112. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

778/2001 FORU AGINDUA, irailaren 5ekoa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, erabilera mugatuko hiriarteko eskola garraio erregularra Nafarroako Foru Komunitatean egiteko baimenen kontzesioa arautzen duena.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak dio ikasleak beren etxeetatik ikastetxeetara eramateko hiriarteko bidaiari-garraioak erabilera mugatuko zerbitzu erregularrak direla, eta ezartzen du zerbitzu horiek eskaintzen ahal direla bakar-bakarrik horretarako Administrazio eskudunak emandako baimenaren jabe izanik.

Apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren bidez eskola garraioaren eta adingabekoen garraioaren segurtasun baldintzak arautu dira. Hortaz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean baimen hori lortzeko prozedura eta baldintzak arautzea.

Garraio Zerbitzuaren txostena ikusirik.

Departamentu honek ekainaren 17ko 150/1984 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dituen ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Xedea.

Zerbitzu publikoko ibilgailu, autobus edo autoen titularrak diren bidariari-garraioaren arloko enpresaburuek, apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren 1.a) artikuluan xedatutakoaren araberako erabilera mugatuko hiriarteko eskola garraio erregularra Nafarroako Foru Komunitatean egin nahi izanez gero, ikasturte guztietan garraio hori egiteko baimena lortu beharko dute. Baimen hori Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuak emanen du.

Bigarrena.-Erabilera mugatuko garraio erregularra egiteko baimena.

Baimen hori lortzeko, enpresaburuek egiaztatu behar dituzten baldintza eta beharkizunen zailtasuna kontuan harturik, baimenak bi agiri izanen ditu: batetik, erabilera mugatuko eskola garraio erregularrerako baimena bera, egin beharreko garraioaren kontratuaren baldintza eta betekizunei buruzkoa, eta bestetik, ibilgailuaren gaitasunaren kreditazioa izenekoa, ibilgailu bakoitzak eskola garraioa egin ahal izateko bete behar dituen baldintzei buruzkoa. Agiri horietako bakoitzaren edukia Foru Agindu honen laugarren eta bosgarren ataletan azaltzen da, hurrenez hurren.

Hirugarrena.-Eskaerak aurkezteko toki-egunak.

Aurreko atalean adierazitako baimena lortzeko eskaeran Foru Agindu honen laugarren eta bosgarren ataletan eskaturiko beharkizun guztiak egiaztatu beharko dira, hots, kontratuaren baldintzei buruzkoak eta ibilbailuaren gaitasunari buruzkoak. Eskaera ikasturtez ikasturte aurkeztu beharko da, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan, eskaini gogo den zerbitzua ematen hasi baino lehen.

Laugarrena.-Kontratuaren baldintzak.

Eskaera enpresaburuak eta zerbitzua kontratatzen duen alderdiaren ordezkari batek (behar bezala identifikatua egonen da, izen-deiturak eta NANa edo IFZ emanda), sinatuko dute eta, eskola garraioaren zerbitzuaren kontratuari dagokionez, honako hauek bildu beharko ditu:

-Ikastetxearen izena eta kokalekua.

-Kontratu-egilearen identifikazioa.

-Ibilbidea.

-Ordutegiak: zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera orduak.

-Egutegia.

-Ibilbidean izanen diren geldialdi guztien azalpena. Horretarako, 443/2001 Errege Dekretuan zehazturikoa kontuan hartu beharko da.

-Kontratazioaren baldintza partikularrak, ibilgailuei dagozkienak. Atal honetan, 443/2001 Errege Dekretuak eskatutakoaz landara, kontratuan jaso diren derrigorrezko baldintzak aipatu beharko dira, hau da, erabili beharreko ibilgailuen antzinatasuna, zerbitzua ibilgailu jakin batean eman beharra, e.a.

-Laguntzailea.

-Lankidetza (lankidetza kontratuaren kopia).

-Zerbitzua emateko erabiliko diren ibilgailuen zerrenda.

Kontratuak Nafarroako Gobernuarekin egiten baldin badira, ez da kontraturik aurkeztu behar, ez eta kontratu-egilearen sinadura ere.

Bosgarrena.-Ibilgailuen gaitasunaren kreditazioa.

Baimena eskatu aurretik, enpresaburuek kreditatu beharko dute eskola garraioan erabiliko dituzten ibilgailuek 443/2001 Errege Dekretuan eskaturiko baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ibilgailu bakoitzari dagokion ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Garraio Zerbitzuan (jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak):

-Zirkulazio baimena.

-Fitxa teknikoa.

-Erantzukizun zibil mugagabearen aseguruaren kontratua.

-Bidaiarien nahitaezko aseguruaren kontratua, autobusen kasuan.

-Aseguru poliza ordaindu izanaren egiaztagiria.

Aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu ondoren, Garraio Zerbitzuak ibilgailuaren gaitasun agiria emanen du. Bertan, adingabekoen garraioa egiteko behar den dokumentazioa indarrean dagoela adieraziko da, 443/2001 Errege Dekretuaren arabera.

