138. ALDIZKARIA - 1996ko azaroaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E S T E R I B A R

Ordenantzen behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko urriaren hamaikan egin bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zuen:

Ordenantzen hasierako onespenetik legearen araberako hilabeteko epea iraganik ordenantza horiei inork alegaziorik ez iradokizunik aurkeztu gabe, Udal honek aho batez erabaki du:

Eremu publikoaren txukuntasunaren gaineko ordenantza eta etxeko animaliak eta zehatz-mehatz zakurrak edukitzea arautzen duen ordenantza behin betikoz onestea.

Ordenantza horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, ondoko testuaren ariora:

4. ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAREN TXUKUNTASUNAREN GAINEKOA

1. artikulua. Esteribarko karrika, plaza, herriko esparru, zubi, lorategi, iturri eta gainerako udal- ondasun publikoen erabilera arrunt eta pribatiboa arautzen du ordenantza honek.

2. artikulua. Ordenantza honetan xedatutakoa, bertan araututako hainbat gairen gainean Estatuko Administrazioari eta Foru Komunitateari dagozkien ahalmenak ukatu gabe ulertu behar da.

3. artikulua. Eremu publikoak bakoitzari izen desberdina emanez ezagutu eta bereiztuko dira. Eraikin eta karriken errotulazioa eta zenbakuntza arlo horretako legeriari jarraikiz eginen da.

4. artikulua. Eraikinen jabeak menpekotza administratiboak onartzera behartuak daude eta, hortaz, beren fatxada, burdinsare edo hesietan bide-errotulazioa, zirkulazio-arauak edo zerbitzu publikoaren berri ematen duten elementuak paratzen uztera.

Menpekotza doakoa izanen da eta ofizioz ezartzen ahalko da, haren berri jabe interesatuari emanez eta kalteordain bakarra obrak eragindako kalteen adinakoa izanen da. Administrazioak, berriz, udal lizentziarekin egin aldaketetara edo eraikuntza berrietara egokitu beharko du menpekotza hori.

Eraikin batek fatxadan karrikaren izenaren plaka adierazlea izan eta hura inork eraisten badu, plaka bildu eta Udalari edo Kontzejuari eman beharko dio.

5. artikulua. Ibarreko Udalak eta Kontzejuek begiratuko dute karrika, plaza eta eremu publikoak, hiri- altzariak eta eremu publikoetako egiturako elementuak eta apaingarriak zain daitezen. Horren ondorioz, elementu horiek hobetu, zaharberritu edo konpontzeko lanak egiten dituztenek behar den lizentzia eskuratu beharko dute lehenik.

6. artikulua. Etxegile, sustatzaile eta ondasun higiezinen jabeei dagokie eraikinen kanpoaldeko urbanizazio lanak egitea, lan hauek beti ere Udalak onesten duen proiektuaren arabera eginez.

Eremu publikoan obrak egitea baimentzen bazaie, enpresak behartuak daude zoladura, espaloiak eta pasabideak lehen bezala uztera, beti ere indarrean dagoen hirigintzako planeamenduak ezartzen duen bezala.

Inork eraikinik egiten badu, menpekotzak onartu beharko ditu argindarra, telefonoa, telebista, etab., eramateko kableak paratu beharrez, horretarako behar diren euskarri eta elementu guztiak barne.

7. artikulua. Eremu publikoan Udalak berak edo kasuan kasuko Kontzejuak eginen du garbiketa.

Hiri hondakin solidoen bilketa, berriz, Iruñerriko Ur Zerbitzuek eginen dute, udalerria hartan sarturik baitago.

8. artikulua. Eremu publikoan debeku da:

Hormigoia edo obretarako materiala -legarrak, hareak, etab.- garraiatzea, karga olanaz edo eremu publikora ez erortzeko maneran estaltzen ez bada.

Dagokion zehapenaz gain, erantzuleak eremu publikoa garbitzeagatik eragindako lanaren kostua ordaindu beharko dio Udalari.

9. artikulua. Debeku da:

Eremu publikoa erabiltzea, auto konponketekin, zurgintzarekin, iturgintzarekin, etab.ekin ikusteko duten langintzak egiteko.

Arras zikin dauden ibilgailuak abandonatzea, jendearen higienerako, osasunerako eta segurtasunerako arriskutsuak badira.

Eremu publikoan edariak kontsumitzea, edalontziak eta botilak lurrera botaz, inguruaren estetika lardaskatuz.

10. artikulua. Eremu publikoan mahaiak eta aulkiak paratzeko, edo pasabideak ezarri eta zamalanetarako erreserbak egiteko, kontzesioa beharko da aldez aurretik.

