153. ALDIZKARIA - 1997ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

19/1997 FORU LEGEA, abenduaren 15ekoa, Nafarroako abelbideei buruzkoa.

NAFARROAKO PARLAMENTUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako lege hau onetsi duela:

NAFARROAKO ABELBIDEEI BURUZKO FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

Lurralde honetako foru araubidearen indarrez, Nafarroak eskumen osoa du abelbideen gainean, horrela adierazita baitago Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.h) artikuluan.

Eskumen historiko hau baliatuz, Nafarroak arautegi ugari onartu ditu abelbideak babestu eta zaintzeko asmoz.

Nafarroako abelbide ia gehienak identifikatu eta mugatzeko egin zen lan jori eta eraginkorra Nafarroako Foru Diputazioak 1924an argitaratu zuen "Libro General de Cañadas" delakoan jasota dago; eta urte batzuk beranduago, Abeltzaintza Sustatzeko Erregelamenduan "abelbideei buruzko xedapenak" bildu ziren. Erregelamendu horren Testu Bategina Nafarroako Foru Diputazioaren 1943ko irailaren 15eko Erabakiaren bidez onetsi zen.

Lurraldea babestu eta erabiltzeko Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legea izan zen Nafarroako abelbideei hirigintza babeserako araubide juridikoa eman zien lege mailako lehenbiziko araua, 29. artikuluaren bitartez hain zuzen. Babes araubide horri egun indarra duen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak eman dio jarraipena.

Bestalde, bai Basa Fauna eta haren habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko maiatzaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 75. artikuluan, bai lurzoru ez-urbanizagarrietan barnako ibilgailu motoredunen zirkulazioa arautzen duen otsailaren 14ko 36/1994 Foru Dekretuan, ardibideei buruzko zenbait manu bildu dira, inguruabar sektorialago batetik aztertuak badira ere, ehizaren ikuspuntutik edo ibilgailu motoredunen zirkulazioaren ikuspuntutik hain zuzen; ardibideak esan dugu, hori baita gure antolamendu juridikoan "abelbideak" izendatzeko erabiltzen den beste esamolde arruntago bat, haren baliokidea.

Berriki, Estatuak martxoaren 23ko 3/1995 Legea onetsi du, Abelbideei buruzkoa, oinarrizko araubide juridikoa ezartzen duena.

Kontuan harturik Nafarroan badugula ardibideak arautzeko aspaldiko arautegi bat (1943. urtea baino lehenagokoa), bai eta abelbideak hirigintzaren ikuspuntutik babesteko zenbait foru lege ere, eta ikusirik Estatuak oinarrizkotzat hartu duen Lege horrek gure araubide foral eta historikoan izan dezakeen eragina, beharrezkoa da Nafarroako abelbideak babestu eta erabiltzeko araubide berariazkoa testu bakar batean biltzen duen arautegia onestea. Arautegi bakarra, gure administrazio ohiturak eta egungo beharkizunak uztartzen dituena.

Era honetan, Nafarroak duen eskumena erabiliz, Foru Komunitatearen esku jarriko da arautegi erabilgarri bat, gure betiko abelbide, zeharbide, pasabide eta adarrak gorde, zaindu eta behar bezala eta egoki erabiltzen direla bermatzeko.

Abelbideak zaindu eta kontserbatzearen inguruko administrazio eginkizun eta ahalmenak banatuta daude hiru departamenturen artean: Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoa, Ekonomi eta Ogasunekoa eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurakoa. Lehenbizikoari eginkuzun eta ahalmen horiek dagozkio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentutik Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura eginkizunak eskualdatzeko abuztuaren 11ko 221/1995 Foru Dekretuaren eta ondoko arauen bidez egin zen berrantolaketa administratiboaren ondorioz; bigarrenari, Nafarroako Ondareari buruzko irailaren 27ko 17/1985 Foru Legeak jabari publikoko ondasun higiezinen gainean ematen dizkion eskurantzen ondorioz, hori baita abelbideen izaera juridikoa, hirugarren departamentuari, azkenik, Nekazaritzako Egituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen indarrez, lurzatien berrantolamenduaren arloan, bereganatu dituen ahalmenetatik.

Foru Lege honek lau titulu eta atariko bat ditu. Atariko honek abelbideen definizioa eman eta abelbide motak zehazten ditu eta, azkenean, ondasun horiek jabari publikokoak direla deklaratzen du.

