23. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

10/2019 FORU AGINDUA, urtarrilaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2019. urtean errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratzen duena.

Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzko apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuaren 29.1 artikuluak honako hau ezartzen du: “Urtero, kide bakarreko familia unitate batendako errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratuko da, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularraren foru aginduaren bitartez, eta eguneraketa urteko urtarriletik aurrera izanen ditu ondorioak”. Halaber, 29.2 artikuluak hau dio: “Eguneraketa portzentajea, gutxienez ere, hauen artean baliorik handiena duena izanen da: Nafarroan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPIak) izandako urteko batez besteko igoera eta Nafarroako batez besteko soldatek izandakoa; lan kostuei buruzko hiru hilean behingo inkestan ageri den soldaten kostu arruntaren arabera zenbatetsiko dira azken horiek, aurreko urteko lehenbiziko hiru hiruhilekoak eta urte horren aurreko urteko azken hiruhilekoa aintzat hartuta. Bi kasuetan, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera”. Hori guztia bat dator Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 7.3. artikuluan adierazitakoarekin.

Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak txosten bat egin du, eta bertan proposatu du kide bakarreko familia-unitate batentzako errenta bermatuaren zenbatekoa egunera dadila 2019. urterako, egungoari %2,1eko igoera aplikatuz; horren ondorioz, zenbatekoa 623,63 eurokoa izanen da hilean.

Ikusirik kontu-hartzailetza delegatuak horretarako adostasuna eman duela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kide bakarreko familia-unitate batentzako errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratzea, %2,1eko igoera aplikatuz; horren ondorioz, 2019. urtean zenbatekoa 623,63 eurokoa izanen da hilean.

2. Foru agindu hau igortzea Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuari, Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren Kontabilitate Zentroari, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1901028