Obretan hesiak paratzeko, eremu publikoa okupatzen bada, Esteribarko A.S.etako zehaztapenak bete beharko dira.

11. artikulua. Gizalegearen oinarrizko arauei lotuko zaie jendeak eremu publikoan izan behar duen portaera.

12. artikulua. Herritarren arteko elkarbizitza izanen da eremu publikoan asotsak sortzeko muga. Eraikinetan eta jardueretan Nafarroako arautegiari jarraituko zaio asotsak egiterakoan.

Debeku da:

-Gauez eremu publikoan kantatu edo oihuz aritzea, ezarritako asots mailak gainditzen badira, baimen espresua eta bestetan izan ezik.

-Patioetan edo eremu irekietan beren asots eta oihuekin auzoak aztoratzen ahal dituzten animaliak uztea.

-Irrati, telebista, etab.en emanaldiekin baimendutako asots mailak gainditzea, eraikina behar bezala hosgabeturik egon ezik.

13. artikulua. Iturri publikoak dira bide edo landa-bazterretan izanik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuak, errekak eta Arga ugaldea Urari buruzko Legean ezarritakoak arautuko ditu.

14. artikulua. Beren finkaren esparruaren barnean beren ibilgailuak garbitzen dituztenak ahaleginduko dira garbikariak, olio hondarrak eta soberako ura eremu publikora ez isurtzen, eta zikintzen badute, garbitu beharko dute.

Iturri publikoetan debeku da:

-Arropa, fruta, barazkiak edo bertze inolako zerik garbitzea.

-Inor bainatzea edo zakurrak nahiz bertzelako animaliak bainatzea.

-Zorrotatik zuzenean edatea.

-Eremu publikora edo lurrera olioak eta produktu biodegradagarriak botatzea.

15. artikulua. Berdeguneetan eta eremu publikoetan debeku da zaborrak botatzea, paperontzietara ez bada.

16. artikulua. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 1.000tik 25.000 pezeta bitarteko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak, eta gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den moduan, garbiketako eta konponketako gastuak ordaintzea, baita behar liratekeen ordezko exekuzioak ere, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeari jarraikiz.

17. artikulua. Jendearen eginak eta ez-eginak hutsegitetzat hartuko dira arauak urratzea badakarte, baita Alkatetzaren aginduak ez obeditzea ere, zuzenketa neurriren bat edo aipatu xedapenen inguruan halako portaera bat ezarri nahi denean.

18. artikulua. Hutsegite arintzat hartuko dira axolagabekeria edo utzikeria adierazten dutenak.

Hutsegite larritzat hartuko dira hutsegite arinetan berrerori edo ordenantza hauetan aipatzen diren debeku eta behebeharrak urratzea dakartenak.

Hutsegite oso larritzat hartuko dira zuzenketa neurriren bat edo halako portaera bat ezartzeko aginduak behin eta berriz ez obeditzea, ordenantza honetako arauak betetzeari modu nabarmenean kontra edo uko egitea, baita denen osasungarritasuna arriskutan jar dezaketen eginak eta ez-eginak, nahitara egin badira.

19. artikulua. Hutsegite arinengatik isunak Alkatetzari dagozkio eta 1.000tik 10.000 pezeta bitartekoak izaten ahal dira. Arau-hauste larriak, berriz, 10.000tik 20.000 pezeta bitarteko isunen bidez zehatuko dira, eta oso larriak, 20.000tik 25.000 pezeta bitarteko isunen bidez. Arau-hauste larri eta oso larriengatik, zehapenak Udalaren osoko bilkurak ezarriko ditu.

5. ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ETA ZEHATZ-MEHATZ ZAKURRAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Zakur guztiak Udalaren zentsuan inskribatu beharko dira. Alta edo bajarik izanez gero, jabeak hori gertatu eta hogeita lau orduko epearen barrenean jakinarazi beharko du. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak txertatu eta aztertuko du, agiriak eta identifikatzeko xafla emanen dizkiolarik. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta noiz ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

2. artikulua. Zakur guztiak urtero txertatu beharko dira, jabeak aurkeztuta. Horri emanen zaizkio identifikazioa frogatzen duen xafla eta txertoa, animaliari idunekoan ezar diezaizkion.

3. artikulua. Amorruaren kontrako txertoa urtero eman behar denez eta hura ezartzea errazagoa izan dadin, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu, baita haien tasak ere.

