107. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

26/2018 FORU DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzkoa.

ZIOEN AZALPENA

15/2016 Foru Legeak, azaroaren 11koak, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituenak, eskubide bikoitzeko eredua ezarri du Nafarroako babes sozialerako sisteman. Legeak bi eskubide hauek aitortzen ditu: batetik, ikuspegi guztietatik erabatekoa eta egiazkoa den gizarteratzera bideratutako babes eta laguntza pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, Nafarroan bizi diren pertsona guztiek bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte hartzeko aukera eta beharrezko bitarteko guztiak izan ditzaten eta Nafarroako gizartearekiko egoki den bizi eta ongizate maila izan dezaten; eta, bestetik, errenta bermaturako eskubide subjektiboa, oinarrizko beharrei aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez dutenendako prestazio ekonomiko gisa.

Foru lege horren azken xedapenetako lehenaren arabera, Nafarroako Gobernuak legearen erregelamendu garapena onetsiko du foru dekretu bidez, bi eskubideen eskurapena eta erabilera ahalik eta gardenenak, objektiboenak eta zehatzenak izan daitezen. Beraz, foru dekretu honek aipatutako erregelamenduaren garapen hori izanen du helburu, 1. artikuluak jasotzen duen gisan.

Arau honek lau kapitulu eta xedapen gehigarri, iragankor, indargabetzaile eta azkeneko batzuk ditu. I. kapituluak foru dekretuaren helburua jasotzen du artikulu bakar batean.

II. kapituluak aipatutako eskubideetako lehenaren elementu subjektiboan eta eskubide hori erabiltzeko prozedurazko alderdien araudian jartzen du arreta. Bereziki esanguratsua da “kodiagnostiko sozialari” ematen zaion trataera. Diagnostiko horrek bi oinarri ditu: batetik, pertsona bakoitza bere bizitza propioaren subjektu aktibotzat hartzen duela, eta bestetik, gizarteratze prozesuak dituen ikuspegi anitzeko eredua (baloratu beharreko ikuspegi guztiak) eta eredu dinamikoa (diagnostiko kategoriak) erabiltzen dituela. Fase hori profesionalki egiten laguntzeko, baloraziorako tresna komun bat egotea aurreikusten da. Kapitulua bukatzeko, programa pertsonalizatuaren proposamenak jaso behar duen gutxieneko edukia eta inplikatutako aldeen artean adostu beharreko gizarteratze ituna arautzen dira.

III. kapituluak, berriz, araututako bigarren eskubideari egiten dio erreferentzia, eta, haren luzera dela eta, sei atal ditu. Horietako lehenak xedapen orokorrak jasotzen ditu. 15/2016 Foru Legearen 6. artikuluaren arabera, errenta bermaturako eskubideak erlazio zuzena du familia unitateekin. Foru dekretuak erlazio hori ezartzeko prozedura argitzen du eta, horretarako, foru lege horrek ezartzen duen familia unitatearen definiziotik abitatzen da, zeinak eskatzaileak familian duen posizioa aintzat hartuta egituratzen baitu. Familia unitate hori osatzen duen kide bakoitzak eskubidea eskuratzeko baldintzak betetzen dituen ala ez baloratu behar da, konputagarriak diren pertsonak zenbat diren zehazteko, eta, hala, unitate jasotzailea zehazteko. Horretarako bereizi beharko da errenta jasoko duten horietatik, batetik, beren gurasoen edo legezko tutoreen kargu egoteagatik beti kontuan hartzen diren adingabeak, eta, bestetik, konputagarritzat jotzen ahal diren helduak, eta, beraz, unitate jasotzaileko kideak. Horiek guztiek adierazitako foru legearen 5. artikuluan eta kapitulu honen 2. atalean ezarritako baldintzak eta arauak bete behar dituzte. 1. atalaren bukaeran, unitate jasotzaileek bete beharreko baldintzak arautzen dira, hiru kasuri helduz: bi familia nukleoz edo gehiagoz osatutako familia unitateak, zaintza partekatuak eta, azkenik, helbide berean familia unitate bat baino gehiago bizi direnen kasua.

2. atalak, adierazi den bezala, prestazioa jasotzeko lau baldintza hauek erregelamendu bidez garatzeari dio erreferentzia: adina, Nafarroan bizitzen daraman denbora, gaitasun ekonomiko nahikoa ez izatea, eta aurrez eskubideak erabili izana. Hirugarren baldintza 4 artikuluz osatuta dago, haren konplexutasunagatik: bat orokorra, eta beste hirurak, berriz, diru sarrerak, ondasun higigarriak eta bestelako ondasunak zenbatzeko jarraitu beharreko arauei eta irizpideei buruzkoak.

3. atalean errenta bermatua eskuratzeko tramitazioaren prozedurazko alderdi espezifikoak jasotzen dira gizarteratzerako eskubidea ere aldi berean erabiltzen den kasuetarako, 15/2016 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluetan jasotako kasuetan adierazi bezala. Alegia, unitate jasotzaileek urte bat edo bi daramatzatenean etengabe prestazioa jasotzen, edo unitate jasotzaileak bazterketa sozial larrian daudenean, ez dituztenez prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen salbuespenez jasotzen dutelako prestazio hori, zein aldi baterako bitarteko sozial edo soziosanitario batean bizi direlako.

4. atala errenta bermatua jasotzen duten pertsonak gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko prozedurari buruzkoa da, eta hainbat mekanismo arautzen dira, hala nola enplegurako pizgarriak, laneratzeagatik prestazioa etetea, eta diruz lagundutako lan kontratutarako pizgarriak, baldin eta babes sozial gehigarriko elementuren bat badute.

Jarraian, 5. eta 6. atalek, hurrenez hurren, prozedura arruntak eta zehapen prozedurak arautzen dituzte. Lehenari dagokionez, honako hauek azaltzen dira: prozeduraren hasiera, interesdunak egindako eskaeraren bidez; prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko aurkeztu beharreko dokumentuak; oinarrizko zerbitzu sozialek egin beharreko jarduketak; prestazioa berritzeko berariazko prozedura; prestazioan aldaketak eragiten ahal dituzten gertaerak jakinarazteko modua eta eraginak; eta zenbatekoen urteko eguneraketa prozedura. Eguneraketa sistemak bat egiten duenez ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluaren A) 4., 3. eta B) 4.,4. apartatuetan aurreikusitakoarekin, azpimarratzekoa da dekretu honi xedapen gehigarri bat gehitu zaiola, helburu hau izanik: erregelamendua garatzea, aipatutako artikuluak eskatzen duen bezala, kotizaziopeko erretiro pentsioen eta alarguntza pentsioen ondoriozko kenkarien zenbatekoak eguneratzeko. Horrez gain, genero indarkeriaren biktimendako errenta bermatuaren tramitazioari buruzko berariazko artikulu bat ere bada. Haren arabera, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 54. artikulua beteko da, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka jokatzeko. 6. atalak, berriz, 15/2016 Foru Legeak eratutako egiaztatze batzordea arautzen du, errenta bermatuaren jasotzaileei berme gehigarri bat emateko, ustez foru lege honetan jasotako arauren bat hautsi badute.

Azken kapitulua foru dekretu honek babesten dituen bi eskubideen ebaluazio prozedurari buruzkoa da.

Azkenik, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren II. eranskina aldatzen du azken xedapenetako lehenak, eta Desgaitasuna duten Pertsonen Arretarako Arloan prestazio bat gehitu da, hain zuzen ere, “Desgaitasuna duten pertsonendako laguntza ekonomikoa”.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko apirilaren 25eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Xedea.