I. Tituluan, abelbideen gaineko administrazio ahalmen eta eskumenak bildu eta antolatzen dira, arlo honetan eskumenen bat duten Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen jarduketak errespetatu eta harmonizatu nahian. Foru Legean bildu diren alderdietatik garrantzitsuenetariko bat abelbideen mugaketari, desafektazioari eta trazadura-aldaketari dagokiena da. Prozesu horietan guztietan segitu beharreko jardunbidea finkatu da, eta denetan aurreikusi da entzutea ematea hartu beharreko administrazio ebazpenak uki ditzakeen interesatu guztiei, beti ere interes publikoa bermatzearren.

Bestalde, gure egungo bizimodua kontuan harturik eta abelbideen egoera ikusita, erabilera eta jarduera araubide bat aurreikusi da, jarduera bateragarri eta osagarriak egin ahal izateko, ingurugiroarekin harmonian, beti ere abereen pasaera oztopatu gabe eta ondasun horietarako beste foru arau batzuetan ezarrita dagoen babes araubidea errespetatuz eta, hala badagokio, osatuz.

Ahalegin berezia egin da lege testu honetan arau- hauste eta zehapenen sailkapen bat egiteko, honelako ondasun publikoak ukitzen dituzten bestelako zehapen araubideekin eta martxoaren 23ko 3/1995 Legearekin bat datorrena, era honetan abelbideen inguruko zehapen araubide osoa arautegi bakar batean bilduko baita.

Azkenik, Nafarroako Abelbideen Sarea eratu da, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kudeatuko duena. Horren ondorioz, Departamentuak egun dauden abelbideen kalifikazioa eta berrikuspena egin beharko du eta, ondoren, sailkatu, abeltzaintza, natura edo aisialdiaren ikuspuntutik duten interesaren arabera.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege honen xedea da Nafarroako abelbideen araubide juridikoa ezartzea, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.h) artikuluan Nafarroari aitortzen zaion eskumen osoa erabiliz.

2. artikulua. Definizioa.

Foru Lege honen ondorioetarako, abelbideak izanen dira abereak eramateko erabili izan diren edo erabiltzen diren bide edo ibilbideak.

3. artikulua. Abelbide motak.

1. Nafarroako abelbideak honela sailkatzen dira: ardibideak, zeharbideak, pasabideak eta adarrak. Horiez gain, abelbideei loturiko atsedengune eta ur-askak ditugu, izen horiek adierazten dituzten erabileretarako direnak.

2. Ardibideak Nafarroako abelbide garrantzitsuenak dira, udako larreguneak eta neguko artzantzatokiak elkartzen dituztenak. Horien zabalera gehienekoa laurogei metrokoa izanen da.

3. Zeharbideak berrogei metro zabal baino gutxiago diren abelbideak dira; pasabide eta adarren zabalera, aldiz, hogeita hamar metrokoa da gehienez.

4. artikulua. Izaera juridikoa.

Abelbideak jabari publikoa duten ondasunak dira, Nafarroako Foru Komunitatearenak, eta, horrenbestez, besterenezinak, preskibiezinak eta bahiezinak dira.

I. TITULUA

Abelbideak mugatzea eta administratzea

I. KAPITULUA

Administrazio ahalmenak

5. artikulua. Administrazio ahalmen eta eskugoak.

1. Abelbideei dagokienez, honako ahalmen eta eskugoak ditu Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak:

a) Abelbideen erabilera arautzea eta antolatzea.

b) Abelbideen azaleraren osotasuna defendatzea, lur sailen bat abelbideari dagokiolako ustea dagoenean, horren egoera aztertzeko eskubidea eta beharra baititu.

c) Abelbideak sailkatu, mugatu, zedarritu eta desafektatzea eta, behar denean, handitu eta berrezartzea.

d) Abelbideen erabilera publikoa bermatzea, dela abereak eramateko erabiltzen direnean, dela beste jarduera bateragarri edo osagarrietarako erabiltzen direnean.

e) Abelbideak eta abelbideei zuzenean loturiko gainerako elementuak, ingurugiroaren edo kulturaren ikuspegitik baliosak direnak, egoki mantentzen direla bermatzea, beharrezko diren babes eta errestaurazio neurriak hartuz.

f) Abelbideak babestu, zaindu eta hobetzeko bestelako jarduketak.

