 m2

-Natura babesteko sistemak: 359.942 m2

Bizileku eremua. Korridore ekologikoak: 92.769 m2

Bizileku eremua. Eremu libre naturalizatuak: 207.181 m2

Egokitasun eremua. Korridore ekologikoak: 25.422 m2

Egokitasun eremua. Eremu libre naturalizatuak: 34.570 m2

Hauek dira UPSaren kudeaketa eta betearazpenaren gaineko daturik esanguratsuenak:

-Antolamenduaren eremu osorako lurzoruaren sailkapena lurzoru urbanizagarri antolatua da.

-AR1 deritzan banaketa eremu bat definitu da, bertan Bizileku eremua eta Egokitasun eremua daudela, osotara 1.439.139 m2ko azalera eta aprobetxamendu tipoa 0,730014 UA/m2koa. Banaketa eremu horrek sektore bakarra osatzen du eta betearazpen unitate bakarra.

-Aurreikusten den betearazpen sistema desjabetzapenarena da.

-Sektorea urbanizatzeko hiru aldi aurreikusten dira: lehenbiziko biak Bizileku Eremuaren urbanizazioari dagozkio eta hirugarrena Egokitasun Eremuari. 7.959.515.772 pezetako urbanizazio kostua aurreikusten da.

-Halaber, zazpi etapako garapen programa bat proposatzen da eraikinetarako, lehenbiziko seiak etxebizitzen eraikuntzari dagozkio eta zazpigarrena Egokitasun Eremuarenari.

Azkenik, eta azpiegituren gaineko datu osagarritzat, honakoa dugu:

-Ur hornidura Servicios de la Comarca de Pamplona S.A.k eginen du, orain Irigaraien dagoen biltegitik. Biltegi hori zabaldu egin beharko da eta bai Mendillorriko biltegitik Irigaraikora punpaketa egitea ere.

-Ur beltzak oraingo sarera isuriko dira. Honako obrak egin behako dira: Kolektore orokorra urbanizaziotik Arga ibaira; Arga ibaia pasatzeko sifoia; sifoia eta Burlatako oraingo C-2 kolektorea lotzeko obrak, zeina bokoiztu egin behako den isurkin berriak hartzeko.

-Euri urak urbanizazioa gurutzatzen duten erreketara isuriko dira, eta handik Arga ibaira. Ubide naturaletarako isurkinen kutsadura gutxitzeko, lehenbiziko urak atxikitze biltegi batzuetan altxatuko dira eta handik ur beltzen sarera isuriko.

-Aurreikusten da desbideratu behar dela orain dagoen 66 Kvko linea. Handik hara urbanizazio berriaren ertzetik joanen dira. Gainerako linea berriak lurpetik joanen dira eta desmontatu eginen da, haren beharrik ez dagoelako, oraingo eraldaketa zentroa.

-Gas hornibidea Gas Navarra S.A. enpresak eginen du, Olatzen eta Mendillorrin dagoen saretik.

III.-Upsaren dokumentazioarekin batera aurkezten diren txostenak.

a) Iruñerriko Mankomunitatea (2 txosten).

Lehenbizikoan aditzera ematen da sustatzaileek beren gain hartu behar dituztela ezarpen berritik sortzen diren inbertsioak, eta inbertsio horiek Urbanizazio proiektuan ere azaldu, zehaztuz saneamendu eta hornidura sareko zein elementu zabaldu edo proiektatu beharko diren.

Bigarren txostenak oniritzia ematen dio aurreko txostenaren arabera planteatu diren hornidura eta saneamendu eskemei, eta aditzera ematen zertan diren Irigaraiko biltegia eta bonbaketa zabaltzeko eta C-2 kolektorea bikoizteko lanak.

Mankomunitateak kudeatzen dituen beste zerbitzu batzuei dagokienez, hala nola hiri hondakin solidoen bilketa eta hiri garraio publikoa, hainbat gomendio egiten ditu bideen trazadura eta zabalera, edukiontzien jarrera, hondakinen bilketa neumatikoa eta Urbanizazio Proiektuan garraio publikoko geltokiak sartzea direla-eta.

b) Ebro Ibarreko Ur Konfederazioa. Uren Komisaria

Aurkeztu den dokumentazioa azterturik, ez da trabarik aurkitzen azaldu diren planteamenduen kontra, nahiz eta, behar diren Administrazio baimenak emateko, dokumentazio jakin bat aurkeztu beharko den, besteak beste azterlan hidraulikoa.

c) Ebro ibarreko Ur Konfederazioa. Jabari Publiko Hidraulikoa Kontrolatzeko Zerbitzua.

Sei hilabeteko epea ezartzen du baimena eskatzen den egunetik kontatuta, etxebizitzak eraikitzeko Karrobide eta Barranco Grande erreketako polizia eremuan, ebazpena ebatzi eta jakinarazteko. Ebazpen espresik ematen ez bada, ukatutzat hartuko da.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua. Nekazaritza Egituren Zerbitzua.