Foru Dekretu honek gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak erregelamendu bidez garatzea du xede.

II. KAPITULUA

Gizarteratzerako eskubidea.

2. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 2. artikuluari eta erregelamendu honetan aurreikusitakoari jarraikiz, gizarteratzerako eskubidearen titular izanen dira Nafarroan bizilekua izan eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsona guztiak.

3. artikulua. Prozedura.

1. Dagokion oinarrizko zerbitzu sozialak pertsona bat bazterketa sozialeko egoeran dagoela ikusten badu, gizarteratzerako eskubidearen ezaugarrien berri emanen dio, hura erabiltzea erraz diezaion.

2. Prozedura, oro har, interesdunak eskaera egiten duenean hasten da, eta honako fase hauetan garatzen da: norbanakoaren egoeraren kodiagnostikoa egitea, gizarteratzeko programa pertsonalizatu baten proposamena egitea, gizarteratze ituna sinatzea, programa betetzea eta jarraipena, ebaluazioa eta egokitzapena egitea.

4. artikulua. Kodiagnostiko soziala.

1. Bazterketa sozialeko egoeraren kodiagnostikoa egiteko, interesdunak eta dagozkion zerbitzu sozialetako profesionalek hartuko dute parte, eta honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Ekonomia eta lana: ondasunen eta oinarrizko zerbitzuen gastuei aurre egiteko adina diru sarrera duten ala ez hartuko da kontuan, baita lan merkatuan sartuta dauden ala ez ere.

b) Egoitza edo etxebizitza: egoitzarik edota etxebizitzarik duen ala ez baloratuko da, eta, izatekotan, haren egonkortasunari, baldintzei eta irisgarritasunari ere erreparatuko zaie.

c) Norbanakoa: interesdunaren osasun egoera, bizi dinamismoak, prestakuntza, gaitasun nahiz trebetasun sozialak eta enplegagarritasuna baloratuko dira.

d) Harremanak: kontuan hartuko da harreman eta lotura sozialak dituen ala ez, familiako bizitza eta bizitza pertsonala uztartzen dituen ala ez, eta oinarrizko beharrak asetzeko babes sozialik ba al duen.

e) Gizartea: ingurune sozialera eta araudietara egokitzeko gaitasuna eta onarpen soziala baloratuko dira, baita babes sozialik baduen ala ez ere.

2. Balorazioak pertsonaren egoera zehaztuko du, eta kategoria hauetan sailkatuko da, diagnostikoaren arabera:

a) Gizarteratua.

b) Bazterketa sozialerako arriskuan.

c) Bazterketa sozialeko egoeran, honako maila hauetan:

a. Arina.

b. Moderatua.

c. Larria.

3. Diagnostikoa egiteko, interesdunak emandako informazioa erabiliko da, baita bazterketa sozialerako baloraziorako tresna tekniko komuna ere, gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuaren titularraren foru aginduak onetsia eta departamentu horren zerbitzu sozialen webgunean eskuragarri dagoena.

5. artikulua. Programa pertsonalizatua eta gizarteratze ituna.

1. Dagokion oinarrizko zerbitzu sozialak laguntza sozialerako proposamen bat eginen du, eta programa pertsonalizatu bat prestatuko du, honako elementu hauek, gutxienez, jasoz:

a) Lortu beharreko helburuak eta aurreikusitako emaitzak, kaltetutako ikuspegien eta kaltearen neurriaren arabera.

b) Aplikatu beharreko bitarteko egokiak, honako hauen artetik:

b.1) Gizarte zerbitzuen zorroak bermatutako prestazioak eta zerbitzuak, bai oinarrizko laguntzarako bai gizarteratzerako.

b.2) Gizarte zerbitzuen zorroak bermatzen ez dituen eta publikoki finantzatuak diren prestazioak eta zerbitzuak.

b.3) Nafar Lansare- Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zerbitzuak edo bitartekoak, bai orientaziorako eta prestakuntzarako bai enplegua eskuratzeko.

b) letra hori betetzeko, zerbitzu sozialen arloan eskuduna den departamentuak eskuragarri dauden bitartekoen eta haien ezaugarrien zerrenda bat argitaratu beharko du zerbitzu sozialen webgunean, eta eguneratuta mantendu beharko du.

c) Esku hartzearen iraupen eta aldizkakotasun egokia.

d) Ebaluazio eta egokitzapen sistema.

e) Bi aldeek hartu beharreko konpromisoak.

2. Gizarteratzerako itunak programa pertsonalizatuaren proposamenaren atal guztiak jasoko ditu, baita haren indarraldia ere; eta azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituenak, 4. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen alde parte hartzaileak izanen dira sinatzaileak.

III. KAPITULUA

Errenta bermaturako eskubidea

1. ATALA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Pertsona konputagarriak.

1. Errenta bermaturako eskubidea aitortu ala ez zehazteko, familia unitateko pertsona guztien baldintzak hartuko dira kontuan.

2. Pertsona konputagarritzat joko dira azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituenak, 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten helduak eta adingabe emantzipatuak, eta familia unitateko adingabeak.

3. Familia unitateko pertsona konputagarrien kopuruak zehaztuko du aplikatu beharreko ehuneko gehigarria, azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituenak, 7. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.

4. Errenta bermatuaren eskatzaileak bete beharko ditu aplikatu beharreko araudiak ezarritako prozedurazko betebeharrak, eta hari helaraziko zaizkio familia unitate edo familia nukleoari eragiten dieten jakinarazpen guztiak.

5. Unitate jasotzaileko pertsona guztiei dagokie errenta bermatua eskuratzeko baldintzak eta betebeharrak betetzea.

7. artikulua. Unitate jasotzaileak.

1. Bi errenta bermatu jasotzen ahalko dira, baldin eta familia unitate berean familia nukleo bat baino gehiago badago eta, haietako batean, gutxienez, adingabeak edo mendekotasuna edo %65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak badaude, eta honako arau hauek betez gero:

a) Inor ezin da izan, aldi berean, bi familia nukleotako kide.

b) Lehenbizi egiten den eskaerak zehaztuko du familia unitateko kide guztien osaera nola eratzen den.

c) Bigarren eskaera, berriz, salbuespena izatea ahalbidetzen duen familia nukleora mugatuko da.

d) Familia nukleo bati emandako errenta bermatua haren familia unitatearenarekin batera bukatuko da. Familia unitatearen errenta bermatua berritzerakoan, osorik hartuko dira kontuan haren baldintzak, eta, hala badagokio, familia nukleoa barne.

e) Unitate jasotzaile baten errenta bermatuaren aldaketek, bere kideen baldintzen aldaketaren ondorio badira, hari bakarrik eraginen diote; ondorioek ez diote eraginen beste unitate jasotzaile bati.

2. Inor ezin da izan, aldi berean, bi unitate jasotzailetako kide. Zaintza partekatuaren kasuan, bi gurasoek jasotzen badute errenta bermatua, adingabekoaren baldintza ekonomikoak konputatzeko, unitate jasotzaile bakoitzaren kalkuluen erdiak hartuko dira erreferentziatzat, eta, dagokion errenta bermatuaren zenbatekoa osatzeko, unitate bakoitzari erdia emanen zaio.

3. Helbide berean bi familia unitate edo gehiago bizi badira elkarrekin, errenta bermatu bana jasotzeko eskubidea izanen dute. Helbide horretan, hiru errenta jasotzen ahalko dira gehienez. Kasu horretan, eskaerak erregistratzeko hurrenkeraren arabera zehaztuko da errenta ematea.

Errenta bermatua jasotzen duen unitate bat helbidez aldatzen bada, eta, berrian, dagoeneko emandako hiru errenta bermatu badaude, prestazioa kenduko zaio.