2. Abelbide bakoitzaren erabilerak sailkatu eta arautzeko ahalmena Nafarroako Gobernuari dagokio, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak proposaturik, eta jendaurrean jarri ondoren.

Abelbideen egoera eta titulartasunari, horien mugaketari eta desafektazioari buruzko ikerketak egiteko ahalmen eta eskugoak Ekonomi eta Ogasun Departamentuari dagozkio.

Lurzatien berrantolamenduak egiteko ahalmena Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio.

Aurreko zenbakiarekin lotura duten gainerako ahalmen eta eskugoak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagozkio.

II. KAPITULUA

Sailkapena, mugaketa eta zedarritzea

6. artikulua. Sailkapena.

Sailkapena abelbide bakoitzaren izaera, zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak zehazteko administrazio egintza da, deklarazio izaera duena.

7. artikulua. Mugaketa.

1. Mugaketa abelbideen mugak zehazteko administrazio egintza da, sailkapenaren egintzan finkatutakoari jarraikiz.

2. Okupazio, bidegabeko sartze eta lurzati mugakideen zerrenda mugaketa espedienteari erantsi beharko zaio, nahitaez.

3. Mugaketa espedienteari Ekonomi eta Ogasun Departamentuak emanen dio hasiera, ofizioz edo Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zein Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eskaturik. Hasi ondoren, entzutea emanen zaie kasuan kasuko toki entitateei, lurzati mugakideen jabeei, jakinarazi ondoren, eta ingurugiroa edo abelbideak babesteko helburua duten erakunde edo talde interesatuei. Azken horiei jakinarazteko, iragarkia jarriko da Nafarroan argitaratu eta hedadura handiena duten egunkarietan eta informazio-izapidea irekiko da, jendaurrean hilabetez jartzeko, gutxienez. Mugaketa espedienteari hasiera emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Mugaketa espedientea onestea Ekonomi eta Ogasun Departamentuari dagokio. Horren ebazpena interesatuei jakinarazi beharko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta haren aurka helegitea jarri ahalko da Nafarroako Gobernuan.

4. Onetsitako mugaketa Jabetza Erregistroan jaso dadila premiatuko du Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, hala badagokio.

8. artikulua. Zedarritzea.

1. Zedarritzea administrazio prozedura bat da, abelbideen mugak finkatu eta muga horiek lurraren gainean betiko adierazteko xedea duena.

2. Mugaketa onesteko egintza administrazio bidean irmo bilakatu ondoren, abelbidea zedarritzeari ekinen zaio. Horretarako, interesatuei, lurzati mugakideen jabeei eta ukituriko toki entitateei deituko zaie, hamabost egun lehenago gutxienez, zedarritze-lanera bertaratu daitezen eta egoki juzkatzen dituzten oharrak egin ditzaten.

3. Zedarritzeko ekitaldian behar den akta jasoko da, lan horretan parte hartzen duen Administrazioaren teknikariak sinatu beharko duena. Bertan, abelbidearen nondik norakoa adieraziko da, erraz identifikatzeko moduan, eta, halaber, zedarrien kokagunea.

4. Mugarri edo zedarriak harrizkoak izanen dira eta bertan "Abd." adierazgarria idatziko da.

III. KAPITULUA

Desafektazioak eta trazaduraren aldaketak

9. artikulua. Desafektazioa.

1. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eskaturik, abelbideetako zenbait eremu jabari publikotik desafektatu ahalko ditu, Foru Lege honen II. Tituluan aipatu diren erabilera lehentasunezko, bateragarri edo osagarrietarako ez direnak hain zuzen.

2. Desafektazio espedientea jendaurrean jarriko da hilabete batez eta epe horretan Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu ukituei, toki entitate ukituei, Nafarroako Nekazaritzako Ganbarari, nekazaritzako lanbide erakundeei eta ingurugiroa edo abelbideak defendatzeko helburua duten erakunde edo taldeei entzutea emanen zaie.

3. Desafektatu diren edo desafektatuko diren lurrak Nafarroako Foru Komunitatearen ondare ondasunak izanen dira eta, xedearen ondorioetarako, interes publikoa edo soziala lehenetsiko da.