Aditzera ematen du ez dela ureztalurrik ukitzen eta ez dela aurreikusten Nafarroako Gobernuak etorkizunean ureztalurren gaian ekintzarik egitea, proiektuak uki dezakeenik.

e) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua. Ingurugiro Zuzendaritza Nagusia.

Txostenak aditzera ematen du ez dela Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren bidez tramitatu beharrik, proiektua ez baita kokatua ingurugiro aldetik minbera den eremu batean eta bertako ezaugarriek ez baitute ekartzen kutsagarriak jaulkitzea edo hondakinak sortzea. Ingurugiroaren gaineko eraginak aztertu eta zuzentzea egoki tratatu beharko da Udal gaineko Proiektu Sektorialean.

f) Hezkuntza eta Kultura Departamentua. Museoen, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren atala.

Proiektuak ukitzen dituen aztarnategien zerrenda aurkezten du, bai eta aztarnategiak mugatu eta definitu ere. Ez da beraz aurrezko prospekziorik egin behar.

Oro harko neurritzat, aditzera ematen du hiru aztarnategien induste lana kondizio jakin batzuetan egin behar dela.

g) Hezkuntza eta Kultura Departamentua. Ondare Arkitektonikoaren Atala.

Txostenak Sarrigurengo etxagunearen ondo-ondoko eremua hartzen du aintzat. Aditzera ematen du bertako eraikinen altuera mugatua izanen dela: behea gehi bat gehi teilatuazpia edo atikoa, nonbaitor. Aditzera ematen ere du zentro zibikoko eraikinak eta "L" itxurako bizileku eraikin bat kendu beharrak direla.

IV.-Hirigintza eta lurraldearen inguruko gogoetak

a) Indarrean den hirigintza eta lurralde planeamenduari dagokionez:

Indarrean diren Iruñerriko Hirigintza Arauek (IHA), "AR3 Sarriguren" deritzana sartzen dute proposatzen dituzten bizileku eremuen artean, Eguesen kokatua. Eremu hori, IHAek esaten duten bezala, Nafarroako Gobernuak eta Eguesko Udalak sinatu duten Hitzarmenaren arabera garatuko da. Egokitasun eremuen artean, bestetik, "AO.6, Altxutxate" deritzana sartzen da, zeinak Egues ere ukitzen duen eta toki egokia den eskualde edo herrialde mailako dotazioak ezartzeko, hurbileko bizileku eremuari konplexitatea emateko modukoak.

Bestetik, IHAek aditzera ematen dute kasuko planeamendu sektorialak aintzat hartu beharko dituela bere eskumen berariazkoari erasaten dioten lurralde zehaztapenak, IHAek eremu horietarako ezartzen dituen irizpideekin bateratzeko moduan. Hartarako, IHAen araudi partikularrak ezartzen du, bai Bizileku Eremuetarako nola Egokitasun Eremuetarako, zer iripide segitu behar diren behar bezala mugatu eta antolatzeko.

UPSaren edukia ikusirik: a) Bertan aurreikusten diren Bizileku Eremua eta Egokitasun Eremua, UPSak antolatzen duten eremua osoa alegia, kasik bat egiten dute IHAetan bakoitzetik sarturik dauden eremuekin, arestian aipatu direnekin. b) UPSaren ezaugarri eta zehaztapenen eta IHAetan eremu horiek antolatzeko ezartzen diren irizpideen arteko kontrasteak agertzera ematen du behar bezalako bateragarritasuna dagoela haien artean.

Azkenik, aditzera eman behar da Egues ibarreko Udalak behin betiko onetsirik daukala bere Udal Plana, eta hala ere idazkizun dagoela behar den testu Berregina, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta indar hartu dezan. UPSa onesteak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 62.1 artikuluak agintzen duenarekin bat, berekin ekarriko du behar den momentuan Udal Plana moldatzea haren aginduetara.

b) "Ekohiri"ko sarbideak.

Ekialdeko ingurubidearekin eta Arangurengo errepidearekin lotura egiteko proposatu diren soluzioen gainean txostena egin beharko du Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, espediente hau ebatzi baino lehen.

c) Ekipamendu eta lagapenen erreserba:

Sektore osorako proposatzen diren erreserba eta lagapenetatik heldu diren balioak (hau da, aurreikusten diren bi eremuetarako: bizileku eremua eta Egokitasun Eremua) lurzoru urbanizagarriko sektoreetarako ezarri diren moduluak baino gehiagokoak dira.

Halaber, jabari eta erabilera publikoko eremu libreen itxurapenak, eta bai haurrentzako aisia eta jostetarako eremuenak ere, betetzen dituzte hartarako eskatzen diren baldintza minimoak.

d) UPSaren araudia: Plan Sektorialaren hirigintza araudiak ekipamenduentzako eraikuntza arauak izan beharko ditu eta alderdi hauek jorratu: bolumena, okupazioa, altuera, erabilerak, zilegi eta debeku direnak bereiziz, eta eraikinen itxurapen arkitektoniko eta estetikoa.

