146. ALDIZKARIA - 2000ko abenduaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

1106/2000 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana. Bi proiektu hauen jendaurreko fasea ebatzi eta behin betikoz onesten ditu: "Iruña-Lizarra autobia: Garesko saihesbidea egitea (Arga ibaiaren gaineko zubia izan ezik)" eta "Iruña-Lizarra autobia: Arga ibaiaren gaineko zubia egitea Garesko saihesbidean".

Ekainaren 30eko 649/2000 Ebazpenaren bidez honako bi proiektu hauei onespen teknikoa eman eta jendaurrean jarri ziren: "Iruña-Lizarra autobia: Garesko saihesbidea egitea (Arga ibaiaren gaineko zubia izan ezik)" eta "Iruña-Lizarra autobia: Arga ibaiaren gaineko zubia egitea Garesko saihesbidean".

Aipatu Ebazpenaren bidez, ukituriko ondasun eta eskubideen desjabetzapen espedienteari hasiera eman eta proiektuak jendaurrean jarri ziren, egokiak ziren ohar eta alegazioak egin zitezen.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio epean ondoko hauek aurkeztu direla:

1. alegazioa.-Rafael Beasiain jauna.

1. Bera eta bere anaia Florencio Beasiain Simona Muru Ciaren oinordekoak dira eta, beraz, 2. poligonoko 533. lurzatiaren jabe.

2. Berea eta bere anaia Florenciorena den lurzatiaren parte handi bat atsedengune batek ukitzen du, eta bere ustez ez da beharrezkoa saihesbide batean.

3. Saihesbidea egiteko behar-beharrezkoa dena besterik ez dadila desjabetu eskatu du.

Erantzuna:

1. Kontuan hartu da alegatutakoa; jabetza egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu desjabetzapen espedientean biltzeko.

2. Atsedengune eta aisiagunearen proiektua "Garesko saihesbidea N-111 errepidean" proiektuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko agindu bati jarraikiz egin da (Nafarroako Gobernuak onetsia 1999ko maiatzaren 17an; uztailaren 2ko 82. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL). Agindu horrek dio Señorío de Sarríara iristeko errepideko lotune berriaren inguruan egin behar dela. Toki hori da baldintza topografiko onenak dituena, bai eta lotune hori erabiliz autobian sartzeko baldintza onenak dituena ere.

3. Jendaurrean jarri den proiektuak atsedengunearen diseinurako egokienak diren lurzatiak hartzen ditu.

2. alegazioa.-María del Mar de Churruca y Ojeda andrea eta Javier García de Fuentes Churruca jauna.

1. Komunikazio eta jakinarazpenak jasotzeko helbide hau jarri dute: Mayor, 29. 31100 Gares.

2. 135. finkan (finka horren jabekide dira) etxebizitza bat dago eta hori María del Mar de Churruca y Ojeda andrearen bizigune bakarra da. Biribilunearen trazadurak eta Garesko saihesbidea Mendigorriarekin lotzeko errepideak oso-osorik ukitzen dute etxebizitza hori; hortaz, bere bizigune bakarra osorik eta betiko galduko luke.

3. 133 eta 134. finkei dagokienez (horien jabekide dira), desjabetzapenak finken itxiturako zatirik baliotsuena ukitzen du, burdinezko artisautzako atea baitago bertan; ate hori finkako sarrera da eta etxebizitzarantz joateko barne bidera ematen du.

4. 134. finkan desjabetzapenak ur putzu bat ukitzen du; 40 metroko sakonera baino handiagoa du, berriki zulatu da, ur emaria 6.000 l/hr-tik gorakoa da eta milioi bat pezeta baino gehiago kosta da egitea.

5. Gares eta Mendigorria lotzen dituen errepidea nolakoa den eta bertan izaten den trafikoa kontuan hartuta, gehiegizkotzat jotzen dute errepide horren zabalera, eta berdin biribilunea Campollanoko auzobidearekin edo lurzati berrantolamenduarekin lotzeko tartearenak.

6. Eskatu dute, 2, 3 eta 4. alegazioei dagokienez, 20 metro motz dadila proiektaturiko biribilunetik abiatuta Campollanoko auzobidera edo lurzati berrantolamendura iristeko bidea.

7. Eskatu dute, 5. alegazioari dagokionez, errepidearen zabalera murritz dadila, azelerazio erreia kenduz eta biribilunearen neurria murriztuz.