2. ATALA

Onuradunek bete beharreko baldintzak

8. artikulua. Xedapen orokorra.

Errenta bermaturako eskubidea izateko, eskatzaileek, eskaera egiterakoan, gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean eta foru dekretu honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

Baldintza horiek guztiak errenta jasotzen den bitarte osoan bete beharko dira.

9. artikulua. Adina.

18 urtetik 24 urtera bitartekoa izanez gero, eta ardurapean adingaberik izan gabe, eskatzaileak gutxienez bi urte emanak izan behar ditu beregain bizitzen, errenta bermaturako eskaera egin aurretik. Ulertuko da beregain bizi izan dela Gizarte Segurantzaren sistema osatzen duten erregimenetako edozeinetan alta emanik egon baldin bada gutxienez urtebetez, etengabe ez bada ere, eta frogatzen baldin badu, betiere, eskaera egin aurretik bi urtean bere helbidea bere gurasoenaz bestelako bat izan dela.

Aurreko paragrafoan esandakoa ez da aplikatuko eskatzailearen bi gurasoak hilik baldin badaude, edo eskatzailea adingabekoen babes sozialeko erakunde batetik badator, haren zaintza egoitza edo familia harreraren bitartez kudeatua izanik, eta etenik gabe beregain bizitzera badoa.

10. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean bizitzen daraman denbora.

1. Pertsona onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean bizi behar dute, eskaera aurkezten den data baino bi urte lehenagotik gutxienez, edo urtebete, baldin eta familia unitatean adingabeak, mendekoak edo %65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak badaude.

2. Komunitate terapeutikoan tratamendu bat hasteagatik, kartzelan sartzeagatik, edo genero indarkeriaren biktimak babesteagatik Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora gizarte baliabideetara edo beste baliabide batzuetara lekualdatzen badira, Nafarroan bizilekua izatea ez dela eten ondorioztatuko da, baldin eta lekualdatu aurretik Nafarroan erroldatuta bazegoen eta aipatutako baliabideetatik atera ondoren berriro itzultzen bada.

11. artikulua. Gaitasun ekonomikoa.

1. Familia unitateak ez du izan behar oinarrizko beharrei aurre egiteko adina baliabide. Baliabideen maila neurtzeko, eskatzailearen eta haren familia unitateko kideen gaitasun ekonomikoa hartuko da kontuan, 15/2016 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Nahikoa bitarteko ez dituela ebatziko da, gaitasun ekonomikoak honako muga hauek gainditzen ez baditu:

a) Familia unitatearen azken sei hilabeteetako diru sarrerak, eskaera egin duen hilekoa barne, seihileko konputuan legokiokeen errenta bermatuaren zenbatekoa baino baxuagoak izatea, eskaera momentuan familia unitateko kide konputagarri kopuruaren arabera.

b) Ondasun higigarrien balioa kide bakarreko familia unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoaren %65 adinakoa edo hori baino txikiagoa izatea.

c) Ondasun higigarri konputagarrien katastroko balioa kide bakarreko familia unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoa baino 10 aldiz handiagoa izatea edo hori baino txikiagoa.

12. artikulua. Diru sarreren konputua.

1. Errenta bermaturako eskubidea zehazteko, azken sei hilabeteetan familia unitatearen edozein kidek eskuratutako diru sarrerak izanen dira kontuan, eskaera hilekoak barne, honako kontzeptu hauetako edozeinetan:

a) Besteren konturako lan etekinak: Hileko diru sarrera gordinak kontabilizatuko dira, aparteko pagen eta PFEZaren atxikipenen zati proportzionala barne. Sarrera gordinetatik kenduko dira Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik ordaindutako zenbatekoak.

b) Funts publiko nahiz pribatuen kargura finantzatutako gizarte aurreikuspeneko araubideetan sartutako prestazio eta pentsio aitortuak: Hileko zenbatekoa kontabilizatuko da, aparteko pagen eta PFEZaren atxikipenen zati proportzionala barne, eta hortik kenduko dira Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak.

c) Konpentsazioko pentsioetatik eta mantenu pentsioetatik eskuratutako zenbatekoak, artikulu honetako 3. atalaren e) letran ezarritakoari eragin gabe.

d) Enpresa eta lanbide jardueretako etekinak. Norbere kontura, merkataritzan, nekazaritza eta abeltzaintzan, arlo profesionalean edota beste batzuetan egindako lanetako etekin garbiak hartzen dira kontuan. Lan etekin horien sarrera gordinetatik hauek kenduko dira: batetik, Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak eta, bestetik, eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik ordaindutako zenbatekoak. Etekin horiek zehazteko, enpresa jardueretako edo jarduera profesionaletako etekin garbiak zehazteko araudi fiskalari jarraituko zaio, honako bitarteko hauetakoren baten bidez:

–Lehenbizikoa. Hiruhileko PFEZaren ordainketa zatikatuen azken aitorpenaren arabera pilatutako etekin garbia (130 eredua, bigarren modalitatea).

–Bigarrena. Ez badaude aitorpen hori egitera behartuta, azken seihilekoko diru sarreren kalkulua eginen da, azken urteko PFEZaren aitorpenean ateratako etekin egozgarriaren portzentajea aplikatuz azken bi hiruhileko BEZaren aitorpenetako bakoitzeko oinarrien baturari.

Portzentaje hori honela kalkulatuko da:

B

A =

–––

x 100, izanik

C

A = Etekin egozgarriaren portzentajea.

B = Etekin egozgarria (urteko PFEZaren aitorpeneko 220 laukia).

C = Nekazaritza eta abeltzaintzako diru sarreren batura (203 laukia) gehi beste jardueretako diru sarrerak (204 laukia).

–Hirugarrena. Aurrez aitorpen fiskalik ez izatekotan, hiruhileko PFEZaren ordainketa zatikatuen aitorpenaren (130 eredua) etekin garbiaren araberako hileko diru sarrera garbiak hartuko dira kontuan; eta, aitorpen hori egin beharrik ez izatekotan, eskaeran aitortutako diru sarrerak hartuko dira kontuan, jarduera horretako galeren eta irabazien kontuaren arabera. Bi kasuetan, kide bakar baten hileko errenta bermatuaren %60ko diru sarrera hartuko da kontuan, baldin eta enpresa jarduerak edo jarduera profesionalak errenta bermaturako eskaera egin baino sei hilabete lehenagotik edo gehiagotik egiten ari badira.

e) Funtsezko ogibidea ez den jardueratiko etekinak: eskaeran jasotako eredu ofizialaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez justifikatuko dira. Aipatutako aitorpenean, jarduera, dedikazio denbora eta intentsitatea, eta sortzen dituen irabaziak jasoko dira. Zenbatekoa ez badago zehaztuta, edo erantzukizunpeko adierazpenak ez badu gainditzen ezarritako moduluaren zenbatekoa, jardueraren gutxieneko zenbateko bat hartuko da kontuan, ezarritako moduluen arabera eta hilabeteko konputuan.

JARDUERA

INTENTSITATEA/DEDIKAZIO DENBORA

EUROAK

Txatarra eta kartoia biltzea

Hilabetea

250

Nekazaritza lanak (sasoikako langileak)

Eguna

50

Etxeko langilea

Ordua

8

Saltzaile ibiltaria eta beste jarduera batzuk

Hilabetea

160

Modulu horiek urtero eguneratuko dira, errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratzeko erabilitako adierazleak aplikatuz.

f) Kapital higiezinaren etekin garbiak. Familia unitateko kideen ondarea ustiatzearen ondoriozko etekinen guztizkoa hartuko da kontuan, aipatutako ustiatze horren forma edozein delarik ere, eta, izatekotan, baita alokairutik eskuratutako etekinak, landa nahiz hiri ondasunen eskualdatze edo lagatze prezioak eta jabetzan duen etxebizitzako gelen alokairua ere.

g) Ohiz kanpoko diru sarrerak. Honako hauek hartuko dira halakotzat:

–Familia unitateko edozein kidek eskuratutako sariak, hezkuntzarako eta prestakuntzarako sariak salbu.