Halaber, araudian arauren bat beharko da Egokitasun Eremuan aparkalekuen erabilera publikoa bermatzeko.

Azkenik, eta aurreikusten den ekintza sistema desjabetzapena baita, UPSaren ebaluazio ekonomikoak desjabetzapenaren kostu ekonomikoaren estimazioa izanen du barne, egin behar den etaparen alderako.

e) Bestelako gogoetak:

Espedienteak jasotzen ditu, oro har, erakunde desberdinek jaulki dituzten txostenetan seinalatu dituzten zehaztapenak. Hala ere, honako alderdiak xehatu behar dira:

-Ez da jasotzen Sarrigurengo etxegunearen ondo-ondoko eraikinen altura limitazioa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Ondare Arkitektonikoaren txostenak aditzera ematen duen bezala. Alderdi horiek argitu edo zuzendu beharko dira Plan Sektorialak onetsi baino lehen.

-Halaber, Plan Sektorialaren 3. eranskinean, "Urbanizazio lanen ezaugarri xehetuak" delakoan, ez dira biltzen, nahiz eta urbanizazio kostuen ebaluazioan ageri diren, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Museoen, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenak eskatzen dituen induste lanak.

-Kontuan hartu eta ebaluatuko dira, eta bai justifikatuko ere UPSan sartu behar diren ala ez, Iruñerriko Mankomunitatearen txostenean ageri diren sujerentzia eta gomendioak, kale-errepideen trazadura eta zabaleraren eta zenbait elementu Urbanizazio Proiektuan sartu beharraren gainekoak.

V.-Ingurugiroaren gaineko gogoetak

Gai honen gainean UPSaren gainean luzatu den txostenak aditzera ematen du proposatzen den ekintza ingurugiro aldetik bateragarria dela. Hala ere eta espedientea behin betiko onetsi aurretik, espedientea osatu beharko da ondoren aipatzen diren alderdi eta zehaztapenez, ez baitira behar adina aztertu ingurugiroaren gaineko eraginen azterlanean.

-Ingurugiroaren gaineko Zarata Eraginaren Azterlana ere sartu beharko da, zarata edo bibrazioak emititzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoei buruzko ekainaren 8ko 135/89 Foru Dekretuko 21.2 artikuluak aipatzen duena.

-Urbanizazio Proiektuarekin batera, neurri zuzentzaileen gauzatze proiektu bat ere aurkeztuko da, euri ur kutsatuak ubide publikoetara isurtzea galarazteko. Ildo horretatik, eta proiektuari eman zaion jasangarritasuna gogoan, eginahala eginen da urbanizazioan azalera zolatu iragazgaitza ahalik eta gutxienekoa izan dadin, euri urezko errekak ere ahalik eta gutxienak izateko, edo ur-eman hori gutxitzeko moduko neurriak hartuko.

-Proiektuan aipatzen denez, SCPSA, Iruñerriko Saneamendu sarearen kudeatzaileak, aditzera eman du C2 kolektoreak ez duela gaitasunik bere ibilbide guztian garraiatzeko isurkin berri hori. Horrek, dagoeneko, ekarri du kolektore horretatik sobrantea Arga ibaira isurtzen dela euri moderatuak daudenean, ibaiko uren kalitateari kalte eginaz, eta joan diren urteetan ur gutxiko hilabeteetan arrain asko hilaraziz.

Hortaz, proiektua gauzatzeko baldintza izanen da problema hori konpontzea, garapen kronograma bat ezarriz, hala behartzen bada, hartarako ezartzen denarekin bateragarria.

Hori horrela, ikusirik Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2000ko apirilaren 19an jaulki zuen txostena eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikatzeko diren beste arauak ikusirik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU

1. Udal gaineko Proiektu Sektorialtzat deklaratzea "Sarrigurengo ekohiria" delako proiektua, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak agintzen dituenak betetzeko.

2. Espedientea behin betiko onetsi baino lehen, Departamentu sustatzaileak aurkeztu edo, hala behartzen bada, zuzendu eginen ditu Erabaki honen azalpen zatiko Lurralde eta Hirigintzaren gaineko gogoetak eta Ingurugiroaren gaineko gogoetak ataletan aipatzen diren alderdiak.

3. Halaber, eta espedientea behin betiko onetsi baino lehen, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena aurkeztuko da, komunikazio bideen gaineko eraginari eta bertarako sarbideen problema konpontzeari buruzkoa.

4. Espedientea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik hilabeteko epean aldi berean jendaurrean eta entzunaldian jartzea Vianako Udaletxean.

5. Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alhondiga kaleko 1-2 zenbakiak, Iruñean), eta zilegi izanen da nahi duenak epe horretan idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Herrilan, Garraio eta Komunikazio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura, Hezkuntza eta Kultura, eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuei, Ebro Ibarreko Ur Konfederazioari, Iruñeko Mankomunitateari eta Eguesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita bian. Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A0005240