Erantzuna:

1. Kontuan hartu da jakinarazpenak igortzeko helbide berria.

2, 5, 6 eta 7. Onartu egin da alegatutakoa. Etxebizitza gutxiago ukitzeko, aldaketa hauek egin dira proiektuan: biribilunetik Mendigorrirantzako norabidean ateratzen den adarraren luzera txikitu, eta ezpondari eusteko pareta proiektatu da (30 metro luze eta 2 metroko garaiera).

3 eta 4. Onartu egin da alegatutakoa. Ibaiaren ezkerraldeko finketara iristeko bidean kendu egin da hasiera batez aurreikusitako eremuko desjabetzapena; 133 eta 134. finken ukipen oro desagertu da.

3. alegazioa.-Vidal Guembe Sarriguren jauna.

1. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturiko helbidea ez dator berearekin bat. Hau du helbidea: San Martin plaza, 6, Obanos.

2. Bere finkara -ukituko baita- iristeko behar bezalako baldintzak izanen dituen sarbidea utz dadila eskatu du.

Erantzuna:

1. Kontuan hartu da jakinarazpenak igortzeko helbide berria.

2. Bere finkako sarbideak (6. ardatzak oso gutxi ukituak) oraingo baldintzen antzekoak izanen ditu gero ere.

4. alegazioa.-Ignacio Gaztelu Arrastia jauna.

1. 1997ko ekainaren 26an Rafael Morondo Ros jaunari erosi zion Garesko 3. poligonoko 295. lurzatia; Jabetza Erregistroan inskribatu zuen (219. idazpena, 37. orria, 32. liburua), 1998ko martxoaren 31n.

2. Garesko Udaleko Landa Katastroko titulartasuna alda dadila eskatu du, Rafael Morondo Ros jauna ageri baita jabe moduan oraindik ere.

Erantzuna:

1. Kontuan hartu da alegatutakoa; jabetza egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu desjabetzapen espedientean biltzeko.

2. Alegatzaileak egindako eskaera Garesko Udalari dagokio; Udalak eguneratu beharko du, beraz, katastroa.

5. alegazioa.-María Luisa Ripa Lizarraga andrea.

1. Hemendik aurrera hau izanen da bere helbidea: Inurrieta zeharkalea, 9, 1.a F, Gares (31100).

2. Bere finkan atsedengunea egitea ez dela beharrezkoa uste du, ikuspegi mugatua duelako eta saihesbidean sartzeko arazoak daudelako; beste toki batzuek paisaiaren aldetik perspektiba handiagoa eta ikuspegi hobea dutela uste du.

3. Atsedengunea egitea Garesko Udalaren asmoa da, eta ez dira nahasi behar Udalaren interesak bide publiko bat justifikatzen duen denen interesarekin.

4. Eskatu du atsedengunea Udalaren lurzati batean egin dadila, edo bere xederako egokiagoak diren baldintzak dituen batean.

Erantzuna:

1. Kontuan hartu da hurrengo jakinarazpenak igortzeko alegatzaileak eman duen helbide berria.

2, 3 eta 4. Rafael Beasiain jaunari 1. alegazioan emandako erantzun berbera.

6. alegazioa.-Silvestre Belzunegui Otano (Legardako Udaleko alkate udalburua).

1. Legardako Udalak uste du Miravallesko bidea N-111 errepidearekin lotzeko proposatu den modua hobetu egin daitekeela.

2. Aukera hauek kontuan har daitezela proposatu du:

1. 18.800 k.p.aren pareko lurpeko pasabidea.

2. Egungo Goldaizako bidea erabiltzea.

Erantzuna:

1. Proiektu honetan behin-behinekoz aurreikusi da Miravallesko bidea berriz jartzea. Zizur-Garesko tarteko proiektua osatzen denean, Legarda inguruan autobia gaineko pasabide batekin gurutzatzea aurreikusi da; horretaz gainera, autobiaren parez pareko bide tarte bat, orain proiektatutakoarekin lotu arte.

2. Eskatu den lurpeko pasabidea, 850 metrotara proiektatu denaren ordez, ezin da egin, puntu horretan autobiaren sestra lurrean sostengatzen delako, eta egiteko beharrezkoa izanen litzatekeelako hondeaketa lan handi bat, eta horrek euri urak ateratzeko zailtasunak izanen lituzke.