–Kalte-ordainak, mantenu edota konpentsazioko pentsioen atzerapenak, aurreko eraginerako datan emandako pentsioen kitapena... Hori guztia artikulu honen 3. atalean ezarritakoari eragin gabe.

–Jaraunspenak eta legatuak.

–Dohaintzak.

–Ondareak saltzearen ondorioz eskuratutako baliabideak. Ohiko bizilekuaren kasuan, ez dira zenbatuko familia unitatearen ohiko bizileku izanen den etxebizitza berri bat erosteko berrinbertitzen diren zenbatekoak.

–Gelak berralokatzearen ondorioz eskuratutako diru sarrerak, baldin eta alokairu kontratuaren titularrak kontzeptu horregatik kontratuan zehaztutako etxebizitzaren osotasunaren hileko alokairuaren gastua baino zenbateko handiagoa jasotzen badu. Diru sarreratzat zenbatuko da jarduera horregatik eskuratutako hileko diru sarreren eta alokairu kontratuan ezarritako hileko alokairuaren prezioaren arteko aldea.

–Aurreko puntuetan aurreikusi gabeko diru sarrerak, ohikoak ez direnak edo familia unitateko kideren batek salbuespenez eskuratzen dituenak.

2. Artikulu honen 1. atalean jasotako kontzeptuengatik familia unitatean konputagarriak ez diren pertsonek eskuratutako diru sarrerak, hain zuzen ere, familia unitateko kide bakoitzari dagokion proportziozko zatian hartuko dira kontuan, formula honen arabera:

B

A =

–––

x D, izanik

C

A = Unitate jasotzailearen diru sarrera konputagarriak.

B = Konputagarria ez den pertsonaren diru sarrerak.

C = Familia unitateko kide kopurua.

D = Unitate jasotzaileko kide kopurua.

3. Honako kontzeptu hauengatik eskuratutako diru sarrerak ez dira kontuan hartuko:

a) Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak. Familia unitateko kideetako edozeinen behar berariazko bati erantzuteko eman direnak jotzen dira helburu zehatz baterako laguntza ekonomikotzat. Beraz, honako laguntza hauei esker jasotako diru sarrerak ez dira kontuan hartuko.

–Hezkuntza edo prestakuntza bekak.

–Jangela bekak eta garraio bekak.

–Eremu soziosanitariorako laguntza teknikoak.

–Ohiko etxebizitza eskuratzeko, berritzeko edo birgaitzeko laguntzak.

–Mugikortasunerako sorospena eta desgaitasuna duten pertsonen garraiorako gastuak.

–Hirugarren pertsonen arretarako sorospena.

–Larrialdiko laguntza bereziak bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonendako.

–Gizarte larrialdietako laguntzak edota gizarteratze prozesuetan laguntzekoak.

–Zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomikoa, laguntzaile pertsonala izateko prestazio ekonomikoa, eta familia testuinguruan zaintzarako eta profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoa, denak ala denak menpekotasunari buruzko araudian aurreikusitakoak.

–Langabeziaren kapitalizazioagatiko diru sarrerak.

–Helburu zehatz baterako kalte-ordainak, kalte-ordaina eragin duen gertaeraren ondorioak arintzeko adina, baldin eta kalte ordain hori justifikatuta badago.

–Errenta bermatua eskatu aurreko sei hilabeteetako diru laguntzak, errenta horren helburu bera dutenak, errefuxiatuen eta iheslarien harrerarako eta genero indarkeriaren biktimen babeserako programen bidez eskuratuak.

–Helburu zehatz baterako beste edozein laguntza mota.

b) Adingabeen babesean eskuduna den departamentuak emandako prestazio ekonomikoak, adingabeak familian hartzeak ekarritako gastuak konpentsatzeko.

c) Gizarte Segurantzaren prestazioak eta/edo aurreikuspen sozialeko beste sistema batzuek ematen dituzten antzeko laguntzak, ardurapeko 18 urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko.

d) Gizarteratzeko baimendutako zentro okupazionaletako jardueretan parte hartzeagatik emandako pizgarriak edo eskersariak.

e) Pentsioak edo antzeko prestazioak, eskatzailearen familia nukleokoak ez diren familia unitateko kideenak, edo eskatzailearen ardurapeko seme-alabenak, kide bakarreko unitate jasotzaile batendako hileko errenta bermatuaren %45erainoko zenbatekoan. Kasu horietan, seme-alabak ardurapean daudela ulertuko da, 25 urte baino gutxiago badituzte edo mendekotasuna edo %65etik gorako desgaitasuna badute.

Salbuespen horien artean daude mantenu pentsioak ere, banatze- eta dibortzio-epaietan, ezkondu gabekoen seme-alaben epaietan edota hitzarmen arauemaileetan islatzen direnak.

Familia unitateko hainbat pertsonak mota horretako pentsioak edo prestazioak jasotzen badituzte, salbuespena pertsona jasotzaile horietako bakoitzaren pentsioari edo prestazioari aplikatuko zaio.

Pertsona batek pentsio bat baino gehiago jasotzen baditu, salbuespena horietako bati edo batzuei aplikatuko zaie, baldin eta salbuetsitako guztizko zenbatekoak ez badu gainditzen kide bateko unitate jasotzaile batendako errenta bermatuaren %45.

f) Foru dekretu honen 22. artikuluan aurreikusitako salbuespena.

13. artikulua. Ondasun higigarrien konputua.

Ondasun higigarrien balioa kalkulatzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Kontu korronteko edo eperako gordailuak, akzioak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, higigarriak, bizi aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak. Balio nominala kontuan hartuta kalkulatuko dira.

b) Artelanak, antzinako gauzak eta bitxiak. Eskaera egiten den unean horiek duten merkatu balioaren arabera kalkulatuko dira.

c) Familia unitateak dituen ondasun higigarrien zenbatekoa kalkulatzeko, unitate horretako kideetako bakoitzaren izenean dauden zenbatekoak batuko dira.

14. artikulua. Beste ondasunen konputua.

Ondasun higiezinen balioa kalkulatzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

1. Landa edo hiri ondasun higiezinen kasuan, katastroko balioari erreparatuko zaio. Familia unitateak ondasunaren jabetza osoa ez badu, haren katastroko balioaren proportziozko zatia hartuko da aintzat.

2. Konputagarriak ez diren ondasunak:

a) Ohiko etxebizitza, altzariak eta etxeko gauzak barne. Garraiorako ohiko ibilgailua ere hartzen da kontuan. Etxeko gauzen, altzarien eta ibilgailuaren balioak merkatuko prezioaren arabera ezarriko dira. Etxebizitzarena, berriz, haren katastroko balioaren arabera.

Letra honetan aurreikusitako ondasunek hirurehun mila euroak gainditzen badituzte, hortik gorakoa kontatuko da.

b) Familia unitatearen diru sarreren iturri nagusia den lan edo enpresa jarduera garatzeko beharrezkoak diren ondasun higigarriak eta higiezinak.

Kasu horietan, balorazioa haien merkatu balioaren edo katastroko balioaren arabera eginen da, higigarriak edo higiezinak diren kontuan hartuta.