Parada horretaz baliatuko da Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzua zakurren egoera orokorra eta bizkarroirik ote duten aztertzeko. Zerbitzu horrek agintzen duen tratamendua bete beharko dute jabeek.

4. artikulua. Animaliarengan eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurren jabeak albaitaria azal dadila eskatzera beharturik egonen dira, eta hogeita lau ordu baino lehen, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakarrik utziko da, udal zakurtegian, zuzpertu arte.

5. artikulua. Debeku da zakurrak hirigunean barna eta gurpildun ibilgailuetarako karrika edo errepideetan deslai ibiltzea. Alde horietan, zakurrek gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo katea batetik arduradun bati loturik ibili behar dute, eta, nahitaez, muturrekoa jantzita.

6. artikulua. Biziguneen inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, zakurrak ibili ahal izanen dira muturrekoa jantzita, hede edo katearik gabe, arduradunarekin joanez gero.

7. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurrak idunekorik edo urtean urteko identifikagarririk edo xaflarik gabe ibiltzea.

8. artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aitzineko hiru artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Foru Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta eramanen du.

9. artikulua. Zakurtegira eraman eta gero zakurraren jabea nor den jakin ezik, edo eta zakurra harrapatu eta hiruretan hogeita hamabi orduko epearen barnean jabeak eskatu ezik, animalia saldu, hil edo ikerketak egiteko eman ahal izanen da. Gero ez da izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.

10. artikulua. Bildutako edozein zakur zakurtegitik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da albaitari batek luzatutako osasun ziurtagiria aurkeztea, eta txertoaren gaineko betebeharrak eta Ordenantzak zakurren ibilaldiez ematen dituen arauak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

11. artikulua. Eritasun kutsakor edo nazkagarririk badela susmatzen denean, bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean zakurrak zakurtegira eraman beharko dira, albaitari batek azter ditzan. Albaitariak susma badeza errabia zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dagoen arauen ariora jokatuko du.

12. artikulua. Debeku da zakurrak edozein saltoki edo garraiobide publikotan sartzea, katea eta muturrekoa jantziagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere. Eraikinetan igogailua erabiltzea ere debeku da. Arau honen salbuespenak, itsu zakurrak kasu, espreski baimendu beharko dira.

13. artikulua. Jabego partikularreko barrutietako zakur zaindariak libre egon ahal izanen dira, baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

14. artikulua. Zakurren jabeek behar dituzte animaliek egiten dituzten zaunka eta asotsak isilarazi, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gerta litezkeenak, eta behin gertatuz gero neurriak hartuko dituzte handik goiti auzoek gisa horretako trabarik izan ez dezaten.

15. artikulua. Animalia baten edukitzaileak baldintza onetan atxiki behar du higienearen eta osasunaren aldetik eta aurrea hartzeko edozein tratamendu egin beharko du hura nahitaezkotzat jotzen bada.

16. artikulua. Animalien babesari doakionean, maiatzaren 31ko 7/94 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

17. artikulua. Ordenantza honi doakionean, arau- hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Honakoak dira arau-hauste arinak:

-Maiatzaren 31ko 7/94 Foru Legearen 10. artikuluaren ariora zentsuan sartu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.

-Animalia identifikagarririk gabe edukitzea.

-Zakurrak hiriko eremu publikoetan eramatea hede edo katea batez lotu gabe.

-Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

-Inori eraso eginak diren zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

-Beren zakurren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen denean.

Honakoak dira lege hauste larriak:

-Animaliak behar duten mantenurik gabe atxikitzea.

-Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan edukitzea.

-Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat jo dituzten tratamentuak ez ematea.

-Osasun zerbitzu ofizialei ez aditzera ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

-Elikagaiak prestatu, erabili edo biltegiratzen diren tokietara animaliekin sartzea.

-Arau-hauste arinetan berrerortzea.

Honakoak dira lege hauste oso larriak:

-Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

-Animalia eskutik uztea, bizirik ala hilik egon.

-Arau-hauste larrietan berrerortzea.

18. artikulua. Lege hauste arinek 5.000tik 10.000 milara bitarteko isunak izanen dituzte zehapen. Larriek 10.000etik 20.000ra bitartekoak, eta oso larriek 25.000 pezeta bitartekoak.

19. artikulua. Etxeko animalien kontrako lege hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena alkateari edo zinegotzi eskuordeari dagokio arau-hauste arinak badira, eta osoko bilkurari, berriz, arau-hauste larriak edo oso larriak badira.

20 artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

21. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan kontutan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/94 Legean eta uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Argitara ematen da orok jakin dezan.

Esteribarren, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko urriaren hamalauan. Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A9608857