Bigarren puntuan alegatutakoa onartu egin da. Autobiaren proiektuko Zizur-Gares tartean egungo Goldaizako bidearen lotunea sartuko da.

7. alegazioa.-César, Joaquín, Ricardo eta Raquel Suescun Orrillo jaun-andreak.

1. Hurrengo jakinarazpenak helbide honetara igor daitezela: César Suescun Orrillo. Lurbeltzeta kalea, 8, 2.ezk. 31180 Zizur Nagusia.

2. Beren lurzatiaren azalera, 1999ko abuztuaren 31eko lurzati zedulan eta aurrekoetan ageri dena (4.800 mý) ez da zuzena; hortaz, ados ez daudenez, Alfredo Ramos Alonso, Topografiako ingeniari teknikoak (kolegiatu zk.: 91) neurtu du lurzatia, eta 5.226,74 mý-ko azalera atera da.

3. Eskatu dute Garesko 3. poligonoko 117. lurzatiaren azalera zuzendu eta 5.226,74 mý-koa dela jar dadila, eta desjabetzapenerako kontuan izan dezatela.

Erantzuna:

1. Kontuan hartu da alegatzaileak hurrengo jakinarazpenak igortzeko eman duen helbide berria.

2 eta 3. Kontuan hartu da alegatutakoa; jabetza egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu desjabetzapen espedientean biltzeko. Hala ere, alegatzaileari jakinarazten zaio jendaurrean jarritako proiektuan ageri diren datuak Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko lurzati zedulakoak direla.

8. alegazioa.-José Ramón Irañeta Bengoechea jauna eta Sagrario Irañeta Bengoechea andrea.

1. Beren lurzatiaren xedeari dagokionez gehitu behar da nekazaritzako makineria gordetzeko erabiltzen dela, horretarako beste toki egokiren bat ez izateagatik.

2. Finka beti zainzuriak landatzeko erabili da, eta itxitura, atea eta erabiltzen den putzua ditu.

3. Alegatzaileek nekazaritza dute eta izan dezakete bizibide bakar, eta lur onena kenduko litzaieke.

4. Uste dute autobiaren trazadura aldatu ahalko litzatekeela, eta ingurugiroan eta monumentuetan eragin gutxiago ekarriko lukeen toki batean egin.

5. Eskatu dute trazadura eta saihesbidearen ukipena alda daitezela, eta Garesko katastroko 3. poligonoko 31. lurzatia ukitu gabe utzi.

6. Eskatu dute beren lurzatiarekin batera ukituriko ondasunen edukia osa dadila, eta desjabetu beharreko lurzoruaren hirigintza kalifikazioa adieraz dadila (zainzuriak, itxitura, atea eta putzua).

Erantzuna:

1, 2, 3 eta 6. Onartu egin da alegatutakoa. Saihesbidea egiteko proiektuan oraingo itxitura berriz jartzea aurreikusten da; hala izanen da bai behin-behinekoz -errepidearen desbideraketa egiteko-, bai behin betikoz. Finkaren xedeari dagokionez, aktak egitean aztertuko dira finkaren erabilpenak.

4 eta 5. Proiektuaren trazadura bat dator onetsita dagoen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin. Proiektu hori onetsi zen beharrezko azterketa teknikoak eta ingurugirokoak egin ondoren. Ez dira egitekoak, beraz, alegatutako aldaketak.

9. alegazioa.-Fco. Javier Goñi Arraiza jauna (Recuperaciones Valdizarbe, S.L.)

1. Jendaurrean jarritako dokumentazioan ez da ageri zein motatako azalera den, ez desjabetu beharreko lurrari ez okupatu beharrekoari dagokionez; Turismoko eta Zerbitzuetako Lurzoru Urbanizagarria da.

2. "Recuperaciones Valdizarbe" ibilgailuak zatikatzen dituen enpresa da, eta hori ere ez da ageri jendaurrean jarritako dokumentazioan. Enpresak inbertsio handia egin du handitzeko eta ibilgailuak birziklatzeari buruzko 2002ko arauei egokitzeko. Horri esker plantilla handitu da, eta Harrera eta Deskontaminazioko Zentro Baimendu bihurtu da.