Letra honetan aurreikusitako ondasunek 3 aldiz gainditzen badute kide bakarreko familia unitate batendako urteko errenta bermatuari dagokion zenbatekoa, neurriz gaindikoa kontatuko da.

15. artikulua. Aurrez beste eskubide batzuk erabili izana.

1. Eskaera egin aurretik, familia unitateko kide guztiek zuzenbideari jarraikiz legozkiekeen prestazioak, sorospenak edo pentsio publiko nahiz pribatuak eskatu behar izan dituzte.

Baldintza hori betetzeko, edozein administrazio publiko eskuduni aldez aurretik eskatu behar izanen dizkiote, eskaera egin aurreko sei hilabeteetan, eskaera hilean barne, legozkiekeen prestazioak, pentsioak edo sorospenak, edozein motatakoak; eta oro har, eskaeraren unean, enplegu eskatzaile gisa inskribaturik egon beharko dute.

2. Unitate jasotzaileko edozein pertsonari dagokio artikulu honetan aipatzen den betebeharra betetzea, eskubide horiek errenta bermatua eman ondoren sortzen badira.

3. ATALA.

Gizarteratzerako eskubidea batera baliatzea

16. artikulua. Batera baliatzeko kasuak.

1. Honako kasu hauetan baliatuko dira batera errenta bermaturako eta gizarteratzerako eskubideak:

a) Borondatez, eskatzailearen familia unitatea bazterketa sozialeko egoeran badago eta gizarteratzeko eskubidea erabiltzen hasi nahi badu.

b) Azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 34.2 artikuluak jasotzen dituen kasuetan dauden familia unitateak.

c) Azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 34.3 artikuluak jasotzen dituen kasuetan dauden familia unitateak.

d) Azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 35.1 artikuluak jasotzen duen bezala, bazterketa sozial larriko egoeran dauden familia unitateak.

e) Baimendutako baliabide sozialetan edo soziosanitarioetan aldi baterako bizi diren eta desistituzionalizatze prozesuan dauden pertsonak, azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 35.3 artikuluari jarraikiz. Era berean jokatuko da espetxeko hirugarren graduan egon eta gizarteratzeko programa berariazko batean parte hartzen duten pertsonekin.

2. Kasu guztietan, errenta bermaturako eskubidea eskuratzeko prozedura, hain zuzen ere, foru dekretu honen III. kapituluaren 5. atalean aurreikusitakoa da, datozen artikuluetan aurreikusitako berezitasunak ere kontuan hartuta.

3. Artikulu honen 1. puntuko b), c), d) eta e) kasuetan, foru dekretu honen 5. artikuluak adierazten duen gizarteratzerako programa pertsonalizatuaren jarraipen sistemak egoeraren berrikuspenak eginen ditu gutxienez sei hilabetean behin.

17. artikulua. Urtebetetik gora etengabeko epean prestazioak jaso dituzten familia unitateak.

Urtebetetik gorako epe etengabe batean errenta bermatua jaso duten familia unitateek errenta berritzeko eskaeran, oinarrizko gizarte zerbitzuak gizarteratzerako eskubidea baliatzen hasi izanaren berri emanen du, baita zer fasetan dagoen ere, salbu eta errenta bermatua jasotzen ari ziren aldi horretako momenturen batean lan errentak jaso badituzte.

18. artikulua. Bi urtetik gorako epean prestazioak jaso dituzten familia unitateak.

1. Gutxienez hogeita lau hilabetetik gorako epe etengabe batean errenta bermatua jaso duten familia unitateek errenta berritzeko eskatzean, oinarrizko gizarte zerbitzuak programa pertsonalizatuaren berri emanen du, baita proposatutako bitartekoa ere.

2. Programan, honako hauek jaso behar dira: familia unitatearendako bitartekoa edo bitarteko egokiak, eta, hala badagokio, programa bera zer administrazio unitatek eskaini behar duen eta programa zer epealditan aplikatuko den, eta horren ondorioz zer betebehar sortzen diren. Bitartekoa honako hauetako bat izanen da:

a) Lan eskaintza, lan merkatu arruntean.

b) Lan eskaintza, diru laguntza publikoak jasotzen dituzten programetan.

c) Administrazioak laneratzea sustatzeko eskaintzen dituen beste prestakuntza programa eta zerbitzuak.

19. artikulua. Bazterketa sozial larriagatiko errenta bermatua eskuratzeko salbuespen kasuak.

1. Prestazioa eskuratzeko salbuespenezko baldintzak, hain zuzen ere, familia unitatearen egoeraren eta bazterketa sozial mailaren balorazioak zehaztuko ditu, foru dekretu honek 4. artikuluan xedatutakoaren arabera. Errenta bermatua eskuratzen ahalko dute, salbuespenez, bazterketa sozialeko egoera maila larria bada. Dena den, harrera eta integrazio programaren autonomia fasera iritsi diren baina erabateko autonomia ekonomikoa lortu ez duten iheslariak edo nazioarteko babesaren eskatzaileak ere kontuan hartuko dira. Hori hala bermatuko da pertsonaren harretarako arduradun den entitate sozialaren txostenaren bitartez.

2. Errenta bermatuaren eskaeran, oinarrizko gizarte zerbitzuak bazterketa sozialeko egoera maila justifikatzen duen balorazio txostena erantsiko du, eta foru dekretuaren 5. artikuluan aipatzen den programa pertsonalizatuan zein fasetan dagoen adieraziko du.

20. artikulua. Errenta bermatua eskuratzea, baimendutako baliabide sozialetan eta soziosanitarioetan aldi baterako bizi direnen kasuan.

1. Foru dekretu honen 16.1 e) artikuluan aipatutako pertsonak hartzen dituzten egoitza bitartekoek dagokien bezala baimenduta egon beharko dute.

2. Egoitza zentroko gizarte laneko profesionalek ere egiten ahal dituzte foru dekretu honen 4. eta 5. artikuluetan adierazten diren kodiagnostikoa eta programa pertsonalizatua; gero, dagokien oinarrizko zerbitzu sozialetara bidaliko dute haiek adostasuna adieraz dezaten eta errenta bermaturako eskaeraren tramitazioa egin dezaten. Pertsonalizatutako programan, aurreikusitako desinstituzionalizatze prozesua jaso beharko da. Halaber, bazterketa egoera maila justifikatzen duen balorazio txostena erantsiko da.

3. Komunitate terapeutikoan aldi baterako egoitza dutenen kasuan, zentrotik atera aurreko hiru hilabeteetatik hasita soilik izanen da errenta bermaturako eskubidea. Ondorio horietarako, eskaeran, argi eta garbi adierazi beharko da eskatzailea egoitzatik zein egunetan arterako den, eta data horretan egiten den edozein aldaketa lehenbailehen jakinarazi beharko zaio Administrazioari, gero hark prestazioa kautelaz etetea proposa dezan, benetan kalera zein egunetan aterako den jakinarazten den arte. Prestazioa berriro abiatuko da eskatzailea egoitzatik atera den hilabete berean. Kautelazko etetea ebazteko epean ez bada egoitzatik ateratzen, errenta bermaturako prestazioa bertan behera uzteko proposatuko da.

4. ATALA.

Enplegurako pizgarriak

21. artikulua. Enplegurako pizgarriak.

1. Prestaziorako eskubidea ematen duen gaitasun ekonomikoa zehaztutakoan, enplegurako pizgarria aplikatuko zaie unitate jasotzaileko kideek egiten duten lan jarduerengatik jasotako diru sarrera guztiei, bai besteren kontura egindako lanagatik bai enpresa jarduera edo jarduera profesionalengatik, formula honen arabera:

F1805967_0.pdf

Hala,

RG: unitate jasotzaileari dagokion errenta bermatua.

