97. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2021 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: “Toki entitateentzako 2021erako dirulaguntzak, aukera-berdintasuneko agenteak kontrata ditzaten eta lanpostu horiek finka daitezen”. DDBN identifikazioa: 553258.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari (NABI), haren estatutuak arautzen dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuarekin bat, eskumen hau dagokio, besteak beste: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Hala, bere eginkizunen artean dago genero berdintasuna sustatzeko deialdiak kudeatzea.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki entitateek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, xedatzen du Nafarroako Gobernuak laguntza eta babesa emanen diela toki entitateei, eta sustapena eginen duela berdintasun arloko teknikariak kontrata ditzaten.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak Toki Administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratu, koordinatu eta sistematikoan lan egin beharra dago, lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau proposatzen du, bai toki entitateentzat, banan-banan, bai toki entitateen batasunentzat, dirulaguntza honen ondorioetarako akordioak eginez gero.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak ematea da, Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek aukera-berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finka ditzaten.

Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatzea funtsezko tresna da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun helburuak tokian-tokian egon eta bultza daitezen. Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatuta eta babestuta, lanbide-profil hori finkatu beharko litzateke toki administrazioetan. Horregatik, ulertu behar da dirulaguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, emaitza hori lortzeko bidean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, onesten den dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onartzea honako dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak (ebazpen honen I. eranskinean daude jasota): “Toki entitateentzako 2021erako dirulaguntzak, aukera-berdintasuneko agenteak kontrata ditzaten eta lanpostu horiek finka daitezen”.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 176.000 euroko gastua baimentzen da, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001-08100-4609-232200: (E) Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko

2021

176.000

Salbuespen gisa, 10.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskabide aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, baldin Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko martxoaren 15ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2021ean Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, entitate horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta susta dezaten, aukera-berdintasuneko agenteen lanbide-profila sortuta eta finkatuta.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

Toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betekizunak.

3. oinarrian biltzen diren betekizun guztiak toki entitateko idazkariaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiria III. eranskinean dagoen ereduaren arabera bete beharko da.

3.1. Toki entitateek betekizun hauek bete beharko dituzte:

1. Biztanle kopurua:

a) 6.000 biztanletik gorako toki erakundeak edo baldintza hori betetzeko akordioak egiten dituzten toki erakundeen batasunak; hau da, 6.000 biztanle lortzeko behar adina toki erakunde elkartzen ahalko dira. Kasu horretan, batasunak akordio bat sinatuko du alderdien artean, eta, hartan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan adierazitako puntuak jasoko dira.

b) Gutxienez 3.000 biztanle dituzten toki erakundeen batasunak, betiere entitate bakoitzak, gehienez, 1.000 biztanle baditu; hau da, 3.000 biztanle lortzeko behar adina toki erakunde elkartzen ahalko dira. Kasu horretan, batasunak akordio bat sinatuko du alderdien artean, eta, hartan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan adierazitako puntuak jasoko dira.

c) Toki entitateen batasunak, guztira gutxienez ere 1.500 biztanle dituztenak, edo dagoeneko sortuta dauden mankomunitateak, gutxienez 1.500 biztanle dituztenak. Bi kasu horietan, biztanleria dentsitatea kilometro koadroko 25 biztanlekoa edo txikiagoa izanen da. Hau da, 1.500 biztanle lortzeko behar adina toki erakunde elkartzen ahalko dira. Dentsitate indizea zehazteko, erreferentziatzat hartuko dira Nafarroako Estatistika Institutuak prestatutako adierazle demografikoak (erakunde horren webgunean daude argitaratuta:

https://administracionelectronica.navarra.es/GN.InstitutoEstadistica.Web/informacionestadistica.aspx?R=1&E=1)

Hala ere, 3.1.1 apartatuan adierazitako betekizunei dagokienez, adierazi behar da eskatzen den biztanle kopurua lortzeko helburuarekin elkartzen diren erakundeek ez dutela, aldez aurretik, berdintasuneko agenterik eduki behar.

2. B mailako berdintasuneko agente bat lanaldi osoan kontratatua izatea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jaso izana 2020. urtean (salbu eta zazpigarren urteko kontratazioak) edo diruz lagungarria den epean kontratazio bat hastea.

Nolanahi ere, kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, baita laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen denean ere, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea antzera biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Kontratazio bat diruz lagungarria den epean hasten bada, dirulaguntza emateari begira, betekizun hori egiaztatutzat joko da toki entitateko idazkariaren ziurtagiriari (III. eranskina) buruz eskatutakoa betez gero, non frogatuko baita toki entitateak konpromisoa hartu duela berdintasuneko agente bat kontratatzeko; ondoren, diruz lagundutako kontratazioa egin izana egiaztatu beharko da.

3. Aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuetan salbu; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

4. Diruz laguntzen den aldian, berdintasun gaietako edo emakumeen alorreko zinegotzitza, batzorde edo berdintasun alorra izatea bere egitura organikoan, edo haietan eginkizunak dituena.

5. Aurrekontuko partidak edo aurrekontu esleipenak izatea, kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

6. Aukera berdintasunerako plana edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo genero berdintasunerako lan egitasmoa izatea, “Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, betekizun hori egiaztatutzat joko da toki entitateko idazkariaren ziurtagiriari (III. eranskina) buruz eskatutakoa betez gero, non frogatuko baita toki entitateak asmoa duela berdintasun plana edo urteko lan egitasmoa prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, “Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

7. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada, deialdi honek aintzat hartzen duen aldian.

3.2. Toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin, biztanle kopuruaren betekizuna eta lanaldi osoarena betetzeko.

Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 3. apartatuarekin bat, akordioko testuan espresuki agertu beharko dira batasuneko toki entitate bakoitzak hartutako egiteko konpromisoak eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Horiek, orobat, entitate onuradun izanen dira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu behar da, nahiko ahalorde duena batasunari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.

Horrez gain, adierazi beharko da entitate sinatzaileen artean zein toki entitatek egiten duen kontratazioa.

4. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Toki entitate bakoitzak edo toki entitateen batasun bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du dirulaguntzen deialdi honetan.

Berdintasuneko agente baten 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko azaroaren 30era bitarteko kontratazioa finantzatzeko emanen da dirulaguntza, baldintza hauei jarraikiz:

a) B maila.

b) Lanaldi osoa.

Dena dela, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, kontratazioak dirulaguntza izanen du bi lagunek lanaldi osoa betetzen badute.

Agente titularrak laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen duenean, lanaldi osoa dela ulertuko da, eta ez da eskatuko beste agente baten kontratazioa lanaldia osatzeko, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo antzeko baldintzetan langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, 3. oinarrian ezarri bezala, toki entitateek beste entitate batzuekin egiten ahalko dituzte behar diren akordioak, baldintza hori betetzearren. Kasu horretan, ulertuko da lanaldi osoa entitateen batasunaren guztirako lanorduek osatzen dutela, nahiz batek bakarrik kontratua formalizatu; aurreko paragrafoan xedatutakoa ere aplikatuko da.

c) Dirulaguntzaren bidez kontratatzen den berdintasuneko agenteak altan egon beharko du, eta berdintasuna sustatzen eta bultzatzen jardun. Kontratazio berrien kasuan, alta egoera ezin izanen da hasi 2021eko azaroaren 30a baino beranduago.

Berdintasuneko agentea altan dagoela joko da, baldin eta egoera hauetako batean badago: soldatarik gabeko baimena, lizentzia, eszedentzia eta/edo ezintasuna, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen beste antzeko egoera batean, baldin agentea laurogeita hamar egun igaro baino lehen ordezten bada.

90 egunak zenbatzeko, diruz laguntzen den aldian altan eman ez diren aldi guztiak batuko dira.

d) Kontratua urtebetekoa izanen da, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik, orduan ez baita 2021eko abenduaren 31 baino lehen bukatuko.

Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko betekizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako betekizuna.

4.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2020ko abenduaren 31ko zenbatekoan) finantzatzeko izanen da, bai eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota ere, lanaldi osoari dagokiona.

4.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Kontratatutako pertsonari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen.

5. oinarria. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) Erreferentzia gisa hartu dira Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2020ko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota, berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokiona.

b) Aurreko apartatuaren arabera finkatutako soldatari dagokionez, dirulaguntzaren ehuneko hauek aplikatuko dira, kontuan hartuta urtea eta hasierako kontratazioan egindako hobekuntzak:

–Diruz lagundutako kontratazioaren lehen eta bigarren urteak, ehuneko 85.

–Diruz lagundutako kontratazioaren hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteak, ehuneko 70.