3. 2.416 mý-ko desjabetzapenak enpresaren neurria mugatzen du, eta kaltea sortzen die jarduerari eta garapen ekonomikoari, erabat baldintzatzen baititu. Desjabetzapenak enpresa berrantolatzea dakar eta, horri lotuta, ohiko funtzionamendua etetea; horrek, jakina, merkataritza eta lan arloko ondorioak izanen ditu.

4. 669 mý-ko aldi bateko okupazioak enpresaren sarrera ukitzen du eta horrek ibilgailuen sarrera baldintzatu eta funtsezko eremu bat kentzen du, eta eremua berriz banatu beharra eta erabilpena berrantolatzea dakar. Gainera, aldi bateko okupazioko eremua Garestik Artazurako errepidearen bestaldeko lurretara aldatzea proposatzen du, edo desjabetutako eremua bera desbideraketa gisa aldi baterako erabil dadila proposatzen.

5. Eskatu du Garesko saihesbidearen trazadura alda dadila, desjabetu beharreko eremua uki ez dadin edo desjabetzapena teknikoki ahal den neurrian murritz dadin.

6. Eskatzen du, baldin eta aurreko eskaerak onartzen ez badira, ukituriko ondasun eta eskubideen edukia osa dadila, eta ager dadila lurzorua hirigintzaren aldetik Turismoko eta Zerbitzuetako Lurzoru Urbanizagarria dela, jarduera mota zein den, ukituriko ondasun materialak, lortuko ez diren irabaziak eta desjabetzapen zein okupazioaren ondoriozko kalte ekonomikoak, egokia den unean balora daitezen. Halaber, subsidiarioki eskatu du aldi baterako okupazioa ahalik eta motzena izan dadila.

7. Eskatu du berma daitezela sarbidea, lurzatiaren itxitura eta finkak dituen hornidurak, bai obrak egiten direnean bai ondoren.

Erantzuna:

1, 2, 3, 6 eta 7. Kontuan hartu da alegatutakoa. Aktak egitean okupaturiko lurzoruaren kalifikazioa eta instalazioak izanen dituen ukipenak baloratuko dira.

4. Hein batean onartu da alegatutakoa. Aldatu egin da behin-behineko desbideraketa, instalazioen sarrera gutxiago ukitzeko. Zubiaren zimenduetan hondeaketak egin behar direnez, desbideraketa ezin da errepidearen eta ibaiaren artean egin.

5. Proiektuaren trazadura bat dator onetsita dagoen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin. Proiektu hori onetsi zen beharrezko azterketa teknikoak eta ingurugirokoak egin ondoren. Ez dira egitekoak, beraz, alegatutako aldaketak.

10. alegazioa.-Baltasar Márquez Ruedas jauna eta Rosa María Irurtia López andrea.

1. Jendaurrean jarritako dokumentazioan eta egin diren iragarki eta jakinarazpenetan oker ageri da ukituen helbidea. Hau da helbide zuzena: Zabalzagain, 7, 1.a ezk. Gares.

2. Jendaurrean jarritako dokumentazioan ez da azaltzen desjabetu beharreko eremuan aisiarako finka baten zati handia eta bertako sarrera daudela, eta honako ondasun hauek: eraikin estalkiduna, eustormak, ur depositoa, lorategia landare, frutarbola eta bestelako arbolekin, putzua eta hesia.

3. Jendaurrean jarritako dokumentazioan ez da ageri lurzorua Turismoko eta Zerbitzuetako Lurzoru Urbanizagarria dela.

4. Jendaurrean jarritako dokumentuazioan ez da ageri okupatu beharreko eremuan zenbait ondasun dagoela, hala nola sarrerako atea, hesia, arbolak eta txakurren etxola. Halaber, ez da ageri lurzoruaren hirigintzako kalifikazioa eta aisiarako finkako sarrera gisa erabiltzen dela.

5. Helbidea zuzen dadila eskatu du. Hau da helbide berria: Zabalzagain, 7, 1.a, ezk. Gares.

6. Eskatu du, desjabetu beharreko eremuan sar daitezela ukituriko ondasunak eta hirigintzako kalifikazioa, balorazio eta kalteordainetan kontuan har daitezen; eskatu du, halaber, lurzatiko putzutik ura ateratzen segitzeko modua izatea.