A: 0,50eko faktore zuzentzailea, azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 7. artikuluan adierazitako gehikuntzen gainekoa. Beraz, A-ren balioak hauek dira:

Kide bakar batendako: 1,50.

2 kiderendako: 1,85.

3 kiderendako: 2,10.

4 kiderendako: 2,25.

5 kiderendako: 2,40.

6 kiderendako eta gehiagorendako: 2,50.

B: 10eko balioko salbuespenaren progresibitate parametroa; urtero eguneratzen ahalko da, RG1en zenbatekoen eguneraketarekin batera.

I: Lan jardueragatiko diru sarrerak.

RG1: kide bakar baten errenta bermatuaren balioa.

2. Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak 23. artikuluan aipatutako betebeharrak betetzeari eragin gabe, lan errentagatik hilero jasotzen dituen diru sarrerak komunikatu beharko ditu, enplegurako pizgarriak aplikatzeko. Lan errentagatiko diru sarrerak jaso eta hurrengo hilabetean aplikatuko dira lanerako pizgarriak.

3. Egoera gertatu adina aldiz aplikatzen ahalko dira lanerako pizgarriak, familia unitatearen kide batengan edo askotan, aldi berean edo ez.

4. Laneratzea sustatzeko, prestazioaren ordainketa bertan behera uztea erabakitzen ahalko da, onuradunak aurrez hala eskatuta, aldi baterako enpleguan hasteagatik, honako arau hauei jarraikiz:

a) Iraupen zehatzeko eta 6 hilabete baino gutxiagoko kontratu bat izatea.

b) Kontratuaren ondoriozko ordainsariek, beren zenbatekoagatik, enplegurako pizgarrien mekanismoaren bitartez errenta bermatua osa dezatela eragoztea.

c) Kontratua hasi eta hurrengo hilabetean utziko da prestazioa bertan behera, eta kontratua bukatu eta hurrengo hilabetean helduko zaio berriro.

d) Kontratuak gehiago irauten badu errenta bermatuari gelditzen zaion denbora baino, errenta bukatu eginen da jasotze aldia bukatzearekin batera.

22. artikulua. Pizgarriak, diruz lagundutako lan kontratuetan.

Foru dekretu hau aplikatzean, honako hauen bitartez egiten direnak joko dira enplegua sustatzeko edo gizarteratzerako nahiz laneratzerako programen bitartez diruz lagundutako lan kontratutzat: udalen enplegu sozial babestuko programak, gizarte entitateen interes sozialeko enplegu komunitarioko programak, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak, enplegurako zentro bereziak, edo lantegi eskolak.

Kontratu mota horiei dagokien errenta bermatua kalkulatzeko, kide bakar bateko familia unitate bati dagokion errenta bermatuaren seirena salbuetsiko da diru sarreren konpututik.

5. ATALA

Prozedura

23. artikulua. Eskaera.

1. Interesdunak eskatuta hasiko da beti prozedura, eta, horretarako, helbidearen arabera dagokion oinarrizko gizarte zerbitzuan eskaera aurkeztuko du, prestazioa onartzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko behar den dokumentazioa erantsita.

2. Eskaera I. eranskineko ereduaren arabera eginen da, eta oinarrizko zerbitzu sozialetan interesa duten pertsonen eskuragarri egonen da.

3. Eskaera ereduak honako aipamen hauek jasoko ditu, gutxienez:

–Unitate administratibo eskudunei berariazko baimena emateko klausula, beharrezkoa den edozein egiaztapen lan egin dezaten, ziurtatze aldera interesdunek emandako informazioa egiazkoa dela, eskatutako baldintzak errespetatzen direla eta errenta onespenaren ondoriozko betebeharrak betetzen direla.

–Eskaera ebazteko epea eta isiltasun administratiboaren ondorioak.

–Eskatzaileak eskaera aurkezten den unetik egiten dituen aldaketak komunikatzeko betebeharra, baita aldaketa horien egiaztagiriak aurkeztekoa ere.

–Eskatzaileak eskaerako eta atxikitako dokumentazioko datuen egiazkotasunaren gainean egindako aitorpena, eta datuak edota dokumentuak ezkutatzearen edo faltsuak izatearen ondorioak.

–Errenta bermatuari eta lan edo prestakuntza eskaintzei lotutako jakinarazpenak mugikorrez edo e-mailez bidaltzeko baimena. Ondorio horietarako, pertsona interesdunaren ardura izanen da jakinarazpen horiek egiteko beharrezko datuak etengabe eguneratzea.

24. artikulua. Dokumentazioa.

1. Eskaerarekin batera, errenta bermatua eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da eta, zehazki, artikulu honen 4. eta 5. ataletan jasotzen dena.

2. Oro har, dokumentazioa kopia sinple modura aurkezten ahalko da, kontuan hartuta jatorrizkoa aurkezteko edo erakusteko eskatzen ahalko duela administrazioak.

3. Familia unitatea osatzen duten pertsonen identitateari eta egoera pertsonalari buruzko dokumentazioa.

a) Identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa.

b) Familia liburua edo, atzerritarren kasuan, dokumentu baliokidea.

c) Eskatzailearen errolda agiria. Antzinatasuna eta bizikidetza jaso beharko ditu. Nafarroan bizitzen daraman denbora errolda bidez justifikatu ezin bada, erakunde publikoek igorritako beste dokumentu batzuk onartzen ahalko dira.

d) Eskatzaileak 18 eta 24 urte artean baditu, honako hauek beharko dira, hala badagokio:

d.1) Gurasoen errolda historikoaren agiria.

d.2) Gurasoen heriotza ziurtagiria.

e) Eskatzailea ardurapean seme-alaba adingabeak dituen adingabe emantzipatua bada, emantzipazioaren inskripzio ziurtagiria, erregistro zibilak igorria.

f) Banantzeen edo dibortzioen kasuan, epai irmoa, idazkari judizialaren dekretua edo notarioaren aurrean aurkeztu beharreko eskritura publikoa, denak hitzarmen arauemaileaz lagunduta. Dokumentazio hori izan ezean, bi dokumentu hauetakoren bat onartzen ahalko da, behar bezala arrazoituta: banantze edo dibortzio eskaera egin izanaren egiaztagiria, edo helburu horietarako doako laguntza juridikorako eskubidea eskuratzeko tramitazioa hasi izanaren egiaztagiria, baldin eta bi hilabete baino gutxiagoko antzinatasuna badu.

g) Ezkontzaz kanpoko seme-alaben kasuan, horri buruzko neurriak onesten dituen epai judiziala ekarri beharko da. Dokumentazio hori izan ezean, bi dokumentu hauetakoren bat onartzen ahalko da, behar bezala arrazoituta: ezkontzaz kanpoko seme-alaben neurriak hartzeko eskaera egin izanaren egiaztagiria, edo helburu horretarako doako laguntza juridikorako eskubidea eskuratzeko tramitazioa hasi izanaren egiaztagiria, baldin eta bi hilabete baino gutxiagoko antzinatasuna badu.

h) Mendekotasun ziurtagiria edo desgaitasunaren aitorpena, Nafarroatik kanpo egin bada.