10. artikulua. Trazaduraren aldaketa.

1. Interes publikoagatik eta, salbuespen gisa eta ongi arrazoitu ondoren, baita interes partikularragatik ere, desafektazioa aurretik eginda edo espediente berean eskatuta, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak baimena eman dezake abelbide baten trazadura aldatu edo desbideratzeko, beti ere azaleraren osotasuna, ibilbide eta trazaduren egokitasun-maila, abereen pasaera eta jarduera horrexekin bateragarri eta osagarri diren gainerako erabilerak bermatzen baldin badira.

2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak jendaurrean jarriko du hilabete batez trazaduraren aldaketa eta epe horretan Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu ukituei, toki entitate ukituei, Nafarroako Nekazaritzako Ganbarari, nekazaritzako lanbide erakundeei eta ingurugiroa edo abelbideak defendatzeko helburua duten erakunde edo taldeei entzutea emanen zaie.

3. Trazaduraren aldaketa hirigintza planeamendurako, lurraldearen antolamendurako edo lurzatien berrantolamendurako tresna bat izapidatzearen ondorioz egin behar baldin bada, aurreko zenbakian aipatu den jendaurreko aldiaren ordez beste informazio bide bat erabiliko da, horrelako hirigintza tresnak tramitatzeko berariazko legedian ezarritakoa, hain zuzen.

4. Kasu guztietan, bidearen aldaketa bat proposatzen dutenek beste trazadura bat ere proposatu beharko dute, azaleraren osotasuna, ibilbide egokia, trazaduran etenik egonen ez dela, abereen pasaera eta gainerako erabilera osagarri eta bateragarriak aldez aurretik bermatu beharko dituena.

11. artikulua. Trazadura herrilanengatik aldatu beharra.

1. Abelbideen lurretan herrilan bat egitea proiektatzen denean, jarduten duen Administrazioak bermatu beharko du trazadura alternatiboak mantenduko dituela abelbidearen aurreko ezaugarriak, abereen pasaeran eta ibilbidean etenik egonen ez dela eta gainerako erabilera bateragarri eta osagarriak bidezkoak direla.

2. Abelbideak trenbideekin edo errepideekin gurutzatzen direnean behar adina pasabide prestatuko dira, sestra berekoak zein bikoak, abereak laster eta eroso igaroteko modukoak.

12. artikulua. Mugarriak berriz jartzea.

Abelbide baten trazadura aldatzeko espedientea irekita, hartarako baimena ematen bada, eskatzailearen ardura izanen da trazadura zaharretik berrira mugarriak eraman eta bertan paratzea, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak mugarriak jartzeko modu eta tokiaren inguruan emanen dituen irizpideei jarraikiz eta, beti ere, onetsi den espedientean adierazten denari lotuz.

II. TITULUA

Abelbideen erabilera eta jardueren araubidea

13. artikulua. Erabileren araubidea.

Abelbideei emanen zaizkien erabilerak Foru Lege honen 2. artikuluan zehazten den definizioaren ondoriozkoak izanen dira. Hortaz, abereen igarobide izateaz gain, hori baita berezko erabilera, jarduera horrekin bateragarri edo osagarri diren beste erabilera batzuetarako ere erabil daitezke, abelbideak kaltetzen ez badira.

14. artikulua. Berezko erabilera.

Abelbideen berezko erabilera abereen pasaera da.

Abere transhumanteek bazkatu, ura edan eta gaua eman ahalko dute libreki abelbideetan, baita ondoko atsedenguneetan ere, transhumantzian daudela.

15. artikulua. Erabilera bateragarriak.

1. Abeltzaintzako jarduerarekin bateragarriak dira, abereen igarotzea eta abelbidea bera kaltetu gabe, egin daitezkeen gainerako erabilera tradizionalak, nekazaritzaren ingurukoak badira eta okupazioaren izaera juridikoa ez badute.

Herrien arteko komunikabideek eta, zehazki, nekazaritzako ibilgailuek eta makineriak errespetatu beharko dute abereek duten bide-lehentasuna eta ebitatu beharko da abereak desbideratu beharra edo pasaera luze geldiaraztea. Abelbideak erabiliko ahalko dira finketara iristeko.