7. Eskatu du, obrak hasten direnerako, gelditzen den lurzatiaren sarrera eta itxitura jarri eta obrak bukatutakoan lehen zegoen bezala utz daitezela.

Erantzuna:

1 eta 5. Kontuan hartu da alegatzailearen helbide berria hurrengo jakinarazpenetarako.

2, 3, 4, 6 eta 7. Hein batean onartu da alegatutakoa. Putzua ez dute zuzenean ukituko ez proiektatutako desbideraketak ez behin betiko obrak. Proiektuan aurreikusita daude ukituriko itxitura eta sarbideak, eta aktak egitean baloratuko dira alegatzaileak aipatzen dituen ukipen guztiak.

11. alegazioa.-Alejandro Seco Francisco jauna.

1. Okupazioak bere txakurtegi bat ukitzen du, hots, aitaginarreba duen Gabriel Riezu Goñi jaunaren lurzatian eraikia.

2. Kalte-ordaina eman dakiola eskatu du.

Erantzuna:

1 eta 2. Onartu egin da alegatutakoa. Aktak egitean baloratuko dira alegatzaileak aipatzen dituen ukipen guztiak.

12. alegazioa.-José Antonio Arbeloa Santesteban jauna.

1. Eskatu du, desjabetu beharreko eremua olibondoa denez, behar diren neurriak har daitezela, obrak egiten direnean desjabetu den eremutik kanpoko arbolak uki ez daitezen.

2. Eskatu du errepidetik lurzatirako oraingo sarbidea ez dadila kendu, edo horren ordez antzekoa egin dadila.

Erantzuna:

1. Onartu egin da alegatutakoa. Obrak egiten direnean, desjabetu den eremutik kanpoko arbolei ez zaie kalterik eginen.

2. Onartu egin da alegatutakoa. Oraingo sarbidea obrek ukituko dute. Beste sarbide bat eginen da 20. ardatzetik hasita, egokiena den tokian.

13. alegazioa.-Félix Lázcoz San Martín jauna.

1. Jendaurrean jarritako dokumentazioan bere lurzatia alor gisa ageri da, baina industri lurra da.

2. Lurzati horretan putzu bat dago, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak legeztatua, eta lurzatian dagoen industria hornitzen du. Obrak egiten direnean ur putzuari ez dakiola kalterik egin eskatu du.

3. Lurzatiaren inguru guztian hesia dago. Bukaeran hesi hori berriz jartzea eskatu du.

4. Okupatu beharreko eremua lehengaiak eta beste material batzuk biltzeko erabiltzen da. Eskatu du, lurzatiko lurzoruaren kalifikazioan akatsa egin denez, ez dadila okupa, edo okerra zuzen dadila, balorazioan kontuan hartzeko.

Erantzuna:

1 eta 4. Hein batean onartu da alegatutakoa. Aktak egitean zuzenduko da okupaturiko lurren kalifikazioko okerra. Jabari publikoko eremuaren okupazioa da finka zati bat behin betikoz desjabetzearen arrazoia.

2. Onartu egin da alegatutakoa. Aipatu putzua lurzatiaren ertzean dagoela dirudi. Errepidearen behin-behineko desbideraketa putzua ez ukitzeko moduan proiektatu da.

3. Onartu egin da alegatutakoa. Proiektuan aurreikusita dago lurzatiaren itxitura berriz jartzea, bai behin-behineko desbideraketaren denboran, bai obren ondoko behin betikoan ere.

14. alegazioa.-Jesús Donamaría Andueza jauna.

1. Desjabetu ondoren gelditzen den lurzati eremua txikiegia da makineria hara eramatea errentagarria izan dadin. Lurzatia osorik desjabetzea eskatu du.

Erantzuna:

1. Onartu egin da alegatutakoa, zaila baita desjabetzapenaren ondoko finkan sarbidea egitea, eta oso eremu txikia baita.

15. alegazioa.-Ana María Arandigoyen Olorón andrea.

1. Lurzatian duen aisiarako finkan bi solairuko etxea, biltegia, putzua, sakaneko urak biltzeko urmaela, zalditokia, zuhaitzak, mahastia eta begiratokia dituela.