4. Familia unitatea osatzen duten kideetako bakoitzaren dokumentazio ekonomikoa.

a) Besteren kontura egindako lanagatiko diru sarreren kasuan, honako dokumentu hauek:

a.1) Lan kontratua.

a.2) Azken sei hilabeteetako nominen kopia, eskaera hilabetekoa barne.

a.3) Hala badagokio, Gizarte Segurantzako Lanerako Ezintasun Iragankorraren ondorioz jasotako diru sarreren ziurtagiria edo mutualitateak, dagokionaren arabera.

b) Nork bere kontura egindako lanagatiko diru sarreren kasuan:

b.1) Jarduera ekonomikoen zergan alta hartuta dagoela adierazten duten agiriaren kopia.

b.2) Hiruhileko PFEZaren ordainketa zatikatuen azken bi aitorpenen (130 eredua, bigarren modalitatea) kopia bana.

b.3) Aurreko puntuan aipatutako aitorpenak egiteko beharrik ez badago, urteko PFEZaren azken aitorpena eta hiruhileko BEZaren azken bi aitorpenak ekarri beharko dira.

b.4) Aurrez aitorpen fiskalik ez izatekotan, galeren eta irabazien kontua.

c) Kotizaziopeko pentsioen ziurtagiriak, klase pasiboen araubidekoak barne.

d) Ondasun higiezinen alokairuen ondoriozko diru sarreren kasuan, errentaren hileko zenbatekoa jasotzen duen alokairu kontratua edo kontratuak edo, halakorik badago, ordainketa ziurtagiriak.

e) Ohiz kanpoko edozein diru sarreraren ziurtagiria, dokumentu ofizialean.

f) Familia unitateko edozein kideren izenean dauden kontu guztien egungo saldoa jasotzen duen banku frogagiria. Banku kontuek ez badute foru dekretu honen 11.2 b) artikuluan ondasun higigarrietarako ezarritako muga sekula gainditu, ez da beharrezkoa izanen frogagiririk.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

5. Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuta egonen beste administrazio publiko batzuek prestatutako agiriak aurkeztera, horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko dute.

25. artikulua. Oinarrizko gizarte zerbitzuen jarduketak.

Dagokion oinarrizko gizarte zerbitzuak eskaera jasotakoan, honako jarduketak eginen ditu:

a) Interesdunak aurkeztutako dokumentazioa osatua dagoela ziurtatuko du, Eskubide Sozialetako Departamentuaren aurrean tramitatu aurretik.

b) Gizarte zerbitzuen eskuetan dagoen eta eskaera tramitatzeko beharrezkoa edo interesekoa den edozein dokumentazio erantsiko dio espedienteari.

c) Oinarrizko gizarte zerbitzuak zehaztuko du, egoera pertsonalak eta familiako egoerak kontuan hartuta, familia unitateko zer pertsonak ez dituzten betetzen lan merkatura sartzeko baldintzak, eta egoera horren berri eman beharko du prestaziorako eskaeran. Horretarako, enplegu zerbitzuei eta beste zerbitzu publikoei dagokien informazioa biltzen ahal du.

26. artikulua. Errenta bermatua berritzea.

1. Errenta bermatua berritzeko eskaera errenta bermatua jasotzen den azken hilean aurkeztuko da, eta ematen hasteko ezarritako prozedura orokorraren arabera tramitatuko da, artikulu honetan aurreikusitako salbuespenekin Eskaera geroago aurkezten bada, eskaera berritzat hartuko da, eta ez berritutzat.

2. Eskaera oinarrizko gizarte zerbitzuetan egonen da, pertsona interesdunen eskuragarri, eta foru dekretu honen II. eranskinaren ereduaren arabera eginen da. Erantzukizunpeko adierazpen bat izanen da, interesdunak sinatua, eta, bere erantzukizunpean, honako hauek adieraziko ditu: lehenik, errenta bermaturako eskubidea onartzeko ezarritako legezko baldintzak betetzen dituela, bigarrenik, aurrekoa egiaztatzen duen dokumentazioa duela, hirugarrenik, Administrazioaren eskuetan utziko duela, hala eskatzen zaionean, eta, azkenik, aurreko betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, aitorpen horren denboraldian zehar. Horiez gain, adierazi beharko du eskaera berritzeko eskatzen den unean aurrez zegoen egoera aldatu ez dela.

3. Errenta bermatua berritzerakoan, familia unitatearen baldintzak orokorrean hartuko dira kontuan, foru dekretu honen 7.1 d) artikuluari jarraikiz.

4. Errenta bermatua 12 hilabeterako berrituko da, oro har.

27. artikulua. Tramitazioa genero indarkeria kasuetan.

Artikulu honen b) atalean adierazten den dokumentazioarekin genero indarkeriaren biktima dela egiaztatzen den kasuetan, espedientea lehentasunez tramitatuko da, errenta ematen hasteko ezarritako prozedura orokorraren arabera eta berezitasun hauei jarraikiz:

a) Prestazioa jasotzeko eskubidea hilabeteko epean aitortuko da, gehienez ere, interesdunaren eskabidea laguntzaz ebazteko eskudun den organoaren erregistroan sartzen denetik.

b) Genero indarkeriaren biktima izaera apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteari buruzkoak, 4.1 artikuluan aurreikusitako zenbait bitartekoren bidez egiaztatuko da.

28. artikulua. Aldaketa eskaera.

Errenta bermatua emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketaren bat bada eta aldaketa horrek prestazioa aldatzen ahal badu, jakinarazi egin beharko da, azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituenak, 23. artikuluan adierazten duen gisan, foru dekretu honen III. eranskineko eredua erabiliz, interesdunen eskuragarri egonen dena oinarrizko gizarte zerbitzuetan.

29. artikulua. Zenbatekoak eguneratzea.

1. Urtero, kide bakarreko familia unitate batendako errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratuko da, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularraren foru aginduaren bitartez, eta eguneraketa urteko urtarriletik aurrera izanen ditu ondorioak.

2. Eguneraketa portzentajea, gutxienez ere, hauen artean baliorik handiena duena izanen da: Nafarroan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPIak) izandako urteko batez besteko igoera eta Nafarroako batez besteko soldatek izandakoa; lan kostuei buruzko hiru hilean behingo inkestan ageri den soldaten kostu arruntaren arabera zenbatetsiko dira azken horiek, aurreko urteko lehenbiziko hiru hiruhilekoak eta urte horren aurreko urteko azken hiruhilekoa aintzat hartuta. Bi kasuetan, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera.

6. ATALA

Zehapen prozedura

30. artikulua. Xedapen orokorra.

Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean tipifikatutako arau-hausteengatik Foru Komunitateko Administrazioak zehapenak ezartzeko, aplikatzekoa izanen da administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako zehapen prozedura.

31. artikulua. Egiaztatze batzordearen osaera.

1. Azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituenak, 33. artikuluaren bigarren paragrafoan, egiaztatze batzorde bati egiten dio erreferentzia. Batzordea, hain zuzen ere, lehendakari batek eta bi batzordekidek osatuko dute, eta gairi dagokionez eskuduna den zerbitzuko langile teknikariak izanen dira. Eskubide Sozialetako Departamentuko administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa) izanen da idazkaria; hitz egiteko aukera izanen du, baina ez bozkatzekoa.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenak izendatuko ditu batzordekideak eta idazkaria, urtebeterako.

Batzordekide bakoitzeko ordezkari bat hautatuko da izendapenerako ebazpen berean.

3. Batzordeak lantzen den espedientearen arloan adituak diren pertsonen aholkularitza eskatzen ahalko du.

32. artikulua. Egiaztatze batzordearen barne araudia.

1. Batzordea biltzeko deialdia lehendakariak eginen du, bost egun lehenago, gutxienez.

2. Deialdia eta batzordearen jakinarazpen guztiak bitarteko elektronikoen bitartez eginen dira, batzordekideek adierazitako helbide elektronikoetara, hain zuzen ere, eta etengabean eguneratuta izan beharko dituzte.

