119. ALDIZKARIA - 1996ko irailaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

GALAR ZENDEA

Etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza

Galar Zendeako Udalak, 1996ko irailaren 14an egindako osoko bilkura berezian, besteak beste, ondoko erabaki hau hartu zuen:

1. Etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza behin betikoz onestea. Ordenantza hori 1996ko ekainaren 29an onetsi zen hasiera batean eta 30 egunetan jendaurrean egon zen, abuztuaren 7ko 95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz geroztik. Epe horretan ez zitzaion alegaziorik egin.

2. Ordenantzaren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen duena betez.

ETXEBIZITZAK ERAIKI ETA ZAHARBERRITZEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. 1. Ordenantza hau ezartzeko arauzko ahalmenak eta eskumenek honako hauetan dute oinarria: etxebizitza gaiei dagokienez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1.b) eta 25. artikuluak eta, dirulaguntzei dagokienez, Toki Korporazioetako Zerbitzuen Erregelamenduaren 23. artikulua eta hurrengoak.

2. Ordenantza honek xede izanen du Galarko mugapean etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea.

2. art. Dirulaguntzak ondoko arau hauei atxikiz emanen dira:

1. Borondatezkoak eta aldi baterakoak izanen dira, ordenantza honetan ezartzen diren kasuetan salbu.

2. Ez dira prezedente gisa erabiltzen ahal.

3. Ez da eskatzen ahal dirulaguntza haunditzerik ez eta berraztertzerik ere.

3. art. Dirulaguntzak jaso ahal izateko nahitaezkoak dira honako hauek:

1. Zendeako erroldan inskribatua izatea, 5 urteko antzinatasunarekin bederen.

2. Dirulaguntzaren xede den etxebizitza ohikoa eta iraunkorra izatea.

3. Beste etxebizitzarik ez izatea.

4. Etxebizitza lizentziarekin eraikia edo zaharberritua izatea.

II. KAPITULUA

Aplikazio eremua

4. art. Ordenantza hau udal mugapeko eraikinak egin eta zaharberritzean aplikatuko da, baldin eta haien erabilera etxebizitzarena izan, erabilera hori eragozten dion mugarik ez eduki, hirigintzako antolamendutik kanpo kalifikatuak ez egon eta behar diren obra lizentzia eta bizigarritasun agiria badituzte.

5. art. Ondoan aipatzen dira zein diren eraikin baten egiturazko egokitzapena eta etxebizitza baten bizigarritasuna erdiesteko egin daitezkeen obrak:

a) Higiene-osasuneko akatsak konpontzea.

b) Eraikinaren egiturazko elementuak kontsolidatzea.

c) Eraikinetako instalazioak eta isolamenduak konpondu, berritu eta paratzea.

d) Fatxadak zarpeatzea eta eraikinak egungo eskakizunak bete ditzan egin daitezkeen egokitzapen eta kontserbazio lanak.

e) LLTBaren 21, 245 eta 246. artikuluen babesean, prozedura administratiboen exekuzio manuen ondorioz egin beharreko obrak.

6. art. Zaharberritzea lagunduta duen edozein obra burutzean, egiturazko eta eraikuntzako segurtasun baldintzak, argindar hornidura, ur hornidura, saneamendu sare orokorraren funtzionaltasun egokia, e.a. falta baldin badira, baldintza horiek betetzeko behar adina neurri hartu beharko da.

III. KAPITULUA

E s k a t z a i l e a k

7. art. 1. Etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko dirulaguntzak etxebizitzen jabe edo maister diren pertsona fisikoek eskatzen ahalko dituzte.

2. Pertsona fisikoek soilik erabiliko dituzte zaharberritutako etxebizitzak.

8. art. Eraikitako eta zaharberritutako etxebizitzak erabiltzeko erregimena jabetzan zein errentamenduan izan daiteke.

9. art. Errentako etxebizitzak izan eta zaharberritze lanak egiten baldin badira, nagusien eta maisterren arteko harremanak bion arteko hitzarmenaren bidez arautuko dira.

IV. KAPITULUA

Dirulaguntzaren zenbatekoa

10. art. Dirulaguntzaren zenbatekoa exekuzio materialaren aurrekontuaren % 1 izanen da, etxebizitza eraikitzekotan nahiz zaharberritzekotan.

V. KAPITULUA

Kudeantza eta izapidaketa

11. art. Dirulaguntza jaso ahal izateko kreditatu beharra dago eskatzaileak eta eraikinak ordenantza honetan eta Udalak osoko bilkuran onetsitako deialdian ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela.

12. art. Eskatzaileek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, alkateari igorria, nortasun datuak, eraikinaren kokalekua, obra lizentzia eta EIOZaren ordainagiria bilduko dituena.

b) Orubearen edo etxebizitzaren jabetzako eskritura edo haren kopia kautotua, eta aitorpena, obrak egitea eta dirulaguntza jasotzea eragozten dizkion kargarik ez duela adierazten duena. Udalak finkaren jabetzaren eta kargen ziurtagiria eskatzen ahalko du.

c) Erroldaketa agiria.

d) Zinpeko aitorpena, eskatzaileak ez bere izenean ez eta bere famili unitateko kideren baten izenean ere beste etxebizitzarik ez duela eta honako hau ohiko etxebizitza iraunkorra izanen dela adierazten duena.

e) Zaharberritzearen xede diren etxebizitzetako biztanleen baimena, hauek zeinahi titulu dutela ere, dirulaguntza eskatzen duen jabea ez beste pertsona batzuk baldin badira.

f) Bizigarritasun agiria eskuratzea.

13. art. Dirulaguntza eraikitze edo zaharberritze lanak egindakoan jasoko da, obrak egin dituen fakultatiboak edo pertsonak ziurtagiria eman ondotik. Ziurtagiriarekin batera aurreko artikuluan aipatzen diren agiriak ere aurkeztuko dira, eta udal teknikariak aldeko txostena eman eta Udalak osoko bilkuran edo batzordean onetsi beharko du.

14. art. Ordenantza honetan ezartzen ez den guzian, abenduaren 17ko 2225/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitako dirulaguntza publikoak emateko prozedurari buruzko Erregelamendua aplikatuko da, ordezko gisa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau, 14 artikulu eta azken xedapen bakarra biltzen dituena, Udalak ekainaren 29ko osoko bilkuran hasiera batean onetsi zuen, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratu eta hogeita hamar egunetan jendaurrean egon zen herritarrek eta bidezko interesatuek espedientea aztertu eta egoki juzkatzen zituzten erreklamazioak eta alegazioak egin zitzaten, 6/90 Flaren 325. artikuluak ezartzen duenarekin bat. Indarra hartuko du Udalak behin-betikoz onetsi eta haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik, 6/90 FLaren 326. artikuluarekin bat.

Galarren, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren hamazazpian. Alkatea, Pedro José Erice Rípodas.

Iragarkiaren kodea: A9607555