2. Proiektuan ez da zehazten finkaren sarbide berria.

3. Finkak uholde arriskua duela, sakanean sartuta dagoelako.

4. Eskatu du finkaren sarbidea egitea, etxe aurrean, proiektuko 16 eta 17. ardatzek zehazturiko bi norabideak dituela.

5. Eskatu du 16 eta 17. ardatzak tokiz aldatzea, etxetik urruntzeko eta putzua ez galtzeko.

6. Sakaneko ura biltzeko modua berriz jartzea eskatu du.

7. Eskatu du Santa Agedako bidezubiaren azpian biribilunea egin eta N-111ekin lotu dadila eta finkari sarbidea eman.

8. Eskatu du ez dadila desjabetu proiektuko 16. ardatzaren eta 44.aren arteko lurra, bertan baitago E.K.H.ak legeztaturiko ur hartunea.

Erantzuna:

1 eta 4. Onartu egin da alegatutakoa. Aktak egitean baloratuko dira desjabetzapenak ukituriko ondasunak.

2. Onartu egin da alegatutakoa. Behin betiko proiektuan finkaren sarbidea aurreikusita dago; horren bidez sartu eta irten ahalko da, bai saihesbideari bai oraingo N-111 dagokionez.

3. Onartu egin da alegatutakoa. Behin betiko proiektuan aurreikusita dago 1,80 metroko diametroa izanen duen drainaketa lana, sakaneko ura etxea dagoen tokian husteko.

5. Ez da onartu alegatutakoa. 16 eta 17. ardatzetan ezin dira egin alegazioan aipaturiko toki aldaketak, sakanaren eskuinaldean ukipen eta lurrerauzketa onartezinak sortuko bailirateke.

6. Onartu egin da alegatutakoa. Obra garaian berriz jarriko da sakaneko ura biltzeko modua, eta orain dagoen bezalatsu utziko.

7. Ez da onartu alegatutakoa. Alegatzaileak proposatutako biribiluneak oraingo N-111ko biribilunearekin eginen luke lotura, eta ibilbide luzeko ibilgailuak (Iruña-Mendigorria eta Gares) zerbitzu bideko nekazaritzako ibilgailuekin nahasiko lirateke, eta bateraezinak izanen nolabait.

8. Ez da onartu alegatutakoa. 16 eta 44. ardatzen arteko lurra desjabetu eginen da, bideratu egin nahi baita proiektuan azaltzen den sakana. Hala ere, obrak egiteko behar-beharrezkoa den azalera neurtuko da aktak egitean.

16. alegazioa.-Pedro María Orayen Inza jauna.

1. Nahitaezko desjabetzapenari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 23. artikuluaren arabera, "Desjabetzapena egitean landa edo hiri finkako zati bat hartzen denean, eta horren ondorioz jabearentzat antiekonomikoa baldin bada desjabetu ez den finka zatiaren jabe izaten jarraitzea, finka osoa desjabe diezaiotela eskatu ahalko dio Administrazioari...". Finka osoa desjabetzea eskatu du.

Erantzuna:

1. Ez da onartu alegatutakoa. Geldituko den finkak sarbide ona izanen du, eta ustiatu ahal izateko azalera egokia izanen.

17. alegazioa.-Cecilio Díez de Ulzurrun Ardaiz jauna.

1. Eskatu du obrak bukatutakoan desjabetu ez den finka zatiak behar diren sarbide eta zerbitzuak izan ditzala, eroso eta egoki erabili ahal izateko.

Erantzuna:

1. Onartu egin da alegatutakoa. Lurzatiaren gainerako zatira oraingo N-111 mugakidetik sartuko da.

18. alegazioa.-Antonio Lavín Alonso jauna (Señorío de Sarría).

Egun, Señorío de Sarríaren eremuan enpresa hauek daude: "Señorío de Sarría, S.A.", "Señorío de Sarría Delicatessen, S.A.", "Iniciativas Energéticas, S.A.", "Bodega de Sarría, S.A.".

1. Señorío de Sarríak zerbitzu eta horniduren zenbait sare ditu, eta proiektuan ez da zehaztu obrek nola ukituko dituzten.

2. Jendaurrean jarritako ondasun eta eskubideen zerrendan ez da aipatzen Señorío de Sarríaren itxitura horma, eta hori ukitu eginen dute obrek.

3. Eskatu du kontuan har daitezela Señorío de Sarría hornitzen duten sare eta lineak, eginen den saihesbideak nola ukituko dituen zehazteko; eskatu du sare eta lineak berriz jar daitezela eta obrak egin bitartean eta ondoren zerbitzuak bermatzeko neurriak har daitezela.