Salbuespen gisa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Deparamentuak baimena eman ahalko du nekazaritzarakoak ez diren ibilgailu motoredunak zirkulatzeko (erabilera berariazkoa eta zehatza izanen da hori), salbu eta abereak pasatzen ari direnean eta interes ekologiko edo kulturala duten abelbideetatik igarotzeko denean.

2. Landaketa linealak, haize-babes gisakoak, edergarriak eta antzekoak ere erabilera bateragarriak izanen dira, abereen pasaera normala oztopatzen ez duten heinean.

16. artikulua. Erabilera osagarriak.

1. Abelbideen erabilera osagarritzat hartzen dira ibiltzea, paseatzea, zaldiz ibiltzea eta antzekoak eta motorerik gabeko ibilgailuetan zirkulatzea, beti ere abereen bide-lehentasuna errespetatzen badute.

2. Erabilera osagarri horiei dagokienez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldi baterako mugapenak ezarri ahalko ditu, erabilera horiek ekosistema sentiberen babesarekin bateraezinak direnean edota sute arrisku handiko basoak edo espezie babestuak daudenean.

17. artikulua. Babes araubidea.

1. Abelbideen babes araubidea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legearen 35.3 artikuluan ezarritakoa izanen da.

2. Abelbideak egokitu, zaindu edo hobetzeko lanei loturiko jarduera, eraikin eta instalazioetarako baimena eman ahalko da.

3. Halaber, landaketa eta basoberritze lanak baimenduko dira, abelbideetarako aurreikusi diren erabilerekin bateragarriak baldin badira.

18. artikulua. Aldi baterako okupazioak.

Interes publikoarengatik eta, salbuespen gisa eta arrazoitzen bada, interes partikularrengatik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, hilabetez jendaurrean jarri ondoren, baimena eman dezake abelbideen aldi baterako okupazioak egiteko edo lur horietan instalazio muntagarriak paratzeko, okupazio edo instalazio horiek abereen pasaera oztopatzen ez badute eta gainerako erabilera bateragarri zein osagarriak galarazten ez badituzte.

Edozein modutan ere, aldi baterako okupazio horiek bost urtetik beherakoak beharko dute izan, ondoren berritu daitezkeen arren.

Okupazioa aldi baterako izanen dela eta lurra bere jatorrizko egoerara itzuliko dela bermatzeko, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eskatu ahalko du okupaziogileak banku abal bat jar dezan, edo onartuta daudenetarik beste edozein berme-mota, instalazioen balioaren ehuneko hogeiaren adinakoa.

19. artikulua. Administrazio baimenerako prozedura.

Lege honen 17 eta 18. artikuluetan aipatu jarduerak baimentzeko prozedura Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 42. artikulutik 44.era bitartean araututa dago.

III. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

20. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Foru Lege honen aurkako egintzek eta ez-egiteek administrazio izaerako erantzukizuna sortuko dute, erantzuleei bide penalean, zibilean edo bestelako batean eska dakizkiekeena galarazi gabe.

2. Arau-haustean parte hartu dutenen partehartze-maila norainokoa izan den jakiterik ez dagoenean, erantzukizuna solidarioa izanen da, erantzukizuna beren gain hartu dutenek beste partehartzaileen aurrean errepetitzeko duten eskubidea galarazi gabe.

3. Ez da inolaz ere bi zehapen ezarriko egintza berberarengatik, babestu nahi den interes publikoa berdina baldin bada, baina horri loturiko beste egintza edo arau-hausteengatik datozen erantzukizunak eskatu beharko dira.

21. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

2. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Abelbideen mugak adierazteko erabiltzen diren mugarri, zedarri edo adierazgarriak, orohar, aldatzea.

b) Abelbideetako lurretan baimenik gabeko eraikuntza edo obrak egitea, edozein motatakoak direlarik ere.

c) Abereen pasaera edo onartu diren erabilera bateragarri edo osagarrietarik edozein egitea erabat trabatzen duten oztopoak jartzea edo berezko erabilera horietarako traba diren jardueretan aritzea.

d) Abelbideei kaltea edo galerak ekartzen dizkieten egintza edo ez-egiteak, haien erabilera galarazten dutenak eta, halaber, abelbideak okupatzea bidezko den administrazio titulua izan gabe.

3. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Abelbideetan luberritze edo landaketa lanak egitea baimenik gabe.

b) Abelbideen mugapean isurkinak edo hondakinak botatzea.

c) Abelbideetako arbolak bota edo moztea baimenik izan gabe.

d) Abelbideetan aldi baterako instalazioak jarri edo obrak egitea baimenik izan gabe.

e) Foru Lege honetan aurreikusi diren polizia, ikuskapen edo zaintza lanak oztopatzea.

4. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Abereen pasaera eta gainerako erabilera osagarri eta bateragarriak oztopatu gabe ere, abelbideei kaltea edo galerak ekartzen dizkieten egintza edo ez-egiteak.

b) Administrazio baimenetan ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

c) Foru Lege honetan zehazten diren debekuak, erabat edo zati batean, ez betetzea eta, horien arabera, derrigorrezkoak diren jarduketak ez egitea.

d) Abereek erabili ezin dituzten abelbideetako fruitu edo produktuen probetxamendu baimendu gabea.

22. artikulua. Zehapenak.

1. Arestian aipatu arau-hauste hauengatik honako isun hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak, 10.000tik 100.000 pezeta bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriak, 100.001etik 5.000.000 pezeta bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriak, 5.000.001etik 25.000.000 pezeta bitarteko isuna.

2. Zehapenak jarriko dira arau-hausteak izan dituen garrantzi eta ondorioen arabera, pertsona eta ondasunen segurtasunari dagokionez, eta kontuan hartuko dira, gainera, ingurugiroaren gaineko eragina, erantzulearen inguruabarrak, norainoko errua duen, berrerorlea ote den, norainoko partehartzea izan duen eta atera duen onura.

23. artikulua.

1. Administrazio arau-hausteak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko buruak ezarriko ditu.

2. Bidezko diren zehapen penal edo administratiboak galarazi gabe, arau-hausleak egindako kaltea konpondu beharko du. Konponketaren helburua izanen da, ahal den neurrian, abelbidea arau-haustea egin aurretik zegoen egoera berberean uztea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, subsidiarioki, kalteak konpondu ahalko ditu arau- hauslearen kontura. Dena den, arau-hauslea beharturik dago eragin dituen kalte eta galera guztiak ordaintzera, kasuan kasuko ebazpenean zehazten den epearen barruan.

3. Abelbideen araubide juridikoaren aurkako arau- hausteen zehapen prozedura eta zehapenen murrizketa Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan xedatutakoari lotuko zaizkio.

4. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko buruaren eskumena da geroago eman daitekeen zehapen-ebazpena eraginkorra izan dadin behar diren kautelako edo behin-behineko neurriak hartzea.

IV. TITULUA

Nafarroako Abelbideen Sarea

24. artikulua. Sorrera eta kudeaketa.

1. Nafarroako Abelbideen Sarea eratu da. Nafarroan barna doazen abelbide guztiak hartuko ditu.

2. Nafarroako Abelbideen Sarearen kudeaketa Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eskumena da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau garatu eta betetzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emateko.

Bigarrena.-Abelbideak hirigintza planeamenduaren arabera hiri lurzorutzat edo lurzoru urbanizagarritzat hartuta dauden lurretatik igaroten badira, planeamendu horretan behar diren neurriak zehaztu beharko dira, ahal den neurrian, eraikinek edo instalazioek lur hori okupatu ez dezaten eta, halaber, trazaduran etenik egonen ez dela eta ibilbidea egokia dela bermatzeko.

Hirugarrena.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Nafarroako abelbideen azterketa orokorra eta sailkapena eginen ditu, egun dituzten erabilera eta ezaugarrien arabera. Sailkapen horretan hiru talde eginen dira: abeltzaintzarako interesa duten abelbideak, interes naturalekoak eta aisialdirako interesekoak.

Laugarrena.-Foru Lege honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Abelbideei buruzko martxoaren 23ko 3/1995 Legea aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Nafarroako Foru Diputazioak 1943ko irailaren 15eko Erabakiaren bidez onetsi zuen Abeltzaintza Sustatzeko Erregelamenduaren Testu Bateginaren 77.etik 111.era bitarteko artikuluak indarrik gabe utzi dira eta, halaber, Foru Lege honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ahalmena ematen zaie Ekonomi eta Ogasun kontseilariari eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzaten.

Bigarrena.-Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadin agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearazi dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko abenduaren hamabostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9711075