Kreditazioa lortzeko aurkezturiko agirien indarraldia bukatuz gero, enpresaburuak Garraio Zerbitzuan justifikatu beharko du kreditazio berria lortzeko eskaera egin duela, haren indarraldia amaitu eta hilabeteko epean. Dena dela, hilabete horretan, behin-behinekoz, baldintza guztiak betetzen direla ulertuko da, baldin eta ibilgailuaren gaitasun agiriarekin batera IATa gainditu izanaren agiria edo, bestela, aseguruaren erreziboa ordaindu izanaren gordekina edo aseguru konpainiaren ziurtagiria eramaten bada, indarra galdu duen agiriaren arabera.

Nolanahi ere, eskola garraioaren baimenaren babesean sartuko dira, bakar-bakarrik, gaitasun agiria oso-osorik indarrean duten ibilgailuak.

Baimena eskatzen den unean kreditaturik dauden ibilgailuen kopurua baimendu beharreko zerbitzua eman ahal izateko adinakoa izanen da.

Seigarrena.-Tramitazioa.

Baimen eskaera aurkeztu eta egokia ote den aztertu ondoren, Garraio Zerbitzuak trafiko arloko organo eskudunari jakinaraziko dio egin gogo diren geldialdiak non eginen diren. Jakinarazpen hori egin eta hiru egunetara organo horrek inolako aldaketarik proposatzen ez badu, baimena eman ahalko da, hasieran aurreikusitako ibilbideak eta geldialdiak aldatu gabe. Dena dela, horren ondotik trafiko arloan eskumena duen organoak ohartarazpenen bat egiten baldin badu, behar den aldaketa eginen da baimenean.

Zazpigarrena.-Lankidetza.

Garraiolariak uste badu ibilgailuen kopurua kontrataturiko zerbitzua emateko aski ez izatea gerta daitekeela, lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko du beste garraiolari bat(zu)ekin, non lankidetza horren nondik-norakoak azalduko diren, lur gaineko bidaiari-garraioaren arloan indarra duten legeekin bat.

Baimenaren babesean dauden ibilgailuak erabilita zerbitzua ematerik ez badago, eta, noizean behin, beste ibilgailu batzuk erabili beharra baldin badago, baimenaren garraiolari titularrak horren berri eman beharko dio Garraio Zerbitzuari.

Kasu guztietan, hitzarturiko edo noizbehinkako lankidetza horren ondorioz erabiltzen diren ibilgailuek ere gaitasun agiria indarrean izan beharko dute, laugarren atalean adierazitakoaren arabera, eta hitzarturiko edo noizbehinkako lankidetza horren berri ibilbidearen liburuan jaso beharko da. Zerbitzu jakinen bat egiteko ibilgailuek baldintza zehatz batzuk betetzea hitzartu baldin bada, baldintza horiek baimenean jaso beharko dira, gainerakoentzat ezarritako baldintzak ere betetzea deusetan galarazi gabe.

Zortzigarrena.-Baldintzak aldatzea.

Baimenean jasotako baldintzak edo alderdiak aldatuz gero, beste baimen bat eskatu beharko da eta bertan aldaketa horiek jaso beharko dira.

Bederatzigarrena.-Gidariak.

Foru Agindu honen xede den zerbitzua egiten duten ibilgailuen gidariek eskolako eta adingabekoen garraiorako ibilgailuen gidarien Erregistro Berezian inskribaturik egon beharko dute.

Hamargarrena.-Ez-betetzeak.

Foru Agindu honetan edo baimenean ezarritakoa betetzen ez bada, lur gaineko garraioaren inguruko legeen araberako zehapena jarriko da, deusetan galarazi gabe kontratuaren alderdiei eskatzen ahal zaizkien gainerako erantzukizunak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.-Taxista-taldeentzako baimena.

Eskola garraioaren zerbitzuaren kontratazioa taxista-talde batekin egiten baldin bada, baimena haren izenean jarri ahalko da, haien ordezkaritza behar bezala kreditatua baldin badago betiere. Horrelako kasuetan, taxi bakoitzak kasuan kasuko gaitasun agiria eraman beharko du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Laguntzailea eraman beharra progresiboki aplikatzeko arauak.

Bidaiarien % 50a, gutxienez, 12 urtetik beherako haurrak direnean laguntzailea eraman beharra progresiboki aplikatuko da, egutegi honi jarraikiz:

-2001-2002 ikasturtetik aurrera, zerbitzuaren kontratazioan baldintza hori ezarri baldin bada.

-2002-2003 ikasturtertik aurrera, gainerako zerbitzuetan, salbu eta laguntzailea eramateko ezintasuna justifikatzen baldin bada.

-2003-2004 ikasturtetik aurrera derrigorrezkoa izanen da kasu guzti-guztietan.

Derrigorrezko arau horiek gorabehera, eskola garraioa autobusetan egiten baldin bada eta bidaiarien erdiak edo gehiago 12 urtetik beherakoak baldin badira, laguntzailea Foru Agindu honek indarra hartzen duen unetik beretik eramatea gomendatzen da.

Bigarrena.-Kontratua aurkeztu beharra.

Salbuespen gisa, 2001-2002 ikasturterako eskaera aurkezten denean, bi aukera izanen dira: zerbitzua kontratatzen duenak sinatua aurkeztea, Foru Agindu honen laugarren atalean adierazi bezala, edo hark sinatu gabe aurkeztea, garraio kontratuaren kopiarekin batera aurkezten bada.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko irailaren bostean.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0109406