4. Eskatu du Señorío de Sarríarantz zirkulatu eta bertara iritsi ahal izateko beharrezkoak diren neurriak har daitezela.

5. Señorío de Sarríaren itxitura horma ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendan sartzea eskatu du.

Erantzuna:

1 eta 3. Onartu egin da alegatutakoa. Zerbitzuak berriz jartzeko planoetan (proiektuan bilduetan) ikusten denez, Señorío de Sarríako zerbitzu eta hornidura sare hauek berriz jartzea aurreikusi da: elektrizitatea, telefonoa, hornidura, etab.

2 eta 5. Onartu egin da alegatutakoa. Proiektuan sartuta dago itxitura horma berriz jartzea; aurrekontuan baloratu da.

4. Onartu egin da alegatutakoa. "Trafikoaren konponbideak obra denboran" izeneko planoetan aurreikusita daude obra denborako eraikuntza faseak eta Señoríoan sartzen den trafikoa mantentzea.

19. alegazioa.-Esperanza Arrizabalaga Alberdi andrea.

1. Saihesbidearen trazadura, autobia erakoa, 2. poligonoko 264. lurzatian dagoen etxebizitzatik 20 metrotara pasatzen da. Errepideak Zaintzeari buruzko 11/1986 Foru Legearen arabera, autobietan eraikinen lerroak 50 metrotara egon behar du. Proiektua aldatu eta gutxieneko 50 metroko tartea utz dadila eskatu du; horrela, hots eta dardarek ingurugiroan duten eraginari buruzko legea beteko litzateke.

Erantzuna.

1. Ez da onartu alegatutakoa. Trazaduraren proiektua bat dator puntu horretan Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean onetsitakoarekin. Hotsari buruzko azterlanean beharrezkotzat jotzen da hotsaren kontrako pantaila bat proiektatzea, alegazioan aipatu eremuan hotsaren eragina gutxitzeko.

20. alegazioa.-Miguel Larrayoz Lezaun jauna.

1. Eskatu du Garesko saihesbiderako desjabetzapenean azaltzen diren 8 eta 12. lurzatien titularkideak alda daitezela. Jakinarazpenetarako helbidea Madrileko Gran Vía, 29 izanen da, eta Juan Ramón Ferrer Galdeano jauna zerrendatik kendu beharko da.

Titularkideak:

Inés García de Fernando Ferrer andrea.

Pilar García de Fernando Ferrer andrea.

Emilio García de Fernando Ferrer jauna.

Erantzuna.

1. Onartu egin da alegatutakoa. Aktak egitean behar den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposatutakoarekin bat, Herrilan, Garraio eta Telekomunikazio kontseilariak urriaren 7an emandako 3912/99 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. Bi proiektu hauen jendaurreko fasea ebaztea, alegazioei erantzuteko Ebazpen honen azalpen zatian ageri den moduan: "Iruña-Lizarra autobia: Garesko saihesbidea egitea (Arga ibaiaren gaineko zubia izan ezik)" eta "Iruña-Lizarra autobia: Arga ibaiaren gaineko zubia egita Garesko saihesbidean".

2. Bi proiektu hauek behin betikoz onestea: "Iruña-Lizarra autobia: Garesko saihesbidea egitea (Arga ibaiaren gaineko zubia izan ezik)" eta "Iruña-Lizarra autobia: Arga ibaiaren gaineko zubia egita Garesko saihesbidean". Lehenengoaren kasuan, kontrata bidezko exekuzioaren aurrekontua 3.720.265.269 pezetakoa da, eta 24 hilabete izanen dira obrak egiteko. Bigarrenean, kontrata bidezko exekuzioaren aurrekontua 1.424.972.219 pezetakoa da, eta 18 hilabete izanen dira obrak egiteko.

3. Obrak egitean behar diren neurriak hartu eta gauzatzea, ebazpen honetan onartu eta eraikuntza fasean kontuan hartu behar diren alegazioetan azaltzen dena bete dadin.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea alegatzaileei, Legarda, Obanos, Gares eta Mañeruko Udaletara, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzura, Bide eta Eraikuntza Zerbitzura eta Desjabetzapen Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako azaroaren zortzian.-Herrilan zuzendari nagusia, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: a0010677