–Diruz lagundutako kontratazioaren zazpigarren urtea, ehuneko 60, bakar-bakarrik toki entitateak plantilla organikoan sartu baldin badu lanpostua, hobekuntza gisa, lanpostua finkatze aldera.

c) Entitateen batasunak eskatuz gero, proportzionaltasuna aplikatuko da, entitate bakoitzean ematen den lan denboraren arabera.

d) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, ordezten duen hasierako kontratazioari dagozkion ehunekoak aplikatuko dira, dirulaguntza kalkulatzeko.

e) Entitateak aurreko deialdietan diruz lagundutako kontratazioa eten badu, dirulaguntzaren ehunekoak kalkulatzeko, kontuan hartuko da aurreko deialdietan diruz lagundutako denbora.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea nahitaez aurkeztu beharko da horretarako diseinatutako eskabide ereduan (II. eranskina). Eskabide ereduak barne hartzen ditu urteko lan egitasmoa eta aurrekontua, eta nahitaez bete beharko dira biak.

Batera aurkezten diren toki entitateen kasuan, kontratazioa egiten duen toki entitatearen ordezkariak sinatu beharko du eskabidea.

Eskabidea aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori erabiliko da zenbateko dirulaguntza eman behar den kalkulatzeko.

b) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria (III. eranskina), ziurtatzen duena 3. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela.

Ziurtagirian, halaber, egiaztatuko da kontratazioa indarrean den legeriaren arabera egin dela. Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean egin gabe dauden kontratazioen kasuan, aipatu ziurtagiria kontratua sinatzeko momentuan igorriko da.

Kontratazio bat diruz lagungarria den epean hasten bada, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria horretan, toki entitateak berdintasuneko agente bat kontratatzeko duen konpromisoa jasoko da.

Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, toki entitateko idazkariaren ziurtagiri horretan, toki entitateak 2021ean berdintasun plana edo urteko lan egitasmoa prestatzen hasteko duen konpromisoa jasoko da.

c) Kontratazioa bi toki entitatek edo gehiagok sinatutako akordio baten bidez gauzatzen bada, haien artean adostutako akordioaren kopia.

d) Toki entitatearen eta berdintasuneko agente gisa kontratatzen den/diren pertson(ar)en artean izenpetutako kontratuaren kopia. Eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari. Kontratuaren kopia lehendik aurkeztu bada eta kontratuak baldintza beretan jarraitzen badu indarrean, ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea.

e) Aurreko kontratazio bat eten bada, egoera azaltzen duen txostena.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, horren berri emanen du, bost egun balioduneko epean zuzendu daitezen.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin izanen da inola ere zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, eskabidea elektronikoki aurkezten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetzako Genero Zeharkakotasunaren Atalak baloratuko ditu eskabideak, eta, horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.

8.3. Eskabideak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Eskabideen lehentasun hurrenkera:

–Lehenik, lehentasuna emanen zaie deialdi honen aurretik egindako eta 2020. urtean NABIk diruz lagundutako kontratazioei, eta, horien artean, antzinatasun handiena dutenei: kontratazioaren zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtea.

–Bigarrenik, diruz lagungarria den aldian hasitako kontratazioen artean, beren toki entitateetan berdintasuneko agenterik izan ez duten edo, izan badute ere, aurretik dirulaguntza hau jaso ez duten toki erakundeek egindakoak egonen dira.

–Hirugarrenik, diruz lagungarria den aldian hasitako kontratazioen artean, beren toki entitateetan aurretik berdintasuneko agentea izan duten, hura kontratatzeagatik dirulaguntza jaso duten eta arrazoi justifikatuak direla eta kontratua eten duten toki erakundeek egindakoak.

–Laugarrenik, beren toki erakundeetan berdintasuneko agente bat duten, hura kontratatzeagatik dirulaguntzarik jaso ez duten eta beste agente bat kontratatu nahi duten toki erakundeek egindako kontratazioak.

–Azkenik, deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gainerako kontratazioak.

Kasu guztietan, talde bakoitzean berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie biztanleria handieneko toki entitateen eskabideei.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskabideri uko egin zaien.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere webgunean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dago), baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera.

Aurreko bi puntuetan adierazitako gardentasun betebeharra betetzeko, adierazpen eredu normalizatua bete beharko da (IV. eranskina).

Betebehar hori bete ezean, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, berdintasuneko agente bat 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko azaroaren 30era kontratatzearen kostuei aurre egiteko. Aldez aurretik, 10.2 apartatuan bildutako agiri guztiak aurkeztu beharko dira, apartatu horretan adierazitako eranskinen arabera. Justifikazioa aurkezteko epea 2021eko azaroaren 30ean bukatuko da.

10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Justifikazio memoria, diruz lagundutako aldian berdintasuneko agenteak zer eginkizun eta jarduketatan parte hartu duen jasotzen duena. V. eranskineko ereduaren arabera egin behar da.

–Izenpetutako kontratu(ar)en kopia, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bad(ir)a.

–Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria (VI. eranskina), berdintasuneko agentearen kontratazioa indarreko legeriaren arabera egin dela adierazten duena, baldin eta aldez aurretik igorri ez bada.

Ziurtagirian kontratazioaren kostuaren eta orain arte ordaindutako gastuaren justifikazioa jasoko da, eta, gainera, gastua diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola egiaztatuko da. Kontratazioaren kostuaren banakapena hilabeteka bete beharko da, aipatu VI. eranskineko ereduan agertzen den bezala. Ziurtagiri horretan jasoko da, halaber, berdintasuneko agenteak zenbat egunez egin duen lan diruz lagungarria den aldian (agente titularraren edo ordezko pertsonaren alta egunak).

Oro har, egindako gastutzat hartuko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoa, salbu eta finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak jasoko dira. Hori guztia, ezertan galarazi gabe 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan duten parte-hartzearen berri emateko betebeharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako kontratazioari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan araututakoarekin bat. Testu hau agertu behar da: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

10.3. Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak erants ditzan bost egun balioduneko epean, gehienez. Toki entitateak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.

10.4. Kontratazioaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari. Nolanahi ere, deialdi honen 5. oinarrian ezarritako ehunekoak errespetatuko dira.

10.5. Aurrekoa alde batera utzita, honako hau hartuko da kontuan dirulaguntza ordaintzeko ezintasun, eszedentzia, lan lizentzia eta/edo soldatarik gabeko baimen egoeretan, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen antzeko beste egoera batean:

a) Ordezkapena egiten bada:

–Ordezkapenerako kontratazioa 90 egun iragan aurretik egiten bada, kontuan hartuko dira bajan dagoen langilearen benetako kostuak –toki erakundeak bere gain hartutakoak– gehi hura ordezten duen langilearen kostua, soilik ordainketa kalkulatzeko, betiere emandako zenbatekoa gainditzen ez bada.

–Ordezkapena 90 egun iragan eta gero egiten denean, agente titularraren kostuak –toki erakundeak bere gain hartutakoak– altan egon den artean ordainduko dira bakarrik, eta ordezkapenik gabeko aldiaren lan kostuen 90 egun, gehienez. Ordezkapena egiten duen agentearen kostuak ez dira zenbatuko.

b) Ordezkapenik egiten EZ bada:

–Ordezkapenik gabe 90 egun iragan ez badira, agente titularraren kostuak –toki erakundeak bere gain hartutakoak– altan egon den artean ordainduko dira.

–Ordezkapenik gabe 90 egun baino gehiago iragan badira, agente titularraren kostuak –toki erakundeak bere gain hartutakoak– altan egon den artean ordainduko dira (90 egun, gehienez).

c) Lanaldi-murriztapenaren kasuan, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxituko da.

d) Eszedentzietan, lizentzietan, baimenetan edo ordainsaririk ez duten egoeretan, iraupena 90 egun baino gutxiago denean, proportzionalki gutxituko da ordaindu beharreko kopurua.

90 egunak zenbatzeko, diruz lagungarria den epean altan eman ez diren aldi guztiak batuko dira.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, baldin eta horiek, guztira, ez badira oinarri hauetan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek jasotzen ahalko dituzte, helburu eta xede bererako, bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honen xede den kontratazioaren kostuaren % 100 baino handiagoa.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, toki entitate onuradunek betekizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea, deialdiaren helburua bete dadin.

b) Prestakuntza saioan parte hartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestakuntza saiorik antolatuz gero dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateetako teknikarientzat, ebazpen honen babesean.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xedeko kontratazioa dela eta sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta aldez aurreko baimena eskatzea egin daitekeen edozein aldaketarako.

d) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakinarazpenean honako informazio hau eman behar da: zenbat diru lortu den, diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren eta zein diren beren kontzeptuak, ongi zehaztuta. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Idatziz edo ahoz eta bidea edozein dela ere egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea agertzea, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, eta testu hau jartzea: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

i) Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan (haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa) xedatutakoa betetzea.

13. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

13.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du, eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketa egunetik aurrera sortutako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–4.1 oinarrian ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, % 100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–10. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

13.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu berdintasuneko beste agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Hori horrela, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

13.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

16. oinarria. Araudi gehigarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

ERANSKINAK

Aurkeztu beharreko agirien ereduak

II. eranskina.–Eskabide eredua.

III. eranskina.–Idazkariaren ziurtagiria.

IV. Gardentasunari buruzko adierazpena.

V. eranskina.–Justifikazio memoria.

VI. eranskina.–Idazkariaren ziurtagiria (justifikazioa).

Deskargatu bete beharreko eredu guztiak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2104460