Ondorio horietarako, batzordekideek eta Eskubide Sozialetako Departamentuko nahiz haren organismo autonomoetako langileek dagokien administrazioak emandako helbide elektronikoa erabiliko dute.

3. Deialdiarekin batera, batzordeari dagozkion funtzioak betetzeko beharrezko dokumentazioa eta informazioa bidaliko zaie batzordekide guztiei, eta guztiak daude behartuta isilik jasotzera isilpean gorde beharreko datuak eta batzordearen barruan hartutako deliberazioak.

4. Batzordearen egoitza gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentua izanen da, eta hark eskainiko ditu beharrezko bitarteko material eta giza baliabideak, funtzioak behar bezala bete ahal izateko.

33. artikulua. Egiaztatze batzordearen funtzionamendua.

1. Ebazpen proposamenaren aurretik, organo instruktoreak ustez arauak hautsi dituen pertsonari egiaztatze batzordearen esku hartzea eskatzeko aukera eskainiko dio, bost egun balioduneko epearen barruan.

Esku hartzea eskatzeko asmorik ez duela adierazten badu, edo ez badu adierazitako epean eskatzen, zehapen prozedurak bere tramiteekin jarraituko du, eta ebazpen proposamena jakinaraziko zaio ustezko arau hausleari.

2. Ustezko arau hausleak adierazten badu egiaztatze batzordeak esku hartzea nahi duela, prozeduraren organo instruktoreak haren espedientea eta ebazpen proposamenaren zirriborroa helaraziko dizkio batzordeko lehendakariari.

3. Batzordearen lehendakariak espedientea eta ebazpen proposamenaren zirriborroa bidaliko dizkio ustezko arau hausleari, eta batzordearen aurrean agertzeko dei eginen dio. Agerraldi horretara, berak baimendutako pertsona batek laguntzen ahalko dio, egoki deritzon alegazioak aurkezteko, ahal bada idatziz.

4. Agertzeko deia egin zaion arren batzordearen aurrean agerraldirik egiten ez badu, batzorde lehendakariak jakinarazpena bidaliko dio prozeduraren organo instruktoreari, baita kasuari dagokion dokumentazio guztia ere. Zehapen prozedurak bere tramiteekin jarraituko du, eta ebazpen proposamena ustezko arau hausleari bidaliko dio.

5. Ustezko arau hausleak alegazioak bidali eta, hala badagokio, agerraldian egindakoan, egiaztatze batzordeak, txosten batean, ustezko arau hauslearen alegazioak baloratuko ditu eta, berehala, prozeduraren organo instruktoreari bidaliko dio.

Egiaztatze batzordeak hilabeteko epean bidali beharko du txostena, hark artikulu honen bigarren atalean aipatzen diren espedientea eta zirriborroa jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

6. Organo instruktorearen txostena jasota, zehapen prozedurak bere tramiteekin jarraituko du, eta batzordearen txostenaren balorazio zehatza izanen duen ebazpen proposamena helaraziko zaio ustezko arau hausleari.

34. artikulua. Egiaztatze batzordearen esku hartzea, errenta bermatua kautelaz eteten den kasuetan.

1. Errenta bermatua kautelaz eteteko neurria (Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak proposatua) hartzen duten ebazpenen alegazioak, egiaztatze batzordeak aztertuko ditu, salbu eta interesdunak espresuki horri uko egiten badio edo eteteko proposamenari alegaziorik aurkezten ez badio.

Ondorio horietarako, gairi dagokionez eskuduna den zerbitzuak aurreko paragrafoan aipatzen diren espedienteak igorriko dizkio egiaztatze batzordeari. Egiaztatze batzordeak hilabeteko epean bidali beharko du txostena, hark espedientea jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2. Azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituenak, 24.2 artikuluan aipatzen duen 30 eguneko epea eten eginen da batzordeak espedientea jasotzen duenetik organo ebazleak batzordearen txostena jasotzen duen arte.

IV. KAPITULUA

Eskubideen ebaluazioa.

35. artikulua. Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen prozesu ebaluazioa eta inpaktua.

Eskubide Sozialen Departamentuak tarteko ebaluazio integral bat eginen du, urtean bi aldiz, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen diseinuari, prozesuari eta emaitzei erreparatzeko.

Xedapen gehigarri bakarra.–Errenta bermatua eskatzeko ereduak.

Gizarteratze arloan eskuduna den Zuzendaritza Nagusiari baimena ematen zaio foru dekretu honen I., II. eta III. eranskinei dagozkien errenta bermatuaren eskaera-, berritze- eta aldaketa-ereduak onesteko eta aldatzeko.

Xedapen iragankor bakarra.–Lanerako pizgarrien ebaluazioa.

15/2016 Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren 1. eta 2. puntuetan ezarritako enplegurako pizgarrien inpaktua eta egokitasuna ebaluatu gabe dauden bitartean, foru dekretu honen 21. artikuluan araututako enplegurako pizgarriak ordura arteko diru sarrerei bakarrik aplikatuko zaizkie.

Ebaluazio hori egindakoan, Nafarroako Gobernuak onetsitako foru dekretuaren bitartez, artikulu horretako lanerako pizgarrien prozedura eta sistema garatuko da.

Xedapen indargabetzailea.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da oinarrizko errenta arautzen duen apirilaren 19ko 120/1999 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren II. eranskina aldatzea:

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren II. eranskineko desgaitasuna duten pertsonen arretarako arloan, atal berri bat gehitu da, honako prestazio honi erreferentzia eginez:

“15.–Desgaitasuna duten pertsonendako diru laguntzak.

a) Prestazio mota: bermatu gabekoa.

b) Baliabide mota: aldizkako laguntza ekonomikoa.

c) Baliabidearen helburua: %33ko edo gehiagoko eta %65 baino gutxiagoko desgaitasunen bat aitortuta duten pertsonei gutxieneko diru sarrerak bermatzea, baldin eta diru sarrera propiorik ez badute, edo diru sarrera horiek kotizaziorik gabeko balioezintasun pentsioa baino baxuagoak badira eta zentro okupazional batera joaten badira.

d) Onuradunak: %33ko edo gehiagoko eta %65 baino gutxiagoko desgaitasuna duten pertsonak, desgaitasunagatik diru sarrerarik jasotzen ez badute, eta honako baldintza hauek betetzen badituzte.

e) Jasotzeko baldintzak:

1. Prestazioa eskatu aurreko hogeita lau hilabetetan Nafarroako Foru Komunitatean erroldatuta egotea eta egiazki eta jarraian bizi izana.

2. Eskatzailearen azken hiruhilekoaren bitarteko ekonomikoak kotizaziorik gabeko balioezintasun pentsiorako ezarritako zenbatekoa baino baxuagoak izatea.

3. Zentro okupazional batean garapen pertsonalerako eta sozialerako programa batean integratuta egotea.

4. Eskumena duen edozein administrazio publikotan aldez aurretik eskatu izana edozein motatako laguntza, pentsio, prestazio edo sorospen, baita mantenu eta/edo konpentsazioko pentsioak ezarri eta ordaintzeko legezko ekintzak egikaritu izana ere.

f) Zerbitzuaren intentsitatea. Laguntzaren gehienezko zenbatekoa kotizaziorik gabeko balioezintasun pentsiorako ezarritakoa izanen da, 12 pagatan.

g) Ebazpena emateko epea: bi hilabete.

h) Jarduketa esparrua: Nafarroako Foru Komunitatea.”

Azken xedapenetako bigarrena.–Gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko apirilaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Eskaera orria.

II. ERANSKINA

Berritze eredua.

III. ERANSKINA

Gertaerak jakinarazteko eta aldaketa eskatzeko eredua.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1805967